275. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza fiskala, etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2021eko irailaren 27an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aipatu ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2021eko 237. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 11n, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egunez egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako aldaketak argitaratzen dira, ondotik ematen diren eranskinetan ezartzen den bezala.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen aldaketa hauen aurka –xedapen administratibo orokorra baitira– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetako bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tuteran, 2021eko azaroaren 23an.–Ogasuneko zinegotzi ordezkaria, Irene Royo Ortín.

ORDENANTZA FISKALA, ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatuaren babesean.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da udal-mugartean diren etxebizitzen titulartasuna, Etxe Hutsen Erregistroan alta emanda agertzen badira.

3. artikulua. Zergaren ondorioetarako, etxe huts gisa hartzen da Etxe Hutsen Erregistroan alta emanda agerturik, holakotzat deklaratu dena.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean gozamenerako bestelako eskubide errealik ez denean.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamenerako eskubide errealen baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak

5. artikulua. 1) Zerga honetatik salbuetsirik egonen dira honako kasu hauetan daudenak:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzen ahal zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak arrazoi teknikoak, antolamendukoak zein ekoizpenekoak direla medio edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkion kontratuak direla bide edo toki-mugikortasunaren menpe daudelako, ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak badira.

c) Administrazio Publikoaren esku jarri diren etxebizitzak (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatearen esku), gizarte-alokairurako erabiltzeko.

2) Betiere exentzioa etxebizitza bakar batek izanen du.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga-oinarria izanen da Hiri-lurreko Ondasunen gaineko Kontribuzioa ordainarazteko indarra duen bera.

Kuota

7. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatu ondokoa.

Karga-tasa

8. artikulua. Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean agertzen dena.

Zergaren sortzapena

9. artikulua. 1) Zerga lehen aldiz sortuko da etxebizitza hutsik dagoela deklaratzen duen kasuko ebazpena ematen denean.

2) Gero, zerga urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, Etxebizitza Hutsen Erregistroan etxebizitza alta emanda dagoen bitartean.

3) Kuotak seihilekokoak izanen dira, seihilekoak naturalak izanen direlarik, eta horien barnean, zatiezinak eta ezin murriztuak.

4) Subjektu pasiboek zera eskatu ahal izanen dute, dagokion espedientea izapidetuz: etxebizitza bete denetik aurrerako aldiari dagokion kuotaren zati proportzionala itzultzea.

Zergaren kudeaketa

10. artikulua. Zergaren ordainarazpena eginen da Etxebizitza Hutsen Udal Erroldan oinarriturik.

11. artikulua. Aurreko artikuluan xedatuaren ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak ofizioz jakinaraziko dizkio Tuterako Udalari Etxebizitza Hutsen Erregistroan gertatzen diren altak eta bajak, kasuko udal-mugarteari dagozkionak.

12. artikulua. Erregistroan alta emanda, Udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, zerga-oinarria eta karga-tasa indarduna adierazita.

13. artikulua. Zerga kudeatzeko, lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak erabiliko dira, eta kasuko likidazioak eta kobrantza-dokumentuen igorpenak batera eginen dira.

TARIFEN ERANSKINA

Karga-tasa:

–Lehen urtea: %0,25.

–Bigarren urtea: %0,50.

–Hirugarren urtea eta hurrengoak: %1,5.

Karga-tasa bat bera izanen da udalerri osoan”.

Iragarkiaren kodea: L2116613