260. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1081E/2021 EBAZPENA, urriaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, MBRA sistemaren bidezko arazketa-instalazioa handitzeko proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Sustatzailea Depurados Azud AIE da.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 7. taldeko d) letran sailkatuta dago (Hondakin-urak tratatzeko plantak, 150.000 biztanle baliokidetik gorako edukiera dutenak), aldaketak eranskineko atalasea gainditzen baitu. Aipatu arauak 7.1 artikuluan aurreikusten duenez, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta eginen zaie I. eranskinean jasotako proiektuei, xedapen horren 33. artikuluan eta hurrengoetan araututakoaren arabera.

2020ko urriaren 13an, MBRA sistema bidezko arazketa-instalazioa handitzeko proiektuaren espedientea sartu zen, Funesko Udalak organo substantibo gisa bidalitako ingurumen eraginaren ebaluazio-prozedura arruntari hasiera emateko.

–Aurrekariak:

2008an, jarduera hasi zen urtean, jarduera horrentzat jarduera sailkatuaren baimena eskatu zitzaion Funesko Udalari.

2009ko abuztuaren 10ean, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 1643/2009 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren nahitaezko adierazpena lortu zen, aldekoa, Funesko (Nafarroa) Bodega Romana industrialdean Azud AIEk sustatutako HUA proiektuari buruz.

2018ko maiatzean jarduera sailkaturako lizentziaren aldaketa bat aurkeztu zen, eskatzailearen ustez funtsa ukitzen ez zuena: larrialdietarako tanga bat ezartzea, etorkizunean erreaktore anaerobio berria izanen zena, haren jabetzako lurzatian. Indarra duen araudia aplikatuta, eskumena duen erakundearen ustez aldaketa horrek proiektuaren funtsa ukitzen du, eta beraz, Depurados Azud AIE, sustatzaileari eskatzen dio Funesko Udalean izapidetzeko bere jardueraren baimenaren funtsezko aldaketa bat.

2020ko apirilaren 20an, Depurados Azud AIEk hondakin-uren araztegia handitzeko proposatutako aldaketen ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera aurkeztu zuen Funesko Udalean.

52E/2021 Ebazpenaren bidez adierazi zen ez zela onartzen Depurados Azud AIEk sustatutako MBR sistemaren bidezko arazketa-instalazioa handitzeko proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera, proiektuen ingurumen eraginaren ebaluazioaren oinarri diren printzipioei jarraituz. Printzipio horiek Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 2. artikuluan eta 9.1 artikuluan daude jasota: kontu eta “prebentzio- eta kautela-ekintza, ingurumenaren gaineko eraginaren zuzenketa eta konpentsazioa”. Izan ere, proiektua ingurumen eraginaren ebaluazioa izapidetu aurretik gauzatuta zegoela egiaztatu zen.

2021eko otsailaren 26an Depurados Azud AIEk gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen aipatutako ebazpenaren aurka, eta errekurtsoa partez baietsi zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abuztuaren 24ko 224E/2021 Foru Aginduaren bidez. Agindu horrek 52E/2021 Ebazpena eman aurreko unera eramaten du espedientea, eta proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazioa izapidetzen jarraitzea ahalbidetzen du. Gainera, sustatzaileari eskatu zitzaion, gauzatutako proiektu zatiari zegokionez, prozedurara ekar zitzala proiektua gauzatzeak ordura arte eragindako inpaktu esanguratsuak konpentsatzeko eta, hala bazegokion, zuzentzeko aurreikusitako neurriak.

Aurrekoa ikusita, 2021eko irailaren 15ean, sustatzaileak eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen, eta MBRA sistemaren bidez arazketa-instalazioa handitzeko proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunterako prozeduraren jarraipena eskatu zuen. Eskabidearekin batera idazki bat erantsi zen. Bertan adierazten da gauzatutako proiektuak ez duela eragin nabarmenik izan ingurumeneko elementuetan, eta, beraz, ez dela beharrezkotzat jotzen neurri gehigarriak ezartzea agintari eskudunen betebehar eta gomendioez gain, eta horiek betetzat ematen direla.

–Ingurumen eragina ebaluatzeko izapidea:

21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta dokumentazioa nahikoa dela egiaztatu ondoren, Funesko Udalak, organo substantibo gisa, proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa jendaurrean jarri zituen 30 eguneko epean, eta iragarkia 2020ko maiatzaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 92. zenbakian. Gainera, kontsulta egin zaie proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, hain zuzen ere, honako hauei: Azagrako Udala, Ingurumen Eraginaren Atala, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala, Ibai Ingurunearen Atala, Lurralde Antolamenduaren Atala, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Ekologistak Martxan Iruñea, Gurelur-Natur Ingurunea Babesteko Nafarroako Funtsa, Lurra-Lurraren Defentsaren aldeko Elkartea, Nafarroako Erdialdeko Toki Ekintzako Taldea, eta Sustrai Erakuntza Fundazioa.

2020ko ekainaren 16an, Funesko Udalak jakinarazi zuen epe horretan ez zela alegaziorik jaso.

–Proiektuaren laburpen ez-teknikoa.

Proiektuaren xedea da Funesko Bodega Romana industrialdeko arazketa-sistema mankomunatua (10. poligonoko 338. lurzatia) eguneko 7.050 m³-raino handitzea, eta hori bi fasetan egin behar da: 1. fasea, eguneko 6.000 m³-ko emariraino, eta, ondoren, 2. fasea, eguneko 7.050 m³-raino. Ahalmen hori handitzeko, beharrezkotzat jo zen ordura arte zeuden instalazio batzuk aldatzea eta handitzea.

Lehen faseko jarduketa berriak hauek izan dira: sistemaren hasierako putzu berria, eta bahegailu birakariarekiko iragazketa handitzea; homogeneizazioko 4.500 m³-ko tanga berria, aireztapena duena, ezartzea; MBR mintzekiko tratamendu sistema handitzea 6.000 m³/eguneko gaitasunera iristeko; eta araztegiaren kontroleko etxola berria jartzea.

Jarduera ez da nabarmen aldatzen aurrekoaren aldean, haren edukiera handitzean izan ezik; izan ere, industrialdeko enpresen hondakin-urak bildu eta HUAra eraman dira, eta bertan arazten dira, MBR sistema duten lohi aktiboen prozesu biologiko aerobioaren bidez, zeina handitu eginen baita eskatutako tratamendu-ahalmenerako.

Prozesuaren emaitza da, alde batetik, ur tratatua, Ebro ibaira isurtzen dena arroko erakundearen (Ebroko Konfederazio Hidrografikoa) baimenean ezarritako isurketa-mugak gainditu gabe; beste aldetik, iragazketaren detritu eran ateratzen diren azpiproduktuak edo hondakinak, eta lohi deshidratatuak. Lehenbizikoak udal zabortegira eramanen dira, eta lohi deshidratatuak, berriz, hondakinen kudeatzaile baimendu batera.

–Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena:

Proiektuak erantsita du ingurumen eraginaren azterlana, zeinak 0 alternatibaz gain, bestelako alternatibak ere aztertzen baititu. Arazketaren sistemaren ordezko aukerak dira, baina ez da jaso kokalekuaren ordezko aukerarik. Irizpide logistikoak kontuan hartuta, eta oraingo sistemak emaitza asegarriak ematen dituelarik, 1. faserako, behinik behin, sistema horri eustea aukeratu da, tratamendu gaitasuna zabalduz.

Ingurunearen osagaiak aztertzen dira (klima, ur-emariak, landaredia, fauna, ingurune sozioekonomikoa eta kulturala), eta orobat, proiektuan jaso eta, bai eraikitzeko garaian, bai ustiatzeko garaian, inpaktua eragin dezaketen ekintzak ere. Baloratu dira, baita ere, jarduera bertan behera uzteak eragin litzakeen inpaktuak.

Eraginen identifikaziotik eta horien baloraziotik ondorioztatzen da eraginak bateragarriak direla, eta, proiektua gauzatzean, lurzoruen okupazioa eta lur-soberakinen mugimendua eta sorrera nabarmentzen dira. Ustiatze garaian eragin nagusia uren kalitatearen gainekoa da; hala ere, HUAk ekarritako emariaren (7.050 m³/eguneko) eta Ebro ibaiaren emariaren arteko alde handia eta kutsatzaile karga txikia kontuan izanik, eragin hori ere bateragarritzat jotzen da. Beste eragin bat izanen da hondakinak sortzea (araztegiko lohiak eta hondakinen eta beste isuri batzuen hondarrak). Ingurumen eraginaren azterketak ondorioztatzen du proiektuaren exekuzio- eta ustiapen-faseetako eraginak, oro har, bateragarriak direla, eta positiboak direla osagai sozioekonomikorako.

Halaber, hondamendi edo ezbehar larriei begira (lurrikarak eta uholdeak) ingurumen-faktoreetan espero diren arriskuak eta eraginak aztertzen dira, kontuan hartuta gaur egun ez dagoela ezbehar larriei buruzko araudiaren atalaseak gainditzen dituen instalaziorik (840/2015 Errege Dekretua, irailaren 21ekoa, istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurriak onartzen dituena). Lurrikaren ondorioz tangak hausteko aukerari dagokionez, kontrako efektu moderatutzat jotzen da eragina.

Ingurumen eraginaren azterketak zenbait prebentzio eta zuzenketa neurri proposatzen ditu, eta ingurumena zaintzeko plan bat ere bai.

–Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa:

Proiektuaren ingurumen eraginak ebaluatu diren espedientean ingurumen eraginaren azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluazio prozedura behar bezala gauzatu dela, eta ados dago hautatutako aukerarekin.

Gainera, adierazi du hondakin-uren araztegia handitzeak, Ebro ibaira urak isurtzeko baldintzak aldatuta, ikusirik isurketa-emaria garairik txarrenean handitzeak ibaiaren emariaren %0,006 hartzen duela, ez duela aldaketa esanguratsurik eraginen ibai-ibilguari lotutako biozenosian; gainera, kontuan harturik orain arte ez dela erregistratu eta ez dela ezagutzen jarduerak lekuari lotutako faunan eta floran 2008az geroztik izandako ondorio kaltegarri garrantzitsurik. Bestalde, proiektuak ez du inolako aldaketarik planteatu isurketa-elementuetan, ez eta Ebro ibaira sartzeko puntuan ere.

Obren eremuan bertan natura-balioen eta paisaiaren gain proiektuak duen eraginari dagokionez, jakinarazi da exekuzio-fasean eragin handiena izan duela fruta-arbolak dituen nekazaritza-lurzati batean lurra berdintzeko eta zimenduak hondeatzeko obretako lur mugimenduak. Obra horiek lur soberakin handia eragin dute, eta lur hori jarduketa-eremuaren ekialdean eta industrialdeko euri-uren putzuaren ondoan metatu da, HUAren instalazioaren beraren barnean. Pilatutako lurrak zuhaixkak dituen larre bat okupatu du, 2003 eta 2005 bitartean lehorreko zereal-soroa utzi ondoren garatua, eta 2 metroko altuera duen betelana osatu du, topografia eta paisaia eraldatuz. Hala ere, eragin mugatua du, eremu horretan eragin handia baitute Bodega Romana industrialdeko instalazioek eta HUAko instalazioek.

Lurra mugitzearen ondorioz, gainera, galdu egin da HUAren beraren esparruan bildutako nekazaritza-lurzorua.

Proiektuak, jarduketak paisaian integratzeko, ingurunearekin bat datozen HUAko elementu berriak eraikitzeko materialak erabiltzeaz gain, lurrezko betelanaren azalean pinuak landatzea aurreikusten du. Horri dagokionez, egiaztatu da landaketa hori egin dela, baina landatutako ale kopurua ez dela nahikoa.

Bestalde, Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi duenez, ingurumen eraginaren ebaluazioa garaiz izapidetu izan balitz, obrak hasi baino lehen, ingurumen eraginaren adierazpena aldekoa izateko baldintza izanen zen lur soberakinak balioztatzea, alegia, proiektuaren eremutik oso hurbil dauden espazio degradatu ugari lehengoratzeko erabiltzea. Une honetan, betelana zati batean landareztatu ondoren, ez da egokitzat jotzen helburu horretarako jardutea.

Gainerako eraginei dagokienez, proiektuak kutsadura, isuriak eta hondakinak kontrolatzeko neurriak proposatzen ditu, jardueraren diseinuari eta funtzionamenduari lotutako ondorio kaltegarri garrantzitsuenei aurrea hartzeko. Horri dagokionez, jakinarazi da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 7ko 17E/2021 Ebazpenean xedatutakoa bete beharko dela. Ebazpen horren bidez aurretiazko txostena ematen da Azud AIE enpresak sustatutako MBRA sistemaren bidezko arazketa-instalazioa handitzeko proiektuaz, jarduera sailkatuari buruzko udal ebazpena, lurzoru urbanizaezinerako baimena eta Hondakin Ekoizpenaren eta Kudearen Erregistroko inskripzioa gauzatu baino lehen.

Aurreko guztia ikusita, proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela uste da; horregatik, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena egitea proposatzen da, eta, ingurumen-ondorioetarako bakarrik, proiektua egiteko aukera zehaztea, ebazpen honetan jasotako baldintzak betez.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpen aldekoa egitea da Depurados Azud AIEk sustatutako MBRA sistemaren bidezko arazketa-instalazioa handitzeko proiektuari buruz.

2. Ezartzea jarduera goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin dadila, baita honako baldintza hauek betez ere:

–HUAren barneko instalazio berriak eta horien ondoan utzitako lur-betegarria hobeki integratzeko, honako hau eginen da:

  • Betelanak egitean sortu diren ezpondak garai egokian ereitea edo hidroereitea, inguruko berezko espezieetako hazien nahasketa batekin.
  • Betelanaren goiko azalean landaketa handitu eginen da, erabat estali arte, Pinus halepensis espezieko basogintzako landareekin.
  • Instalazioen hegoaldean dagoen pantaila handitu eginen da, bereziki betelanaren ezpondaren oinarrian, gutxienez euri-urak hartzeko putzuaren mugara iritsi arte, betiere behar bezala egiteko nahikoa leku badago.
  • Landatutako sailen mantentze-lanak eginen dira (hutsarteak, ongarritzeak, ureztatzeak, jorratzeak...), landatu eta hurrengo bi urteetan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Funesko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2115252