44. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

13/2026 EBAZPENA, otsailaren 11koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetan, idazkari lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez eta oposizio sistema erabiliz.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 206/2025 Ebazpenaren bidez, izangaien zerrenda batzuk onetsi ziren idazkari lanpostua aldi baterako betetzeko, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetan, maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legean jasotako aurreikuspenei jarraikiz (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriak).

Zerrenda horiek 2022an hasitako hautapen-prozesuetatik datoz, eta, gaur egun, ez dira baliagarriak Nafarroako toki entitateek idazkaritzak aldi baterako betetzeko dituzten premia guztiak asetzeko. Hori dela eta, zenbait toki entitatek eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak zuzendaritza nagusi honi adierazi diote komeni dela hautapen-prozesu berri bat hastea, lanpostu horiek betetzeko izangaien zerrenda berri bat eratzeko. Zerrenda hori borondatez erabiltzen ahalko dute toki entitateek, hargatik eragotzi gabe zeinek bere hautapen-prozesuak egiteko aukera, egoki iritziz gero.

Hala ezartzen baitu 62. artikuluan Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, Foru Komunitateko Administrazioak bultzatu behar du laguntza eta lankidetza juridiko, ekonomiko, administratibo eta teknikoen zerbitzu ematea, beharrezko deritzon lanabesen bitartez, toki entitateen gestio ahalmena indartzeko. Arau beraren 236. artikuluak dioenez, halaber, Nafarroako Gobernuan toki administrazioaren arloko eskumena duen departamentuari dagokio hautatu eta izendatzea zer langilek bete behar dituen foru gaikuntzadun langileei erreserbatutako idazkaritza eta/edo kontu-hartzailetzako eginkizun publiko beharrezkoak.

Bestalde, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak 24. artikuluan xedatzen duenez, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateetako Langileen Kudeaketa eta Aholkularitza Atalari dagokio, besteak beste, zuzendaritza nagusiak deiturik idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako plazak betetzeko egiten diren deialdiak eta kontratazio zerrendak kudeatzea.

Nafarroako toki entitateek dituzten langile premiak ikusita, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetan, idazkari lanpostua aldi baterako kontratu bidez eta administrazio araubidean betetzeko. Horretarako honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, onetsi zena abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, onetsi zena ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez; eta aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

Hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetako idazkari lanpostua administrazio araubidean aldi baterako betetzeko deialdia egiteko eta hautagaien zerrenda kudeatzeko, men eginen zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 5eko 187/2013 Foru Aginduan xedatutakoari. Foru agindu horren bidez, Nafarroako toki entitateetako idazkari, A taldeko kontu-hartzaile eta B taldeko kontu-hartzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak kudeatuko dituzten arauak onetsi ziren.

Azkenik, adierazi behar da deialdi honen ondorioz izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrenda subsidiarioa izanen dela, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetan idazkari lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrendei dagokienez, baldin eta zerrenda horiek eratu baziren maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legean jasotako aurreikuspenen babesean (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriak) eta onetsi baziren Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 206/2025 Ebazpenaren bidez.

Horregatik guztiagatik, eskuordetu dizkidaten ahalmenak erabiliz, zeinak eman baitzaizkit Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 1eko 35/2020 Foru Aginduaren bidez (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bidez eskuordetutako zenbait eskumenen erabilera Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren esku uzten duena), eta, orobat, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau onestea, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetan, idazkari lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez eta oposizio sistema erabiliz.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaritzari eta kalifikazio epaimahaiko kideei.

Iruñean, 2026ko otsailaren 11n.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetan, idazkari lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat osatzea hautaproben bidez eta oposizio sistema erabiliz.

Deialdi honen ondorioz izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrenda subsidiarioa izanen da, Nafarroako toki entitateetan idazkari lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrendei dagokienez, baldin eta zerrenda horiek eratu baziren maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legean jasotako aurreikuspenen babesean (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriak) eta onetsi baziren Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 206/2025 Ebazpenaren bidez.

1.2. Hautapen-proba 2026ko maiatzetik aurrera eginen da, eta baldintza hauen seigarren oinarrian ezarritakoa izanen da.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu eta izangaien zerrendan egon nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat izatea, edo baliokidetzat aitortutako beste titulu bat, edo hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina edukitzea.

–Zuzenbideko gradua edo lizentzia.

–Politika eta Administrazio Zientzietako gradua edo Soziologiako lizentzia edo Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentzia.

Izangaiek alegatzen badute badituztela aipatutako tituluen baliokideak diren ikasketak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori aitortzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute baliokidetasunari buruz Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak emandako ziurtagiria.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) Nafarroako toki entitateetan idazkaritza lanak egiteko funtzionario izendatua ez izatea.

g) Kasuan kasuko toki entitatearen plantilla organikoan euskaraz jakitea aginduzkoa duten plazetan sartu nahi izanez gero, haientzat ezarrita dagoen euskarazko jakite-maila izatea.

2.2. Deialdi honen 2.1 oinarrian jasotako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen-prozedura osoan, izangaiari deitzen zaion unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak hamabost egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikorako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.

Eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaeran; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkezten ahal du, eskabidea aurkeztean. Dokumentazio hori Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bidaliko da, zehazteko zer-nolako egokitzapenak egin daitezkeen proba egiteko, denbora eta baliabide aldetik.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak, hautapen-prozesua kudeatzen duen organoaren bidez, espedientea izapidetzeko eta ebazteko behar diren datuak kontsultatuko ditu (nortasuna, adina eta titulazioa). Datuetara sartuko da, hain zuzen, Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen (SVCD) bidez edo sistema baliokideen bidez, salbu eta izangaiak uko egiten badio modu arrazoituan. Uko egiten badio, nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu beharko du, eskaneaturik.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Izangaiak onartzea.

4.1. Behin-behineko zerrenda.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Internet bitartez, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrendak zuzenean onetsiko dira.

4.2. Behin betiko zerrenda.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta argitara emanen du Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, bertan adierazita noiz, non eta zer ordutan eginen den deialdian ezarritako hautaproba.

Izangaiek eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, baldin eta, emandako epean, aurkeztutako eskaera zuzendu ez badute edo ongi zuzendu ez badute.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Iñaki Goñi Urrizola jauna, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateetako Langileen Kudeaketa eta Aholkularitza Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Pedro Gracia Araiz jauna, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Epaimahaikidea: Berta Enrique Cornago andrea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko idazkari nagusia.

Ordezko epaimahaikidea: Mirari Aranguren Irigoyen andrea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko aholkulari ekonomikoa.

Epaimahaikidea: Leyre Iribarren Gil andrea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Arauen Garapenerako eta Toki Araubiderako Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Enrique Goiecoechea Chávarri jauna, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Epaimahaikidea: Administrazio Erroko Langileriaren Batzordeko kide bat.

Ordezko epaimahaikidea: Administrazio Erroko Langileriaren Batzordeko kide bat.

Epaimahaikide idazkaria: Ana Rodríguez Hidalgo andrea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Alexia Mauleón Goñi andrea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Ataleko burua.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proban laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

Seigarrena.–Probaren nondik norakoak.

6.1. Hautapen-prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan, test motako galdera teoriko eta/edo teoriko-praktiko batzuk erantzun beharko dira idatziz, 60 galdera gehienez, I. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Probak hiru ordu iraunen du gehienez, eta 60 puntukoa izanen da gehieneko kalifikazioa. Gehieneko puntuazio horren %30 lortzen ez dutenak baztertuta geldituko dira.

6.2. Proba egiteko ez da inolako arau testurik ez dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik edo bestelako gailurik ere, mutur lodiko boligrafo urdinaz edo beltzaz besterik.

6.3. Probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat eraman beharko dute bertara. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

6.4. Desgaitasuna aitortua dutenei proba egiteko behar dituzten denbora eta baliabideak egokituko zaizkie, posible den neurrian, hala eskatu badute.

Zazpigarrena.–Emaitzak.

7.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du emaitzei buruzko alegazioak telematika bidez aurkezteko.

7.2. Alegazioak aurkezteko epea amaitu eta alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak probaren behin betiko emaitzak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, eta horrekin batera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendako hautapen-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda ere bai, guztira lortutako puntuen hurrenkeran.

7.3. Epaimahaiak berariazko zozketa baten bidez ebatziko ditu izangaien puntuazioetan gertatzen diren berdinketak, halakorik gertatzen bada. Berdindutako izangai guztien artean, bat hautatuko da ausaz. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

7.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira igorriko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, onets dezan. Zerrendarekin batera, hautapen-prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Zortzigarrena.–Nafarroako toki entitateetako idazkari lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda.

8.1. Hautapen-prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

8.2. Izangaiei aldi baterako kontratazioaren eskaintza eta, hala badagokio, kontratazioarena egitean, honako hauetan ezarritakoari eginen zaio men: 88. artikulua eta hurrengoak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuarenak, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio-araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituena; ekainaren 5eko 187/2013 Foru Agindua, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, zeinaren bidez arauak onetsi baitziren hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateen idazkari, A taldeko kontu-hartzaile eta B taldeko kontu-hartzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko; eta aplikatu beharreko gainerako araudia.

8.3. Izangaiei kontratazioaren eskaintza egiten zaienean, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte kontratazioa egin aurretik: eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa, eta oinarrietan eskatutako tituluaren kopia, edo baliokidetzat jotako tituluarena, edo eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.

Era berean, behar denean, izangaiek egiaztatu beharko dute betetzen dituztela eskaintza honen bidez bete nahi den plazaren betebehar espezifikoak.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia soilak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Toki entitate bateko plantilla organikoan ezarrita baldin badago kasuko plazan sartzeko nahitaezkoa dela euskara maila jakin bat izatea, aurkeztu beharko dira plaza horretarako eskatzen den maila egiaztatzen duten tituluen edo ziurtagirien kopiak. Titulu edo ziurtagiri horiek bat etorri beharko dute Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta jasorik egon Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean ageri den zerrendan.

Deia egiteko, kontuan hartuko da, halaber, ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren eta hogeita zazpigarren xedapen gehigarrietan, zeinetan arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonek eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek enplegu publikoa lortzeari buruzko alderdiak. Kasu batean zein bestean, egoera hori egiaztatu beharko da, eta, horretarako, legez eskumena duen erakundeak emandako agiriak aurkeztu beharko dira.

8.4. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen-prozesutik baztertuta geldituko dira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Bederatzigarrena.–Indarraldia.

Deialdi honen ondorioz izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrenda subsidiarioa izanen da, hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateetan idazkari lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrendei dagokienez, baldin eta zerrenda horiek eratu baziren maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legean jasotako aurreikuspenen babesean (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriak) eta onetsi baziren Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 206/2025 Ebazpenaren bidez.

Zerrendak indarra izaten jarraituko du harik eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 245. artikuluaren babesean egindako deialdien bidez eratzen diren izangaien zerrenda berriak onetsi arte.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi honen, oinarrien eta horien aplikazio egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa.

2. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta hura garatzeko araudia.

3. gaia.–7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa, eta hura garatzeko araudia.

4. gaia.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.

5. gaia.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, onesten duena Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua.

6. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

7. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

8. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, arautzen dituena Ingurumenean Eragina duten Jarduerak.

9. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, eta hura garatzeko araudia.

10. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

11. gaia.–7/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, ezartzen duena nola banatu transferentzia arrunten bidez toki-erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsa. 8/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, Toki Inbertsioen Plana arautzen duena.

12. gaia.–18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa, eta 103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako Administrazio Publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

13. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa.

14. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

15. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

Oharra: Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duen legeriari jarraikiz.

II. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izena emateko eskabidea: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa/deialdiak.

Iragarkiaren kodea: F2602192