266. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IBARGOITI

Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa behar duten hirigintza-jarduketak arautzen dituen ordenantza. Hasierako onespena

Honako honen bidez aditzera ematen da Ibargoitiko Udalak, 2016ko martxoaren 9an egin osoko bilkuran, erabaki zuela hasiera batean onestea Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa behar duten hirigintza-jarduketak arautzen dituen ordenantza.

Iragarki honen bidez betetzen da jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epealdia; hartan, herritarrek eta bidezko interesa dutenek espedientea azter dezakete, eta bidezkotzat jotzen dituzten erreklamazioak, kexak edo oharrak egin ditzakete, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik. Halakorik aurkeztu ezean, behin betikoa bilakatuko da hasierako onespena.

Idotzinen, 2021eko azaroaren 12an.–Alkatea, José Javier Eslava Armendáriz.

ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA ETA AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOA BAKARRIK BEHAR DITUZTEN HIRIGINTZA-JARDUKETAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da obra txikietarako hirigintza lizentziak emateko prozedura arautzea, horien tramitazioa jakinarazpenaren araubideko eta araubide laburtuko prozedura erraztuen bidez egitekoa denean.

Erantzukizunpeko adierazpenak ahalmena emanen dio jardueraren titularrari nahi duen eta eskabidean aitortuta ageri den hirigintza-jarduketa egiteko, horretarako beharrezkoa eta ezinbestekoa den dokumentazioa erantsita badu, betiere behar diren egiaztapen, kontrol eta ikuskatze ahalmenak ukatu gabe.

Erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren ahalmenak.

Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurkako erantzukizunpeko adierazpenak, baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.

Erantzukizunpeko adierazpena behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, ondorio guztietarako ulertuko da lizentziarik gabeko jarduketak direla, eta lizentziarik gabeko obren eta erabileren lege-babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie.

2. artikulua. Esparrua.

Obra txikiak dira ordenantza honen jarduketa eremua, eta kanpoan gelditzen dira gainerako jarduketak; horiek prozedura arruntaren bidez tramitatutako dira.

3. artikulua. Aurretiazko komunikazioa behar duten obra txikien tipologia.

Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa behar dituzte honako obra hauek:

Aurretiazko komunikazioa behar duten obrak gauzatzeko kostua ezin da izan 1.000 eurotik gorakoa.

–Merkataritza jarduera egiteko lokalak egokitzeko obrak, aplikatu beharreko araudi sektorialarekin bat.

–Munta edo tamaina txikiko obrak, gauzatzearen kostua gehienez ere 1.000 euro izanik.

–Itxiturak eta hesiak.

–Eremu publikotik ikusten ahal diren publizitate kartelak.

–Eraiki aurreko lanak, adibidez zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

–Lorategi lanak eta zoladura lanak jabari pribatuko eremu libreetan, baldin obrek ez badute ukitzen erabilera, zerbitzu edo instalazio publikorik, eta aldaketarik sortzen ez badute lurzoruaren maila naturalean eta zuhaitzik mozten ez bada.

–Obra txikiak, halakotzat harturik eraikineko barneko eta kanpoko aldeen kontserbazioari eta mantentzeari dagozkienak, betiere gauzatzeko aurrekontua 1.000 euro bada gehienez ere:

• Barneko eta kanpoko pintura lanak.

• Barneko estaldurak (zoladura, paretak) berritzea eta aldatzea.

• Barneko arotzeria (ateak) berritzea eta aldatzea.

• Kanpoko aldeko arotzeria (leihoak) berritzea eta aldatzea, elementu amankomuneko zati ez direnean.

• Instalazioak (elektrizitatea, hodiak, etab.) berritzea eta aldatzea.

• Trenkadak berritzea eta aldatzea.

Obra txiki horietatik kanpo gelditzen dira honako hauek:

• Aldamioak behar dituzten obrak.

• Babes mailaren bat duten eraikinak edo multzoak ukitzen dituztenak.

• Eraikinaren elementu komunak ukitzen dituztenak (adibidez, kanpoaldeko arotzeria aldatzea, baldin zenbait etxebizitzaren elementu komun baten zati badira, adibidez bizitegien eraikin kolektiboetan).

• Eraikinen egitura ukitzen dutenak.

• Elementuaren erabilera aldaketa dakartenak, edo banaketa aldatzen dutenak, eta, hala, bizigarritasun baldintzak ukitzen ahal dituztenak.

• Eraikinaren kanpoaldeko itxuraren aldaketa funtsezkoa dakartenak.

• Antolaketatik kanpo dauden eraikinetan edo elementuetan esku hartzen dutenak.

Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, toki entitateak legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz dauzkan ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.

4. artikulua. Baldintza dokumentalak eta teknikoak.

Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko bulegoetan ondoko agiriak aurkeztuta hasiko da erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa behar dituzten obren prozedura:

1) Eskabidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 70. artikuluan ezarritako datuekin.

2) Erantzukizunpeko adierazpena, berariaz adierazten duena indarrean den araudian eskatutako baldintza guztiak betetzen direla eta hori frogatzen duen dokumentazioa baduela.

3) EIOZaren (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga) autolikidazioa, eredu normalizatuaren arabera, banku entitate batean ordainketa egin izanaren frogagiriarekin.

Gainera, obraren hirigintza arloko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Egin beharreko jarduketaren xede den higiezinaren kokapenaren planoa, adieraziz helbidea eta lurzatia.

–Egin beharreko jarduketak azaltzeko memoria laburra.

–Egintzak behar dituen bestelako baimenak, kasu bakoitzean araudi sektorialak eskatzen dituenak.

–Eraikineko kanpoaldeko elementuetan jarduketarik behar izanez gero, haren argazkiak aurkeztuko dira.

–Egin beharreko jarduketaren aurrekontua.

Udal administrazioak atzematen badu egindako aurretiazko komunikazioak gabeziak dituela, aurreko aginduetan ezarritako baldintzen bat ez delako betetzen edo zehaztugabea delako, edo informazioa zehaztugabea bada komunikatutako egintzaren legezkotasuna baloratzeko, sustatzaileari eskatuko zaio egoera hori zuzen dezala, hamar eguneko epean.

Baldin erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da eskaerako hirigintza-jarduketa hasi, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

Jardueraren titularrak, egoki juzgatzen badu, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu aurretik egiaztatzen ahalko du jarduera bideragarria den hirigintzaren aldetik, hirigintzako kontsulta egiteko inprimakia erabiliz.

Xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe uzten dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrakoak diren edo honekin kontraesanean dauden udal xedapen guztiak.

Azken xedapena.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2116130