260. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1082E/2021 EBAZPENA, urriaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Granja Dos Hermanas SAk sustatutako proiektu honetarako: 2.880 zerramarentzako nukleo berria, 7.380raino handitzeko zerramentzako leku kopurua, 20 kg-rainoko zerrikumeekin, Corraliza de Cruchaga parajean, Caparrosoko udal-mugartean.

Deskribatutako proiektua, bere ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da, 1. taldeko A) 4 atalean; beraz, proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du.

Halaber, proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2B eranskinean jasota dago (“Ingurumen baimen integratuaren eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe dauden jarduerak”), 9.1.d) atalean. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Kontuan hartuz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluak ezartzen duena, 2018ko uztailaren 27an, ingurumen eraginaren azterketaren irismena zehazteko eskatu zuen sustatzaileak, eta horretarako, ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura hasi baino lehen, proiektuaren hasierako dokumentua aurkeztu zuen, ingurumen baimen integratuaren eta ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren menpe zegoena. Izapide horretan 29 erakunderi egin zitzaien kontsulta, eta honako hauen erantzunak jaso ziren: Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala, Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atala, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atala, Abeltzaintza Zerbitzua, Herri-lurren Atala (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua) eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak irismenari buruzko txostena eta kontsulten erantzunak bidali zizkion sustatzaileari, eta ingurumen eraginaren azterketa egitean kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak azaldu zizkion. Irismen-txostena eskatu zitzaion instalazio horrek izapidetzen ari den instalazioaren edukiera eta egitura berak zituela esan behar da, nahiz eta bere garaian kontsultatutako eremua Caparrosoko 13. poligonoko 5. eta 10. lurzatietan kokatu zen, eta ez zen 13. poligonoko 12. lurzatia aurreikusi; azken horretan eginen da obra berri osoa.

2019ko abuztuaren 8an, titularrak ingurumen baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen, ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztuz.

2019ko irailaren 10ean (178. Nafarroako Aldizkari Ofiziala), ingurumen eraginaren azterketa eta ingurumen baimen integraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa jendaurrean jarri ziren eta eragindako administrazio publikoei kontsulta egin zitzaien, 30 egunez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera. Bi alegazio jaso dira jendaurreko informazioan.

Ukitutako administrazio publiko gisa, kontsulta egin zitzaien Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Animalien Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia) eta Caparrosoko Udalari. Espedientean honako hauen erantzunak jaso dira: Lurraldearen Antolamenduaren Atala, Animalien Ekoizpenaren Atala, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala, Abeltzaintza Zerbitzua eta Caparrosoko Udala.

Irismen-izapidearen, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioaren emaitzen laburpena ebazpen honen eranskinetan jaso da.

2020ko urtarrilaren 16an, titularrak dokumentazio-eranskin bat aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapidean jasotako alegazioei eta iradokizunei erantzuteko, eta proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena eskatzeko.

2020ko urtarrilaren 23an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo substantibo gisa jardunez, Biodibertsitatearen Zerbitzuari bidali zion espedientea, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 19. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta dokumentazioa aurkeztu zuen, espedientearen azterketa teknikoa egin eta ingurumen eraginaren adierazpen arrunta egin zezan.

Azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa.

Iruña-Tutera N-121 errepidearen ondoko lurzati batean eginen da handitzea, 61 eta 62 kilometroen artean eta Caparrosoko herritik 3 km hegoaldera.

Handitze-proiektuak instalazioaren elementuak lurzatian banatzen ditu, eta laborantza lurrak okupatzen ditu. Horrela, zerrikumeen nabearen eta minda-putzuaren arteko minda-hodien konexioan izan ezik, landaredi naturaleko guneei ez zaie eragiten (eremu horretan erromeradi, ezkaidi eta otadi bardear eta errioxarrak dira, Salvio lavandulifoliae - Ononidetum fruticosae asoziaziokoak (4090 habitata).

Aztertutako dokumentaziotik ondorioztatzen da proiektuak, handitzea barne, lurralde-dimentsio esanguratsua duela. Instalazioaren eragin-eremuak 190 hektarea hartuko ditu bi nukleoekin eta jarduerari lotutako eremuarekin, Corraliza de Cruchaga parajearen barruan bakarrik. Tomillar eta Piteoko bazkalekuan kokatutako behi-azienda intentsiboaren beste jarduera baten eragin sinergiko eta metatuak ere kontuan hartu behar dira, instalazioen artean 2,8 kilometro baino gutxiagoko distantzia baitago, eta multzoa abeltzaintza intentsiboaren eragin-eremu oso garrantzitsua da Caparrosoko Bardearen barruan.

Urteetan zehar, jarduerak bideak egokitu ditu eta minda garraiatzeko azpiegitura bat garatu du bere funtzionamendurako. Nekazaritza-gune bat eratu du, eta minda landu eta banatu du Corraliza de Cruchagako inguruan eta Errege Bardeako Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) (ES 2200037). Adierazi behar da handitze hori jada ustiategian erabiltzen den lurzoruan eginen dela, eta nekazaritza-banaketako azaleraren titulartasuna ustiategiari lotuta dagoela nagusiki. Horri esker, sustatzaileak neurri bateratuak har ditzake abeltzaintza- eta nekazaritza-sektorean, baimenarekin ezar daitezkeen ingurumen helburuak betetzea errazteko.

Ez da aurreikusten handitze horrek tokiko eragin esanguratsurik eraginen duenik Iruña-Tutera N-121 errepideko bi puntutatik proiektatzen den sarbidearekin, ez eta ur horniduran ere, zeinak aprobetxatuko baitu erabilerarik gabeko hodi bat (bere garaian Aragoi ibaitik ura ponpatzeko baimendutakoa), lehendik dagoen nukleoko idoia (Ferialeko urtegitik hornitzen dena) handitze-eremuan instalatuko den ur-biltegiarekin lotuz.

Ingurumenaren ikuspegitik beste ondorio batzuk ere kontuan hartu behar dira; besteak beste, habitat naturalak eutrofizatzeko arriskua (terofitoen komunitate halonitrofiloak eta gipsofiloak eta gatz-lur halofiloak) minda banatzeagatik; horrekin batera, nekazaritza-intentsifikazioak eragindako habitat naturalen galera ere kontuan hartu behar da.

Proiektua Bardeako eremu sasiestepiko batean kokatuta dagoela adierazten da, baliotsua baita habitaten kalitateagatik eta katalogatutako espezieen presentziagatik. Kontserbazioaren ikuspegitik, paisaia horiek sentikorrak dira beren matrize fisikoaren eta erabileraren eraldaketarekiko; izan ere, ezaugarri mikrotopografiko eta edafikoen bat-egiteak, urtaroetako aldaketek eta lurren ohiko txandakako aprobetxamenduak dibertsitatea ematen diete landare- eta animalia-komunitateei.

Kontuan hartu behar dira nekazaritza-sistema horrek abereen gorozkiak aldaketarik gabe xurgatzeko duen gaitasun moderatua eta nekazaritza-intentsifikazioak komunitate naturaletan duen eragin esanguratsua, minden aprobetxamenduak eragindakoa. Hori dela eta, beharrezkoa da kontrol-neurriak hartzea.

Ingurumen eraginaren azterketa eta txosten hau berrikusita, baliabideen kontsumoari eta usainen sorreraren eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolari lotutako ondorioez gain –ingurumen baimen integratuaren espedientean ebaluatzen diren alderdiak–, honako hau ondorioztatzen da: faunaren eta habitat naturalen gaineko eragina, Errege Bardeako Kontserbazio Bereziko Eremuaren balioen osotasunaren kontserbazioa eta paisaiaren eraldaketa dira kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak.

Ingurumen ebaluazioa egin ondoren, ingurumen baldintzetan habitaten koherentzia ekologikoa eta kalitatea babesteko neurriak sartu dira, arreta berezia jarriz Natura 2000 Sarean. Neurri horiek minda aplikatzeko teknikei eta simaurrak banatzeko lurralde-planari eragiten diete, bai eta landaredi naturaleko esparruei eta erreka urtarotarrei lotutako habitatak babesteari ere. Era berean, martxan dagoen jardueraren desbideratzeei lotutako eraginak zuzentzeko neurriak hartu dira; besteak beste, Errege Bardeako KBEko (ES2200037) behe presioko ureztatze-sistema desegitea eta Pozo Agudoko errekan mantenugaien fluxua kontrolatzea.

Mindak eta deribatuak banatzeko planak kanpoan utzi ditu nitratoek kutsatzeko arriskua duten eremuetan dauden lursailak, irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduan jasotakoak (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariarena, nekazaritzako iturrietatik datozen nitratoek urak kutsa ditzaketen eremuak berrikustekoa eta 2018-2021 aldirako jarduketa-programak aldatzekoa).

Espedientearen ingurumen eraginaren azterketa teknikoaren ondoren (bertan ebaluatu dira proiektuaren ingurumen ondorioak), Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura zuzen gauzatu dela eta obrek ez dutela inpaktu larririk sortuko ingurumenean, behin ingurumen eraginaren azterketako neurri zuzentzaileak eta ebaluaziotik eratortzen diren neurri osagarriak aplikatu ondoren. Era berean, proiektuak ez du eraginik izanen Natura 2000 Sarearen osotasunean.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpen aldekoa egitea Granja Dos Hermanas SAk sustatutako proiektu honetarako: 2.880 zerramarentzako nukleo berria, 7.380raino handitzeko zerramentzako leku kopurua, 20 kg-rainoko zerrikumeekin, Corraliza de Cruchaga parajean, Caparrosoko udal-mugartean.

2. Jarduera espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen dela ezartzea, eta, gainera, baldintza hauek beteko dira:

–Instalazioak 2021eko otsaileko dokumentazioaren arabera ezarriko dira lurzatian; dokumentazio horrek instalazioak (eraikinak, itxiturak, bideak, etab.) banatzea aurreikusten du, bertan dauden landaredi naturaleko esparruei eragin gabe.

–Zerrikumeen nabearen eta minda-nabearen artean lurperatutako minda-hodiak ezinbesteko azalera baino ez du ukituko; horretarako, zerrenda hori erabiliko da makinak sartzeko, eta eremua lehengoratuko da esku-hartzearen ondoren.

–Dokumentazioan aurreikusitako lehengoratze- eta landareztatze-neurriak hartuko dira.

–Mindak, simaurrak, digestatoa edo aziendaren gorotzetatik eratorritako beste deribatuak banatzeko lurralde-plana IV. eranskinean jasotako protokoloari egokituko zaio, biodibertsitatea babesteko eta honako baldintza hauek betetzeko:

a) Ingurune naturalean eraginik ez izateko, minda, simaurra edo horien deribatuak ez dira banatuko landu gabeko lurretan edo alfer-lur iraunkorretan, ezta minda edo haren deribatuak akuiferoekin edo iturriekin kontaktuan jartzen dituzten lur karstifikatu edo oso iragazkorretan ere.

b) Banaketa-formulak bermatuko du mindak aplikatzeak edo horien osagaiak mugitzeak ez diola eraginen erretenekin eta ubideekin, bideekin, ezpondekin edo finken arteko mugekin lotutako landarediari, eta horiek ez kaltetzeko beharrezko diren neurriak ezarriko ditu.

c) Oro har, IV. eranskinean aurreikusitako kasuetarako, baina berariaz Errege Bardeako Kontserbazio Bereziko Eremuan (ES2200037) sartutako banaketa-eremurako, abereen gorozkien balioztatze materiala, hau da, ongarri moduan laborantza-lurretan erabiltzea, minda gordinarekin edo simaur solidoarekin bakarrik eginen da.

Era berean, 16. poligonoko 198. lurzatiaren A azpilurzatietan eta 16. poligono bereko 10. lurzatiaren DN, S, DC DC, DD, CC, AH eta AY azpilurzatietan simaur solidoa edo haren deribatuak soilik aplikatuko dira, 2021eko otsailean aurkeztutako eranskinaren dokumentazioaren 4. planoan aurreikusitako mugaketarekin.

d) Mindaren balioztatze materiala, hau da, nekazaritzako ongarri gisa erabiltzea, ingurumenaren aldetik kalteberak diren eremuetan, tokian tokiko banaketa-sistema baten bidez egin beharko da, eta sistema horrek bermatu beharko du ez dela istiltzerik edo azaleko jariatzerik sortzen lursailean.

e) Edozein banaketa motatatik kanpo utzi eta bilakaera naturalerako utziko da 5 metroko zerrenda bat, 16. poligonoko 10. lurzatiaren AF azpilurzatiaren esparrua zatitzen duen ibilguaren bi aldeetan, non nekazaritza-praktikak modu larrian eragin baitie jariatze naturalaren ibilguari eta haren korridoreari lotutako habitatei. Esparru horren gainerakoa simaur solidoarekin ongarritzen ahalko da.

–Caparrosoko 13. poligonoko 12. lurzatian dagoen ur-ibilgu urtarotarrak izapidetzen ari diren 2.880 zerramarentzako nukleo berriaren instalazioak banatzen ditu (N-121aren mendebaldean), eta, Bardeako KBEaren barruan, larre-korridore batekin eta hezegune urtarotar batekin lotuta dago “El Juncal” parajean. Ibilgu horren isurketa-arrorako hautatutako behe presioko ureztatze-soluzioa kontuan hartuta, ihinztaketa bidez kokatutako banaketa-sistematik kanpo utzi beharko da isurketa-arro hori. Arro horretarako, ongarritzea minda gordinarekin edo simaur solidoarekin bakarrik egiten ahalko da.

–Simaurrak, mindak edo horien eratorriak aplikatzeko edo aprobetxatzeko modua errazteko jarduerak sartutako edozein jarduketa, paisaia sinplifikatzea edo laboreen erregimena edo konposizioa aldatzea ekar badezake, ingurumen eraginaren adierazpenaren baldintzen aldaketa potentzial gisa ebaluatu beharko da, eta, prozedura substantiboarekin bat etorriz, ezarri aurretik jakinarazi beharko da.

–Argindar hornidura unitate elektrogenoen bidez egitea planteatzen da. Etorkizunean elikadura alternatibo bat proiektatzen bada, dela energia berriztagarriak dituen sistema autonomo baten bidez, dela aireko edo lurpeko linea elektriko berri baten bidez, dagokion ingurumen izapidean haren ingurumen bideragarritasuna aztertu beharko da.

–Jarduera maneiatzean, biozidak erabiltzean eta instalazioak mantentzean, inguruko faunari eragiten dioten hegazti edo ugaztun oportunistak erakar ditzaketen animalia-hondarrak edo elikagaiak agerian geratzea saihestuko da.

–Kanpoko argiztapenak xedapen hauetan ezarritakoarekin bat etorri beharko du: azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea, argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzkoa, garatzeko erregelamendua onesten duen irailaren 15eko 149/2007 Foru Dekretuaren 3. artikulua, eta Kanpoko argiztapen instalazioen energia efizientziari buruzko erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretua, batez ere 6. artikulua, zeinak “gaueko argi distira, argi arrotza edo gogaikarria” arautzen baitu.

Kanpo argiztapenerako behe presioko sodio lurrunezko lanparak edo LED anbar monokromatikoa erabiliko dira eta, argi iturri horiek baliatu ezin direnean, 440 nm baino gutxiagoko uhin luzerak iragazi eginen dira. Une jakin batzuetan eta oso denbora-tarte laburretan, animalien zamalanei dagokiena erabiliko da.

Obrak egitean hartu beharreko neurriak.

–Eraikuntza-lanak hasi aurretik, elementuen zuinketa egin beharko da lurrean, eta landaredi naturaleko esparruak balizatu, babes daitezen. Babes-ertzak ezarri beharko dira, landarediari ez eragiteko.

–Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Errege Bardeako KBEko (ES2200037) digestatoa bulkatzeko eroanbidea deuseztatzeari ekin beharko zaio, eta hoditeriako obrek eragindako laneko kalea eta ingurune hurbila leheneratu beharko dira, beharrezkoa den kasuetan.

Leheneratze-lanetan, minda-isuriak garbituko dira eta zonan dauden hondakinak kenduko dira, lurrazaleko lurrak profilatuko dira integrazio topografiko egokia lortu arte, eta laneko kale osoa landareztatuko da. Azken horretarako, honako espezie hauetako batzuen hazien nahasketa ereinen da (merkataritzarako aukeren arabera): ezkaia (Thymus vulgaris), erromeroa (Rosmarinus officinalis), itxiokorria (Ononis fruticosa) eta/edo albitza (Brachipodium retusum). Ereiteko lanak neguan eginen dira, eta, behar izanez gero, berrereintzekin osatu beharko dira.

–Proiektatutako “ereintzetan” eta konpentsazio-landaketetan gaitasun ekologikoa duten eta inguruko klima-baldintzetara egokitzen diren espezie autoktonoak erabiliko dira. Honako zuhaitz eta zuhaixka espezie hauek proposatzen dira hesiak eratzeko: Aleppo pinua (Pinus halepensis), ipurua (Juniperus communis, J. oxicedrus), txaparra (Quercus coccifera) eta erromeroa (Rosmarinus officinalis).

–Bideen trazadurak, makinen zirkulazioak eta obretan soberan geratu diren lur eta materialen kudeaketak ez dute eraginik izanen ustiategia kokatuta dagoen eremuko balio naturaleko elementuetan.

–Lanen hasieran, landare-lurra aterako da (lurzoruaren gainazaleko horizonte emankorra), eta lanek eragindako ezpondak eta gainazalak lehengoratzeko erabiliko da.

–Hondeaketan sobera geratzen diren zabalguneko lurrak, landare lurrak ez direnak, kudeatzaile baten esku utziko dira, baita gainerako materialak eta obra hondarrak ere, beren izaeraren arabera.

Ingurumenaren jarraipena egiteko neurriak.

–Instalazioa aldatzeko instalazioa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

  • Erreseina bat, memoriaz eta agiri grafikoez osatua, agerian uzteko ingurumena leheneratzeko jarduketak, naturaren bilakaeraren mende utzitako eremuen egoera eta proiektuan aurreikusitako landaketak nola gauzatu diren.
  • Memoria eta dokumentazio grafikoa, Errege Bardeako KBEaren (ES2200037) barruan dagoen digestatoa bulkatzeko hoditeriaren ingurumena lehengoratzeko jarduerak egiaztatzen dituena, baimen honetan aurreikusitako baldintzen arabera.

3. Ingurumen eraginaren ebaluazioko baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko dira, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako barrutia), Caparrosoko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Zerrikumeak 20 kg-raino hazteko (hasierako gizendegia) instalazio bat handitzea proiektatzen da, zerramendako 7.380 toki izateraino, Corraliza de Cruchaga parajean. Horretarako, 2.880 zerramarentzako nukleo berri bat eta ustiategian ekoitzitako zerrikumeak hasierako gizendegian hazteko 18.144 toki aurreikusi dira. Nukleo berria 13. poligonoko 12. lurzatian egonen da, Iruña-Tutera N-121 errepidearen mendebaldean, 61,5 KParen parean.

Handitze hori burutu ondoren, ustiategi handitua honela osatuta geratuko litzateke:

–1. nukleoa (lehendik dagoena).

Caparrosoko 16. poligonoko 4., 5. eta 10. lurzatien eremuan dago, eta lurzati horien hegoaldea, iparraldea eta ekialdea hartzen ditu, hurrenez hurren. Hainbat eraikin multzoz osatuta dago, eta eraikinok A, B, C, D eta E nukleoak osatzen dituzte.

  • 4 + 4 ernaldi-nabe (A eta B nukleoak).
  • 2 + 2 amatasun-nabe (A eta B nukleoak).
  • Zerrikumeen 2 nabe (C nukleoa).
  • Aurrerakoen 2 nabe (D nukleoa).
  • Ordotsen nabea (E gunea).
  • Beste eraikin batzuk.
  • Ur-idoia.
  • Zati likidoko putzu bat, 36.250 m³-koa (A eta B nukleoak).
  • 870 m³-ko simaurtegia (A eta B nukleoak).
  • Zerrikumeen putzu bat, 870 m³-koa (C nukleoa).
  • Gorpuak errausteko ekipamendua (B nukleoa).
  • 2 transformadore (A eta B nukleoak).

–2. nukleoa, (2.880 zerramentzako nukleo berria, handitzeko; izapidetzen ari da).

Eraikin berriak 13. poligonoko 12. lurzatian.

  • 153 × 19,7 metroko nabeak lehen umea duten zerramen ernaldirako eta kontrolerako.
  • Ernaldi baieztatuko 166,4 × 24,1 metroko nabea.
  • 166 × 32 metroko amatasun-nabea.
  • 162 × 41 metroko nabea titia kentzeko (zerrikumetegia - hasierako gizendegia).
  • 36,4 × 8,4 metroko 2 nabe berrogeialdirako, 12,4 × 8,4ko nabe bat abere zaharrak baztertzeko, eta beste eraikin batzuk (biltegiak, bulegoak, etab.).
  • 17.335 m³-ko minda-putzua.
  • Simaurtegia eta bereizgailua.
  • Gorpuak errausteko ekipamendua.

Instalazioez gain, sarrera-gune berrian trazadura berriko 450 metroko bide zorudunak (N-121 errepideko 61,00 KPtik eta lursaila hegoaldean mugatzen duen Lomba bidetik abiatzen direnak) egitea aurreikusten du handitze-proiektuak, ur-horniduraren hedatzea eraikitako nukleoko idoitik, eta gasolio-biltegi bat instalatzea makineriarako eta gorpuak errausteko ekipamendua elikatzeko. Era berean, handitzearekin batera, ordotsen nabea erabilerarik gabe utzi nahi da, lehen nukleoari lotuta (lehengo F nukleoa).

Bi isurkiko estalkia eta %10eko malda duten nabeak, biltegia izan ezik, teilatu-hegalerainoko 4 metro inguruko altueratik hasita, altuera desberdinetara iristen dira, zabaleraren arabera. Lurzatian banatuta daude, eta, alde batetik, titia kentzeko nabea (hasierako gizendegia) eta, bestetik, zerri eme helduen nukleoa biltzen dituzte, non ugalketa-egoeraren arabera antolatzen baitira animaliak. Bi guneek sarbide bereiziak izanen dituzte.

Instalazioak oinplano elipsoidaleko minda-putzu bat izanen du, 130 × 50 metrokoa eta 4 metro sakon, eta ontzia hondeatuta eta lamina plastikoz iragazgaiztuta egonen da. Putzuak hondoko drainatze-sistema bat eta ihesak kontrolatzeko kutxatila bat izanen ditu, eta 17.335 m³ biltzeko edukiera. Putzu hori zerramen nukleoko hobi sistema drainatzen duen kolektorearekin eta lurzatiaren iparraldean dagoen titia kentzeko nabearekin lotuko da.

Instalazioak funtzionatzeko behar duen ura lortuko du eraikitako nukleoan dagoen ur-idoitik, zeina Ferialeko urtegitik hornitzen baita, bai eta argindar hornidura ere, sorgailu autonomo bat erabiliz. Etorkizunean linea elektriko bat instalatzea planteatu da.

Guztira, handitzeak 36.800 m² inguru hartuko ditu zenbait zelaigunetan, eraikinetako estalki eta zoladuren 24.650 m² inguru barne, eta zabor-legarrezko zorua (edo zoladura, simaurtegiaren eta bereizgailuaren kasuan) duten 10.200 m², nabeetako zabalguneei, jardueraren maniobra-eremuei eta ibilgailuentzako aparkalekuei dagozkienak, baita 450 metro lineal bide ere, zoru berriarekin.

Proiektuan landaketak aurreikusi dira instalazio berriaren ikusizko integrazioa errazteko eta 13. poligonoko 12. lurzatian 1,04 hektarea basoberritzeko jarduketa zehatz bat egiteko, baso-lurzorutik 110 metroko minda-hodia pasatzearen kontraprestazio gisa.

Nukleo berriak minda bi fasetan bereizteko tratamendu-eredua errepikatuko du iragazketa bidez, simaur solidoa zati likidotik bereiziz eta minda-putzuarekin konektatutako hormigoizko zoladura baten gainean biltegiratuz, jarioak biltzeko.

Ustiategian bertan zerrikumeak ekoitzi eta 20 kg-raino hazteko jarduerak 7.380 zerramentzako lekua du ustiapen-erregimenean, gehi aurrerako zerri emeak; titia kendutako 184.000 zerrikume bizi ekoitziko dira urtean. Guztira 73.964 tona ekoitziko direla kalkulatzen da, iragazitako minda gordinaren fase likidoa eta solidoa batuz gero (136.443 kg nitrogeno eta 133.000 kg fosforo). Bajak errausketaren bidez kudeatzen dira, eta zerrama zaharrak baztertu ondoren saldu egiten dira.

Jarduerak simaurra ekoizteko eta kudeatzeko plan bereiziak ditu instalazio bakoitzerako, bai eta baterako banaketarako lurralde-plan bat ere, minda balioztatzen duena nekazaritzarako ongarri gisa erabiliz. Lurralde-planak 877 hektarea ditu, gehienak titularraren jabetzako lehorreko lursailetan; lur horiek produktibitate txiki-ertainekoak dira, instalazioen Bardeako ingurunean kokatuak. Gainerakoak laborantza intentsiboko lursailak dira, Santakaran, Mélidan, Murillo el Cuenden eta Azkoienen, partikularren jabetzakoak, batez ere zereal soro ureztatuak eta, kasu batzuetan, baratzeak, eta horietara bideratzen da simaur solido gehiena. Plan osotik, azaleraren %67 ustiategiko nukleoetatik 5 km-ra baino gutxiagora dago.

Instalazioak jarduerak baditu sortutako simaurra eta mindak banatzeko hodi esekien zisterna bat, 60 m³-ko biltegi mugikor bat eta 20 m³-ko zisterna-kamioiak, behe presioko ihinztaketa-sistema instalatuta ez dagoen tokietan frakzio likidoa banatzeko. Halaber, baditu sakabanatze-atoi bat eta erdi-atoia duten kamioi batzuk, solido bereiziak nukleoetatik urrutien dauden eremuetara garraiatzeko (nagusiki, beste jabe batzuek lantzen dituzte), bai eta bi biribilkatze sistema mugikor ere, behe presioko ihinztaketaren bidez minda aplikatzeko, ustiategiaren inguruko lurzatietan erabiltzen direnak, ur-harguneen eta hodien sare bati konektatuta.

II. ERANSKINA

Ingurumen ebaluazioko kontsultak Irismen txosteneko kontsulten laburpena

Kontsultatutako pertsona eta entitateen zerrenda eta irismen txostenerako erantzunak:

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atala

X

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzua

X

Herri-lurren Atala.

X

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia

X

Caparrosoko Udala

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

Nafarroako Unibertsitatea

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

ADECANA Nafarroako Ehiztarien Elkartea

Nafarroako Ehiza Federazioa

UAGN (Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Batasuna)

EHNE-NAFALUR

CCOO

LAB

ELA

CCOO

Teder Elkartea (Lizarraldea)

Erdialdeko Eskualdeko Tokiko Ekintza Taldea

EDER Partzuergoa

Ekologistak Martxan

Gurelur

Landazuria

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Sustrai Erakuntza fundazioa

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak hasierako aurkezpenetik egindako izapidea azaldu du. Lehendik dagoen instalazioa handitzeagatik ingurumen baimen integratuan egindako funtsezko aldaketa gisa izapidetu da. Txostenarekin batera, kontsultatutako erakundeen erantzunak ematen dira, eta atal honen balorazioaren arabera garrantzi handiena duten alderdiak laburbiltzen dira.

Ingurumen eraginaren azterketan sartu beharreko alderdien artean, txosten horrek beharrezkotzat jotzen du azterketak faktore meteorologikoak, inguruko haize nagusien urtarokotasuna (norabidea eta intentsitatea) eta usainek inguruko herrietan izan dezaketen eragina aztertzea, maneiurako jarraibide eta neurri sentiberak zehazteko. Era berean, txostenak dioenez, azterketak berariazko kapitulu bat izan behar du, proiektuak Errege Bardeako Kontserbazio Bereziko Eremuan (ES2200037) duen eragina baloratzeko. Kapitulu horrek instalazioaren zati bat eta jardueraren garapenak izan ditzakeen zuzeneko eta zeharkako beste eragin batzuk jaso behar ditu.

Adierazten du dokumentazioak paisaiaren gaineko eragina aztertzen duen kapitulu bat izan beharko duela, eta eragindako eremuak landareztatzeko eta tratatzeko proposamen bat aurkeztu beharko duela, instalazioak paisaian integratzeko. Txostenaren arabera, proiektuak ur-idoian istripuz sar daitekeen basa-faunaren itotzea prebenitzeko neurriak jaso beharko ditu, bai eta jarduketaren eremuko lurren balantzea ere, obrako lurren erabilera eta soberako lurren eta eraispen-hondakinen kudeaketa aurreikusteko.

Adierazten du kanpoko argiak egokitu behar direla, gaueko ingurunea babesteko argiteria antolatzeari buruzko irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretua betetzeko, eta jarduketak ondare arkeologikoaren babesari buruzko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren txostena jaso behar duela. Azkenik, gogorarazten du azterketak ingurumen gaietako kartografia eman behar duela proiektuaren ingurumen ebaluazioa egiteko, bai eta paisaian integratzeko tratatu beharreko eremuak identifikatzeko xehetasun-planoak ere.

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak jakinarazi duenez, abelbideei dagokienez, proiektuak ez die eraginen haiei lotutako ubide edo katastro-lurzatiei, eta, beraz, proiektuak ez du eraginik izanen.

Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalak instalazioaren zati berriari egiten dio ebaluazioa, eta adierazten du zerrikumeak hazteko proposatutako nabea Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ES 2200037) barnean dagoela, egungo instalazioko bi nabeekin batera, eta ez duela eraginik izanen eremu horretako kontserbazio-balioetan. Iradokitzen du, obraren ingurumen integrazioa hobea izan dadin, ingurumen eraginaren azterketak kontuan har dezala ernaldirako lau nabeak 16. poligonoko 5. lurzatitik ekialdera dagoen landaredi naturaleko muinotik ahalik eta urrunen kokatzeko aukera, eta proiektuak jaso ditzala, konpentsazio-neurri gisa, zuhaitz eta zuhaixken landaketa linealak Granja Dos Hermanasen jabetzako 5. eta 10. lurzatien artean, heskaiak sortzeko.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak, informazio soil gisa, hirigintza- eta lurralde-plangintzari buruzko gogoetak ematen ditu. Proiektua LAP-5 “Ebroko Ardatza” lurralde antolamenduko planean sartuta dago. Adierazten du kontsultaren xede den lurzatia ez dela “babes bereziko eremu, arrisku naturaletatik babesteko lurzoru” gisa identifikatutako lursailetakoa, eta ez duela sektoreko legeriak babesten, eta, oro har, IU10 (laborantza lurrak) ingurumen unitate gisa definitzen dela LAP-5ean.

Caparrosoko hirigintzako udal planeamenduari dagokionez, adierazten da jarduera mota eta instalazio mota bateragarriak direla planeamenduko “gorde beharreko lurzoru urbanizaezina, nekazaritza eta abeltzaintza estentsiborako ustiapen naturalerako lurzorua” kategoriarekin, eta planeamenduan ezarritako eraikuntza-baldintza batzuei buruzko informazioa ematen da; gainera, instalazioa abeltzaintzako eta ingurumeneko araudi sektorialetan ezarritako distantziak betetzeko betebeharrei lotuta dago.

Azkenik, baimena izapidetuz gero, jardueraren tramitazioari aplikatu beharko zaion hirigintza- eta lurralde-erregulazioari buruzko informazioa ematen da.

Abeltzaintza Zerbitzuak, araudi sektorialean eskatutako distantzia-baldintzak proiektatutako handitze-lanetarako ingurumen baimen integratua izapidetzeko eragozpen izan daitezkeen heinean, baldintza horiei dagokienez proiektuaren egoera ontzat ematen du a priori. Tramitazioaren hurrengo fasean behar diren agiriak aurkeztutakoan hartuko da erabakia, fase horretan egiaztatuko baita handitzeak abeltzaintzaren arloko gainerako arauek eskatzen dituzten baldintzak ere betetzen dituela.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostenaren arabera, jarduketak etorkizunean Nafarroako garraio-azpiegituren eta azpiegitura hidraulikoen proiektuetan eta plangintzan eragin ditzakeen baldintzatzaileen ondorioetarako, lurzati berrantolamenduko pista baten eta N-121 errepidearen elkargunean aurreikusitako sarbideak betetzen ditu bera erabiltzeko baldintzak. Lanak baimentzeko jarraitu beharreko prozedura azaltzen da, sustatzaileak toki horretan jardun beharko balu ere.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak jakinarazi du proiektatutako handitzeak ez diela eraginen egungo ureztapenei, ez eta Nafarroako Ureztatze Planari ere.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atalaren txostenak azaltzen du poligonoko 10. lurzatian proiektatutako instalazio berriak lehendik dagoen Caparrosoko parke eolikoaren garapenaren ondoan daudela; zehazki, Caparrosoko Udalaren herri-lurretako 16. poligonoko 216. eta 303. lurzatien ondoan. Adierazten du, sustatzaileak egoera eguneratu eta ebaluazio egokia egin ahal dezan, parkea baimendu zuen UPSa aldatu eta zenbait aerosorgailu birkokatu zirela tramitazioan zehar, parkeak zerri ustiategiaren produktibitatean eta arrisku sanitarioetan sor zitzakeen ukipenei buruz abeltegiaren titularrak egindako alegazioari erantzunez.

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen laburpena - Jendaurreko informazioa

Hona hemen izapide horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen gaineko laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.

Murillo / Caparrosoko Udala

X

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

X

Ingurumen Eraginaren Atala

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Ekologistak Martxan

Ecologistas en Acción

Gurelur

Greenpeace Espainia

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

SEO/BirdLife

X

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala, informazio soil gisa, hirigintza- eta lurralde-plangintzari buruzko gogoeta batzuk ematen ditu; horien gainean, LAP5 “Ebroko Ardatza” lurralde antolamenduko planak, udalerria barnean hartzen duenak, murrizketa batzuk egin litzake lurzoruaren sailkapenaren arabera, eta horien berri ematen da, jakitun egoteko. Txostenak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aplikatzeak ezarriko lituzkeen betebeharrak adierazten ditu: instalazioaren ingurunera egokitzeko betebeharra betetzea, eraikuntzaren gehieneko altuera eta bide publikoetarako distantziak. Adierazten da, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko duela udalez gaindiko plan eta/edo proiektu sektorialekin bat egitea.

Caparrosoko hirigintzako udal planeamenduari dagokionez, instalazioaren zati bat lurzoru urbanizaezineko kategoriekin bateraezina dela adierazten da; beraz, nabeen berrantolaketa kontuan hartu behar da, indarrean dagoen araudia betetzeko.

Azkenik, proiektuak hirigintzako tramitazioan bete beharko dituen baldintzak aurreratzen dira, bai eta beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak; eta ukipen sektorialak direla-eta titularrak egoki diren txostenak eskatu behar dituela adierazten da.

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion sektore mailako araudiaren berri eman dio titularrari eta kontsulta ezarri den izapidetze fasean aldeko txostena eman du.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak jarduketaren aldeko txostena eman du, ez baitago jasota handitzeko proiektatu den eremuko lurzatietan katalogatutako aztarnategi arkeologikorik dagoenik, eta, hortaz, aldeko txostena eman du. Hala ere, jakinarazi du lanak egin bitartean aztarna arkeologikorik aurkituz gero ez ukitzeko eta agintaritzari komunikatzeko legezko betebeharrak daudela.

Murillo el Cuendeko Udalak ORVEren txostena bidali du. Bertan adierazten denez, handitzea bateragarria da udalerriko Hirigintza Planarekin, lurzoruaren zatirik handienerako (lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago, eta ustiapen naturalerako lurzorua da, nekazaritza eta abeltzaintza estentsiborako dena). Ingurumen agintaritzaren esku uzten du erabakitzea ea bateragarriak diren lurzatian landareztatzeko neurriak nabeetako batek okupatutakoa baino azalera handiagoarekin (ingurumen balioa babesteko lurzoru urbanizaezinean, baso-lurzoruan). Era berean, adierazten du proiektuak zehaztu egin beharko duela Hirigintzako Araudi Partikularraren 27. eta 28.6 artikuluak betetzea bermatuko duen proposamena.

Greenpeace Espainiak aurkeztutako alegazioa.

–Greenpeace Espainiaren alegazioaren laburpena.

Alegazioan adierazten denez, zerri-aziendaren abeltzaintza intentsiboaren egungo egoera jasanezina da Espainian; izan ere, ezarpen-eredu tradizionalaren ordez karbono-aztarna handiko beste eredu industrial bat ezarri da, kanpoko baliabideen sarreraren mendekoa, nazioarteko merkatuaren joerek markatua, eta gaur egun hazkunde esponentziala duena.

Abeltzaintza intentsibo horren eta ingurumen jasangarritasunik gabeko zenbait ingurumen ondoreren arteko lotura zuzena adierazten du. Horien artean, berotegi-efektuko gasen isurketa identifikatzen du, zehazki metanoarena eta oxido nitrosoarena (mindak biltegiratzean eta soroetan banatzean, eta abereentzako elikagaiak ekoizteko erabiltzen diren ongarrien desnitrifikazioan). Halaber, uretako eta lurzoruko nitratoek eragindako kutsaduraren eragina adierazten du, bai eta amoniakoaren emisio atmosferiko gero eta handiagoa ere, horietan abeltzaintzak eragin global esanguratsua baitu.

Alegazioan abeltzaintza-jarduera intentsibo horren eragin sistemiko gisa identifikatzen da nekazaritzako baliabideekiko mendekotasun zuzena animalien kontsumorako, zeina gizakien elikadurarako baliabideen eta kontsumorako uraren ekoizpenarekin lehiatzen baita eta bere eragina nekazaritza intentsiboarenera hedatzen baitu; eta instalazio mota horrek duen eragina azaltzen da, lurraldean balio naturalak eta biodibertsitatea galtzeagatik, baita naturagune babestuetan eta Natura 2000 Sarean ere; eragin horiek, bereziki, minden lurralde-banaketak, nekazaritzaren eraldaketak eta lehorreko laborantza-sistemek eragin dituzte.

Azkenik, osasun publikoarekin lotu daitezkeen beste ondorio batzuk nabarmentzen dira, hala nola antibiotikoak gero eta gehiago erabiltzea abereen osasuna bermatzeko, abeltegiek gero eta edukiera handiagoa baitute; antibiotikoak askatzea ingurunean, eta jardueraren eta haragi eta produktu eratorriak gero eta gehiago kontsumitzeko joeraren arteko lotura, produktu horiek osasunean eta elikagaien jasangarritasunean eragina baitute.

Alegazioaren egilearen ustez, zerri-sektorearen hazkundearen egoerak, esportazioek eta abeltegiak handitzeko eta berriak instalatzeko baimenen eskari gero eta handiagoak bultzaturik, Nafarroako Gobernuaren kudeaketa-eremuaren barruan Europar Batasunaren ingurumen politikei buruzko konpromisoak eta nazioarteko itunak ez betetzera eraman du. Horregatik, honako hau eskatzen du:

a) Zerri-haztegi intentsiboen eta lehendik dauden handitzeen proiektu berriei ez ematea inolako baimenik, amoniako-isuriak, nitratoen kutsadura, mikrobioen aurkako erresistentzia eta abeltzaintza industrialaren aztarna ekologiko globala modu eraginkorrean murrizteko modu bakar gisa.

Nafarroako Gobernuak xedatzen dituen baldintzetan eta eskumenetan, zerri-aziendaren abeltzaintza intentsiboko instalazio berriak baimentzeko edo lehendik daudenen edukiera handitzeko baimenen moratoria ezartzea, baldin eta zerri-ustiategiek ingurumenerako, baliabide hidrikoen kudeaketarako, osasun publikorako, biosegurtasunerako eta animalien ongizaterako dituzten arrisku egiaztatu guztiak kontuan hartzen dituen plangintza estrategikorik ez badago.

b) Bereziki debekatzea zerri-ustiategi intentsiboak instalatzea nitratoen bidez kutsa daitezkeen eremuetan eta eremu babestuetan, Natura 2000 Sarekoak (BILak, KBEak eta HBBEak) eta parke naturaletakoak barne.

c) Hartutako plangintza-ekimenek haragiaren kontsumoa %50era murriztea sustatzea 2050erako, zerri-aziendaren abeltzaintza intentsibotik datorren haragi gorriaren ekoizpena murriztuz.

–Alegazioei erantzuna:

  • a) alegazioari dagokionez:

Alegazioaren egilearen ustez murriztu behar diren alderdiak, hau da, amoniako-isuriak, nitratoek eragindako kutsadura eta mikrobioen aurkako erresistentzia, ingurumen baimen integratuan lantzen dira, haien prebentziorako, kontrolerako eta jarraipenerako.

  • b) alegazioari dagokionez:

Jarduerak Errege Bardeako Kontserbazio Bereziko Eremuan (ES2200037 KBE) eta Natura 2000 Sareko beste gune batzuetan eta Nafarroako Abifauna Kontserbatzeko Intereseko Eremuetan (AICAENA) duen eragina ebaluatu da. Ebaluazio horretatik ondorioztatzen denez, simaurrak ekoizteko planari eta kontserbazio bereziko eremuan nekazaritzako erabileraren bidez kudeatzeari dagokienez, proiektuak ez du eraginik izanen espazio horien balioen kontserbazioan, ingurumen eraginaren adierazpen honetan jasotako baldintzekin, ez baita aldaketarik eginen eremuaren ezaugarrietan eta orain arte balio horiei eustea ahalbidetu duten laborantza ereduetan.

  • c) alegazioari dagokionez, jakinarazten da alegazio horrek gainditu egiten duela gaur egun izapidetzen ari den proiektuaren eremua.

Luis Tirado Blázquezek SEO Birdlife erakundearen izenean 2019ko urriaren 3an aurkeztutako alegazioa.

–Alegazioaren laburpena:

Alegazio-egileak azaldu du abeltegi intentsiboek, izapidetzen ari dena kasu, arriskuak ezartzen dituztela mehatxatutako espezieen eta haien sistema naturalen eta habitaten kontserbazioan, horietako batzuk balio ekologiko handikoak eta bereziak izanik, eta, Nafarroako eremuan dauden proiektu eta instalazioen aniztasuna kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen duela haztegi intentsibo ugarien eragin metatua ebaluatzea, alde batera utzita horiek espazio babestuen barruan dauden edo ez.

Edozein proiektu berri onartzeko, ingurumen plangintzako estrategia bat ezartzeko azterketa egin behar dela adierazi du. Azterlan horrek abeltegien kokapena eta ingurumen eraginen murrizketa arautu beharko lituzke, eta biodibertsitatearekin, lurraldearen ezagutzarekin, hegaztien igarobideekin eta migrazio-bideekin, elementu kulturalekin eta azaleko eta lurpeko ur-masekin lotutako alderdiak integratu beharko lituzke, kutsaduraren aurkako arrisku-faktore gisa.

Haren ustez, kanpo utzi beharko litzateke eremu babestuetan edo arriskuan dauden espezieen eragin-eremuetan abeltegiak instalatzea, bai barrualdean, bai perimetrotik 5 km-ra. Halaber, Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoko lehenbiziko kategorietako eta Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoko lehen eta bigarren kategorietako hegazti espezie babestuak zerrendatzen ditu, eta, haren irizpidearen arabera, baldintza hori aplikatu beharko litzaieke.

Proiektuak espezie mehatxatuak eta kutsatzeko arriskua duten azaleko ur-puntuak barne hartzen dituenez, eta abeltegiak, ziurrenik, eragin nabarmena izanen lukeenez inguruko habitat eta espezieetan, haren ustez, ezezkoa emanez ebatzi beharko litzateke aurkeztutako eskaera.

Nolanahi ere, alegazioa baietsiko delakoan, ingurumen eraginaren azterketa idazteko iradokizunak aurkeztu ditu. Haren ustez, azterlan horrek beste ustiategi batzuekiko efektu gehigarri eta sinergikoa jaso beharko luke, eta espazioaren erabileraren eta abifaunaren portaeraren ezagutzan oinarritutako alternatiben azterketa bat, eta, Habitatei buruzko Zuzentarauaren araberako konpentsazio-neurriak aplikatu ahal izanez gero, neurri horiek bideratu beharko dira habitatak hobetzera, nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilerak bateragarri egitera, animalien gorozkien kudeaketa prestatu eta hobetzera, pestiziden erabilera hobetzera eta gorpuak banatu eta ezabatzera, bereziki espazioen sarean eta espezie babestuen eragin-eremuan.

Gainera, ingurumenaren aldetik kalteberak diren eremuetan, proposatzen du azterketa horrek berariaz egin dezala faunaren portaeraren jarraipena proiektuaren fasean, jarduera ezartzeko fasean eta hurrengo 10 urteetan. Alde horretatik, alegazio-egileak jarraipen-protokoloaren proposamen zehatza erantsi du, eta bertan jasotzen dira jarraibideak eta kontuan hartu beharreko elementuak.

–Alegazioari erantzuna:

Abeltegiak ezartzeko lurralde-plangintzan ingurumen alderdiak kontuan hartu beharrari dagokionez, ados gaude horrekin, baina gaiak proiektu jakin baten ingurumen eraginaren ebaluazioa gainditzen du.

Alegazioan jasotako ingurumen alderdiak, espezie sentiberen balizko presentzia, Natura 2000 Sarea eta abar, kontuan hartu dira ebazpen honetan. Halaber, adierazi behar da protokolo bat erantsi dela, minden eta deribatuen banaketan biodibertsitatea babesteko kontuan hartu beharreko neurriak azaltzen dituena, proiektuaren baimenean sar dadin, hala badagokio, eta sustatzaileak kontuan har dezan.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena eta zaintza-plana

Tramitazioan jaso da ingurumen eraginaren azterketa bat, handitze proiekturako ingurumen baimen integratuaren eskabidean aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidean emandako informazioa barne hartzen duena, eta ingurumenaren ikuspegitik aukera onuragarriagotzat jotzen duena lehendik dauden instalazioak handitzea.

Azterlanean alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak ezartzean eta funtzionamenduan jartzean izan ditzakeen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen ditu, proiektuaren ingurumen integrazioa bermatzeko neurriak ezarriz. Neurri horiek, alde batetik, prebentziozkoak, obrek proiektuaren eremuan izanen duten eragina mugatzekoak eta funtzionamenduan zehar ingurumenean izanen duen eragina murriztekoak.

Era berean, dokumentu espezifiko batzuk biltzen ditu, non aztertzen baitira banaketa-tekniken egokitasuna eta lurraldearen ezaugarriak, simaurrak banatzeko lurralde-plana egokitzeko, eremuko balio naturalak kontserbatzeko helburuak bermatze aldera. Desbideratzeak zuzentzen ditu, hala nola Errege Bardeako KBEaren eremuan behe presioko bulkada bidezko ureztapenerako banaketa eta hodi sistema deuseztatzea.

Azterketan, era berean, ingurumen zaintzako plan bat dago, eta bertan daude jasota proiektuaren eragin nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, nagusiki jardueraren funtzionamendu faseari eragiten dietenak.

IV. ERANSKINA

Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa

Abeltzaintzako ustiategi bateko mindak, digestatoa eta/edo simaurrak kudeatzeko planak katalogatutako estepako hegaztiak edo arriskuan egon daitezkeen beste espezie batzuk dauden lursailei eragiten badie, Natura 2000 Sarean eta Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuetan dauden lekuetan, bermatu beharko da nekazaritza jarduera eta lehorreko laboreen txandaketa mantentzen direla, estepako abifaunaren kontserbazio egokirako, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko landare eta animalia espeziei eta habitatei kalte egiten ahal dieten erabilerek eta jarduketek horien kontserbazioa bermatzeko beharrezko baldintzak jaso beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsatzen edo intereseko habitatak degradatzen dituzten edo horretarako arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurra, obra-hondakinak edo substantziak uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko laboreetan, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, estepako hegaztien babesa bermatze aldera ugaltze garaian.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri-sistema eraldatzea.

–Leku horietan minda aplikatzeko, banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiekiko tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia, eta bermatu beharko du intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen ur idoirik edo isuririk ez dela sortuko.

–Landu gabeko eremu edo alfer lur iraunkorretan ezin izanen da simaurra, mindak edo haietatik eratorritako produktuak nekazaritzan aplikatu. Landu gabeko eremu edo alfer lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira –KBEan zein hortik kanpo egon–, zeharka ere ezin izanen diete eragin mindak edo deribatuak aplikatzen diren laborantzatik datozen lerradurek edo istiltzeek.

–Debeku da mindak, digestatoa edo/eta simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metro baino gutxiagoko distantzia batera, kontuan hartuta ibilgu nagusiak nahiz bigarren mailakoak. Ur masak babesteari begira, banaketaren baldintzak ezartzean kontuan hartuko dira estatu mailan sektorerako ezarritako berariazko araudian ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian deskribatutako TEOak - Abeltzaintza Sektorea).

–Ur-ibilguen eta hezeguneen kutsadura saihestuko da, urtarotarrak zein jarraituak izan. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, bazkalekuak, landaredi higrofiloa edo landare mehatxatuen multzoak), habitat horiek KBEaren barnean sartuta egon nahiz ez. Nolanahi ere, ezin izanen da hustubide edo drainatzeetara doan azaleko ur jariatzerik egin. Ur-ibilgu eta hezegune txiki horiek ingurumen eraginaren azterketaren planoan identifikatu beharko dira.

–Gatz hezegune eta erreketako arro hidrografikoan, Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak beteko dira. Kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Iragarkiaren kodea: F2115276