269. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EKAI

Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ekaiko Kontzejuko Batzarrak erabaki zuen Ekaiko herri-lurretako aprobetxamenduen eta hobekuntzen plan berezia onestea, zeina ondoren berretsi eta onetsi baitzen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 4ko 278/2017 Ebazpenaren bidez.

Plan hori aztertu ondoren, eta herri-lurretako aprobetxamenduen gaineko araudia egokitu beharra dagoenez, Kontzejuaren ordenantza hau onestea proposatzen da.

Ekain, 2021eko irailaren 26an.–Kontzejuko burua, Francisco Javier Huarte Garro.

ORDENANTZA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Ekaiko Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek izanen dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboko gainerako arauak, herri-lurrei buruzko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuko arauak.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Ekaiko Kontzejuari dagozkio herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak desafektazio horren onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Ekaiko Kontzejuak justifikatu egin beharko du dena delako xedea ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Ekaiko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Ekaiko Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Ekaiko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Baimen, kontzesio edo beste edozein titulu dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Ekaiko Kontzejuak beti erabiliko du administrazio bidea, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina emanen da edo ez, zuzenbideak ezartzen duenaren arabera.

10. artikulua. Ekaiko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta berak ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

11. artikulua. Ekaiko Kontzejuak ez dituenean behar diren ekintzak sustatzen herri-ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarren ekimena, zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

12. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

1. Herri-larreen aprobetxamendua.

2. Etxerako egurraren aprobetxamendua.

3. Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

13. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Arakilgo Biztanleen Udal Erroldan Ekaiko bizilagun gisa inskribatuta egotea urtebeteko antzinatasunez.

c) Ekain bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian gutxienez.

d) Ekaiko Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Ekaiko Kontzejuak argituko ditu kasuan-kasuan.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

1. ATALA

Larreen aprobetxamendua

14. artikulua. Ekaiko herri-lurretako aprobetxamenduen eta hobekuntzen plan bereziaren arabera, hona hemen azienda gobernatzeko jarribideak:

–Gomendatzen da larreari pausaldi bat ematea, eta martxotik apirilera azienda sartzea debekatzea.

–Gomendatzen da neguko larratzean (1 eta 3 kantoietan) 15 behor eta 20 zaldi bazkatzea. Udako larratzean (2, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10 eta 11 kantoietan) gomendatzen da 65 behi eta 65 behor inguru bazkan ibiltzea.

–Udako herri-larreak maiatza-ekainetik urrira erabili beharko lirateke, behi eta zaldi ganaduarekin. Behorrak neguko larratzean azarotik apirila bukaerara bazkatu dezakete eta zaldiak 3 hilabetetan zehar (apirila-ekaina).

15. artikulua. Herri-ondasunen aprobetxamendua modalitate hauen arabera eginen da, eta lehentasun-ordena honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

Herritarrendako zuzeneko aprobetxamendua.

Ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Ekaiko Kontzejuaren katastroan izan beharko dituzte, urte osoan kontzeju-mugartean egon beharko dira, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki-erakundearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

16. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.

Herritarrei zuzenean adjudikatzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

Azienda moten arteko baliokidetasun hauek ezartzen dira:

a) Behi bat, zaldi-abelburu baten baliokide.

b) Behi bat, zortzi ardi-abelbururen baliokide.

Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak bete beharko du Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, herri-larreak aprobetxatzen dituen abereen osasun babesari dagokionez. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

17. artikulua. Debeku da ahuntz eta txerri aziendak larratzea.

18. artikulua. Azienda mota bakoitza larratzeko, urteko tarifa hauek ezartzen dira:

a) Erroldatuta ez daudenentzako tarifak: Urte bat baino gehiagoko zaldi azienda, 25 euro abelburu bakoitzeko eta 20 euro urtebete baino gutxiagokoentzat. Behi aziendarentzat, urtebete baino gehiagokoentzat 24 euro abelburu bakoitzeko eta 6 euro ardi aziendako buru bakoitzeko.

b) Erroldatuentzako tarifak: Urtebete baino gehiagoko zaldi bakoitzagatik 15 euro, urte bat baino gutxiago badute, 5 euro zaldi bakoitzeko. Urtebete baino gehiagoko behiak 15 euro bakoitzeko eta 6 euro ardi aziendako buru bakoitzeko.

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatu ahalko dira Kontzejuak egoki deritzonean, teknikari eskudun batek balorazioa egin ondoren larreen benetako balioari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Kuotak betiere aldatuko dira aldaketa egitea erabaki den urte naturala bukatu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran jar daitezen indarrean. Nolanahi ere, kanona balio erreal horren %80tik %90era bitartean egonen da, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Aipatutako kuoten ordainketa urte bakoitzaren akaberan egiaztatuko da, egiaztatu beharreko herri-lurren aprobetxamenduen gainerako ordainketekin batean.

Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, abeltzainek jasotzen dituzten prezioen aldaketetara egokitzeko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Abeltzainek ez dute ordaindu beharko baldin eta, osasuneko kutsadura arriskuagatik, larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako abere bat ez badute beste batekin ordezten. Kontzejuak norbait izendatuko du herri-larreetako abelburuen kontrola eta jarraipena egiteko.

19. artikulua. Abeltzain adjudikaziodunen artean banatuko da herri-larreen azalera, bakoitzaren abere saldoaren tamainaren arabera. Herri-lurretako aprobetxamenduen eta hobekuntzen plan berezian ezarririko irizpidearen arabera banatuko da larre-eremua, abere-zama onargarritzat zehazturik dagoen mugara iritsi arte.

Soberako azalerarik geratzen bada zuzeneko adjudikazioa egin ondoren, Kontzejuak enkante publikoa egin ahal izango du.

2. ATALA

Larreak herritarrei adjudikatzeko prozedura

20. artikulua. Kontzejuko Batzarrak erabakita, eta ediktua argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kontzejuaren iragarki-taulan, epe bat irekiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten. Interesdunek, orotara, larreen %95 erabiltzeko aukera izanen dute.

21. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua frogatzeko zerga-eskakizunaren ziurtagiria, eta indarreko araudiak –azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak– aipatzen duen osasun ziurtagiria. Horretaz gain, eskatzaileak erabili nahi dituen tokien zerrenda bat aurkeztuko da.

22. artikulua. Kontzejuak behin-behineko adjudikazioa eginen du, gorabehera hauek kontuan harturik, besteak beste:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

b) Lurrak adjudikatuko dira bazkan jasan dezaketen abere-zamaren arabera.

23. artikulua. 1. Behin-behineko adjudikazioa eginik, iragarkia jarriko da entitatearen taulan, eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.

2. Adierazi epea iragandakoan erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.

Bestela, toki-erakundeak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

3. ATALA

Larreak enkante publikoan adjudikatzeko prozedura

Herritarrendako zuzeneko aprobetxamenduak banatu ondotik, soberako azalerarik geratzen bada, enkante publikoa eginen da.

Hona hemen enkantearen prozedura:

1. Kontzejuko Batzarrak enkantea arautuko duen klausula-agiria onetsiko du.

2. Enkantea egiteko eguna argitara emanen da kontratazio-atarian, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarki-taulan.

3. Enkantea egin eta gero, behin-behineko adjudikazioa onetsiko da, eta hura sesta emanez hobetzeko aukera egonen da, honako arau hauen arabera:

–Hobekuntza eskaini beharko da behin-behineko adjudikazioa egin ondoko 6 egun naturaletan (jaiegunak barne).

–Legezko gaitasuna duen nornahik eskaini ahalko du hobekuntza hori, hasierako enkantean parte hartu ez badu ere.

–Hobekuntzak idatziz proposatu beharko dira.

–Sesta emateko epea bukatu, eta beste enkante bat eginen da, hurrengo 4 egunen barnean, eta lehen enkanteko behin-behineko adjudikaziodunari jakinarazi egin beharko zaio. Bigarren enkantean, hasierako prezioa izanen da eskaini den hobekuntzarena.

–Bigarren enkantea egin ondoren, behin betiko adjudikazioa eginen da. Ondoko hiru egunetan, idatziz, nornahik alegatzen ahalko ditu izapidetze-akatsak, lizitatzailea izan ez bada ere.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

24. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Ekaiko Kontzejuak etxerako epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei. Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozketatuko da.

25. artikulua. Ekaiko Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

26. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira kontzeju-mugartearen barruan eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

Etxerako egurraren aprobetxamendua ateratzeko epeak iraunen du entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, eta betiere gutxienez 4 hilabetekoa izanen da. Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori luzatzeko, bai eta epaitzak entregatzeko eguna aldatzeko eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira. Kontzejuak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.

27. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Ekaiko Kontzejuak aurrekontu arruntean.

28. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete Udaleko basozainek eta/edo basogintzako administrazioko langileek ematen dizkieten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

29. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, basogintzako administrazioari eta Udaleko basozainari eginen zaie kontsulta. Kontzejuaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.

30. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak egurretarako aprobetxatu ahalko dira, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko dira basogintzako administrazioaren berariazko baimena eta Kontzejuaren onespena. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Epaitza horiek bateragarriak izan daitezke urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin oraindik aurreko urteetako egurra atera gabe duten herritarrek.

31. artikulua. Kontzejuak urtero epaitzak eskatzeko epea irekiko du. Lehenik eta behin, aurreko urteko epaitzen nondik norakoa aztertuko da, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskabideen eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira. Kontzejuak zozketak egin ditzake taldeka, kontuan izanik epaitzen kokapenak herriekin eta bizilagun eskatzaileekin duen lotura.

32. artikulua. Debekatuta dago zaborra, bidoiak zein hondakin oro mendian uztea.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

33. artikulua. Ekai, Iltzarbe, Ultzurrun, Ollo eta Saldiseko herri-lurrak hartzen dituen 10549. ehiza-barrutiko aprobetxamendua bat etorriko da indarreko legediarekin, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearekin, kontuan harturik zer aldaketa egin zizkioten lege horri 18/2002 Foru Legean eginiko aldaketek eta xedapen osagarriek.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

34. artikulua. Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake proiektuen eraginpean dauden herri-lurren gaineko aprobetxamenduen adjudikazioak, indarreko araudian ezarrita dagoenaren arabera, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.

V. TITULUA

Ekaiko Kontzejuaren bide sarea erabiltzea

35. artikulua. Ekaiko Kontzejuaren bideen erabilera eta gozamena arautzen da. Araudi ezak, gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa; izan ere, Kontzejuaren betebeharra da haiek egoki kontserbatzea.

36. artikulua. Erabilera onartuak. Bideak erabil daitezke nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako, ordenantza honetan ezarritako mugekin, betiere.

Kontzejuak, salbuespen gisa, baimena ematen ahal du ibilgailu motordunak erabiltzen dituzten lehiaketa ofizial nahiz turismo jardueretarako, taldeek edo entitateek antolatuak direnean.

37. artikulua. Mugak. Muga hauek ezartzen dira bideetan ibiltzen diren ibilgailu motordun guztientzat.

a) Pisua, gehienez ere: 40 tona.

b) Abiadura, gehienez ere: 40 km/h.

Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, mugatu daiteke bideak zer sasoitan erabili, ez daitezen hondoratu eta desegin. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik kalteak gertatzeko arriskua badago, kasu eginen zaie Kontzejuaren jarraibideei.

39. artikulua. Erabilera debekatuak. Berariaz debeku dira erabilera hauek:

a) Ez errespetatzea bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak.

b) Arekak eta erabiltzen ez diren bide publikoko tarteak lantzea.

c) Nekazaritza-lanetan ezponden ondo-ondoan aritzea, lubetaren lurra erauzteraino. Ezpondatik 40 zentimetroko tartea utzi beharko da gutxienez.

d) Zuhaitzak landatzea edo finken itxiturak egitea bidearen kanpoko ertzetik 3 metroko zortasun-eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean xedatuarekin bat.

e) Lasto metak egitea areketatik 4 metrora baino gutxiagora edo finken sarreretatik hurbil.

f) Obra-hondakinak, harriak eta nekazaritzako hondarrak botatzea bide, areka eta erretenetara.

g) Bideetako areka eta hustubideetatik hurbil nekazaritza-lanak egitean, haietara lurra bota eta haiek estaltzea.

h) Bidera ateratzea lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak; zuzenean erretenetara ateratzea baino ez da onartzen.

i) Bideetako zola kaltetzen duten lanabesak edo bestelako makineriak garraiatzea.

j) Finketako harriak arekan botatzea.

40. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

41. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaio Kontzejuari. Halaber, baimena eskatu beharko du lanean bide bat era intentsiboan erabiltzekoa denak.

Kasu bakoitzean, eta aintzat hartuz dena delako jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu beharreko ibilgailuak eta abar, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

42. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta batezbestekoak, eta zenbat denborarako den.

43. artikulua. Eskabideak ikusita, Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako dira edo adjudikatutako lanak iraun bitarte.

Baimen guztiek fidantza edo abala jartzea ekarriko dute; Kontzejuak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean. Pasatzeko kuota ere ezartzen ahal du Kontzejuak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.

Ez dute berariazko baimenik beharko 15. artikuluan agertzen diren aprobetxamenduetako baten adjudikaziodunek. Dena dela, aprobetxamenduak erabiltzeko ezarri diren arauak bete beharko dituzte.

44. artikulua. Kontzejuak urtero aztertuko ditu bide guztiak. Gainera, beharra dagoen guztietan, konpondu eta egokitu eginen ditu bere ahalen heinean.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

45. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira jarraian adierazita dauden egitateak, eta honela zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Aprobetxamendua behar den bezala, zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

Herri-larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea hiru urtean galtzea.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezarri ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

Ordaintzeko hilabeteko epea irekitzea, %20ko errekarguarekin.

Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Horren ondorioetarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda bat aurkeztuko du, bai borondatez ordaintzeko aldiaren bukaeran, bai errekarguarekin ordaintzeko epearen bukaeran.

c) Herritarrendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

Herri-larreen aprobetxamenduan: 60 euroko zehapena, inplikatutako azienda larriko buru bakoitzeko.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezarri ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5 gehienez.

d) Azienda larriko buruek (zaldi eta behi aziendak) markarik ez izatea edo nolanahi aldatua edo faltsutua izatea:

60 euroko isuna, gehi Udaleko langileek kalkulatutako kalteen zenbatekoa, bai eta, azienda identifikatzeko, abereak biltzeak ekarritako gastuak ere. Ardi aziendaren kasuan, 6 euroko zehapena izanen da buruko, gehi aipatutako kalteak eta gastuak.

e) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

f) Ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.

Eskubiderik izan gabe azienda Udalaren herri-lurretan larratzen den bakoitzean, 60 euroko zehapena behi edo zaldi aziendako buru bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi aziendako buru bakoitzeko. Zenbateko horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramatearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

g) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Zenbateko horiei gehituko zaizkie zaborrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

h) Ordenantza hau urratzen duten ekintzei buruzko txostena eginen du Kontzejuak. Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei, eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei aplikatu ahalko zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua.

46. artikulua. Bideei dagokienez, arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honetan ezarritakoa urratzen duten egite edo ez-egiteak.

Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izanen dira, eragindako eragozpenaren intentsitatearen arabera eta kalteen arabera.

Arau-hauste arintzat joko da:

a) Mota guztietako objektuak bidera botatzea.

b) Baimenik gabe zirkulatzea, ordenantza honetan onarturiko tonajea %50 bitarte gaindituz.

c) Zuzenbidearen aurkako eta ordenantza honen aurkako jokabide oro, arau-hauste larria edo oso larria ez dena.

Arau-hauste larritzat joko da:

a) Bidean objektuak instalatzea gainerako erabiltzaileek hura erabiltzea edo gozatzea oztopatuz edo zailduz.

b) Kirol-lehiaketak antolatzea, oinezkoenak zein txirrindularienak, dagokien baimenik gabe, bai eta pertsonen edo ibilgailuen beste kontzentrazio masibo guztiak antolatzea ere, herri-ekitaldi tradizionalak ez direnean.

c) Bideak konpontzeko eta kontserbatzeko obrak egitean, Kontzejuak ezarritako mugak ez errespetatzea.

d) Baimenik gabe zirkulatzea, ordenantza honetan baimendurikoa baino %50 tona gehiagorekin.

e) Pertsonendako, ondasunendako edo ingurumenarendako arrisku larria dakarren objektu oro bidean edo haren mugetan botatzea.

f) Bidearen erabilera komun berezi oro, aldez aurretik baimenik lortu gabe.

g) Bideen mugakide diren lurretan nekazaritza-lanak egitea, lan horiek arriskua ekar dezaketenean bideen zorua galtzeko, luiziak gertatzeko edo bideak murrizteko.

Arau-hauste oso larritzat joko da:

a) Bidean objektuak instalatzea gainerako erabiltzaileek hura erabiltzea edo gozatzea eragotziz.

b) Kontzejuak emaniko baimenaren baldintzak larriki urratzea.

Zehapenen zenbatekoa:

Ukatu gabe, bidezkoa denean, dagokion erantzukizun zibil edo penala eskatzea, bideen inguruko arau-hausteak honela zehatuko dira:

–Arau-hauste arinei, 500 euro bitarteko isuna.

–Arau-hauste larriei, 500 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste oso larriei, 1.000 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna.

Nolanahi ere, zehaturiko jokabideek kalte-galerak eragin badituzte bideetan, zehatzeko ebazpenak bidea lehengoratu beharra ezarriko dio arau-hausleari, kalte-galeren ordaina eskatzeaz gain, bidezkoa bada.

AZKEN XEDAPEN

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2116540