263. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUSTIÑANA

Ordenantza, Ekintzailetzarako, autoenplegua sustatzeko eta ekonomia bultzatzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Fustiñanako Udalak, 2021eko abuztuaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ekintzailetzarako, autoenplegua sustatzeko eta ekonomia bultzatzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Hura 2021eko 216. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 14an.

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatuarekin, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Fustiñanan, 2021eko azaroaren 2an.–Alkate udalburua, Sergio Vitas Aguirre.

ORDENANTZA, FUSTIÑANAN EKINTZAILETZARAKO, AUTOENPLEGUA SUSTATZEKO ETA EKONOMIA BULTZATZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Fustiñanako Udalak lehentasunen artean dauka erraztea merkataritzarekin eta zerbitzuekin zerikusia duten jarduerak, eta, horrekin batera, enplegua sortzea. Hala ere, egungo egoera ekonomikoaren ondorioz, beharrezkoa da asmo handiagoko planteamendu bat egitea, Fustiñanaren sustapen sozioekonomikoaren aldeko apustu argi eta irmoa eginez, terminoaren zentzurik zabalenean, eta ahalik eta eragile eta sektore gehienetara iritsiz. Horretarako proposatzen da ordenantza hau, ezartzen dituena mekanismoak sustatzeko ETEak jartzea eta sendotzea, baita laguntzak ere, inbertsiorako eta enplegurako.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Fustiñanako Udalak arautzea enpresaren eta ekonomiaren sustapeneko jarduera, bultzatzeko autoenplegua eta ekintzailetza, laguntzen eta dirulaguntzen bidez Fustiñanako udal-mugartean sustapena eta dinamizazio sozioekonomikoa lortzearren.

Testu arauemaile honek laguntza hauek arautzen ditu: enpresa, merkataritza eta turismo jarduera berriak sortzeko laguntzak, ekintzailetza eta autoenplegua sustatzearen bidez.

2. artikulua. Dirulaguntzak emateko eskumena duen organoa.

Tokiko Gobernu Batzarra izanen da dirulaguntzak emateko organo eskuduna, hark izanen baitu dagokion gastuaren gain erabakiak hartzeko eta baimenak emateko ahalmena.

3. artikulua. Onuradun izateko baldintza orokorrak eta betebeharrak.

a) Lantokia Fustiñanako udal-mugartean izan beharko dute pertsona fisikoek edo juridikoek.

b) Egunean izan beharko dituzte Foru Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta Fustiñanako Udalarekiko betebeharrak, bai dirulaguntza eskatzeko unean, bai dirulaguntzaren gainerako likidazioa egiteko unean, halakorik bada. Betebehar hori betetzen ez bada, dirulaguntza erabat ukatuko da.

c) Dagozkion udal lizentziak izatea edo horiek lortzeko prozeduraren hasiera eskatuta izatea.

d) Betetzea deialdi honetan laguntzetarako ezarri diren baldintza berariazkoak.

e) Mantentzea diruz lagundutako enpresa-proiektu edo kontratuak, ezarritako hogeita lau hilabeteko epean.

f) Organo emaileari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduera bera finantzatzeko. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funts publikoak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

4. artikulua. Baztertze orokorrak.

Ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan:

1. Administrazio publikoak eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateak.

2. Udalaren laguntzak behin eta berriz eskatu dituzten sustatzaileak edo lehenago eskuratutako laguntzak eraginkortasunez eta behar bezala baliatu ez dituztenak.

3. Enpresa instrumentalak.

4. Ezin izanen dira dirulaguntzen onuradun izan pertsona fisikoak nahiz juridikoak, baldin Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko inguruabarretako batean badaude.

5. Kanpoan gelditzen dira joko-aretoetara eta/edo apustu-etxeetara bideratutako enpresa-jarduerak, eta/edo prostituzio etxeekin lotutakoak (edozein dela haiek antolatzeko modua).

5. artikulua. Eskaerak aurkeztea, epea eta ebazpena.

1. Eskabideak Fustiñanako Udaleko Ekonomia Alorrera zuzendu beharko dira, eta bide telematikoz aurkeztuko dira, honako hauek erabiliz: Herritar karpeta: http://www.fustinana.com

Proposamena aurkezten bada Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak baimendutako erregistro ofizialetako batean, horren berri eman beharko zaio Udalari, proposamenak aurkezteko epearen barnean, mezu bat bidaliz ayto@fustinana.com helbide elektronikora.

2. Eskabideak, ordenantza honen eranskinetan aipatzen den dokumentazioarekin batera (jatorrizkoa edo behar bezala konpultsatutako kopia), urte bakoitzeko deialdian ezartzen den epearen barnean aurkeztuko dira.

3. Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez akatsak edo hutsak dituzten eskaerei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, jakinarazpenaren biharamunetik aitzina, akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Ohartarazten da, alabaina, agiririk aurkezten edo akatsik zuzentzen ez bada, interesdunak eskaera bertan behera uzten duela iritziko zaiola. Horrelakoetan, eskaera artxibatu eginen da, beste izapiderik egin gabe.

4. Urtero, iragarki bat argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta haren bidez irekiko da eskabideak aurkezteko epea.

5. Espedienteak, behar den dokumentazioarekin osatuak, aurkeztu ahala izapidetu eta ebatziko dira, muga izanik urte bakoitzean aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua. Deialdiaren urteko aurrekontuan aurrekontu-kreditu nahikorik ez dagoelako aintzat hartu ez diren eskabideek laguntza jaso dezakete baldin kreditua zabalgarria bada edo, bestela, hurrengo urteko deialdian ebatziko dira, baldin eta horretarako aurrekontu-egozpenean krediturik badago.

6. Administrazio-unitateak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta haiei erantsitako dokumentazioa; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

Administrazio-unitateak izanen du datuak zehazteko, jakiteko eta egiaztatzeko egin behar diren izapide guztiak ofizioz egiteko ardura; izan ere, datuok oinarri hartuta eginen zaio ebazpen proposamena organo eskudunari, hark ebazpena eman dezan.

7. Gobernu Batzarrak ordenantza honen eranskinetan ageri diren dokumentuak (eskabide orriaren eredua, erantzukizunpeko adierazpena eta abar) alda ditzake, hala erabakitzen badu, baldin eta aldaketa horrek ez badu eraginik ordenantza honetan araututako funtsezko alderdietan.

6. artikulua. Jarraipena, ikuskapena eta kontrola.

Dirulaguntzen alorreko lege orokorretan xedatutakoaren arabera, Fustiñanako Udalari dagokio kontrol eta jarraipen ahalmena baliatzea, onuradunari ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, egoki irizten dizkion ikuskapen bisitak egin ditzake.

Onuradunak edo erakunde kolaboratzaileak eta dirulaguntzarekin edo haren justifikazioarekin lotura duten hirugarrenak behartuak daude kontrol funtzio horiek erraztera eta horietan laguntza ematera.

Onuradunek identifikazio datuetan edo inguruabarretan izaten den edozein aldaketa jakinarazi beharko diote Udalari, baldin eta horiek kontuan hartu baldin baziren dirulaguntza emateko garaian. Jakinarazi beharko diote, baita ere, onuradunak onartutako konpromisoak edo betebeharrak aldatu badira.

Gerta liteke deialdi honen babespean eskatu eta eman izan den edozer dirulaguntza eskatu edo haren onuradun izan den enpresa baten titulartasuna edo izena aldatzea, edo enpresa subrogatzea. Era horretako aldaketarik gertatuz gero, unean bertan jakinarazi beharko dute onuradunek, baita horien frogagiriak aurkeztu ere, dirulaguntza eman eta urtebete igaro artean.

7. artikulua. Laguntzen metaketa, gehieneko zenbatekoa eta bateraezintasuna.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da izan onuradunak gauzatuko duen jardueraren kostua baino handiagoa, berez edo bestelako administrazio publikoen edo erakunde pribatu nahiz publiko, nazioko nahiz nazioartekoen laguntza edo dirulaguntzekin batera.

Hori dela eta, dirulaguntzarako eskabidearekin batera konpromiso hau aurkeztu behar da: diruz lagundutako kontratu-aldian muga hori inoiz gainditzen bada, horren berri emanen da.

8. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzaren araudiak besterik xedatzen ez badu, Udalaren aurrekontua gauzatzeko oinarrietan ezarritakoaren arabera, emandako laguntzaren %75 ordainduko da lehenbizi, behar den bezalako dokumentazioa aurkeztuta, eta emandako laguntzaren gainerako %25, egiaztatu ondoren onuradunak bete dituela ordenantzaren helburua eta ezarritako iraupen-denbora.

9. artikulua. Finantzaketa.

Deialdia egiten den ekitaldiko udal aurrekontuko aplikazioen kargura finantzatuko dira ordenantza honetako laguntzak, deustan ukatu gabe ordenantzaren 5.5 artikuluan xedatutakoa.

10. artikulua. Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

Dirulaguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, edo Estatuko edo atzerriko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten dirulaguntzak edo laguntzak batera lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

11. artikulua. Dirulaguntzak itzuli beharra.

a) Jasotako zenbatekoak itzuliko ditu onuradunak eta berandutze-interesagatik dirulaguntza eman zenetik hasita legeak agintzen duen zenbatekoa eskatuko zaio, espedientea tramitatu ondoren, honako kasu hauetan:

–Dirulaguntzari uko egitea.

–Dirulaguntza eskuratzea, behar diren baldintzak faltsututa edo bete gabe.

–Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo epetik kanpo egitea.

–Onuradunari ezarritako beste edozein baldintza ez betetzea.

–Onuradunak Udalaren kontrol jarduerei uko egitea.

b) Onuradunak noraino bete ez duen, horren proportziokoa eta neurrikoa izanen da itzultzeko eskaera.

c) Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, beste erantzukizun batzuk gorabehera, halakorik bada.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, itzuli egin beharko da jasotako dirua, eta legezko interesa gehi %25 eskatuko da, dirulaguntza ordaindu edo kontura eman zenetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den eguna arteko denborari dagokionez.

e) Lau urtera preskribatuko du Administrazioaren eskubideak, itzulketa aitortu edo likidatzeko. Itzulketa eskatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

f) Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da, kontraesanaren eta frogaren printzipioen araberakoa, eta interesdunari entzunaldia emanen zaio, egoki juzgatzen dituen alegazioak egin eta frogak aurkez ditzan. Tokiko Gobernu Batzarra izanen da dirulaguntzak bertan behera utzi edo ezeztatzeko organo eskudun bakarra. Oinarriotan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

12. artikulua. Zehapen prozedura.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratibotzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikatutako egiteak edo ez egiteak. Zehapen prozedura, zigorren graduazioa eta zehapen motak aipatu legean ezarritakoak izanen dira.

13. artikulua. Publizitatea.

Onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko egiten dituzten adierazpen guztietan Fustiñanako Udalak diruz lagundu dituela agertu beharko da.

II. TITULUA

Dirulaguntza jaso dezaketen programak

14. artikulua. Laguntzen esparrua.

Udalaren laguntzak jaso ditzakete Fustiñanako udal-mugartean egin nahi diren jarduerek eta jarduketek, baldin eta, bakoitzarentzat ezarritako baldintzak betetzeaz gainera, honako xede hauetara bideratuta badaude:

1.–Merkataritzaren eta zerbitzuen sarea sustatzea.

2.–Enpresa jarduera berriak ezartzea autoenpleguaren bitartez.

3.–Ostatua eta turismo zerbitzuak ezartzea.

15. artikulua. Onuradun izateko berariazko baldintzak eta betebeharrak.

1. Enpresa onuradunak ekimen berriak izanen dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresako titularrek (bazkide guztiek, baldin eta erakunde eskatzailea sozietatea bada) ezin dute beren kontura jardun diruz lagunduko den jarduera ekonomikoan, berdin bakarka zein sozietate bateko kide izanik, diruz lagunduko den jarduera martxan jarri aurreko azken 3 urteetan, Fustiñanako udal-mugartearen barnean.

b) Enpresak juridikoki sortu berriak izanen dira, ez da onartuko aldez aurretik existitzen den jarduera bat handitzea, ez eta lehendik existitzen diren enpresen antzeko jarduera gauzatzen duten delegazioak irekitzea, ezta enpresa juridikoki aldatzea ere.

2. Fustiñanako Udalaren ekonomia-jardueren gaineko zergan alta hartzea, aurreko urteko urriaren 1etik, abian den urteko irailaren 30era bitartean.

3. Eskatu eta ordaindu izana behar diren obra lizentziak, kasuan kasuko jarduera egiteko beharrezkoak direnak (jarduera sailkatuena eta irekitzekoa) eta ekonomia-jardueren gaineko zerga.

4. Proiektuaren bideragarritasun txostena izatea, bai teknikoa bai ekonomiko-finantzarioa.

5. Proiektuari 24 hilabetez eustea, EJZko hasierako altatik aurrera; bestela, litekeena da dirulaguntza aldatu edo itzuli behar izatea. Enpresa jarduera 12 hilabete baino gutxiagoko epean itxiz gero, enpresa onuradunak itxiera horren berri eman beharko dio Udalari, eta jasotako dirulaguntza itzuli beharko du, baldin eta itxiera hamalaugarren hilabetetik aurrera egiten bada, jarduera utzi zenetik 24 hilabeteak osatu arte igaro gabe dagoen denboraren zati proportzionalean.

16. artikulua. Baztertze espezifikoak.

1. Deialdi honetatik kanpo daude aurreko urteetan lerro honen bidez dirulaguntza jaso duten pertsonak, enpresa jarduerak edo enpresak, betiere jarduera beretan edo antzekoetan aritzeko baziren laguntza horiek.

2. Ez dira jarduera ekonomiko berritzat hartuko deialdiaren aurretik jada jarduera ekonomiko batean aritu eta EJZeko beste epigrafe batean alta ematen dutenak.

3. Eskualdaketak diruz laguntzen ahalko dira negozioaren lagatzailearen eta lagapen-hartzailearen artean ez badago ezkontza-loturarik edo antzeko egitatezko egoerarik, eta/edo hirugarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasunik eta odol-ahaidetasunik.

17. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Proposatutako hiru lerroetako laguntzen zenbatekoa 2.500,00 eurokoa izanen da, eta 500 euro gehituko zaizkie 35 urtetik beherako sustatzaileei. Kasu horretan, jardueraren sustatzaile guztiek 35 urte baino gutxiago izan behar dituzte.

18. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskabidea, Fustiñanako Udalari zuzendua (I. eranskina).

2. Jarduera eratu duten pertsona fisikoen edo legezko ordezkarien NANak eta enpresaren IFK.

3. Gizarte Segurantzarekin, Nafarroako Foru Ogasunarekin eta Fustiñanako Udalarekin dituzten zerga eta tributu betebeharrak egunean izatearen ziurtagiriak.

4. Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen direla dioena. (2. eranskina).

5. Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena. (2. eranskina).

6. Erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko baita eskatzaileak betetzen duela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18.2 artikuluan zehaztutakoa. (2. eranskina).

7. Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Deialdi honetan parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaeren berri ere eman behar da. (3. eranskina).

9. Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria.

10. Enpresa proiektua azaltzen duen memoria, eta bideragarritasun txosten teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa.

11. Bizileku-baimena, egoiliar berrien kasuan.

12. Sustatzailearen edo sustatzaileen lan bizitza.

13. Enpresaren eraketaren eskritura, behar izanez gero.

14. Merkataritzako lokalen edo nabe industrialen alokairu kontratuaren kopia, edo salerosketa eskriturarena.

19. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz, adierazten da ezen emandako datu pertsonalak ordenantza honen edukia eta urteko dagokion deialdia kudeatzeko baizik ez direla erabiliko, eta Fustiñanako Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batzen ahalko zaizkiela. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta ezabatzeko eskubideak erabiltzen ahalko dira bertan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

1. ERANSKINA

Sustapen sozioekonomikorako laguntzen eskaera (PDFa).

2. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2115650