264. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BEIRE

Udal ordenantza, etxeko animaliak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Beireko Udalak, 2021eko martxoaren 26an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Beireko udalerrian etxeko animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

Erabaki hori argitaratu zen 2021eko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 10ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), eta jendaurreko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Beiren, 2021eko azaroaren 2an.–Alkatea, Ainara González Rubio.

ETXEKO ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da, Beireko Udalaren lurralde-eremuan, osasun-arauak eta baldintzak ezartzea pertsonen eta etxeko animalien arteko harremanetarako, haien inguruko jarduera guztiak arauturik, Udalaren eskumenei dagokienez.

2. artikulua. Baimentzen da, oro har, etxebizitza partikularretan etxeko animaliak edukitzea, baldin osasungintza aldetik arriskurik ez bada, animaliak berak arriskutsuak ez badira, hirugarrenik gogaitzen ez bada, egokiro zaintzen badira, eta higienearen aldetik bizilekuan behar diren baldintzak betetzen badira.

Etxeko animaliei aplikatu beharreko berariazko araudia

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatzetik sortzen diren ondorioetarako, “lagun egiteko animalia” da gizakiarekin bizi dena, harengandik irabaziak ateratzeko asmorik gabe.

4. artikulua. Lagun egiteko animalien jabeek dute haien zaintza etengabearen ardura. Lagun egiteko animaliak, etxebizitzetatik at libre ibiltzen badira, abandonatutzat edo galdutzat hartuko dira.

Udal zerbitzuek animalia abandonatuak edo galduak biltzen ahalko dituzte, eta horren berri emanen zaio agintaritzari (Foruzaingoa); hala, haren esku geldituko dira.

Lagun egiteko animaliaren jabeak edo, hala denean, eskuratzaileak ordaindu beharko ditu artikulu honetan ezarritako jarduketen kostuak.

5. artikulua. Debeku da animaliak honako toki hauetan sartzea: elikagaiak egin, manipulatu, biltegiratu edo saltzen diren lokaletan eta horretarako erabiltzen diren ibilgailuetan; eta kirol nahiz kultur ikuskizun publikoak egiten diren tokietan, esparru itxietan.

Ostatu emateko establezimenduen eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da haietan animaliak sartzeko edo egoteko debekua ezartzea, baina, halakoetan, ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute lokalaren sarreran.

Debeku hauetatik salbuetsiak daude ikusmen urria duten pertsonekin joaten diren gida zakurrak.

6. artikulua. Osasun ikuskaritzako zerbitzuak eta udal zerbitzuak jakinaren gainean jarri beharko dira nahitaez, eritasun kutsagarri baten aztarnak ageri badira eta lagun egiteko animalia batek pertsona edo animalia bati ausiki egiten badio.

7. artikulua. Bestalde, animalia erasotzailearen jabea edo edukitzailea beharturik dago inplikatutako animaliaren datuak ematera erasoa jasan duen pertsonari edo haren legezko ordezkariei.

8. artikulua. Debeku da eta, hortaz, udal agintaritza eskudunak zehatuko du, animaliak abandonatzea, bai eremu irekietan, bai finka edo esparru itxietan, eta debeku da, orobat, horrelako animaliei jatera ematea.

Agintariek edo herritarrek jakiten badute udal-mugartean animalia abandonaturik badela, poliziari jakinarazi beharko diote.

Zakurrei aplikatu beharreko berariazko araudia

9. artikulua. Udal-mugartean bizi diren zakurren jabeen betebeharra izanen da amorruaren kontrako txertoak jartzea beren zakurrei. Legezko arauetan ezarritako egutegia bete beharko dute txertoak jartzen hasteko eta berritzeko. Orobat, jabeen betebeharra izanen da arlo honetako arauetan nahitaezkotzat ezarritako txerto eta tratamendu guztiak jartzea.

10. artikulua. Debeku da zakurrak lotu gabe paseatzea Beireko hirigune guztian, bai eta ibilgailuak iragaten diren errepide edo kaleetan ere.

Zakur potentzialki arriskutsuak deritzenen jabeek loturik paseatu beharko dituzte nahitaez, aplikatu beharreko araudi orokorrean xedatutakoari jarraikiz (Animalia Potentzialki Arriskutsuak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea, martxoaren 22ko 287/2002 Dekretua, eta arlo honi aplikatu beharreko beste arau batzuk).

11. artikulua. Arduradunek animaliak behar bezala kontrolatzerik ez duten tokietan, debeku da horiek edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez eragozpenik ez sortzeko.

12. artikulua. Lagun egiteko zakurrekin paseatzen diren pertsonek galarazi egin beharko dute zakurrek kaka egitea espaloi, galtzada, berdegune edo lorategietan, eta bide publikoko nahiz erabilera publikoa duen bide pribatuko gainerako elementuetan.

Zakurrak kaka eginez gero, zakurraren gidari edo arduradunak jaso, kendu eta bildurik bota beharko ditu gorozkiak, beraren ardura izanen baita inguru horren garbitasuna.

Zamariei aplikatu beharreko berariazko araudia

13. artikulua. Zamariekin dabiltzan pertsonek galarazi egin beharko dute horiek kaka egitea espaloi, galtzada, berdegune edo lorategietan, eta bide publikoko nahiz erabilera publikoa duen bide pribatuko gainerako elementuetan.

Zamariaren gidariak edo arduradunak jaso, kendu eta bota beharko ditu egindako gorotzak.

Arau-hausteak eta zehapenak

14. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzeak arau-hauste administratiboa ekarriko du, eta hurrengo artikuluetan xedaturikoaren arabera zehatuko da.

Zehapen prozedurari beti ofizioz emanen zaio hasiera, organo eskudunaren erabakiz, bai bere ekimenez, bai salaketa baten ondorioz.

15. artikulua. Lagun egiteko animalien jabe edo edukitzaileak izanen dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteen erantzuleak.

16. artikulua. Izapideak eta zehapen prozedura bat etorriko dira Administrazio Prozedurari buruzko 39/2015 Legeak ezartzen duen araudi orokorrarekin eta, zehatzeko ahalaren arloan, hura garatzen duenarekin.

17. artikulua. Ordenantza honen kontrako arau-hausteen sailkapena eta zehapena honako hauetan xedatuari jarraikiz eginen da: Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta hura garatzen duen araudia, eta Animalia Potentzialki Arriskutsuak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta araudi osagarria.

18. artikulua. Araudi horretan agertzen ez diren kasuetarako, arau-hausteak modu honetakoak izanen dira:

1.–Arau-hauste arinak:

Oro har, arau-hauste arintzat hartuko da ordenantza honen xedapenak ez betetzea, ez baldin badu arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa. Zehatz-mehatz, hauek dira falta arinak:

a) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

b) Norberaren jabetzako zakurren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

c) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea, edo behar diren baliabideak ez erabiltzea jendeari eragozpenik ez sortzeko.

2.–Arau-hauste astunak dira:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak edukitzea higiene eta osasun baldintzen aldetik egokiak ez diren instalazio batzuetan, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.

c) Animalia antzutzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe, edo Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezartzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Osasun zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratu beharreko eritasunak.

f) Animaliekin sartzea elikagaiak egin, manipulatu edo saltzen diren lokaletan.

g) Espazio publikoak animalien gorozkiekin zikintzea eta ez garbitzea.

3.–Arau-hauste oso astunak dira:

a) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

b) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

c) Arau-hauste astunetan hiru aldiz berrerortzea.

19. artikulua. Ordenantza honen aurreko artikuluan kalifikatutako arau-hausteak honela zehatuko dira:

–Arinak, 60tik 100 eurora bitarteko isunarekin.

–Astunak, 101etik 200 eurora bitarteko isunarekin.

–Oso astunak, 201etik 1.000 eurora bitarteko isunarekin.

Arau-hausleak isuna ordaintzen badu 15 eguneko epean, hura jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita, %50eko hobaria izanen du, baldin eta zehapen horren kontrako errekurtsorik aurkezten ez badu.

20. artikulua. Ordenantza honek jasotzen dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du zehatuaren erantzukizun zibila baztertzen, ez eta kalte-galeren ordaina eman beharra ere, halakorik ordaintzea egokitzen bazaio.

21. artikulua. Alkateari dagokio bideratzea eta ebaztea etxeko animaliei buruzko ordenantza honen kontrako arau-hausteak zehatzeko espedienteak.

22. artikulua. Animalien babesari dagokionez, jarraikiko zaio Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean xedatzen denari.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan honako hauetan xedatua aplikatuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, eta Animalia Potentzialki Arriskutsuak Edukitzeko Araudi Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Foru Legea, bai eta alor honetan aplikatzekoak diren arau guztiak ere.

Iragarkiaren kodea: L2115919