269. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

279E/2021 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen-ukipenetarako baimena ematen diona Esteribarko udal-mugartean “Zubiriko TZ-telekomunikazio zentroen arteko konexioa egiteko zuntz optikoa hedatzeko proiektuari”.

2021eko apirilaren 7an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “M” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren xedea da N135 errepideko 19+750 KPan dagoen kutxatilaren bidez konektatzea Zubiriko telekomunikazio zentroko zuntz optikoa (Esteribarko 16. poligonoko 179. lurzatian dagoena) eta Nafarroako Gobernuaren zuntz optikoko sarea.

Horretarako, DF motako kutxatilatik hasi eta telekomunikazio zentrora bitarte, lur azpiko kanalizazio berri bat eraikiko da, 8 cm-ko zabalera eta 40 cm-ko sakonera duen zanga batean, 40 mm-ko diametroko PEAD hodi hirukoitz bat sartzeko. Kanalizazioaren trazadura N135 eta NA-2325 errepideetan barna eta landabide batean barna doa; 1900 metroko luzera du eta tarte horretan D motako kutxatila bat, H motako 3 kutxatila eta 60x60 motako 8 kutxatila eraikiko dira. Arga ibaia zubi azpira grapatutako hodietan barna zeharkatuko du.

Espedienteak aldeko txostenak jasotzen ditu, Esteribarko Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak emandakoak. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Esteribarko udal-mugartean “Zubiriko TZ-telekomunikazio zentroen arteko konexioa egiteko zuntz optikoa hedatzeko proiektua”. Navarra de Servicios y Tecnologías SA da sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.
  • Zuntz optikoa zabaltzeko lanetan sor daitezkeen materialak beren izaeraren arabera kudeatu beharko dira, betiere indarreko araudia betez.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek bakarrik babesten du kanalizazioa egiteko proiektuaren lurzoru urbanizaezinean kokatutako azpiegituraren zatia, hots, N-135 errepidetik (19+750 KPan) Esteribarko 16. poligonoko 179. lurzatian dagoen Zubiriko Telekomunikazio Zentrora zuntz optikoa bideratzeko zatia.
  • Ez dira baimen honen zati sarearen hargunea den komunikazio zentroan aurretik zeuden azpiegiturak, ezta hargune elektrikoa ere. Horiei buruz, zerbitzu honek ez du aurkitu lurzoru urbanizaezineko baimenei buruzko espedienterik, eta ustez legezko egoeran daude. Baimena izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da ezen, hala egin ezean, arau-hauste astuntzat joko dela eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Kasu honetan jarduketak Arga ibaiaren zaintza eremua ukitzen duenez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko du sustatzaileak.
  • Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri Lanen Zuzendaritza Nagusian.
  • Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Esteribarko Udalera, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Aezkoa-Kintoako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko azaroaren 15ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2116165