264. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1129E/2021 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena hilerria handitu ahal izateko Funesko 3. poligonoko 406. lurzatian Arau Subsidiarioak aldatzeari buruz, eta baimena ematen duena baso lurzoruaren erabilera aldatzeko handitze hori egiteko. Funesko Udala da aldaketaren sustatzailea.

Funesko Udalak 2021eko apirilaren 15ean onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2021eko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 13koan.

Aldaketaren xedea da 3. poligonoko 203. lurzatian dagoen herriko hilerria handitzeko hirigintzako zehaztapenak ezartzea. Horretarako guztira 1.000 m²-ko azalera bat erantsiko zaio ondoko lurretatik; lur horiek 3. poligonoko 406. lurzatian daude.

Hilerria handitzeko lanek nitxoek okupatzen dituzten bi eremu ere hartzen dituzte (ipar-ekialdekoa eta hego-mendebaldekoa), gutxi gorabehera 900 m²-ko azalera hartzen dutenak, hego-ekialdera. Horiek horrela, aldaketaren eremuak 406. lurzatia ukitzen du, haren barnean baitago hilerria. Aldaketa horrek berekin dakar, alde batetik, gaur egungo erabilera aldatu behar izatea (Pinus halepensis –alepo pinuak– daude bertan), eta bestetik, hirigintzako sailkapena aldatu behar izatea, “etorkizuneko basoberritzeetarako” lurzoru urbanizaezin izatetik “jarduera berezietarako” gorde beharreko lurzoru urbanizaezina izatera pasatzeko. Ukitutako azalera eta hilerria dagoen inguruaren homogeneotasuna direla-eta, aldaketak eragin ditzakeen ukipenak ez dira nabarmenak; hala ere, neurriak hartu beharko dira zelaitze lanen ondorioz sortuko diren ezpondak landareztatzeko eta paisaian integratzeko.

Proposamenari dagokionez, Basoak Kudeatzeko Atalak aldeko txostena eman du, baldintza batzuk ezarrita, hilerria handitzeko lanek ukitutako baso-azaleraren erabilera aldatzeari buruz, hala xedatuta baitago Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean, otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutakoan, eta hura garatzen duen erregelamenduan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikuluaren arabera, prozedura hasten edo tramitatzen duen administrazio-organoak, prozedura hasteko modua edozein izanda ere, erabaki dezake, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, prozedura hori uztartzea oinarri bera edo lotura estua duten beste batzuekin, baldin eta organo berak tramitatu eta ebatzi behar badu prozedura.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazioaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Funesko Arau Subsidiarioetan hilerria handitzeko aldaketa egiteari buruz, iritzita ez duela eragin nabarmenik ingurumenean eta landareztatze eta paisaian integratzeko neurriak gauzatu behar direla. Funesko Udalak sustatu du aldaketa.

2. Baimentzen da aldatzea hilerria handitzeko lanek ukitutako baso-azaleraren erabilera, hala xedatuta baitago Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean, otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutakoan, eta hura garatu duen erregelamenduan. Honako baldintza hauek ezartzen dira:

–Ukitutako pinu oinak botako dira, ez besterik, eskatutako jarduketa gauzatzeko.

–Jarduketak iraun bitartean, ahalegina eginen da inguruko zuhaitz eta berezko landareei inongo kalterik ez eragiteko.

–Zuhaitzak ebakitzean sortutako hondarrak legez ezarritako bideak erabiliz ezabatuko dira. Ez dira inolaz ere baso lurretan utziko.

–Lanen hasiera baino 48 ordu lehenago abisua emanen zaio Tuterako barrutiko Ingurumena zaintzeko Taldeari, gmatudela@navarra.es helbidera mezu elektronikoa bidalita, beharrezkoa dela iritziz gero jarduketaren kontrola egin dezan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari eta Funesko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko azaroaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2115798