266. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

141E/2021 FORU AGINDUA, azaroaren 2koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita, subrogazioz jardunez, hasiera batez onestea Arangurengo Arau Subsidiarioetan, Labianoko 5. poligonoko 103. eta 465. lurzatietan, aldaketa egitea, Pedro Manuel Arguiñano Olza jaunak sustatua.

2021eko maiatzaren 20an, Pedro Manuel Arguiñano Olza jaunak eskatu zion Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari Arangurengo Arau Subsidiarioetan, Labianoko 5. poligonoko 103. eta 465. lurzatietan, aldaketa egitea tramita zezala subrogazioz.

2021eko ekainaren 14an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak adierazi zion sustatzaileari tramitazioa ez zela bidezkoa zenbait arrazoirengatik.

Pedro Manuel Arguiñano jaunak eskabidea aurkeztu zuen 2021eko uztailaren 1ean, galdegiteko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari forma egokian ebatz zezala tramitazioa subrogazioz egiteko bere eskaera.

2021eko uztailaren 16an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak eskatu zion Arangurengo Udalari artxiboetan zituen aurrekariei buruzko txosten bat bidaltzeko, bertan berariaz adierazirik Pedro Manuel Arguiñano Olza jaunak 2020ko abenduaren 29an aurkeztutako eskabideari buruz hartutako erabakiak; izan ere, subrogazioaren eskatzaileak bere eskabidean dio udalak ez duela eskaera tramitatu aurkeztu zuenetik.

Arangurengo Udalak ez du gaiari buruzko inongo ebazpenik ziurtatu.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 78.2. artikulua aplikatuz, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagokio subrogazioz jardutea.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientearen hasierako onespena ukatzea, subrogazioz jardunez.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Ukatzea, subrogazioz jardunez, hasiera batez onestea Arangurengo Arau Subsidiarioetan, Labianoko 5. poligonoko 103. eta 465. lurzatietan, aldaketa egitea, Pedro Manuel Arguiñano Olza jaunak sustatua. Hauek dira ukatzeko arrazoiak:

a) Tramitatzeko eskatzen den proposamena ez da bateragarria Arangurengo Udalak 2021eko ekainaren 29an behin-behinekoz onetsitako udal plan orokorrarekin, sailkapenari, planeamenduaren exekuzioari eta ekitatez banatzeko bitartekoei dagokienez.

b) Tramitatzeko eskatzen den proposamenak ez du planeamenduaren aldaketa egituratzaile batek behar duen osotasun dokumentala, zeina eskatu beharrekoa baita bi agindu hauekin bat: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. eta 58. artikuluak eta haiekin lotutakoak, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzen duen erregelamendua onesten duen apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuaren 52. artikulua.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, foru agindu honen kontrako gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Arangurengo Udalari bidaltzea, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko azaroaren 2an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2115643