260. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

281/2021 EBAZPENA, urriaren 20koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Esako udalerrian (Nafarroa) dagoen Leireko San Salbatore monasterioa izeneko monumentuaren babes eremua behin-behinekoz mugatu, eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea irekitzen duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten hau eman du:

“Leireko San Salbatore monasterioa, Esako udal mugartean dagoena, monumentu nazional deklaratu zuten 1867ko urriaren 16ko Errege Aginduaren bidez. R-I-51-0007 erregistro zenbakia du. Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen lehenengo xedapen gehigarria aplikatuz, interes kulturaleko ondasun izaera dauka, eta izendapen hori ere dagokio.

Monasterioaren babes eremua Nafarroako Gobernuaren 2011ko abenduaren 21eko Erabakiaren bidez mugatu zen, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin bat. Esako 1. poligonoko 385., 389., 393., 395. eta 403. lurzatiak hartzen ditu barnean, 120 metroko erradioa duen zirkulu baten barruan daudenak, eta zirkuluaren erdian monasterioaren eliza dago. Lurzati horiek guztiak Leireko San Salbatoreko beneditarren elkartearen izenean daude, gozamendun gisa.

Esako udal plan orokorra Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariaren apirilaren 18ko 41E/2016 Foru Aginduaren bidez onetsi zen behin betiko.

Planean erabaki da 403. lurzatia lurzoru urbanizaezin bihurtzea (lehengo udalaren hirigintza-planaren arabera, hiri-lurzorua zen). Eta interes kulturaleko ondasunaren ingurunea, berriz, babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa kalifikatu du, balio kulturala duen lurzoru gisa (Leireko monasterioa interes kulturaleko ondasunaren ingurunea). Planak eremu zabalagoa mugatu du monasterioaren inguruan, lehengo lurzoru urbanizaezina barne hartzen duena, honela sailkatua: babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, paisaia aldetik balioa duen lurzorua, “Leireko monasterioaren ingurunea” paisaia berezia. Eta aurreko eremuetako lurrak honela sailkatu ditu: gorde beharreko lurzoru urbanizaezina, ingurumen aldetik balioa duen lurzorua, baso lurzoruak. Azken kalifikazio hori eman zaie, orobat, monasterioko abeletxeei, hego-ekialdera daudenak, tarte batera.

Leireko San Salbatore monasterioko abadeak hori guztia azaldurik, eta monje beneditarren elkartea Leireko monasterioan instalatzeko 1946. urtean sinatutako hitzarmenaren baldintzen berri eman ondoren, adierazi du udal plan berrian ezarritako determinazioek galarazten dutela elkartearen mantenurako beharrezkotzat eta egokitzat jotzen dituen jarduerak eta instalazioak garatzea. Era berean, iruditzen zaio aldatu direla monasterioaren eremu fisikoa babesteko baldintzak, Nafarroako Gobernuak interes kulturaleko ondasunaren babes eremua mugatu zuenean zeudenekin alderatuz gero. Horrenbestez, uste du garai hartan mugatutako eremua ez datorrela bat monumentuak eta haren jarduerak orain behar duten babesarekin. Uste du, orobat, ulertezina dela, monasterioa eta haren ingurune paisajistikoa nabarmendu eta babestu nahian, hirigintza babeserako hainbat figura aplikatzea, monasterioaren beharrak ahazten dituztenak, behar horiek izanik, hain zuzen, arreta eta babesa behar dutenak. Bestalde, gaineratzen du ezen, garai bateko aireko argazkien analisi hutsarekin (esate baterako, 1927-1934 urteetako hegaldietako argazkiak), argi gelditzen dela garai hartan monasterioaren ingurune hurbilaren eta hegoaldeko lurren egoera oso bestelakoa zela, egungoarekin alderatuta.

Horregatik eskatu du Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak berrikus dezala Leireko monasterioa interes kulturaleko ondasunaren babes eremuaren mugaketa, eta ezar ditzala behar diren determinazioak monasterioaren erabilerari eta funtzionamenduari loturiko jarduerak, eraikinak eta instalazioak ahalbidetzeko.

Ondare Arkitektonikoaren Atalak eskaera hori azterturik, bidezkotzat jotzen du proposatzea berrikus dadila Leireko San Salbatore monasterioaren babes eremuaren mugaketa, eta tramita dadila Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

Berrikuspen horrek berekin dakar babes eremuaren mugak zabaltzea eta eremu horretarako hirigintza-determinazioak aldatzea. Hori guztia udalaren hirigintza-planean jaso behar da, 14/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Proposatzen den mugaketak garai batean mugatutako eremua hartzen du, eta, horrez gainera, honako hauek: 403. lurzatiaren gainerako lurrak, hiri-lurzoru gisa sailkatuak zeudenak, non kokatzen baitira monasterioaren eraikin gehienak eta monasterioaren garai bateko baratzearen iparraldeko zatia; 385. lurzatiaren puska bat, garai bateko baratzearen hegoaldeko zatiari dagokiona; eta 391. eta 392. lurzati txikiak, lur horiek ekialdetik ixten zituztenak.

Honako hau da Leireko San Salbatore monasterioa babesteko eremuaren mugaketaren hitzez hitzeko deskribapena:

Leireko San Salbatore monasterioaren babes eremua lurzati hauek osatzen dute: 403., 391. eta 392. lurzatiak; 385., 389., 393. eta 395. lurzatietako eremu batzuk, zehazki, monasterioaren eliza erdigune harturik, 120 metroko erradioko zirkulu batean sartzen direnak; eta 385. lurzatiko lur batzuk, 403. lurzatiaren hegoaldera daudenak, monasterioaren garai bateko baratzearen hegoaldeko mugatik doan bideraino. Lurzati horiek guztiak Esako udalerriko 1. poligonoaren barruan daude.

Erantsitako planoan jasotzen da eremuaren mugaketa grafikoa.

Hau da ukituen zerrenda:

–Leireko San Salbatore monasterioko beneditarren elkartea.

–Nafarroako Foru Komunitatea, Ondare Zerbitzua.

–Nafarroako Foru Komunitatea, Zainketa Zerbitzua.

–Nafarroako Foru Komunitatea, Basoen eta Ehizaren Zerbitzua.

–Nafarroako Foru Komunitatea, Lurralde eta Paisaia Zerbitzua.

–Esako Udala.

Eremu horretarako proposatzen diren babes neurriak 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritakoak dira, hots: beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

Gainera, eremu horretarako honako determinazio hauek ezarri dira, zeinak Esako Udalak txertatu beharko baititu Esako udalaren hirigintza-planean, aldaketa baten bidez, 14/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz:

1. Esako udal planean “Babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, balio kulturala duen lurzorua, Leireko monasterioa interes kulturaleko ondasunaren ingurunea” izena duen eremuaren mugaketa bat etorriko da interes kulturaleko ondasunaren babes eremuaren mugaketarekin. Lur horietan, monasterioaren erabilerari eta funtzionamenduari loturiko jarduera, eraikin eta instalazio guztiak baimenduko dira, baina kultura arloan eskumena duen departamentuaren baimena beharko dute, 14/2005 Foru Legean ezarri bezala.

2. Esako udal planean “Leireko monasterioaren ingurunea” izeneko paisaia berezi gisa (babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, paisaia aldetik balioa duen lurzorua) sailkatuta dagoen eremuaren mugaketak kanpoan utziko du interes kulturaleko ondasunaren babes eremua.

3. Udal planean, interes kulturaleko ondasunaren ingurunearen eremuaren barruan, gorde beharreko lurzoru urbanizaezinaren sailkapena aldatuko da: ingurumen aldetik balioa duen lurzorua, baso lurzorua izeneko azpikategoriatik aterako da, eta balio kulturala duen lurzorua izeneko azpikategorian sartuko. Lur horietan, monasterioaren erabilerari eta funtzionamenduari loturiko jarduera, eraikin eta instalazio guztiak baimenduko dira, baina kultura arloan eskumena duen departamentuaren baimena beharko dute, 14/2005 Foru Legean ezarri bezala.

Beraz, proposatzen da Leireko San Salbatore monasterioaren babes eremuaren mugaketa aldatzea eta aldaketa horren tramitazioa hastea.”

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Esako udalerrian (Nafarroa) dagoen Leireko San Salbatore monasterioa izeneko monumentuaren babes eremua behin-behinekoz mugatzea, interes kulturaleko ondasun gisa babestu ahal izateko, ebazpen honen azalpen zatiko hitzez hitzeko deskribapenarekin eta ebazpen honi atxikitako dokumentazio grafikoarekin bat.

2. Jendaurrean egoteko 30 eguneko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia argudiatu dezaten.

3. Ebazpen hau interesdunei eta Esako Udalari jakinaraztea. Eta aditzera ematen zaie bertan behera utzi behar direla ukituriko eremuetarako udal partzelazio-lizentziak eta bertan eraiki edo eraistekoak, bai eta jadanik emanak daudenen ondorioak ere, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.d) artikuluan xedatutakoarekin bat. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimena.

4. Ebazpen hau eta ukituriko eremuaren mugaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko urriaren 20an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

Ukitutako eremuaren mugaketa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2115216