264. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1164/2021 EBAZPENA, urriaren 28koa, albaitaritzako lizentzia edo gradua duten pertsonentzako graduatu ondoko beka bat emateko deialdia onesten duena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Animalien Osasunaren Atalean aritzeko. DDBN identifikazioa: 592875.

Abeltzaintza Zerbitzuak proposatu du graduatu ondoko beka bat emateko deialdia onestea. Beka Animalien Osasunaren Atalean aritzeko da, eta albaitaritzako lizentzia edo gradua edukitzea eskatzen da.

Bekadunen esku utziko diren azterketek eta lanek lanbide-esperientzia baliotsua ekarriko diete, eta, aldi berean, oso baliagarriak izanen dira departamentu honentzat.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

Erabiliz urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen deskontzentrazioari buruzkoan, ezarritakoaren arabera esleitu dizkidaten eskumenak, horren bidez Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten baitira, dagokion eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari dirulaguntzen arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Albaitaritzako lizentzia edo gradua duten pertsonentzako graduatu ondoko beka bat emateko deialdia onestea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Animalien Osasunaren Atalean aritzeko; oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskin gisa jaso dira.

2. Ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei erantzuteko, 11.380,92 euroko gastua baimentzea, 2022ko Gastuen Aurrekontuan “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren baliokide izateko gaitzen den partidaren kontura, betiere horretarako kreditu nahikoa eta egokia baldin badago. Diru kopuru hori 900 euroko 12 hilabeteko sariri dagokio, gehi 48,41 euro hilabetero Gizarte Segurantza ordaintzeko.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Animalien Osasunaren Atalera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Aferetarako Bulegora, Informazio Kudeaketaren Atalera eta Langileria Bulegora.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean (NGDDB).

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko urriaren 28an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

ERANSKINA

Beka bat Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Animalien Osasunaren Atalean aritzeko. Deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da albaitaritzako lizentzia edo gradua duten pertsonentzako graduatu ondoko beka bat ematea norgehiagokako araubidean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Animalien Osasunaren Atalean aritzeko (González Tablas 9, Iruña). Bekadunak animalien osasunarekin loturiko lanak eginen ditu, zehazkiago, eritasunen epidemiologiarekin eta biosegurtasun neurriekin lotutako lanak.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete arte iraunen du, 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitarte. Animalien Osasunaren Atalak eskatuz gero, beka luza daiteke, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda. Luzapen hori emanen da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Bekak 11.380,92 euroko zuzkidura izanen du urtean. Diru hori hilabetero ordainduko da, 900 euro aldiro, gehi 48,41 euro hilabetero Gizarte Segurantza ordaintzeko. Urteko kotizazioa egiteko, Enpleguari eta Gizarte Segurantzari buruzko indarreko Aginduari jarraikiko zaio, horren bidez garatzen baitira Gizarte Segurantzaren kotizazioaren legezko arauak. Gastu hori 2022ko Gastuen Aurrekontuan “700000-70110-4809-411100 Bekak” izenarekin gaituko den partidaren kargura eginen da.

Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak izaten ahal dira prestakuntza bekaren onuradun:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Albaitaritzako lizentziadun edo gradudun titulua izatea, Espainiako agintariek luzatua edo baliozkotua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekaren deialdi hau egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa, https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoena.

b) Curriculum vitae-a, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, espresuki aipatuta zein deialditan gainditu zituen.

d) Seigarren oinarriko 2.II. puntuan adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.

e) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

f) Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen erroldatze-ziurtagiria.

h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten duten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskaerari uko egin diola. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Eskatzaileek beren helbide elektronikoa emanen dute, behar diren komunikazioak eta/edo jakinarazpenak egiteko.

6. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1.–Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako pertsona hauek osatuko dute batzordea:

–Batzordeko burua: César Fernández Salinas, Animalien Osasunaren Ataleko burua, albaitaritzako lizentziaduna.

–Batzordekidea: Jesús María Razquin Goicoa, Elikagaien Segurtasunaren eta Abeltzaintzako Langelen Ataleko burua, albaitaritzako lizentziaduna.

–Idazkaria: David Navarro Caspistegui, Epizootiologia Bulegoko burua, albaitaritzako lizentziaduna.

Batzordeko kideak kanpoan edo gaixorik badaude, horien ordez Abeltzaintza Zerbitzuko langileak arituko dira, horri atxikita baitago Animalien Osasunaren Atala, betiere deialdi honetan eskatzen den maila bereko edo altuagoko titulazioa badute.

Beka hau norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta banatuko dira dirulaguntzak, baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.

2.–Ebaluazio Batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

2.I. Ikasketa-espedientea, honako eskala honi jarraikiz: ikasgai bakoitzeko kredituen batura bider lortutako nota; lortutako balioen batuketa titulazioaren kreditu guztien kopuruarekin zatituko da, honela:

–Ohorezko matrikularekin eskuratutako kredituak bider 10 puntu.

–Bikainekin eskuratutako kredituak bider 9 puntu.

–Oso ongirekin eskuratutako kredituak bider 4 puntu.

–Nahikoarekin eskuratutako kredituak bider 2 puntu.

–Gai kalifikazioa duten ikasgaiak eta baliozkotzen direnak “nahikoa” gisa zenbatuko dira (kredituak bider 2 puntu).

2.II. Bekaren jardueraren esparruari lotutako arloetako prestakuntza:

Ikastaroak: Bekaren xedearekin lotura duten ikastaroak baloratuko dira:

–40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,05 puntu ikastaroko.

–40tik 199 ordura bitarteko ikastaroak: 0,1 puntu ikastaroko.

–200 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,2 puntu ikastaroko.

Tituluak: Beste titulu batzuk: 0,6 puntu titulu osoko. Tituluan baldin badaude bekarekin lotura duten edukiak eta loturarik ez dutenak, hainbanatzen ahalko dira, orduen eta kredituen arabera.

2.III. Bekaren xedearekin lotura duten jardueretan lan egindako urte bakoitzeko 0,6 puntu emanen dira, edo haren banaketa proportzionala.

2.IV. Hizkuntzak: Ingelesa baloratuko da interes zientifikoko hizkuntza den aldetik; Hizkuntza Eskola Ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren arabera aitorpena duten erakundeetakoak, honela:

–A2 Oinarrizko maila: 0,1 puntu.

–B1 Oinarrizko maila: 0,3 puntu.

–B2 goi maila: 0,5 puntu.

–C1 goi maila: 0,75 puntu.

–C2 maila: 1 puntu.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa-espedienteko 2.I atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, prestakuntzaren eta beste titulu batzuen atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, Ebaluazio Batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

4. Ebaluazio Batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak beka emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira interesdunei jakinarazteko nori esleitu zaion beka eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du izanen haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardueran, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean.

Horrela egin ezean, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea bete beharko dute.

2. Prestakuntza beka bateraezina izanen da Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

3. Jarduerak hasten diren unean, bekadunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

4. Onuradunak, gainera, betebehar hauek izanen ditu:

a) Beka emateak zehazten duen prestakuntza teoriko-praktikoko jarduera betetzea, eta bekaren jarduketaren xedearekin eta eremuarekin lotutako jardueretan eta lanetan laguntzea. Beka jasotzen dutenek beren kabuz joan beharko dute Departamentuaren instalazioetara (Serapio Huici etorbidea 22, Atarrabia, Nafarroa).

b) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

c) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

d) Onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunaren betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekadunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea du bekadunak.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Bekadunak bere prestakuntza jarduerak irauten duen bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalteen erantzulea Administrazio Publikoa izanen da, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak dolu, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Hamalaugarrena.–Bekaren bukaera.

Honako hauek dira beka bukatzeko arrazoiak:

a) Bekaren epea bukatzea, luzapenik izan gabe.

b) Luzapenaren gehieneko epea bukatzea.

c) Bekari probetxurik ez ateratzea.

d) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

Hamabosgarrena.–Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, araubide orokorra ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hamaseigarrena.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2115711