264. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1128E/2021 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, espediente honen gaineko ingurumen baimen estrategikoa egiten duena: “Cintruénigoko Udal Planaren aldaketa, lurzoru urbanizaezinean iturri berriztagarrietatik energia elektrikoa sortzeari buruzkoa”. Sustatzailea Enel Green Power España SLU da.

Cintruénigoko Udalak 2021eko uztailaren 27an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2021eko 188. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 12koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du. Dokumentazioaren parte dira hirigintza-memoria eta ingurumen agiri estrategikoa.

Aldaketaren helburua da 1998tik indarrean dagoen udalaren hirigintza-araudian sartzea, jarduera baimengarri gisa, energia berriztagarriak (eolikoa, fotovoltaikoa, biogasa, hidrogenoa...) sortzeko instalazioak eta ebakuazio-azpiegiturak. Proposamenean, zehazki, planteatzen da 22., 24. eta 35. artikuluak aldatzea, non azpikategoria hauen araubidea arautzen baita, hurrenez hurren: baso lurzoru urbanizaezinak, higadura arrisku handia duten espazioak birgaitzekoak; nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezinak; eta lurzoru urbanizaezin generikoak. Horrenbestez, aldaketaren aplikazio eremuak udal mugarte ia osoa hartzen du, salbu eta Alhama ibaiaren ibarra, hiri areak eta alubioi-zelaiak. Beraz, nekazaritza lurrak eta baso lurrak ukitzen ditu.

Baso lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruak (Alepo pinuak eta sastrakak dira, gehienbat) Monte Altoko nekazaritza lurren eta baso lurren mosaikoaren lekune txikietan kokatzen dira, eta, pinudien kasuan, Montes de Cierzoko mendilerroaren eta Monte Altoko mendiaren adarretako muinoen mazeletan eta lautada txikietan. Mahai eta muinoen topografiari, landare-estalkiari eta zenbait areatan atzemandako higadura prozesuei erreparatuz, bai eta horien lurralde integrazioari ere, hala nekazaritza eta baso lurrek osatzen duten landazabaleko paisaian nola Montes de Cierzoko mendilerroaren adarretako paisaian, aldaketak ukipen nabarmenak eragiten ditu ingurumenaren eta paisaiaren ikuspegitik, ebaluatu ez direnak.

Bestalde, zenbait akats atzeman dira lurzoruen azpikategoria horren mugaketan, ingurumen agirian baloratu ez direnak. Beraz, akats horiek berrikusi eta zuzendu behar dira. Ildo horretan, Cintruénigoko udal plan orokor berriaren Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduan, zeina gaur egun tramitatzen ari baita, ingurumen unitate horien mugaketa eta zehaztapena egin da.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, eta ingurumen ukipenei aurrea hartzeko asmoz, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ingurumen ebaluazioaren prozedura egin du, eta aldeko txostena eman du, baldintza bat jarrita: 22. artikuluaren aldaketa kanpo uztea, baso lurzoru urbanizaezinari dagokiona.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen baimen estrategikoa egitea “Cintruénigoko Udal Planaren aldaketa, lurzoru urbanizaezinean iturri berriztagarrietatik energia elektrikoa sortzeari buruzkoa” izeneko espedientearen gainean, ingurumen ondorio nabarmenik ez duela iritzita, 24. eta 35. artikuluen aldaketari dagokionez, eta determinazio hau ezarrita: 22. artikulua, baso lurzoru urbanizaezinari dagokiona, aldaketatik kanpo uztea. Sustatzailea Enel Green Power España SLU da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Cintruénigoko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko azaroaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2115946