266. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

262E/2021 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen-ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: 13,2 kV-eko aireko-lurpeko linea elektriko mistoa ezartzea Santakaran, Mazkolanda industrialdeko transformazio zentroa elikatzeko. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2020ko urriaren 9an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Egin asmo den jarduketaren bidez 13,2 kV-ko linea elektriko misto berri bat ezarri nahi da Santakaran, Mazkolanda industrialdeko transformazio zentro berri bati zerbitzua emateko.

Linea berri honek “Caparroso-Santakara” 13,2 kV-ko aireko linearen azken euskarrian eginen den deribazio batean izanen du abiapuntua, herriko hiri-lurzoruaren ondoan, mendebaldean. Lehen tartean airetik joanen da, 25 metroko bao batean, eta bigarren tartean lurpetik, 424 metroko luzeran, Santakarako hiri-lurzorua inguratzen duen nekazaritza-bide bati jarraituz industrialdera iritsi arte. Bideak, eta ondorioz, linea elektrikoaren lurpeko tarteak ere, Santakarako 5. poligonoko 76. lurzatia zeharkatzen dute, zeina “Ramal de La Barca” abelbidearen parte baita.

Proiektuak ohiko neurri batzuk proposatzen ditu aireko tartean (hasierako deribaziotik airetik lurpera pasatzeko euskarrira bitarte) hegaztiak elektrokutatzeko arriskua saihesteko, horien artean metro bateko luzera duten isolagailuak ezartzea, zubiak isolatzea eta elementu babesleak erabiltzea konexio, autobalbula, terminaleko botila, grapa eta abarretan. Barne hartzen ditu, era berean, obrek eragindako eremua sakon garbitzea eta eremu guztiak landareztatzea.

Espedientean Santakarako Udalaren aldeko txostena jaso da. Nafarroako abelbideen babesari dagokionez, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak aldeko txostena egin zuen 2020ko urriaren 26an, ebazpen honetan jasotzen diren baldintzetan. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aldeko txostena egin du, ez baita ingurumenean kalte nabarmenik eragitea espero, baina neurri zuzentzaileak aplikatu beharko dira elektrokuzio arriskua saihesteko, proiektuak ukitzen dituen lurrak behar bezala leheneratzeko eta obretako hondarrak garbitzeko.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu zaizkidan eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea Santakarako udal-mugartean dagoen Mazkolanda industrialdeko transformazio zentroa elikatzeko 13,2 kV-eko aireko-lurpeko linea elektriko mistoa ezartzeko proiektuari. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Lurpeko hoditeriaren ibilbidea bidearen plataformaren barrutik joanen da, edo zanga okupatzeaz landa, ondoko larreei eragin gabe.

–Obrek ukitutako bidea eta lurrak leheneratu egin beharko dira, obren aurreko erabilera berreskura dezaten. Horretarako, zangak eta pilaketak egitean, edo makineriaren joan-etorrietan eta abarretan landare-estalkia duten lursailetan kalteak eragiten badira, beharrezkoa bada, egokitzapenak eta medeapenak eginen dira eta landare belarkarak ereinen.

–Abelbidearen azpitik doan linearen zatian kontu handiz eginen da leheneratzea. Horiez gain, bidegurutzeen eta zangen zabalera teknikoki izan daitekeen txikiena izanen da, kutxatilak lurrarekin erabat arras geratuko dira, eta, obren ondoren, ezin izanen dira inola ere aldatu ez bidearen zoladura eta/edo zabalera, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.

–Hondakin, zabor, hormigoi-hondar, plastikozko polietilenozko edo PVCzko hodien hondar eta abarretatik garbi utziko da proiektuaren eremua. Hondakin horiek haien izaeraren arabera kudeatuko dira, eta kudeatzaile baimenduei eman beharko zaizkie, hondakinen arloan indarrean den legediari jarraikiz.

–Deribazio berrian eta airetik lur azpirako pasabidearen euskarrian, ohikoak diren neurriak hartuko dira basatxoriak elektrokuzio arriskutik babesteko, aurkeztutako memorian adierazi bezala: metro bat baino gehiagoko luzera duten isolagailuak amarraduretan, konexiorako zubiak zorro isolatzailez estaltzea, konexioak, grapak, autobalbulak eta abar zorroekin edo karpeta isolatzaile eta abarrekoekin babestea, hegaztiak elektrokutatzeko arriskua desagerrarazteko diseinaturikoak.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Jarduketak aireko tartean eta lurpeko tartean lurzoru urbanizaezinean ukitzen duen zatia baizik ez du babesten baimen honek, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta ebazpen honetan ezartzen diren determinazioei jarraikiz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Ebazpen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Santakarako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tafalla-Zangozako 10. Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko azaroaren 2an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2115726