269. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

278E/2021 EBAZPENA, azaroaren 15koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “01772621 Lacunza proiektua: ZO kable berria OE Lacunza/TSM”, Lakuntzako udal-mugartean, Telefónica de España SAUk sustatua.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “kategoria” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Espedientearen helburua da Telefónicas Movilesen oinarri estazioa, Lakuntzako 1. poligonoko 122. lurzatian dagoena, Lakuntzako herriguneko sarearekin konektatzea zuntz optikoaren bidez.

Horretarako, DF 1A1-BIS motako kutxatilatik hasi eta Orangeren oinarri estaziora bitarte, lur azpiko kanalizazio berri bat eginen da, 25 cm-ko zabalera eta 80 cm-ko sakonera duen zanga batean 110 diametroko PCVzko hodi hirukoitz bat jarriz. Kanalizazioaren trazadura 670 metro luze da, eta bertan “H” motako hiru erregistro-kutxatila ere eraikiko dira.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “01772621 Lacunza proiektua: ZO kable berria OE Lacunza/TSM”, Lakuntzako udal-mugartean, Telefónica de España SAUk sustatua.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Zanga irekitzean, landare lurra gordeko da geroago zangaren azaleko partea betetzeko.
  • Zangak zabalik gelditzen badira egun batetik bestera, arrapalak kokatu beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko. Zangak ireki eta ahal den lasterren bete beharko dira, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.
  • Zuntz optikoa zabaltzeko lanetan sor daitezkeen materialak beren izaeraren arabera kudeatu beharko dira, betiere indarreko araudia betez.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek babesten du lurzoru urbanizaezinean dagoen azpiegituraren zatia, Lakuntza udal mugartean dagoena, herri horretako herrigunetik zuntz optikoa hedatzeko proiektuaren barruan, horren bidez zerbitzua emateko Telefónica Movilesek Lakuntzako 1. poligonoko 122. lurzatian duen oinarri estazioari.
  • Ez dira baimen honetan sartzen aurretik zeuden azpiegiturak. Horiei buruz, zerbitzu honek ez du aurkitu lurzoru urbanizaezineko baimenei buruzko espedienterik, eta ustez legezko egoeran daude.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Zehazki, Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko irailaren 21eko txostena hartu beharko da kontuan. Beraz, sustatzaileak, espedienteak Sakanako NA-2410 errepideari eta Sakanako A-10 autobiari eragiten dienez, baimen-eskaerarekin batera, egin beharreko obrak behar bezala zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian, baimena eman diezaion.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da ezen, hala egin ezean, arau-hauste astuntzat joko dela eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo ahalik eta txikienak direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Lakuntzako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Sakana-Mendialdeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko azaroaren 15ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2116146