267. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Ordenantza, arautzen dituena Gazte Programako jardueretan parte hartzea eta espazioak erabiltzea, Familien Arretarako Zentroan. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2021eko azaroaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea ordenantza bat, arautzen dituena Gazte Programako jardueretan parte hartzea eta espazioak erabiltzea, Eguesibarko Familien Arretarako Zentroan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluari jarraikiz, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta argitara eman dadila agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2021eko azaroaren 2an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA GAZTE PROGRAMAKO JARDUERETAN PARTE HARTZEA ETA ESPAZIOAK ERABILTZEA, EGUESIBARKO FAMILIEN ARRETARAKO ZENTROAN

1. artikulua. Araudiaren xedea.

Araudiak honako hauek ditu xede:

–Familien Arretarako Zentroko (aurrerantzean FAZ) Gazteen eremuko instalazioen erabilera arautzea, zerbitzu publiko bati dagokion moduan; izan ere, jabari publikoko ondasuna eta zerbitzu publikoa da, eta haren xedea da Eguesibarko 12-30 urteko gazteendako jarduerak garatzea eta, halaber, Eguesibarko gazteei aukera ematea bertan aisialdi eredu propioak garatzeko.

–Ondasun publiko hori eta haren parte diren instalazio eta elementu guztiak babestea, izan ditzaketen eraso, aldaketa eta erabilera bidegabeen aurka, instalazioen erabilera zentzuzkoa eta antolatua bermatuz, eta baita herritarren sarbidea eta erabilera bermatzea ere, baldintza berberetan betiere.

–Gutxieneko arau batzuk ezartzea, bizikidetza eta errespetua bermatze aldera FAZko Gazteen eremuko erabiltzaileen artean, bai eta horien eta Gazte Programako hezitzaileen arteko harremanetan (hezitzaileak, monitoreak, praktiketako langilean, koordinatzailea, gazteriako teknikaria, etab.), eta baita FAZko beste profesional edo erabiltzaileekiko harremanetan ere.

–Esku hartzea bizikidetza sozialaren kontrako jarduketa eta jokabideetan.

–Udala arduratuko da, Gizarte Zerbitzuen Alorraren eta Gazteria Alorraren bitartez, Gazte Programarekin batera, FAZko Gazteen eremuko instalazioetan garatzen diren ekintza guztien antolaketaz, kudeaketaz eta jarraipena egiteaz. Halaber, beharrezkoa den bakoitzean zehaztu eta aldatuko du FAZko Gazteen espazioa erabilera publikorako erabiltzeko ordutegia.

2. artikulua. Jarduerak.

2.1. Tipologia.

Funtsean, honako jarduera hauek garatuko dira:

–Informatu, aholku eman eta orientatzekoak: gazteen intereseko gai guztien gainekoak, betiere Gazte Informazioaren Europako Gutunaren (Eryca) printzipioen arabera.

–Formakuntzakoak: gazteei bizitza sozialerako baliagarri gerta dakizkiekeen ezagutzak eta esperientziak ematekoak.

–Jolas eta aisialdikoak: aisia, sorkuntza edo hezkuntza ez formala xede dutenak.

–Sentsibilizaziokoak: zenbait esparruri buruzko informazioa eta kontzientzia hartzea helburu duten jarduerak, hala nola ingurumena, kultura, bizikidetza eta gizarte integrazioa, kontsumo arduratsuak, bizi-ohitura osasungarriak, tratu onak, neska-mutilen arteko aukera berdintasuna, parte-hartze soziala, boluntariotza eta besteekiko elkartasuna.

–Mugikortasunari lotutakoak: irteerak antolatzea; trukeak, etab.

–Gazteen arteari lotutakoak: artea gazteen artean sustatzen dutenak.

–Bestelako jarduerak: Udalak gazteen garapena eta Eguesibarren duten parte-hartzea hobetzearren antolatzen dituenak.

–Ez dira onartuko ez jarduera belikoak, ez sexistak, ez homofoboak, ezta arrazistak ere.

2.2. Ziber espazioa.

FAZko Gazteen eremuko Ziber espazioak ekipo informatikoak ditu, gazteek erabil ditzaten. Erabilera doakoa da eta denbora 30 minutura mugatzen da, pertsona bakoitzeko.

–Hezkuntza taldea arduratzen da erabileraren erregistroaz.

–Eguesibarko Udalak ez du erantzukizunik hartzen honako hauen gainean: instalazioetan utzitako objektuak galtzea edo lapurtzea eta istripu, lapurreta, sute eta abarren ondorioz sor daitezkeen hondaketak, berekin ekar dezaketenak obrak, instrumentuak eta barrutiko edozein motatako materiala guztiz edo hein batean hondatzea.

–Ziber espazioa erabiltzeko araudia jarriko da erabiltzaileek ikusteko tokian.

–Ez da portaera sexistarik, homofoborik edo xenofoborik onartuko, eta ez da baimenduko eduki horiek dituzten joko pertsonalak erabiltzea.

2.3. Aisiarako espazioa / Lokal irekia.

–Hezkuntza taldeak Gazteen espazioko erabiltzaileekin adostuko du gelaren batean jaterik izanen den eta zein ordutan, baldin eta jarduerak gauzatzeko oztopo ez bada eta dena garbi uzten badute. Era berean, zehaztuko ditu ordutegi aldaketak eta beharrezko jarduketak, FAZko Gazteen eremuko aisiarako espazioak egoki funtziona dezan.

3. artikulua. Edukiera.

Lokala erabiltzeko gehieneko edukiera ezarria dago FAZko erabilera araudian, salbu eta hezkuntza taldeak besterik erabakitzen badu, behar bezala frogatutako arrazoiengatik. Adibidez, osasun-agintariek zehazten dutenean (pandemia egoera), edo talde kudeatzaileak ezartzen duenean, erabiltzaileen eta hezkuntza taldearen osasuna eta osotasuna zaintzeko.

4. artikulua. Erabiltzaileak.

Erabiltzaileak izanen dira, oro har, FAZko Gazteen eremuko instalazioak erabiltzen dituzten gazte guztiak, eta/edo bertan antolatzen den edozein ekintzatan parte hartzen dutenak.

4.1. Erabiltzaileen eskubideak.

–Instalazioak zertarako diren, gazteek hartarako erabiltzeko eskubidea dute, baita bertan egiten diren jardueretan parte hartzeko ere.

–Errespetuz eta modu duinean tratatuak izatea.

–Gazteen jarduerara bideratutako espazioak erabiltzeko eskubidea dute, bai eta bertako ondasun eta zerbitzuak erabiltzeko ere.

–Informazioa eta aholkua jasotzea, bai jarduerena bai kezka, zalantza, zailtasun eta abarrena, taldeko kide gisa zein bakarka.

–Egokiak iruditzen zaizkion erreklamazio eta oharrak egitea Eguesibarko Udalari.

4.2. Erabiltzaileen betebeharrak.

–Errespetua eta tratu ona langileekiko nahiz Zerbitzuko gainerako pertsonekiko.

–FAZko Gazteen eremuko ondasunak, altzariak, materialak, etab. arduraz erabiltzea.

–Arduraz eta ingurumena zainduz erabiltzea instalazioak, uraren, argiaren, paperaren, zaborraren eta abarren erabilerari dagokionez.

–Ezin izanen da ez jan ez edan geletan, salbu eta hezkuntza taldeak egokitzat jotzen dituen areto eta egoeretan.

–Lokalaren garbiketa eta materiala errespetatzea, erabili eta gero beste pertsona batzuek erabiltzeko moduan gera dadin.

–Zerbitzu eta jardueren ordutegia errespetatzea.

–Gazte Programako langileek ematen dizkieten jarraibideei kasu egitea.

–Instalazioen erabilera normalaren ondorioz antzemandako edo gertatutako edozein anomalia edo kalte zentroko arduradunari jakinarazteko betebeharra.

–Kasu egitea FAZko Gazteen eremuan eta inguruetan erretzeko debekuari, bai eta estupefazienteak eta edari alkoholdunak hartzeko debekuari ere.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

–Gazte Programako hezkuntza taldeak berehalako neurriak hartu ahalko ditu, baita erabiltzaileak kanporatu ere, araudia betetzen ez den kasuetan.

–Berehalakoak ez diren zehapenak ezartzeari dagokionez, udal organo eskuduna arduratuko da. Organo hori osatuko dute Gazte Programako hezkuntza taldeak, Gizarte Zerbitzuen Alorreko eta Gazteria Alorreko arduradunek, eta haiek erabakiko dituzte ezarri beharreko neurri edo zehapen motak.

–Neurri edo zehapen guztiak berreziketaren balio eta printzipioekin bat hartuko dira.

–Une oro sustatuko da elkarrizketa bidezko konponbidea gazteekin, elkarbizitzak sortzen dituen arazoei aurre egiteko funtsezko neurri nagusi gisa.

–Azkenik, eta salbuespenez, eta aurreko paragrafoan adierazi bezala konpondu ezin izan diren larrialdi bereziko egitateen kasuan, familiari abisatuko zaio, eta organo eskudunak egoki baderitzo, diru-zehapenak edo zigorren bat dakartenak ezarriko dira. Halaber, ahalegina eginen da zehapen guztiak berreziketa printzipioarekin bat etor daitezen.

–Zehapenak jartzeko, jarraituko zaio administrazio publikoek zehapen ahalmena erabiltzeko darabilten legezko eta arauzko prozedurari.

5.1. Arau-hausteen sailkapena.

–Arau-hauste oso astunak.

Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

  • FAZko Gazteen eremuko pertsonei edo langileei behin eta berriro errespetua galtzea eta mehatxuak eta/edo eraso fisikoak egitea.
  • Instalazioen funtzionamendu egokia nahastea, instalazioetako beste erabiltzaile batzuen edo arduradunen kontrako gatazka, eraso fisiko edo hitzezkoekin.
  • Instalazioak edo materiala ebastea, lapurtzea edo hondatzea, Zerbitzuari kalte larria eginez, eta berdin jokatzea erabiltzaileen gauzekin.
  • Droga saltzea instalazioen barrenean.
  • Ezarritako ordutegitik kanpo instalazioetan sartzea.
  • Falta astunak behin eta berriz egitea.

–Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak honako hauek dira:

  • FAZko Gazteen eremuaren barrenean erretzea, baita alkohola eta edozein substantzia estupefaziente hartzea ere.
  • Instalazioen ardura duten langileen esanei kasurik ez egitea, baita langile arduradunak iraintzea edo haiei errespetua galtzea ere.
  • Instalazioak edo materialak hondatzea, funtzionamenduari kalte larririk egin gabe.
  • Zentroan mozkor itxura nabarmenean edo drogaren batek jota sartzea.
  • Hiru falta arin egitea egun berean.

–Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

  • Gazte Programako profesionalei eta erabiltzaileei noiz edo noiz errespetua galtzea. Arau orokor gisa, pertsonei errespetua galdutako kasuetan, hitz egitea bilatuko da zehapena jarri aurretik, baldin eta ukitutakoak prest badaude.
  • Ekintza edo portaera desegokiak, Udalaren materiala edo altzariak kaltetzen dituztenak edo kaltetu ditzaketenak eta beste pertsonendako deseroso gerta daitezkeenak.
  • Instalazioetan sartzea edozein animalia, baimenik gabe.
  • Instalazioko funtzionamendu orduak ez errespetatzea.
  • Dokumentu honetan ezarritakoari kontra egiten ahal dion beste edozein jarduketa, astuntzat edo oso astuntzat hartua ez bada.

5.2. Arduradunak.

Araudi honen aurkako arau-hausteen erantzule izanen dira haiek zuzenean egin dituztenak. Oro har, kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen arau-hauste administratiboei aurre hartzeko.

Erantzulea adingabea bada, familiak, tutoreak edo legezko zaintza duten pertsonek erantzun beharko dute haren ordez. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbatek gauzatzen dituztenean, guztiak izanen dira erantzule.

5.3. Zehapenak.

Zehapenak bat etorriko dira egoeraren larritasun mailarekin. Kasu bakoitzean zehaztuko da, baloratuz arau-haustearen maila eta arduradunaren erantzuteko gaitasuna. Lehentasuna emanen zaio beti gizarte eta hezkuntza arloko ekintzari, eta ahalegina eginen da gaztearekin zentzu horretan lan egiteko, bai eta familiarekin eta komunitatearekin ere, egoerak hala eskatzen badu.

Iragarkiaren kodea: L2115989