274. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

407E/2021 EBAZPENA, azaroaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea, titularrak hala eskatuta. Instalazioak tisu papera fabrikatu eta eraldatzen du Buñuelgo udal-mugartean, eta SOFIDEL SPAIN SLU da titularra.

Instalazio hori martxan da eta badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 4ko 1431/2005 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 178E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 205E/2017 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratu berri bat eman zen, paper-makina berri bat (MP 02) ezartzeko handitze-proiektuaren ondorioz, funtsezko aldaketa gisa hartu baitzen.

2020ko abuztuaren 13an titularrak ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu zuen. Zehazki, honako hauek: paper-makinetan erabiltzeko uraren berariazko kontsumoa aldatzea, paper tona bakoitzeko 7 m³ ur gordin erabiltzetik, paper tonako 9 m³ ur garbi erabiltzera pasatzeko.

Titularrak argudiatzen du erabiltzen den ur gordinaren gogortasunak uraren %30etik gorako errefusa dakarrela alderantzizko osmosi bidezko tratamenduan. Bestetik, azaltzen du ekoizten duten produktua gramaje txikiko tisu papera dela, 15-19 g/m²-koa, eta 2015ean eguneratu zen ore, paper eta kartoiaren arloko BREF dokumentuan adierazitakoaren arabera, makinetan sartzen den ur garbiaren kontsumoa 15 - 25 m³ tartekoa izan beharko lukeela paper tona bakoitzeko, baina bi paper makinen berariazko kontsumoa tarte horren beheko atalasearen azpitik dagoela.

Aurreko guztia kontuan hartuta, irizten da eskatutako aldaketak bide ematen duela instalazioak ingurumenaren aldetik egoki funtzionatzeko, eta bat datorrela eskura dauden teknika onenak aplikatzeko irizpidearekin; horregatik, bidezkoa da paper tona bakoitzeko 9 m³ ur garbiko berariazko kontsumoa ezartzea instalazioko bi paper-makinetarako.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, egoki da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Buñuelgo udal-mugartean tisu papera fabrikatu eta eraldatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa onartzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra SOFIDEL SPAIN SLU da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea SOFIDEL SPAIN SLUra eta Buñuelgo Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko azaroaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2116527