267. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

277E/2021 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen-ukipenetarako baimena ukatzen diona proiektu honi: saretazko egitura txarrantxatua duen dorre bat paratzeko proiektua, 99,1 m-koa, neurketa eolikoa egiteko Galipentzuko udal-mugarteko 1. poligonoko 717. lurzatian. Sustatzailea Templarios Energy SL da.

2020ko maiatzaren 25ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “M” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatu den jarduketa da saretazko egitura txarrantxatua duen dorre metereologiko bat paratzea, 99,1 m-koa, Galipentzuko udal-mugarteko 1. poligonoko 717. lurzatian (ETRS89 30N 626.898-4.710.054). Ainguraketa-tenkagailuak 11ko 3 multzotan jartzen dira; 33 denera, altura hauetan: 9,5 m, 18,5 m, 27,5 m, 36,5 m, 45,5 m, 54,5 m, 63,5 m, 72,5 m, 81,5 m, 90,5 m eta 96,5 m; eta oinarrira dauden distantziak 25 m, 45 m eta 60 m dira. Sartzeko bideei dagokienez, aurkeztu den ingurumen-ukipenen azterlanean esaten da etorkizunean eginen den Templarios izeneko haize-parkekoak erabiliko direla. Parkea, orain, tramitatzen ari da. Ukitutako alderdia baso lurra da, honela katalogatua: Baliciera onura publikoko mendia (Galipentzu). Tokia honela dago kartografiatuta: Europar Batasunaren intereseko habitat-a, harizti iberikoak, 9240 Quercus faginea eta Quercus canariensis eta 9340 Quercus ilex eta Quercus rotundifolia.

Espedientean Galipentzuko Udalak emandako hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostena dago. Bertan jakinarazten da egin beharreko obrak ez direla bateragarriak gaur egun indarra daukan hirigintzako plangintzarekin. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak proiektuaren aurkako txostena egin du (2021eko azaroaren 2an jasoa), Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aurkako txostena egin du, proiektuaren ingurumen-bateraezintasuna dela-eta.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ukatzea proiektu honi: saretazko egitura txarrantxatua duen dorre bat paratzeko proiektua, 99,1 m-koa, neurketa eolikoa egiteko Galipentzuko udal-mugarteko 1. poligonoko 717. lurzatian. Sustatzailea Templarios Energy SL da, eta ukoaren arrazoiak hauek dira:

–Proposatzen den jarduketa bateraezina da ingurumenaren zaintzarekin, afekzio handiak dituelako galzorian dauden abifaunaren zenbait espezierentzat, horrela katalogatuta arau hauetan: otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua, babes bereziko araubidea duten basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen Espainiako katalogoa garatzekoa; eta 254/2019 Foru Dekretua, urriaren 16koa, zeinaren bidez Babes Bereziko Basa Espezieen Nafarroako Zerrenda ezartzen baita, Nafarroako Florako Espezie Mehatxatuen Katalogo berria ezartzen baita eta Nafarroako Faunako Espezie Mehatxatuen Katalogoa eguneratzen baita.

–Proposamena ez da bateragarria Galipentzuko Udal Plan Orokorrarekin, Hirigintza Araudi Orokorraren 94. artikuluan ezarritako ingurumen-balioa zaintzeko lurzoru urbanizaezinaren babes-araubidearen arabera, bertan azpiegiturak debekatuta baitaude.

–Beste alde batetik, Lurraldearen Atalaren txostenaren arabera, dorrea paratzea lotzen da parke eoliko baten proiektuarekin, eta proiektu hori ere bateraezina litzateke lur-azpikategoria horri aplikatu beharreko hirigintza-araubidearekin. Beraz, ezin da justifikatu neurketa-dorre bat paratu nahi izatea kokapen horretan, baimena edukiko ez duen parke eoliko bati loturik, parkea bateraezina delako hirigintza-araubidearekin.

2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Galipentuzko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatera) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko azaroaren 12an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2116105