264. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko azaroaren 3an hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioaren Estatutuen aldaketa, hemendik aurrera Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoa izanen dena.

Irailaren 24ko 269/2001 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioa sortu zen, Foru Berriaren 42. Legearekin bat, interes sozialeko fundazio gisa. Bere helburua da Foru Komunitatean egoitza duten pertsona heldu legez ezgaituak tutelatu, zaindu eta auzitegietan defendatzea, kasuko ebazpen judizialak Foru Administrazioari eginkizun horiek egozten dizkionean.

Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, fundazio publiko bihurtu zen fundazio hori, eta haren estatutuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakora egokitu ziren.

2021eko irailaren 3an indarra hartu zuen ekainaren 2ko 8/2021 Legeak, zeinak erreformatu baitzuen desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatuz laguntzeko legeria zibila eta prozesala. Horren ondoren, fundazioaren helburua ezin da izan legez ezgaituak diren pertsonen tutoretza, kuradoretza eta defentsa judiziala zaintzea, desagertu direlako adinez nagusi direnentzako tutoretza ezartzea, baita lege-ezgaitasuna ere, eta haien ordez laguntza ematearen irudia jarri da; bestetik, kuradoretzaren eta defentsa judizialaren aukera mantendu da, baina beste araubide batekin.

Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 16.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat, Patronatua behartuta dago estatutuen aldaketa erabakitzera, fundazioaren eraketa ekarri zuten inguruabarrak halako moduan aldatu direnean, non ezinezkoa baita fundazioak haien arabera behar bezala jokatzea.

Patronatuaren idazkariak berariaz emandako ziurtagiriaren arabera, Fundazioaren Patronatuak erabaki du, 2021eko urriaren 14an egindako bileran, estatutuak aldatzea aipatu dugun ekainaren 2ko 8/2021 Legera egokitzeari dagokionez, ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legera egokitzeari dagokionez eta hizkera inklusiboa erabiltzeari dagokionez.

Gainera, Fundazioaren Estatutuen 33. artikuluak xedatzen duenaren arabera, Patronatuak estatutuen aldaketa proposatzen ahal dio Nafarroako Gobernuari, baldin eta komenigarria bada Patronatuaren interesetarako.

Espedienteari gehitu zaio Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen eta idazkari tekniko nagusiaren txosten-proposamena, aldaketa onets dadin. Aldaketak artikulu guztiei eta are Fundazioaren izenari ere eragiten dienez, estatutuak oso-osorik erantsi dira.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioaren Estatutuen aldaketa onestea; erabaki honen eranskina aintzat hartuz, honela idatziko dira hemendik aurrera: Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoaren Estatutuak.

2. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari ahalmena ematea erabaki hau publiko egiteko behar diren agiri publiko edo pribatuak sinatzeko, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren menpeko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.

3. Erabaki hau Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari, eta Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioaren Patronatuko buruari jakinaraztea, eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2021eko azaroaren 3an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI LAGUNTZA EMATEKO NAFARROAKO FUNDAZIO PUBLIKOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izena eta izaera.

“Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoa” izenarekin (lehen Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioa), Fundazioa (eratu zena ekainaren 2ko 8/2021 Legeak indarra hartu baino lehen, zeinak erreformatu baitzuen desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatuz laguntzeko legeria zibila eta prozesala) beste xede bat izatera pasatzen da, honako hau, alegia: desgaitasuna duten pertsona helduentzat judizialki erabakitako laguntza neurriak baliatzea, beren gaitasun juridikoa behar bezala gauza dezaten, beren nortasuna erabat garatzeko eta berdintasun baldintzetan juridikoki jarduteko aukera emanez, haien duintasuna errespetatuz eta oinarrizko eskubideak babestuz.

2. artikulua. Nortasuna eta gaitasuna.

Eratu den Fundazioak nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa dauzka, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legeak ezartzen duenarekin bat, eta horren ondorioz, sortu den helburua betetzeko beharrezkoak diren egintza guztiak egiten ahal ditu, ordenamendu juridikoan ezarritakoaren arabera.

3. artikulua. Araubidea.

1. Fundatzailearen borondateak zuzenduko du Fundazioa. Borondate hori sortze-egintzan eta estatutu hauetan adierazi da.

2. Fundazioaren jarduera ordenamendu juridiko pribatuaren mendekoa da, kontratuei, aurrekontuei, kontabilitateari eta finantzen kontrolari buruz aplikatzekoa den arautegi administratiboan ezarririko berezitasunak deusetan galarazi gabe.

3. Fundazioak inolaz ere ezin izanen du bete agintaritza publikoa erabiltzea dakarren fakultaterik.

4. Fundazioa gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuari atxikia egonen da.

5. Fundazioak mugarik gabeko iraupena izanen du.

4. artikulua. Eremua eta egoitza.

1. Eremua. Fundazioak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan garatuko ditu bere jarduerak nagusiki, atzerriko gobernuen edo gobernuz kanpoko erakundeen mendeko erakunde edo organismo nazional, nazioarteko, publiko edo pribatuekin lankidetzan aritzea galarazi gabe.

2. Helbidea. Fundazioaren helbidea hau da: Erletokieta kalea, 1 behea atzealdea, Iruña.

Helbidea aldatzen ahal da Fundazioaren Patronatuaren erabakiaren bidez, aplikatzekoak diren arauekin bat.

Fundazioak ordezkaritzak jartzen ahal ditu bere funtzioak hobeki egiteko egoki ikusten dituen tokietan.

II. TITULUA

Fundazioaren xedeak eta jarduerak

5. artikulua. Fundazioaren jardueren printzipio orokorra.

Fundazioak gizartearen sentsibilizazioa bultzatuko du, ahalmen juridikoa baliatzeko laguntza behar duten desgaitasuna duten pertsona helduen eskubideekiko errespetua sustatzeko.

6. artikulua. Fundazioaren xedeak eta jarduerak.

Hauek dira Fundazioaren xedeak eta jarduerak:

Laguntza ematea Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren eta desgaitasuna duten pertsona helduei, agintaritza judizialak horixe erabakitzen duenean, parte hartuz defendatzaile judizial gisa, hala badagokio, laguntza emateko espedienteetan edo prozeduretan, judizialki izendatzen dutenean.

Laguntza, prebentzio, errehabilitazio, gizarteratze, laneratze eta prestakuntzako jardueretarako sarbidea erraztea, Fundazioak lagundutako desgaitasuna duten pertsona helduak komunitatean integratzen laguntzeko.

Programak sustatzea, zuzenean edo zeharka. Programa horien helburua izanen da Fundazioak laguntzen dituen pertsona desgaituen gizarte-garapena sustatzea.

III. TITULUA

Hartzaileak

7. artikulua. Hartzaileak.

Fundazioaren hartzaileak izanen dira beren ahalmen juridikoak baliatzeko laguntza behar duten desgaituak, Nafarroako Foru Komunitatean bizi direnak, agintaritza judizialak hala xedatzen duenean.

Desgaitasuna duten pertsonen Konbentzioaren arabera, desgaituak dira epe luzerako gabezia fisiko, mental nahiz intelektualak edo zentzumenezko gabeziak dituztenak, oztopo desberdinekin topo egitean gabezia horiek eragotzi ahal izanen baitute pertsona horiek gizartean parte hartzea modu osoan eta efektiboan, gainerako pertsonen baldintza berberetan.

Fundazioaren jardueraren onuradunak izanen dira dagokien ebazpen judizialetan hala izendatzen direnak. Horrek ez du galarazten antzeko kasuetan, ebazpen judizialik egon gabe ere, beren ahalmen juridikoa baliatzeko laguntza behar duten beste pertsona heldu batzuei laguntza ematea, aurrekontuko baliabideek horretarako bidea ematen dutenean.

8. artikulua. Itunak edo hitzarmenak.

Patronatuak itunak edo hitzarmen-programak ezartzen ahalko ditu Fundazioaren onuradunen aldeko jarduerak eta prestazioak garatzen dituzten pertsona juridikoekin, une bakoitzean indarra duen araudiak ezartzen duen esparruan.

IV. TITULUA

Fundazioaren gobernua

9. artikulua. Organoak.

Fundazioa gobernu organoek eta kudeaketa-organoek osatzen dute.

–Fundazioaren gobernu organoa Patronatua da.

–Kudeaketa-organoa Fundazioko zuzendaria da.

1. ATALA

Gobernu organoa: Patronatua

10. artikulua. Patronatua.

1. Patronatua Fundazioaren gobernu organo eta ordezkaritza gorena da, Fundazioaren jarduerak bere helburuekin bat datozela bermatzen duena.

2. Estatutu hauek zuzentzen dute Patronatua, zeinak bere funtzionamendu-arau berekiak osatzen eta zehazten ahal baititu.

11. artikulua. Osaera.

1. Hauek dira Patronatuko kideak: Patronatuko burua, buruordea eta kideak, denak idazkariak lagunduta. Idazkaria ez da Patronatuko kide, ahotsa du baina botorik ez.

2. Patronatuko burua izanen da mendekotasunari arreta egiteko eta autonomia sustatzeko arloan eskumenak dituen unitateko titularra. Horrek kalitatezko botoa izanen du, berdinketarik gertatuz gero.

3. Buruordea izanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko kudeatzailea.

4. Honako hauek izanen dira batzordekideak: Justizian eskumenak dituen unitateko titularra, O-NOZeko Oinarrizko Laguntzan eskumenak dituen unitateko titularra, O-NOZeko Osasun Mentalean eskumenak dituen unitateko titularra, Gizarte Errealitatearen Behatokiko titularra, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularra, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak izendatutako ordezkari bat, desgaitasunaren arlokoa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak izendatutako ordezkari bat, hirugarren adineko elkarte batekoa, eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak izendatutako ordezkari bat, buru gaixotasuna duten pertsonen elkarte batekoa.

5. Fundazioko zuzendariak bereganatuko du idazkaritza. Ahotsa izanen du baina botorik ez, eta ez du ordainsari gehigarririk jasoko lan horregatik.

6. Batzordeburuen kopuru gutxienekoa zortzi izanen da, eta 12 batzordekidera arte zabaltzen ahalko da, Patronatuko kideen bi hereneko gehiengoak hartutako erabakiaz.

7. Fundazioaren bizitzaren une batean Patronatuko kide guztiak falta badira, Fundazioko zuzendariak horixe jakinaraziko dio Eskubide Sozialetako Departamentuko titularrari eta ukitutako gainerako departamentuetako titularrei, izenda dezaten 4. apartatuan aurreikusten diren karguetako pertsonak, eta eska diezaioten Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluari izenda ditzan lehenagoko kideen ordez arituko direnak.

12. artikulua. Patronatuko kideek onartzea eta uko egitea.

Patronatuko kideak hasiko dira beren lana egiten beren izendapena berariaz onartu eta gero, Patronatuaren aurrean, edo gizarte eskubideen arloan eskumenak dituen departamentuan horretarako propio egindako agerpenaren bidez. Lehen kasuan, Patronatuko idazkariak ziurtagiri bat emanen du hori jasotzeko, eta bigarren kasuan, gizarte eskubideen arloan eskumenak dituen departamentuko idazkaritza tekniko nagusiko titularrak.

Patronatuko kide berri baten izendapena idatziz jakinaraziko zaio izendatutako pertsonari, honek onartzen duela adieraz dezan, lehengo paragrafoan ezarritako moduetako edozein erabiliz.

Izendapenari uko egiten ahal zaio izendapena onartzeko lehen paragrafoan ezarritako moduetako edozein erabiliz.

13. artikulua. Patronatuko kideak kargutik kentzea eta izendatzea.

1. Patronatuko kideak kargutik kentzea gertatuko da Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legeak aurreikusten dituen arrazoiengatik, eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak izendatu dituen kideen kasuan, kideen berritze partziala egiten denean, kontseilu hori arautzen duen ekainaren 18ko 50/2207 Foru Dekretuaren 5.3 artikuluan aurreikusitako hautaketa-prozeduren ondoren.

2. Hutsune bat gertatzen denean, Patronatuko kide berri bat izendatuko da, 11. eta 12. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, aldez aurretik Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko idazkariari jakinarazita, izendapen berri bat egin dezan beharrezkoa denean.

14. artikulua. Patronatuko kideen betebeharrak.

Patronatuko kideen betebeharrak dira, besteak beste, Fundazioaren xedeak betearaztea, dei egiten zaien bileretara joatea, karguko zereginak prestutasunez egitea, Fundazioaren ondasunak eta baloreak produkzio eta kontserbazio egoera onean edukitzea, eta beren jarduketetan indarreko lege xedapenek eta estatutu hauek agintzen dutena betetzea.

15. artikulua. Patronatuko kidearen karguaren doakotasuna.

Patronatuko kideak doan arituko dira. Hala ere, Patronatuko kideek eskubidea izanen dute eginkizun horietan jarduteak eragiten dituen eta behar bezala justifikatzen diren gastuak ordain dakizkien. Nolanahi ere, kontzeptu horrengatik jasotako diru-kopuruek ezin izanen dituzte gainditu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko araudian zergarik gabeko dietatzat hartu ahal izateko ezartzen diren mugak.

16. artikulua. Patronatuaren antolamendua.

Patronatuko kideek ahotsa eta botoa dauzkate bilkuretan.

17. artikulua. Patronatuko burutza.

Honako hau dagokio Patronatuko buruari:

1. Fundazioaren ordezkari izatea pertsona publiko edo pribatu, agintarien eta entitate guztien aurrean. Salbuetsita daude ordezkaritza honetatik Fundazioak laguntzen dituen pertsonak. Kasu horretan, eta buruaren goiko zuzendaritza kaltetu gabe, ordezkaritza zuzendariari dagokio.

2. Bilkura arrunt eta berezietarako deialdia egitea erabakitzea eta gai-zerrenda finkatzea, kontuan izanda, halakorik bada, gainerako kideek hamar eguneko aurrerapenaz aurkeztutako eskaerak.

3. Bilkuretan buru aritzea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea.

4. Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

5. Estatutuak eta indarreko araudia betetzen dela zaintzea.

6. Erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

7. Patronatuaren erabakiak bete daitezela agintzea.

8. Ordainketak egin daitezela agintzea.

9. Burutzari dagozkion gainerako funtzio guztiak, eta Patronatuari edo beste organo bati esleitzen ez zaizkienak.

18. artikulua. Patronatuko buruordea.

Hona hemen buruordearen funtzioak:

–Patronatuko burua ordezkatzea hau ez badago, postua hutsik badago, gaixo badago edo denbora tarte batez ezin badu burutza bete, karguari dagozkion funtzio guztiekin.

–Patronatuko buruarekin lankidetzan aritzea funtzioak betetzean.

19. artikulua. Idazkaria.

Idazkaria Fundazioko zuzendaria izanen da.

–Funtzio hauek izanen ditu:

1. Patronatuko bilkuretarako deia egitea, organoko buruak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

2. Patronatuaren bilkuretara joatea.

3. Patronatuko kideek Fundazioarekin egiten dituzten komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, ziurtagiriak edo hark ezagutu behar dituen beste idazki guztiak.

4. Arazoak ebazteko bidea prestatzea, bilkuretako aktak jasotzea eta idaztea.

5. Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

6. Fundazioaren dokumentazio guztia zaintzea.

7. Diruzainaren funtzioak betetzea, Estatutuetako 27. artikuluaren 2 e) apartatuak aurreikusten dituen mugekin.

Idazkaria gaixorik edo kanpoan dagoenean edo lanpostua hutsik dagoenean, Patronatuko kiderik gazteena arituko da idazkari.

20. artikulua. Patronatuko kideak.

Patronatuko kideek beren laguntza emanen dute Fundazioa ongi joan dadin. Kontuen egoera eskatzen ahal dute, eta entitatearen lokalak, instalazioak, lanak eta zerbitzuak ikuskatzen ahal dituzte. Patronatuak delegatzen ahal dizkien funtzioak beren gain hartuko dituzte.

21. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.

Patronatuaren ahalmenen esparrukoak dira Fundazioaren gobernuari, ordezkaritzari eta administrazioari dagozkien afera guztiak, baita estatutu hauen interpretazioari dagozkienak ere.

22. artikulua. Fundatzailearen ahalmen-erreserba.

Nafarroako Gobernuak beretzat gordetzen du Fundazioa aldatu edo iraungitzeko ahalmenak, interes publikoko arrazoiak direla kausa, behar den erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko Foru Legeak jasotzen diren tramiteak betez.

Fundatzailearen eskumen horiek direla eta, Patronatuak egoki jotzen dituen proposamenak, behar bezala arrazoiturik, egiten ahalko dizkio Eskubide Sozialetako Departamentuko titularrari, Estatutu hauen 33. eta 34. artikuluek ezartzen dutenari jarraikiz.

23. artikulua. Patronatuaren bilerak eta deialdia.

Patronatuak urtean bi bilera eginen ditu, gutxienez, eta horretaz aparte, Fundazioaren martxa onerako behar den guztietan. Patronatuko buruari dagokio bileretarako deialdiak egitea, bai bere ekimenez, bai Patronatuko kideen heren batek eskatzen duenean. Patronatuko kideen heren batek bilera egiteko eskatzen badu, eta Patronatuko buruak ez badu deialdia egiten hilabeteko epean, eskatzaileek eskumena dute eskubide sozialen arloan eskumenak dituen departamentura jotzeko, honek premia dezan Patronatuko burua deialdia egitera.

Idazkariak bideratuko ditu bileren deialdiak, Patronatuko buruak aginduta. Deialdia bilera eguna baino bi egun lehenago egin behar da, gutxienez. Deialdia prozedura azkar eta seguruen bidez eginen da. Deialdiak esan behar du bilera noiz, non eta zer ordutan eginen den. Lehen dei bat edukiko du eta bigarren dei bat, ordu erdi geroago. Deialdiarekin batera erantsiko dira gai-zerrenda eta behar den dokumentazioa. Patronatuko kide guztiak bertan egon eta bilera egitea aho batez erabakitzen badute, ez da aurreko deialdirik egin beharko.

Kideek egoki iritzitako Patronatuko pertsonei delegatzen ahalko diete bileretara joatea; nolanahi ere, administrazioan kargu bat betetzen dutenak ordezkatzen ahal dira, absentzia, gaixotasun edo aldi baterako ezintasunen kasuan, eta aplikatzeko araudian aurreikusita dagoenak ordezkatzen ahal ditu.

24. artikulua. Eztabaida eta erabakiak hartzea.

Patronatua behar bezala eratu eta bilerak egiteko, eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izanen da Patronatuko burua eta idazkaria bertaraturik egotea –edo, kasua denean, haien ordezkoak–, bai eta Patronatuko kide kopuruaren erdiak gutxienez ere.

Bigarren deialdian beharrezkoa izanen da Patronatuko burua eta idazkaria bertaraturik egotea –edo, kasua denean, haien ordezkoak–, bai eta Patronatuko kide kopuruaren herena gutxienez ere. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai-zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda. Erabakiak botoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira. Patronatuko kide bakoitzak boto bat emateko eskubidea dauka.

25. artikulua. Aktak.

Idazkariak Patronatuaren bilera bakoitzeko akta eginen du; hartan, nahitaez zehaztuko du nor agertu diren, bilerako gai-zerrenda, non eta noiz egin den, zertan izan diren eztabaida nagusiak eta hartutako erabakien edukia.

Aktan adieraziko dira, Patronatuko kideek eskatuta, hartutako erabakiaren kontrako botoa, abstentzioa eta horren zergatiak, edo aldeko botoaren esanahia. Orobat, edozein kidek eskubidea du bere mintzaldia edo proposamena osorik transkriba dadin eskatzeko, baldin eta bertan edo Kontseiluko buruak dioen epean aurkezten badu bere mintzaldia zuzen islatzen duen testua, eta hala jasoko da aktan edo, bestela, haren kopia erantsiko da.

Gehiengoaren erabakiarekin ados ez dauden kideek boto partikularra ematen ahal dute idatziz, berrogeita zortzi orduko epean, eta erabakiari erantsiko zaio. Organoko kideek aurkako botoa ematen dutenean edo parte hartu ez dutenean erabakia hartzeko eta gauzatzeko prozesuan, eta frogatzen dutenean halakorik zegoenik ez zekitela, edo jakinik ere, kaltea saihesteko komeni zen guztia egin zutela, edo, gutxienez, kaltearen aurka agertu zirela, ez dute erabakien ondorioetatik erator litekeen erantzukizunik izanen.

Aktak hurrengo bileran onetsiko dira, baina zilegi izanen da idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabaki zehatzen gainean, akta ondoren onestea ezertan galarazi gabe.

Hala ere, erabakiek berehalako efektua sortuko dute exekuzio-erabakiak baldin badira. Hori bilera berean jasota geratuko da, eta orduan ez da aplikatzekoa izanen lehenagoko paragrafoan ezarritakoa.

V. TITULUA

Langileen araubidea

26. artikulua. Kudeaketa-organoa.

1. Fundazioaren kudeaketaren arduraduna zuzendaria da, estatutu hauetan aurreikusi bezala.

2. Patronatuaren egitekoa da zuzendaria izendatzea, baita kargua utzaraztea ere.

3. Era berean, organo horrek bere betebeharrak betetzeko behar dituen bitarteko antolamenduzkoak eta materialak edukiko ditu, baita behar dituen giza baliabideak, baliabide teknikoak eta administratiboak ere.

4. Zuzendariak Patronatuak ezartzen dituen ordainsariak jasoko ditu.

27. artikulua. Zuzendariaren funtzioak.

Zuzendariaren funtzio orokorra izanen da Fundazioaren kudeaketa arrunta egitea, Patronatuaren erabakiak betearaziz eta hierarkikoki haren mendean. Aldi berean, desgaitasuna duten pertsona helduei laguntza emanen die agintaritza judizialak hala erabakitzen duenean.

1. Zuzendariak, Patronatuko buruaren goiko agintearen mendean, funtzio hauek izanen ditu:

a) Patronatuaren organoek hartutako erabakiak bete eta betearaztea.

b) Fundazioaren helburuak hobeki gara dezaten beharrezkoak diren kudeaketa-egintzak burutzea.

c) Patronatuari proposatzea jarduketa programak eta planak, eta beroriek gauzatu Patronatuak onetsi eta gero.

d) Kudeaketa orokorra eta langileak zuzentzea, horretarako beharrezkoak diren jarraibideak emanez.

e) Kontratuak egitea, gastuak xedatzea eta ordainketak agintzea Fundazioaren izenean, sei mila (6.000) euro baino txikiagoak direnean. Diru-kopuru handiagoak ordaintzeko, Patronatuko buruaren baimena beharko du; honek, bere aldetik, horren berri emanen du hurrengo osoko bilkuran.

f) Eskatzen dizkioten txosten, azterlan eta proiektu guztiak prestatzea eta Patronatuari bidaltzea.

g) Patronatuari proposatzea lankidetza-hitzarmenak egitea beste entitate eta instituzioekin, Fundazioaren helburuak hobeki betetzeko amoreagatik.

VI. TITULUA

Ondarea eta araubide juridikoa

28. artikulua. Fundazioaren ondarea.

Fundazioaren zuzkidura diren ondasun eta eskubide guztiek osatzen dute Fundazioaren kapitala, baita etorkizunean ekarriko zaizkion guztiak ere.

Ondarearen administrazioa eta erabilpena Patronatuari dagozkio, estatutuek ezartzen duten moduan eta legeak agintzen duenaren esparruan.

29. artikulua. Ondarearen osaera.

Ekonomikoki baloratzen ahal diren ondasun eta eskubide guztiek osatzen ahal dute Fundazioaren ondarea.

Inbentarioan jasoko dira ondarea osatzen duten ondasun eta eskubide guztiak.

30. artikulua. Fundazioaren ondarearen atxikipena.

Ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak, baita produzitzen dituzten errentak ere, Fundazioak lortu nahi dituen helburuei atxikiko zaizkie, zuzen-zuzenean eta berehala.

31. artikulua. Finantzaketa.

Fundazioa, bere jarduerak aurrera eramateko, bere ondarearen etekinetatik datozen baliabideekin finantzatuko da, baita beste baliabide batzuekin ere: jasotzen dituen aurrekontu-esleipenak, laguntzak, dirulaguntzak edo dohaintzak, pertsonek, entitate publikoek edo pribatuek emanikoak; desgaitasuna duten pertsonei laguntza emateagatik etor litezkeen ordainsariak, judizialki horretarako baimena ematen denean; azkenik, legezkoa den beste edozein diru-sarrera.

Fundazioak lortzen duen kontabilitate-emaitzaren ehuneko hirurogeita hamarra, gutxienez, Fundazioaren helburuetarako bideratuko da, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 47. artikuluak jasotzen dituen doiketen arabera zuzendua; gainerakoa zuzkidurarako edo erreserbetarako gordeko da, Patronatuak erabakitzen duenaren arabera.

32. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Oro har, eta artikulu honen hurrengo apartatuetan biltzen diren espezialitateen kaltetan gabe, ordenamendu juridiko pribatua osatzen duten arauek determinatuko dute Fundazioaren araubide juridikoa.

2. Kontratazioaren arloan, Fundazioa foru legeek mota horretako entitateen kontratu publikoei buruz xedatzen dutenaren mende egonen da.

3. Aurrekontuari, kontabilitateari eta finantzaketa-kontrolari dagokienez, Fundazioa Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren parte denez, Foru Komunitatearen Ogasun Publikoaren foru lege arautzaileen mendekoa izanen da, eta horri buruz xedatzen diren gainerako arauen mendekoa.

4. Langileriari dagokionez, langileak hautatuko dira deialdiaren berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitatearen printzipioen arabera. Salbuetsita dago izendapen-modu honetatik Estatutuetako 26. artikuluak aipatzen duen kudeaketa organoa, hori Patronatuak libreki izendatuko baitu, kontuan hartuz gaitasunaren edo lanbide-esperientziaren irizpideak, funtzio horietan edo antzekoetan.

VII. TITULUA

Aldaketa, iraungipena eta likidazioa

33. artikulua. Aldaketa.

Patronatuak proposatzen ahalko dio Nafarroako Gobernuari estatutu hauek aldatzeko, Fundazioaren interesaren arabera komenigarria bada. Proposamen hori nahitaezkoa izanen da Fundazioaren eraketa ekarri zuten inguruabarrak aldatzen badira, eta aldaketa horren ondorioz Fundazioak ezin badu egoki jardun dituen estatutuekin.

34. artikulua. Iraungipena.

Honelakoetan iraungiko da Fundazioa:

–Fundazioaren helburua betetzea ezinezkoa bada.

–Eraketa-egintzan aurreikusten diren arrazoietakoren bat gertatzen bada.

–Legeek ezartzen duten arrazoietakoren bat gertatzen bada.

Patronatuak proposatzen ahalko du Fundazioaren iraungipena, eta Nafarroako Gobernuari jakinaraziko dio, honek onets dezan.

35. artikulua. Likidazioa.

Fundazioaren iraungipenak ekarriko du likidazio prozedurari hasiera ematea. Batzorde Likidatzaileak eginen du hori.

Fusioa gertatzen denean ez beste guztietan, Fundazioa iraungitzen denean, ondare guztia Nafarroako Gobernuari emanen zaio, edo, Gobernuak horretarako baimena ematen badu, Fundazioak zeuzkan helburuetarako erabiliko da.

VIII. TITULUA

Xedapen subsidiarioak

36. artikulua. Arau subsidiarioak.

Estatutu hauetan arautzen ez den guztian, Fundazioa arau hauen mendekoa da: Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria, eta ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legea, Nafarroako Fundazioei buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: F2115746