275. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2506/2021 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Jardun Administratibo Automatizatuaren Arautegiaren 5. artikulua aldatzen duena”, Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 24an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsi ziren Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 24an hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Jardun Administratibo Automatizatuaren Arautegiaren 5. artikulua aldatu da.

GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, JARDUN ADMINISTRATIBO AUTOMATIZATUAREN ARAUTEGIAREN 5. ARTIKULUA ALDATZEN DUENA (GOBERNU KONTSEILUAREN 2020KO URRIAREN 27KO ERABAKIAREN BIDEZ ONETSI ZEN ARAUTEGI HORI)

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 42. artikuluak jardun administratibo automatizaturako sinadura-sistemak arautzen ditu. Halaber, adierazten du dagokion administrazio publikoak zehaztuko duela zein kasutan erabiliko den sinadura elektronikoko sistema hauetako bakoitza:

a) Administrazio publikoaren, organoaren, organismo publikoaren edo zuzenbide publikoko entitatearen zigilu elektronikoa, ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatu batean oinarritua eta sinadura elektronikoari buruzko legeriak ezarritako baldintzak betetzen dituena.

b) Egiaztapen Kode Segurua (EKS), administrazio publikoarekin, organoarekin, organismo publikoarekin edo zuzenbide publikoko entitatearekin lotuta dagoena ezarritako baldintzetan, eta modua ematen duena kasu guztietan dokumentuaren integritatea egiaztatzeko, dagokion egoitza elektronikoan sartuz.

42. artikulu horretan xedatutakoari jarraikiz, Gobernu Kontseiluak 2020ko urriaren 27an hartutako Erabakiaren bidez Jardun Administratibo Automatizatuaren Arautegia onetsi zuen. Arautegi horren 5. artikuluaren 2. apartatuak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren organo-zigiluaren ziurtagiri elektronikoa ezartzen du sinadura-sistema gisa. Egiaztapen Elektronikoko Kode bat ere izaten ahalko du, horrek modua emanen baitu dokumentua balio juridiko osoarekin inprimatzeko eta geroago Unibertsitatearen egoitza elektronikoan egiaztatzeko. Aitzitik, ez da aurreikusten Egiaztapen Kode Segurua sinadura elektronikoko sistema bakar gisa erabiltzeko aukera, eta, hortaz, artikulu hori aldatu beharra dago.

Horregatik guztiagatik, Garapen Digitaleko errektoreordeak proposatuta, honako hau da Gobernu Kontseiluak, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2021eko azaroaren 24an egindako bileran hartu duen

ERABAKIA:

Lehena.–Jardun Administratibo Automatizatuaren Arautegiko 5. artikuluaren 2. apartatua aldatzea –Gobernu Kontseiluak 2020ko urriaren 27an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen araudi hori–. Honela idatzita geldituko da:

Dokumentu elektroniko horiek sinatuak egonen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren organo-zigiluaren ziurtagiri elektronikoarekin edo Egiaztapen Kode Seguruarekin, edota bi sistema horiekin.

Egiaztapen Kode Seguruak modua emanen du dokumentu elektronikoak balio juridiko osoarekin paperean inprimatzeko, bai eta Unibertsitatearen egoitza elektronikoan egiaztatzeko ere.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Iruñean, 2021eko azaroaren 24an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2116629