275. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketa, Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Tuterako Udala, 2021eko irailaren 27an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea aipatu ordenantzan, zeina indarrean sartuko baita haren behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin bat.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2021eko 237. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 11n, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egunez egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako aldaketak argitaratzen dira, ondotik ematen diren eranskinetan ezartzen den bezala.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen aldaketa hauen aurka –xedapen administratibo orokorra baitira– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluarekin. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetako bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tuteran, 2021eko azaroaren 23an.–Ogasuneko zinegotzi ordezkaria, Irene Royo Ortín.

ALDAKETA

“Hobariak” izeneko apartatua gehitzea, eta honako hau dioen artikulu bat gehitzea:

“Eraikuntza, instalazio edo obrek %95eko hobaria izanen dute EIOZaren kuotan, baldin eta autokontsumorako sistemak ezartzen badituzte eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako. Hobari hori aplikatuko da, soil-soilik, sistema horien exekuzio materialaren kostuari dagokion zatiaren gainean. Horretarako bete beharreko baldintza izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea”.

Iragarkiaren kodea: L2116608