266. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Udal ordenantza, Ibilgailuen hornidura elektrikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Ultzamako Udalak, 2021eko irailaren 2an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ultzamako Udalaren ordenantza bat, ibilgailuen hornidura elektrikoa arautzen duena.

Erabaki horren iragarkia 2021eko 222. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 21ean, eta biharamunetik hasita jendaurrean egon zen, hogeita hamar egun baliodunean. Alegaziorik aurkeztu ez zenez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Larraintzarren (Ultzama), 2021eko azaroaren 8an.–Alkatea, Martín M.ª Picabea Aguirre.

ULTZAMAKO UDALAREN ORDENANTZA, IBILGAILUEN HORNIDURA ELEKTRIKOA ARAUTZEN DUENA

Oinarria eta araubidea

1. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 11-15 eta 28-35 bitarteko artikuluek emandako eskudantziak erabiliz, Ultzamako Udalak udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua arautu du, eta erabiltzaileek hargatik ordaindu beharreko prezio publikoak ezarri ditu.

Zerbitzu ematea

2. artikulua.

Ibilgailuak kargatzeko zerbitzua emanen da ibilgailuak kargatzeko prestatu den instalazioaren bidez, Larraintzarko aparkaleku publikoan, pilotalekuaren eta Gizarte Etxearen ondoan (Larraintzarko Benta).

Ultzamako Udalak etorkizunean beste instalazio batzuk ezartzen ahal ditu Ultzamako udalerrian, toki berean edo beste espazio publiko batzuetan.

Ordaindu beharra noiz sortzen den.

3. artikulua.

Baldin pertsona fisiko eta/edo juridikoek ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua erabiltzen badute, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko diote Ultzamako Udalari.

Prezio publikoa ordaintzeko beharra sortzen da zerbitzuaren prestazioa edo jarduera hasten denean; Ultzamako Udalak, baina, eska dezake aldez aurretik haren zenbateko osoa edo zati bat ordaintzea, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 20ko 2/1995 Foru Legearen 1. apartatuko 34. artikuluarekin.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua emateagatik prezio publikoa ordaintzera behartuak daude pertsona fisiko eta/edo juridikoak, baldin eta zerbitzuaren onura jasotzen badute edo hura erabiltzen badute ezartzen diren moduetako edozeinetan.

Zenbatekoa

5. artikulua.

Prezio publikoagatik jaso beharreko eskubideen zenbatekoa izanen da ordenantza honen tarifen eranskinean ezarritakoa.

Ultzamako Udalak eranskin hori eguneratzen ahal du, gainerako prezio publiko eta tasekin batera edo modu partikularrean, horretarako legezko prozedurari jarraituz.

Ordenantza honetan araututako prezio publikoen zenbatekoek kargatua dute aplikatu beharreko BEZa.

Kobrantza

6. artikulua.

Prezio publikoa ordaindu beharra sortzen da jarduera edo zerbitzua ematen hastean.

Zerbitzua edo jarduera ematen edo egiten ez bada, prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko eta/edo juridikoari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, ordaindutako zenbatekoa itzuliko da.

Prezio publikoa dela-eta zorrik baldin bada, premiamendu-prozeduraren bidez eskatuko da.

7. artikulua. Kobratzeko prozedura.

Prezio publikoa autolikidazio araubidean eskatzen ahal da; horretarako Udaletxean eskuratuko dira ibilgailuak kargatzeko txartel, bonu edo fitxak, dagokien zenbatekoa ordaindu ondotik.

Autolikidazio sistemaz gain, Udalak kobratzeko sistema bat ezartzen ahal du, berariazko aplikazio informatikoen bidezkoa, eraginkorrak direla uste bada; aplikazioak izaten ahalko dira Udalarenak berarenak edo hirugarren agenteek emandakoak.

Sistema horien erabilerak kostu gehigarria izan dezake erabiltzaileentzat; kostu hori izanen litzateke kargaren zenbatekoaren %5, gehienez ere, eta karga bakoitzeko euro 1, gehienez ere.

AZKEN XEDAPENA

Ultzamako Udalak 2021eko irailaren 2an egin osoko bilkuran onetsi zuen udal zerbitzu hau emateko eta prezio publikoa ezartzeko erabakia, bai eta dagokien ordenantza onestekoa ere.

Ordenantza honen indarraldia hasiko da behin betiko onesten denean eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, eta indarrean jarraituko du harik eta Ultzamako Udalak indargabetzea edo berariaz aldatzea erabaki arte.

TARIFEN ERANSKINA

Ibilgailu elektrikoak azkar kargatzeko zerbitzuaren zenbatekoa ezartzen da oinarri harturik kargatze puntutik zerbitzua jasotzen duen ibilgailu elektrikora benetan igarotako energia elektrikoaren unitateko prezioa.

Ibilgailu elektrikoendako bide publikoko kargatze “erdi-azkarreko” zerbitzuaren unitateko prezioa, BEZa barne:

Kargatze “erdi-azkarreko” zerbitzua (potentzia ≤ 22kW): 0,22 euro/kWh.

Iragarkiaren kodea: L2115984