272. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

97/2021 FORU DEKRETUA, azaroaren 17koa, Nafarroako Urrezko Domina Osasuna Klub Atletikoari ematen diona.

Maiatzaren 23ko 38/2018 Foru Dekretuak Nafarroako Urrezko Domina emateko arauak ezartzen ditu. Urrezko Domina Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko sari gorena da, gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboen lana aitortzeko helburua duena. Arau horrek ezartzen du, domina emateko, aurretik deialdi publikoa eginen dela, instituzioek, entitateek, elkarteek eta pertsona fisikoek zein juridikoek beren hautagaitzak aurkez ditzaten.

2021eko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 2koan, argitaratutako Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren uztailaren 30eko 109/2021 Foru Aginduaren bidez, proposamenak aurkezteko deialdi publikoa onetsi zen, eta aurkeztutako hautagaitzak aztertzeko eta baloratzeko epaimahaia izendatu. Epaimahaiari lehenengo hautaketa egitea dagokio, Nafarroako Gobernuari gehienez ere hiru hautagaitza aurkezteko.

Aipatu foru dekretuaren 7.2 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak epaimahaiak aurkezten dizkion hiru hautagaitzen artean bat aukeratu, eta domina hari ematea onetsiko duela.

Epaimahaiak aurkeztutako hautagaitzak azterturik, Osasuna Klub Atletikoari dagokiona nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.

Osasuna Klub Atletikoa Nafarroako gizartean oso errotuta dagoen kirol entitatea da; joan den urtean ospatu zuen mendeurrena, 1920ko urriaren 24an sortu baitzen zehatz esanda.

100 urte baino gehiagoko ibilbidean, Osasuna kirol instituzio bat baino zerbait gehiago izan da nafar gizartearentzat. Nafarroako Foru Komunitatea bezala anitzak eta pluralak diren nafar guztien gizarte- eta lurralde-kohesioa indartzen duen sentipen bat da Osasuna, zaletu bakoitzaren sentimendu, kokapen geografiko edo klase sozialetik haragoko fideltasuna eta babesa elkartzen dituena.

Taldeak, gainera, askotariko jarduketak bultzatzen ditu, hala nola hitzarmenak Nafarroako klub guztiekin, campusak eta jarduerak geografia osoan barna, eta doako autobusak ere jartzen ditu Nafarroako zenbait tokitan zaletuak futbol partidetara etor daitezen.

Orobat, bere fundazioaren bidez, Osasunak gizarte-kohesioaren eta berdintasunaren alde lan egiten du futboleko eskolarteko txapelketa bezalako jarduerekin, non mutilek eta neskek parte har dezaketen. Gainera, neskentzako berariazko txapelketa ere egiten du; Nafarroan emakumeen futbolari kategoria guztietan bultzada sendoa emateko motorra izan da, eta, aurrekoez gain, besteak beste, Genuine Ligan parte-hartzeagatik ere nabarmendu da; adimen desgaitasuna duten pertsonez osatutako taldeak lehiatzen dira Genuine Ligan.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak erabaki du ohorezko erakusgarri gorena ematea Osasuna Klub Atletikoari.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2021eko azaroaren hamazazpian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Osasuna Klub Atletikoari ematea Nafarroako Urrezko Domina.

2. Domina emateko ekitaldia Nafarroaren Egunaren aurtengo ospakizunen barruan eginen da.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko azaroaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2116348