266. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Aldaketa, Eremu publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Arangurengo Udalak, 2021eko abuztuaren 31n egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa egitea honako ordenantza honetan: “Ordenantza, eremu publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituena”. Hala, jendaurrean jarri zen, iragarkia argitaratuz 2021eko 216. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 14an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez, eta iraganik jendaurreko epea alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testua osorik argitaratzen da, eraginkortasun juridikoa izan dezan.

Mutiloan, 2021eko azaroaren 5ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

9. ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza ezarri da honako arau hauetan xedatuaren babespean: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikulua; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 93. artikulua eta hurrengoak; eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen (martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatua) 28. artikulua eta hurrengoak.

2. artikulua. Eremu publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu edo erabilera pribatibo hauetarik edozein egitea da zerga-egitatea:

1. Erabilera publikoko lurretako lurpea okupatzea.

2. Erabilera publikoko lurrak okupatzea salgai, material edo antzeko instalazioekin.

3. Soto edo erdisotoei argia edo aireztapena emateko eta haietara pertsonak edo gauzak sartzeko, bide publikoko zoladura edo espaloietan kokatutako argi-zulo, arnasbide, ate, kargatze-aho edo gisako elementuak, bai eta argi-sare publikotik egindako harguneak ere.

4. Eremu publikoaren gainean edo fatxadaren lerrotik ateratzen diren markesina, eguzki-oihal edo gisako instalazioak, eraikinaren egituraren elementu berekiak ez direnean.

5. Eremu publikoan edo haren lurgaineko espazioan kokatutako errailak, aldamioak eta antzekoak, kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistro kaxak, baskulak, salmenta automatikorako aparatuak eta antzekoak.

6. Irabazi-asmoz, mahai eta aulkiak paratuz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

7. Eremu publikoak kokatutako kioskoak.

8. Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki-etxola, ikuskizun eta atrakzioak, kalez kaleko industriak jartzea eta zinemako filmaketak egitea.

9. Erakusleiho eta bitrinak.

3. artikulua. Ondoko hauek daude beharturik arau honetan ezarritako tasak ordaintzera:

a) Udal lizentzien edo emakiden titularrak eta aprobetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentzia edo emakidarik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak egiten dituztenak.

c) Aprobetxamenduari utzirik, toki erakundeari haren baja aurkezten ez diotenak.

d) Eremu publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrak edo aprobetxamenduaz baliatzen direnak. Edukiontzien jabeak eta etxegileak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat.

4. artikulua. Ordenantza honetako tasaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honen xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera, ordenantzaren eranskinean xedatzen denari jarraikiz.

5. artikulua. Toki mailako zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresak salbuetsirik egonen dira tasen ordainarazpenetik.

6. artikulua. 1. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakarrenean tokiko jabari publikoa hondatzea edo narriatzea, onuraduna beharturik egonen da halakoak berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, eta aurretiaz zenbateko hori gordailutako uztera, dagokion tasa ordaintzeko beharraz gain.

2. Kalteak konponezinak badira, hondatutako ondasunek zenbat balio duten edo kalte egin zaienen narriadura norainokoa den, horrenbeste emanen zaio ordainetan toki erakundeari.

Toki entitateak ez ditu inola ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulketak.

7. artikulua. Tasa ordaindu beharra sortzen da aprobetxamendua ematen denean, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

8. artikulua. Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe hasten bada aprobetxamendua, behar den tasa ordaintzeak ez ditu legeztatuko egin diren aprobetxamenduak eta, instalazioak kentzeko agintzen ahalko da, kalte-ordainik gabe.

9. artikulua. 1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduak behar den errolda edo zentsua izanen dute, ohikoak eta etengabeak badira.

2. Erabilera publikoko lurrak, irabazi-asmoz, mahai eta aulkiekin okupatzeari dagokionez, toki entitateak balio gabe utzi dezake baimena edo aldi baterako kendu, baldin badago arrazoi bidezkorik, obrarik, konponketarik eta abarrik, eta kobratutako tasaren zati proportzionala itzultzea beste betebeharrik ez du izanen.

10. artikulua. 1. Iruzurtzat hartuko da behar den lizentziarik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bestelako arau-hausteei dagokienez eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Toki entitateak, modu betearazlean, lizentzia edo baimenik gabeko instalazioak eremu publikotik kentzen ahalko ditu, eta udal biltegietara eraman. Jabearen kontura izanen dira instalazio horiek desmuntatu, garraiatu, eta biltegiratzeko gastuak nahiz sortzen diren beste gastu guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki erakundeen egintza edo erabakiak deuseztatzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

TARIFEN ERANSKINA, EREMU PUBLIKOKO ETA HERRI-LURRETAKO LURZORU, LURGAIN ETA LURPEAREN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZARENA

I. epigrafea.–Aprobetxamendu bereziak lurzoruan

I.1. Mahaiak, aulkiak, beladoreak, metro koadro edo zatiki bakoitza: 25 euro.(urtean).

I.2. Beste aprobetxamendu batzuk

a) Jarduera ekonomikoetarako, metro koadro edo zatiki bakoitza:

–Egunean 0.50 euro.

–Hilean 10 euro.

–Urtean 60 euro.

b) Edukiontziak eta jarduera ekonomikoa ez den beste edozein okupazio, metro edo zatiki bakoitzeko:

–Egunean 0.30 euro.

–Hilean 5 euro.

–Urtean 30 euro.

c) Erabilera publikoko lupearen aprobetxamendua, metro edo zatiki bakoitzeko:

–Hilean 2 euro.

–Urtean 24 euro.

I.3. Aldamioak: Aurreko epigrafean adierazitako zenbatekoen %50 (1.2.b apartatua).

Urbanizazioa egiten ari diren eremuetan, zenbatekoak %75 murriztuko dira.

I.4. Karabanak, atoiak eta automobilak ez diren gainerako ibilgailuak, berariaz baimenduta daudenean. Tasa ordaintzeak ez du, nahitaez, baimena jaso denik ekarriko. Egun edo frakzio bakoitzeko: 1 euro.

IV. epigrafea.–Gutxieneko eskubideak

Aurreko epigrafeetan azaldutakoengatik ordaindu beharreko zenbatekoak ondotik adierazten diren kopuruetara iristen ez direnean, gutxieneko zenbateko hauek ordainduko dira:

–Aldamioak: 30 euro.

–Hesiak: 30 euro.

–Beste aprobetxamendu batzuk: 30 euro.

Behin onartutakoan, aldaketa honek atzerako eragina izanen du, 2021eko urtarrilaren 1a arte.

Iragarkiaren kodea: L2115910