263. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDAZA

Ordenantza, eguzki energia jasotzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Mendazako Barrutiko Udalak, maiatzaren 12an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eguzki energia jasotzeko instalazioak arautzen dituen ordenantza. Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2021eko 222. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 21ean, eta jendaurreko aldia iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta xedatzen da osorik argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

Mendazan, 2021eko urriaren 27an.–Alkatea, Javier Senosiáin Paternáin.

ORDENANTZA, EGUZKI ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA MENDAZAKO BARRUTIKO UDAL-MUGARTEAN

ZIOEN AZALPENA

Azken urteotan, administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilera sustatzen ari dira; berrikiago, etxebizitzetan norberak kontsumitzeko energia sortzeko plaka fotovoltaikoen instalazioak bultzatzen ari dira.

Eguzki energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: lurraldean egoki ezartzen dela segurtatzea, batetik, eta natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzen direla bermatzea, bestetik.

Eguzki energia biltzearen arloa berri samarra da, eta teknologia horrek izandako bilakaerari esker, eguzki energia biltzeko elementu berriak bideragarriak izan daitezke bai teknikoki eta bai ekonomikoki, eraikin tradizionaletan errazago integratzeko. Esate baterako, “eguzki teilak” erabil daitezke balio formal eta estetikoak galzorian jarri gabe.

Hori dela eta, eguzki energia biltzeko instalazioak ingurumenerako onuragarriak badira ere, zenbait mugapen jarri behar direla uste da.

Udalerri honek berriki bat egin du Klimaren eta Energiaren gaineko Alkatetzen Hitzarmenarekin, eta hortaz, borondate irmoa izanik berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko, ordenantza hau egin du, eguzki-energia jasotzeko, erabilera termiko eta fotovoltaikoetarako. Arau berri honek osatu egiten ditu indarrean dagoen Mendazako Udal Plan Orokorrean aurreikusitako ordenantzak; udal plan hori behin betiko onetsi zuen Etxebizitza eta Lurraldearen Antolamenduko kontseilariaren martxoaren 25eko 57/2008 Foru Aginduak (2008ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 5ekoa).

Ordenantza idatzi da halako moduz non koherentzia gordetzen baita udal plangintzarekiko eta lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko; betebehar hori jasota dago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea erregulatzeko nola jarri eguzki-energia jasotzeko instalazioak, zelula panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez, etxeko ur beroa eta energia elektrikoa sortzeko, panel fotovoltaikoak jarriz eraikin eta eraikuntzetan, Mendazako Barrutiko udal-mugartean.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Mendazako Barrutiko udal-mugarte guztia hartzen da aplikazio eremutzat.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki plaka edo panel esan ohi zaien gailuek eguzki erradiazioen energia biltzen dute, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen dute:

–Eguzki instalazio termikoek eguzkitik jasotzen dugun energia zuzenean baliatzen dute fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko, batez ere.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoek edo termoelektrikoek zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoak baliatzen dituzte argindarra sortzeko, eguzki erradiaziotik abiatuta.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko zein termikoz osatutako eguzki instalazioak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian ezarritako instalazioak

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko (eguzki instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak arauturikoaren arabera (errege-dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurkietan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta haien planoari eutsiz, “velux” erako leihoak bezalaxe. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte; eremu bakoitzak 6 plaka izanen ditu gehienez. Salbuespena izanen dira eraikin katalogatuak; kasu horretan, beteko da organo eskudunak ematen duen irizpena, babeserako hirigintzako araudia aplikatuz.

–Honako muga hauek izanen ditu okupatutako azalerak: ezin izanen da estalkiaren %35 baino gehiago okupatu, eta gutxienez 1,00 metroko tartea izanen da teilatu-hegalen ertzeetatik eta mehelinetatik. Ezin izanen da gainditu inola ere isurkien planoa.

–Laguntza elementuak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar, ezin izanen dira eraikinaren estalkian edo fatxadetan agerian geratu.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

–Gehienezko okupazioa baimenduta egonen da, non eta panelak ez diren ikusgai gelditzen.

–Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehienezko garaieraren azpitik.

–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten karelen garaiera gainditzen.

3. Estalki lau eta inklinatuetan jarritako eguzki panelen azalerak baturik ezin izanen dute hartu estalki osoaren azaleraren %35 baino gehiago.

4. Fatxadan ezin izanen da jarri.

5. Ezohiko neurri gisa, AHA2 bizitegi-area homogeneoetan, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak jartzeko aukera proposatzen ahalko da, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udaleko Zerbitzu Tenikoek baimendu beharko dituzte espresuki.

Hirigintzaren ondorioetarako, eguzki-energia termiko eta fotovoltaikoko instalazioak hartzen dira eraikinaren edo eraikuntzaren instalaziotzat, eta, beraz, ez dute konputatzen eraikigarritasunaren ondorioetarako.

Berariaz debekatuta dago edozein hodi edo bestelako elementu paratzea fatxadan zehar, ikusteko moduan.

6. Udal Plan Orokorreko Katalogoan sarturiko eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.

Eguzki panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak hauek betez gero:

–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean.

Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzki-energia hobeki aprobetxatzeko.

–Panelen euskarriak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino altuagoak, lurretik neurtuta.

–Ikusizko inpaktua eta paisaia-inpaktua zuzentzeko behar diren neurriak hartuko dira, herrigunearen irudi urbanoa zaintzeko.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

7. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eguzki energiarekin argindarra sortzeko instalazioak lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean ezartzea (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 64/2006 Foru Agindua.

2. Eraikin berriei lotutako instalazioen kasuan, beharrezkoa da ezarriko den jarduera berriak arauzko baimena lortzea Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunarengandik, hala behar denean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak aldez aurreko baimenik tramitatzea lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

8. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak jartzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan.

Haren planoen gainean paratuko dira. Panelen malda alda daiteke eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten 0,60 metroko garaiera gainditzen, isurkiaren planotik perpendikularki neurtuta. Hartutako gainazala gutxienez metro bat bereiziko da isurkiaren perimetrotik. Ezin izanen dira inola ere teilatuko lerroak gainditu.

2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, mugarik jarri gabe azaleran, inklinazioan nahiz orientazioan.

3. Fatxadan ezin izanen da jarri.

9. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da linearen ingurumen ukipenetarako baimenaren espedientea izapidetzea (93/2006 Foru Dekretua, onesten duena Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua). Hura baimendu arte ezin izanen da eman panel fotovoltaikoak instalatzeko lizentzia.

IV. KAPITULUA

Izapidetzea

10. artikulua. Lizentzia eskatzea.

Ordenantza honetan arautzen den instalazioa paratzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Mendazako Barrutiko Udalari eskatuko zaio Udalaren obra lizentzia. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, proiektua aurkeztu beharko da, teknikari eskudunak sinatua eta egoki den elkargo profesionalak ikus-onetsia, Eraikuntzaren Antolamenduari buruz indarrean den Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu horrek honakoak jasoko ditu gutxienez:

a) Memoria, honako hauek dituena: Hartutako irtenbidearen justifikazioa. Instalazioaren oinarrizko konfigurazioa. Instalazioaren eta haren osagaien deskripzio orokorra. Diseinurako irizpide orokorrak: neurriei buruzko irizpide oinarrizkoak, eguzkiaren energia jasotzeko sistemaren diseinua, orientazioa justifikatuta, inklinazioa eta integrazio arkitektonikoa, bat etorriz Eraikingintzaren Kode Teknikoarekin edo aplikatu beharreko geroko araudiarekin. Energia sistema lagungarriaren deskripzioa. Ordenantza honetan zehaztutako parametroen justifikazioa.

b) Planoak.

c) Instalazioen aurrekontua.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak tramitatuko dira, kontuan harturik Mendazako Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako betebehar partikularrak.

Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenei kalterik egin gabe. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei eguneko epean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2115916