263. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LIZARRA

Deialdia, arkitektoaren lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Alkatetzak 2021eko urriaren 29an emandako 376 Ebazpenaren bitartez, deialdi bat onetsi da arkitektoaren lanpostu bat oposizio bidez betetzeko.

Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz.

Lizarran, 2021eko abuztuaren 20an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Lizarrako Udalaren zerbitzuko arkitektoaren lanpostua betetzea, oposizio bidez eta funtzionarioen araubidearekin; Udalaren plantilla organikoan zenbaki hau du: 3.7 “Arkitektoa”.

Prozesuaren emaitzarekin zerrenda bat eratuko da administrazio-kontratuak egiteko, Lizarrako Udalean sortzen diren behin-behineko beharrei erantzutearren, bat etorriz oinarri hauetan ezarritakoarekin.

Plantilla organikoan aurreikusitako oposizio sistema egokiena dela uste da, kontuan hartuz lanpostuaren eginkizunen izaera eta Lizarrako Udaleko Hiri Plangintzaren eta Proiektu Estrategikoen Alorreko plantillaren egoera; izan ere, arkitekturako titulazioa duen edozein pertsonari plazarako sarbidea ematen zaio, baldin eta bete beharreko eginkizunen ezaugarriekin lotutako prestakuntza badu.

1.2. Hautapen-prozesua ondokoetan xedatuari jarraikiz eginen da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

1.3. Lanpostu honek A mailari dagozkion ordainsariak ditu eta Lizarrako Udalaren indarreko plantilla organikoan ezarritako osagarri eta ezaugarriak, salbu eta hizkuntza-eskakizuna, hori ezeztatu egin baitzen. Plantilla argitaratu zen 2021eko 209. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 6an.

1.4. Hautatuak bere mailaren eta titulazioaren barnean agintzen zaizkion eginkizunak beteko ditu; bereziki honako hauek:

a) Eskatzen zaizkion txosten teknikoak egitea honako gai hauei buruz: hirigintza-diziplina, jarduerak, hirigintza, arkitektura, obren kontrola eta abar.

b) Hirigintza arloko zuzendaritza teknikoa, hirigintzako prozesu mota guztiak (planeamendua edo kudeaketa) idaztean eta/edo izapidetzean. Prozesu horiek definiturik daude uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan (foru dekretu horren bitartez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina) eta aplikatzekoa den gainerako araudian.

c) Agintzen zaizkion udal zuzendaritza teknikoko eginkizunak bere gain hartzea, hirigintza-teknikari eta arkitekturari dagokionez, udal zerbitzuen eta bulegoen antolaketari aplikatuta.

d) Udal-mugartean egiten diren obrak ikuskatzea, emandako lizentzien baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko, eta, oro har, agindutako hirigintzako ikuskaritza eta aholkularitza lana gauzatzea.

e) Alkatetzari eta Udaleko agintari eta funtzionarioei lagundu eta aholku ematea erakunde publikoak bisitatzen dituztenean, baldin eta bere parte hartzea beharrezkoa bada, eta bilera, batzorde eta abarretan parte hartzea, deitzen zaionean.

f) Lizarrako Udalaren Hiri Plangintzaren eta Proiektu Estrategikoen Alorrari atxikitako eginkizunak, giza-baliabideak eta materialak zuzendu eta kudeatzea, eta haien buru izatea.

g) Gainerako udal alorretan, bere tituazioari dagozkion eginkizunen ardura hartzea egoki burutzeko izapidetzen ari diren espedienteak, eta bere langileekin lankidetzan aritzea, behar den orotan.

h) Udalak bitarteko propioekin egin nahi dituen jarduketa txikien proiektuak idaztea eta haien zuzendaritza fakultatiboa egitea. Ondorio horietarako, jarduketa txikitzat hartzen dira egin daitezkeenak memoria baloratuetan oinarrituta (zolatak, itxiturak, barne-eraberritze txikiak).

i) Kontratazio prozesuetan laguntzea, gaiaren arabera beharrezkoa bada, parte hartuz kontratazio mahaietan edo baldintza-agirietan ezarritako moduan.

Zerrendatutako eginkizun guztiak eta deialdi honetan xedatutakoaren babesean agintzen ahal zaizkionak beteko dira zerbitzuen alorraren ardura duten pertsonekin koordinatuta, lanak birritan egitea saihesteko eta udal baliabideak hobeki kudeatuko direla bermatzeko.

1.5. Lanaldia izanen da oro har ezartzen dena Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileendako, eta une oro zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Arkitekturako unibertsitate titulua edo arkitektoaren lanbidean aritzeko gaitasuna ematen duten gradua eta unibertsitate masterraren titulu ofiziala edukitzea, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

d) Tituluak atzerrian lortu badira, frogagiriak eduki beharko dira, agertzen dutenak baliozkotuak edo homologatuak daudela. Baldintza hori ez da aplikatuko baldin izangaiek beren lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.2. Baldintza horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean eta lanpostuaz jabetu arte, eta izangaiek frogatu beharko dituzte deialdi honetako oinarrietan zehazten den unean.

3.–Eskaerak.

3.1. Eskaerak aurkeztuko dira –II. eranskineko eskabide ereduari jarraituz– Lizarrako Udalaren egoitza elektronikoan, nire Herritar Karpeta - Lizarrako Udalaren Egoitza Elektronikoa (estella-lizarra.com), Lizarrako Udalaren erregistro orokorrean (Sorkunde Garbiaren pasealekua, 1, atzealdea, Lizarra), 9:30etik 14:00etara, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea); azken kasuan, eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria igorri beharko da posta elektronikoaren bidez personal.langileak@estella-lizarra.com helbidera, ezarritako epearen barnean.

3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute horiek eskabidean eskatzea eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, eskabidea justifikatzeko egokitzat jotzen duten dokumentazioa aurkeztuko dute.

3.3. Parte hartzeko eskabidearekin batera, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak):

a) Indarra duen Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua.

Europar Batasuneko beste estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.

Espainiarren eta Europako Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontide direnek, ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela, ez badira Europar Batasuneko kide den estatu bateko herritarrak; bestela, aurreko apartatuan aipatu dokumentazioa aurkeztuko dute.

b) Deialdi honen 2.1 oinarrian eskatutako titulazioa, edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako hura lortzeko moduan egotea egiaztatzen duen ziurtagiria (fotokopia konpultsatua, jatorrizko ziurtagiria edo egiaztatzeko kode segurua (EKS) duen dokumentua.

c) Azterketa eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria edo 10 euroko tasa ordaintzetik salbuetsita egotearen egiaztagiria, Agiriak egin eta izapidetzeagatiko tasak arautzen dituen 4. ordenantza fiskalean jasotzen baita. Ordaindu ezean, baztertua izanen da eta ezin izanen du egoera zuzendu.

Tasa hori eskudirutan ordaintzen ahal da, eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo La Caixako ES 82 2100 3694 7022 0014 7719 kontuan dirua sartuz edo transferentzia eginez, eta kasu horretan datu hauek jarri behar dira nahitaez ordainagirian:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa/IFZ.

–Kontzeptua: Lizarrako arkitektoa 2021.

3.4. Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluarekin, izangaiei honako honen berri ematen zaie:

–Lizarrako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: Datuen babeserako erregelamendu orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta Datuen babeserako erregelamendu orokorraren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 19.2.f) artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko eta kontra egiteko, udal bulegoetara joz edo helbide elektroniko honen bitartez: dpd@estella-lizarra.com.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da eta hogeita hamar egun naturaleko epean amaituko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Deialdia Lizarrako Udaleko iragarki-taulan eta erakundearen webgunean ere argitaratuko da.

4.–Prozedura.

Onartzeko baldintza gisa ezartzen da bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzea, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako, epe barruan aurkeztea, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera, eta azterketa eskubideak ordaintzea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (http://www.estella-lizarra.com/eu/gaurkotasuna/enplegu-publikoa/).

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, formazko akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (http://www.estella-lizarra.com/eu/gaurkotasuna/enplegu-publikoa/).

Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautaketa-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua:

Koldo Leoz Garciandia, Lizarrako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Udalbatzako kide bat, hark eskuordetzen duena.

–Kideak:

1.–Javier Caballero Senosiain, Lizarrako Udaleko arkitektoa.

Ordezkoa: Miguel Ángel Casado Larrasoain, Aiegiko Udaleko arkitektoa.

2.–Luis Miguel Sanzol Roncalés, Lizarrako EEZBko (Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoa) arkitektoa eta zuzendari teknikoa.

Ordezkoa: arkitekturako titulazioa duen pertsona, EEZBk izendatuko duena.

3.–Juan Ramón Gancedo Arbizu, Iruñeko Hirigintza eta Etxebizitzako Alorreko arkitektoa.

Ordezkoa: Juan López Asensio, Iruñeko Udaleko Hirigintzako Gerentziako arkitektoa.

4.–Lizarrako Udalaren zerbitzuko langile bat, Lizarrako Udaleko langileen batzordeak izendatuko duena.

Ordezkoa: Lizarrako Udalaren zerbitzuko langile bat, Lizarrako Udaleko langileen batzordeak izendatuko duena.

–Idazkaria, botorik gabe: José Luis Navarro Resano, Lizarrako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Lizarrako Udalaren zerbitzuko funtzionarioa, edo beste administrazio publiko batekoa, betiere Zuzenbideko lizentziaduna.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lizarrako Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratu beharko da eta, bere eraketak eta ondorengo jarduketek balio izateko, kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioak hiru ariketa ditu, eta baztertzaileak dira.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 10. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko ere.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Oposizioaldiko ariketa bat guztiz bukatzen denetik hurrengoa hasi arte gutxienez ere hirurogeita hamabi ordu iraganen dira, eta gehienez ere berrogeita bost egun natural.

Epaimahaiak egiten dituen bileren akta eginen du idazkariak, eta bertan jasoko ditu izangaien banakako ebaluazioa, kalifikazioak eta sortzen diren gorabehera guztiak.

Akta horiek, behar bezala zenbakituak, onetsiak eta epaimahaiburuak eta idazkariak sinatuak, oposizioko espedientean sartuko dira, eta, horiekin batera, deialdia onartzen denetik ebazpena eman arte horri eransten zaizkion agiri guztiak.

6.2. Oposizioaldiko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaiendako posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskaeran azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Lehenengo proba.

Proba teorikoa izanen da, eta bertan test motako 99 galdera erantzun beharko dira idatziz, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galderek banakako puntuazio bera dute, eta bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren laurdena.

Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei proba egiteko.

Kalifikazioa: proba honetan 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

Bazterturik geldituko dira proban gutxienez ere 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ezin izanen da inolako testurik edo dokumentaziorik erabili, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

6.4. Bigarren proba.

Ariketa teorikoa izanen da, eta bertan izangaiek hiru gai garatu beharko dituzte, I. eranskineko gai zerrendako 3 zatietatik gai bana. Epaimahaiak gai zerrendako zati bakoitzetik bi gai aterako ditu zozketaz, eta izangaiek bietako bat garatu beharko dute, nahi dutena.

Proba hori egiteko gehieneko denbora lau ordukoa izanen da, ariketa bakoitzeko epe partzialik gabe, eta proba horren gehieneko kalifikazioa 30 puntukoa izanen da.

Gai bakoitzean gehienez 10 puntuko balorazioa emanen da.

Bazterturik geldituko dira proban gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Bazterturik geldituko dira, orobat, azaldutako gairen batean 0 puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

Proba egiteko ezin izanen da inolako testurik edo dokumentaziorik erabili, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

6.5. Hirugarren proba:

Ariketa teoriko-praktikoa izanen da; deialdi honen I. eranskinean dagoen gai-zerrendako gaien gainean epaimahaiak proposatuko dituen kasu praktiko bat edo batzuk garatu eta ebatzi beharko dira, idatziz.

Proba hori egiteko gehieneko denbora lau ordukoa izanen da, eta ez da denbora partzialik izanen ariketa bat baino gehiago eginez gero.

Proba hau egiteko erabili ahal izanen da marrazketa teknikoko materiala, hala nola, eskalimetroa, erregela, eskuaira, kartaboia, arkatzak eta ezabatzeko goma, bai eta kalkulagailu programagarria eta komenigarritzat jotzen diren lege-testuak, betiere iruzkindu gabeak eta paper-euskarrian.

Kalifikazioa: proba honetan 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

Bazterturik geldituko dira proban gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.6. Proba guztiak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.7. Proba bakoitza bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu, Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta www.estella-lizarra.com webgunean (deialdiaren aipuan), izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Oposizioko probak bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, Udalaren webgunean, udaletxeko iragarki-taulan eta azken ariketa egin den tokian. Zerrenda ordenatuko da izangai bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, batu ondoren egindako proba bakoitzean ateratako kalifikazioak.

Berdinketarik gertatuz gero, hirugarren proban puntuaziorik handiena lortu dutenen alde ebatziko da, eta berdinketak jarraituz gero, bigarren eta lehenengo proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenkera horretan, eta, azken buruan, zozketa eginen da. Zozketa egin baino bi egun lehenago jakinaraziko zaie ukitutakoei.

7.2. Zerrenda horri jarraituz, alkatetzari igorriko zaio hiru probak gainditu eta horien puntuazioa batuta puntu gehien lortu duen pertsona izendatzeko proposamena, bai eta azken bilkuraren akta ere. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.3. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epean, izendapen-proposamena jaso duen izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu, bigarren oinarrian adierazitako baldintzak betetzen dituela frogatzeko, udal honetako erregistro orokorrean:

a) Ziurtagiri medikoa, frogatzen duena ez duela eritasunik edo muga fisikorik bere eginkizunak betetzeko bateraezina denik edo horiek betetzea galarazten dionik.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko izangaia ez dagoela diziplinazko espediente bidez inongo administrazio publikotatik bereizia eta ez dagoela eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua epai irmo bidez, eta ez duela bateraezintasunerako arrazoirik. Adierazpen hori eginen da jarraituz oinarri hauetako II. eranskinean ezarritako eredu normalizatuari.

c) Zin egin edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta Legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

7.4. Eskatutako dokumentazioa lehen aipatutako epean aurkezten ez bada, salbu ezinbesteko kasuetan, edo agiriak aurkeztuta ondorioztatzen bada deialdiko beharkizunak ez direla betetzen edo aitorpenean gezurra esan dela, hautatutako izangaiaren egintzak baliorik gabe geldituko dira, eta, hortaz, hari buruz epaimahaiak gauzatutako egintzak ere baliorik gabe geldituko dira, eta ezin izanen da izendatu.

Kasu horretan, baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko da baja, eta, ondoren, gaindituen zerrendan sartuko da, aurreko apartatuetan adierazitako moduan jardunez. Horrek ez du esan nahi beste erantzukizun batzuk eskatuko ez direnik.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak, ebazpen bidez, Lizarrako Udaleko funtzionario izendatuko du, lanpostua bete dezan, aurreko oinarrietan ezarritakoa bete eta puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaia, eta lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen ondorioz, izendatua nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko da, eta izanen ditu indarra duten xedapenek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko funtzionarioendako ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), baldin izendatuak badira Nafarroako administrazio publikoen edozein montepiotako eskubide pasiboen araubidekoak, bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

Funtzionario izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita.

Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Lizarrako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatuz gero, deialdiaren 7.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

8.4. Izangaia funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

9.–Jarduketen publizitatea.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da, http://www.estella-lizarra.com/eu/gaurkotasuna/enplegu-publikoa/ helbidean, non hautapen-prozesu honetarako sarbide espezifikoa gaituko baita.

10.–Enplegu-zerrendaren eraketa eta funtzionamendua.

10.1. Probak gainditu dituzten gainerako izangaiekin deialdiko lanposturako erreserba zerrenda bat eratuko da, gerta daitezkeen izendapen beharrei erantzuteko, betiere aldi baterako eta administrazio araubidean. Zerrenda ordenatuko da gainditutako proben arabera, lortutako guztizko puntuazioen hurrenkeran:

1.–Hiru probak gainditu dituzten izangaiak.

2.–Soilik lehenengo bi probak gainditu dituzten izangaiak.

3.–Soilik lehenengo proba gainditu duten izangaiak.

Horretarako, izendapenarekin batera, Alkatetzak izangaien zerrenda hori onetsiko du, zeina 7.1 oinarrian araututako irizpide beraren arabera ordenatuko baita.

Zerrendak bost urteko iraupen luzaezina izanen du, eta iraungi eginen da lanpostu bererako beste hautaketa-prozesu bat deitzen bada.

Zerrendako izangaiei dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

Deialdia, Lizarrako Udalaren zerbitzuko arkitektoaren lanpostua betetzeko

1. zatia.–Oinarrizko araudia.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.

3. gaia.–Europako Erkidegoko zuzenbidea: iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europako Erkidegoko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.

4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

6. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio publikoen organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.

7. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa Atariko titulua: “Xedapen orokorrak”. I. titulua: “Toki-erakundeen antolaketa” III. titulua: “Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea”. IV. titulua “Toki-erakundeen ondasunak”. V. titulua “Jarduerak, zerbitzuak eta obrak”. VI. titulua “Kontratazioa”. IX. titulua “Prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki-erakundeen jarduketen aurkaratzea eta kontrola”. X. titulua “Eskualdeak”.

8. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. eta II. tituluak.

9. gaia.–Administrazio egintzak: administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

10. gaia.–Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak: administrazio-prozeduretako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Egikaritzea.

11. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionarioen hautaketa. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

12. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: I. titulua “Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak”. III. titulua “Aurrekontua eta gastu publikoa”, (I. eta II. kapituluak).

13. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio elektronikoa.

14. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

15. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

16. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako: Berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa.

17. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (I): kontratazio publikoaren printzipioak. Kontratistak: jarduteko gaitasuna eta lizitatzailearen kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta gaitasun tekniko edo profesionala izatea. Kontratuen tipologia. Kontratu publikoen kontratu kudeaketarako printzipioak eta arauak.

18. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (II): publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak. Administrazio Publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak. Kontratazio mahaia; kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak.

19. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (III): Kontratuak betearaztea. Administrazio Publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak. Administrazio kontratuak betearazteari buruzko arau orokorrak; kontratisten ordainsariak; Administrazio Publikoen kontratuak amaitzea.

20. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (IV): Administrazio Publikoen kontratuen araubide juridikoa: obra-kontratua. Herri-lanak emateko kontratua.

21. gaia.–12/2018 Foru Legea, ekainaren 14koa, Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa. Xedea, printzipioak eta aplikazio eremua. Irisgarritasuna lurraldean. Irisgarritasuna eraikuntzan. Irisgarritasuna garraioan.

2. zatia.–Berariazko araudia.

1. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa (I). Xedea, esparrua eta definizioak. Langileen eta enpresen eskubide eta betebeharrak.

2. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa (II). Prebentzio zerbitzuak. Langileen kontsulta eta parte-hartzea. Erantzukizunak eta zehapenak.

3. gaia–38/1999 Legea, azaroaren 5ekoa, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Eraikinaren betebehar tekniko eta administratiboak. Eraikuntzaren agenteak. Erantzukizunak eta bermeak.

4. gaia.–32/2006 Legea, urriaren 18koa, Eraikuntza Sektoreko Azpikontratazioa arautzen duena. Legearen xedea eta aplikazio-eremua eta definizioak. Eraikuntza sektoreko azpikontratazioari buruzko arau orokorrak.

5. gaia.–14/2005 Foru Legea, azaroaren 22koa, Nafarroako Kultur Ondareari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Ondasunen sailkapena. Ondasun higiezinen babesa.

6. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena (I). Administrazio publikoen eskumenak lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan, administrazio antolamenduaren arloan, administrazioen arteko harremanen arloan eta hirigintza-hitzarmenen arloan.

7. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena (II). Lurralde eta hirigintza arloko antolamendua. Lurralde-antolamendurako eta hirigintzako plangintzarako tresnak. Motak. Hirigintza-planen prestaketa, onespena eta ondorioak.

8. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena (III). Lurzoruaren hirigintzako araubidea. Lurzoruaren sailkapena, hiri-lurzoruaren, lurzoru urbanizagarriaren eta lurzoru urbanizaezinaren araubidea. Balorazioak eta desjabetzeak.

9. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena (IV). Plangintza egikaritzea.

10. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena (V). Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran. Hirigintza-diziplina.

11. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena (VI). Lurzoruaren merkatuan esku hartzeko tresnak.

12. gaia.–10/2010 Foru Legea, maiatzaren 10ekoa, Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzkoa (I). Etxebizitza babestuaren kontzeptua, ezaugarriak eta tipologia, eta etxebizitza arloa sustatzeko jarduera publikoa. Etxebizitza babestuen sustapenetan parte hartu ahal izateko betebeharrak. Etxebizitzak eraiki, zaindu eta mantentzeko baldintzak. Etxebizitza babestuak erabili, lupertu eta eskuratzeko ahalmenen mugak.

13. gaia.–10/2010 Foru Legea, maiatzaren 10ekoa, Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzkoa (II). Etxebizitza hutsak: definizioa eta halakoen deklarazioa egiteko prozedura. Etxebizitza Hutsen Erregistroa. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra: xedapen orokorrak eta Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra sortzea eta kontserbatzea.

14. gaia.–142/2004 Foru Dekretua, martxoaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxeetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena.

15. gaia.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa (I): Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana. I. kapitulua: Xedapen orokorrak.

16. gaia.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa (II). I. titulua. Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana. III. kapitulua. Lur-ondasunen Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinen balorazioa. IV. kapitulua. Lur-ondasunen Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak.

17. gaia.–38/2009 Foru Dekretua, apirilaren 20koa, kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak eta segurtasun neurriak arautzen dituena. Xedapen orokorrak: xedea eta esparrua. Kirol instalazioen eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak: kirolguneak, kirol ekipamenduak, mantentze-lanak eta informazioa.

18. gaia.–230/2011 Foru Dekretua, urriaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko apartamentu turistikoen antolamenduari buruzko Erregelamendua onesten duena: Xedapen orokorrak. Jardueraren antolamendua. Baldintza tekniko orokorrak. Berariazko baldintza teknikoak. 243/1999 Foru Dekretua, ekainaren 28koa, Landa-etxeetan Ostatatzea arautzen duena. Xedea, landa-etxe gisa erabiltzen diren higiezinen ezaugarriak, ostatu motak eta publizitatea, erantzukizun zibileko asegurua. Baldintza teknikoak. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea.

19. gaia.–24/2009 Foru Dekretua, martxoaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duena. Xedea eta aplikazio-eremua. Lurzoru urbanizaezinaren hirigintzako araudia Sailkapen turistikoa. Jardueraren antolamendua. Baldintza tekniko orokorrak.

20. gaia.–146/2005 Foru Dekretua, abenduaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko hotel-establezimenduak antolatzeko Erregelamendua onesten duena. Xedea, hotel-establezimendu motak. Sailkapena, plaka bereizgarria eta publizitatea. Jardueraren antolamendua. Hotel-establezimendu guztien betekizun teknikoak eta baldintzak.

21. gaia.–140/2005 Foru Dekretua, abenduaren 5ekoa, Nafarroako Turismoko Aterpetxeak Antolatzeko Erregelamendua onesten duena. Xedea. Sailkapena, plaka bereizgarria eta publizitatea. Jardueraren antolamendua. Gutxieneko betekizun eta baldintzak.

22. gaia.–290/1988 Foru Dekretua, abenduaren 14koa, Done Jakue bidea behin betiko mugatu eta hura babesteko araubidea ezartzen duena.

23. artikulua.–1954ko abenduaren 16ko Legea, nahitaezko desjabetzeari buruzkoa. II. titulua Prozedura orokorra: Balio justua zehaztea. Ordainketa eta jabetza hartzea. Berandutzeagatiko erantzukizuna.

24. gaia.–ECO/805/2003 Agindua, martxoaren 27koa, ondasun higiezinak eta eskubide jakin batzuk baloratzeko arauei buruzkoa, zenbait finantza-helburutarako. I. titulua. Xedapen orokorrak. I. kapitulua. Eremua, printzipioak eta definizioak. II. titulua. Tasazioaren balioa nola kalkulatu. 7/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onesten duena. V. titulua. Balorazioak. 35. artikulua. Higiezinak baloratzeko irizpide orokorrak.

25. gaia.–513/2017 Errege Dekretua, maiatzaren 22koa, Suteen kontra babesteko instalazioen erregelamendua onesten duena. Xedapen orokorrak. Suteen kontra babesteko produktuak. Enpresa instalatzaileak eta mantentze-lanetakoak. Instalatzea, zerbitzuan jartzea eta mantentze-lanak egitea. Aldizkako ikuskapenak. I. eranskina. Suteen kontrako ekipamendu eta sistemen ezaugarriak eta instalazioa.

26. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena. Atariko titulua. I. titulua; I. eta IV. kapituluak. III. titulua.

3. zatia.–Gai teknikoak.

1. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. I. zatia.

2. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Energia aurrezteko oinarrizko agiria (DB-HE). Sarrera. HE 0. Energia kontsumoa murriztea. HE 1.Energia-eskaera murriztea.

3. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Energia aurrezteko oinarrizko agiria (DB-HE). HE 4. Etxeko ur berorako gutxieneko eguzki ekarpena. HE 5. Energia elektrikorako gutxieneko ekarpen fotovoltaikoa.

4. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Asotsetik babesteko oinarrizko agiria (DB-HR). Sarrera. Alderdi orokorrak. Eskakizunen ezaugarriak eta kuantifikazioa. Diseinua eta neurriak.

5. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Asotsetik babesteko oinarrizko agiria (DB-HR). Eraikuntzako produktuak. Eraikuntza. Mantentze eta zaintze lanak. A eranskina. Terminologia.

6. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Osasungarritasunaren oinarrizko agiria (DB-HS). Sarrera. HS 1. Hezetasunaren aurkako babesa.

7. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Osasungarritasunaren oinarrizko agiria (DB-HS). HS 4. Ur hornidura. HS 5. Uren hustuketa.

8. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Egiturazko segurtasunaren oinarrizko agiria, altzairua (DB-SE-A). Alderdi orokorrak. Iraunkortasuna. Materialak. Egikaritzea. Kalitatearen kontrola. Ikuskapena eta mantentze-lanak.

9. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Egiturazko segurtasunaren oinarrizko agiria, ekintzak eraikuntzan (DB-SE-AE). Alderdi orokorrak. Ekintza iraunkorrak. Ekintza aldakorrak. Ustekabeko ekintzak.

10. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Egiturazko segurtasunaren oinarrizko agiria, zimenduak (DB-SE-A). Azterketa geoteknikoa. Lurra prestatzea. A eranskina. Terminologia.

11. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Zuzeneko zimenduak. Definizioak eta tipologiak. Eraikuntzako baldintzak. Kontrola. Zimendu sakonak. Definizioak eta tipologiak. Eraikuntzako baldintzak eta kontrolekoak. Euste-elementuak. Definizioak eta tipologiak. Eraikuntzako baldintzak eta kontrolekoak.

12. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Egiturazko segurtasunaren oinarrizko agiria, fabrika (DB-SE-F). Alderdi orokorrak. Iraunkortasuna. Materialak. Eraikuntza-irtenbideak. Egikaritzea. Egikaritzearen kontrola. A eranskina. Terminologia.

13. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Egiturazko segurtasunaren oinarrizko agiria, zura (DB-SE-Z). Alderdi orokorrak. Iraunkortasuna. Materialak. Egikaritzea. Kontrola. Terminologia.

14. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Suteetarako oinarrizko segurtasun agiria (DB-SI). Sarrera. SI-1. Barne hedapena. SI-2. Kanpo hedapena.

15. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Suteetarako oinarrizko segurtasun agiria (DB-SI). Sarrera. SI-3. Barnean direnak kanporatzea. SI-4. Suteen kontra babesteko instalazioak.

16. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Erabilerari eta irisgarritasunari buruzko oinarrizko segurtasun agiria (DB-SUA). Sarrera. SUA-1. Erortzeko arriskuaren aurreko segurtasuna. SUA-9. Irisgarritasuna.

17. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Erabilerari eta irisgarritasunari buruzko oinarrizko segurtasun agiria (DB-SUA). SUA-2. SUA-3. SUA-4. SUA-5. SUA-6. SUA-7. Arrisku hauen aurkako segurtasuna: talka-arriskua, harrapatua gelditzeko arriskua, argiztapen desegokiak eragindakoa, okupazio handiko egoerek eragindakoa, itotze-egoerek eragindakoa eta mugitzen ari diren ibilgailuek eragindakoa. A eranskina. Terminologia.

18. gaia.–Obra baten antolaketa. Antolaketa motak. Denboraren eta kostuen kontrola. Gantt-en diagramak. Obra egikaritzeko plana. Aurreikuspenak betetzeko probabilitateak.

19. gaia.–Neurketak eta aurrekontuak. Egikaritze materialaren aurrekontua. Kontrataren aurrekontua. Guztirako aurrekontua.

20. gaia.–773/1997 Errege Dekretua, maiatzaren 30ekoa, gutxieneko xedapenak ezartzen dituena langileek norbera babesteko ekipamenduak erabiltzeari buruzko segurtasun eta osasunerako. Uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretua, segurtasun eta osasun xedapen gutxienekoak ezartzen dituena langileek laneko ekipamenduak erabiltzeko. 171/2004 Errege Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, enpresa jardueren koordinazioari buruzkoa.

21. gaia.–1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa. Eraikuntza lanetako segurtasuna eta osasuna. Xedapen orokorrak. Segurtasunari eta osasunari buruzko azterketak. Laneko segurtasun eta osasun plana. Obra egikaritzen den bitartean, segurtasun eta osasun arloko koordinatzailearen betebeharrak. Gorabeheren liburua. Lanak etetea. Langileen eskubideak.

22. gaia.–172/2010 Ebazpena, otsailaren 22koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, parametro orokorrak onesten dituena Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatu beharreko ondasun higiezinak baloratzeko. II., III. eta IV. kapituluak. 517/2013 Ebazpena, ekainaren 20koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, parametro orokorrak aldatzen dituena Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatu beharreko ondasun higiezinak baloratzeko.

23. gaia.–Otsailaren 22ko 20/2010 Foru Agindua, arau tekniko orokorrak onesten dituena Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatu beharreko ondasun higiezinak baloratzeko. 131/2016 Foru Agindua, urriaren 28koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana.

24. gaia.–235/2013 Errege Dekretua, apirilaren 5ekoa, eraikinen energia-efizientziaren ziurtapenaren oinarrizko prozedura onesten duena. 199/2013 Foru Agindua, maiatzaren 30ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, eraikinen energia-efizientziaren ziurtagirien erregistroa aldatzen duena.

25. gaia.–23/2011 Foru Dekretua, martxoaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena.

II. ERANSKINA

Eskabidea-erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2115659