264. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

382E/2021 EBAZPENA, urriaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita Ecoiruña Tratamiento de Residuos SLk egindako eskaera Iruñeko udal-mugartean hondakinak kudeatzeko daukan instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ekainaren 24ko 1041/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren zuzendari nagusiaren urriaren 5eko 356E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2020ko azaroaren 25ean, titularrak ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu zuen. Zehazki, honako hauek: R10 prozesua sartzea (lurzoruen tratamendua), nekazaritzan onura bat lortzeko, edo lurzoruen hobekuntza ekologiko bat lortzeko LER 100101 kodea duen hondakinarentzat baimenduta dauden azken kudeaketako eragiketen zerrendan (hondakin hori labe hondoko errautsak, zepak eta galdaretako hautsa dira, 10 01 04 kodean espezifikatzen den galdaretako hautsa salbuetsita). Era berean, hobekuntza ekologikoa lortu nahi da LER 100119 kodea duen hondakinarentzat (gasen arazketatik datozen hondakinak, 10 01 05, 10 01 07 eta 10 01 18 kodeetan espezifikatzen direnak kenduta).

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aurkeztutako eskaera aztertu du, eta kontsulta egin dio Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari. Ministerioak adierazi du errautsen erabileraren gaia Europan aztertzen ari dela (JRC eta Europako Batzordea aztertzen ari dira), eta hortaz, onena dela itxarotea Europako Batzordeak hartzen duen erabakia ezagutu arte, Produktu Ongarrien Erregelamenduan (EB) sartzeari eta ezartzen diren betebeharrei dagokienez.

Horregatik, aurrekoa kontuan harturik, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ez du bidezkotzat jotzen eskatutako aldaketa onartzea, aipatutakoari buruz azken erabakia hartzen den arte.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Ukatzea Ecoiruña Tratamiento de Residuos SLk Iruñeko udal-mugartean hondakinak kudeatzeko daukan instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Ecoiruña Tratamiento de Residuos SLra eta Iruñeko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F2115804