260. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

95/2021 FORU AGINDUA, azaroaren 4koa, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak emana, Zardoya Otis SA enpresak igogailuak mantentzeko ematen duen funtsezko zerbitzua bermatzen duena, ikusirik 2021eko azaroaren 5erako dagoen greba egiteko deialdia.

2021eko urriaren 27an, José María Ávila Muñoz jaunak, Zardoya Otis SA enpresaren izenean eta hura ordezkatuz, eskatu du Komunitate honetako funtsezko zerbitzuak finkatzea, ikusirik Goragailuen Sindikatuaren ordezkariak Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioari jakinarazi diola estatu mailako greba izanen dela 2021eko azaroaren 5ean.

Aurkeztu den eskaeran, enpresak jakinarazten du greba deialdiak, Nafarroan, 17 langile eta 1.195 igogailu ukitzen dituela. Hori dela-eta, eskatzen du “gelditu diren igogailuak konpontzeko, bertan geratu diren pertsonak ateratzeko eta larrialdiei kasu egiteko” zerbitzuak funtsezkoak direla deklara dezan. Zerbitzu horiek gutxieneko zerbitzuak dira, arau hauetan ezarritakoaren arabera: azaroaren 8ko 2291/1985 Errege Dekretuak onetsi zuen Igogailuen mantenurako Erregelamenduaren Jarraibide Tekniko Osagarriaren AEM 1en 7. apartatua, “Igogailuak”, eta urriaren 30eko Irisgarritasunari buruzko 13/2014 Legearen 36. artikulua.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Zardoya Otis SA enpresak igogailuak mantentzeko eta konpontzeko zerbitzua ematen du. Zerbitzu hau eman gabe utziko balitz, igogailuren bat matxuratuz gero bizitzeko eta osasunerako eskubideak kaltetuta geratuko lirateke; eta hau ezinezkoa da, Espainiako Konstituzioaren 15. eta 43. artikuluek jasotzen baitituzte eskubide horiek. Hauek pertsonen oinarrizko eskubideak dira, eta lehentasuna dute Konstituzioaren 28.2 artikuluak jasotzen duen grebarako eskubidearen gainean; hortaz, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak finkatzea, oinarrizko eskubide horiek bermatzeko.

Foru agindu honetan ezarri diren gutxieneko zerbitzuen bidez, proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak babestu nahi dira, baita arreta egokia bermatzea ere erabiltzaileei, jaiegunetan egin ohi diren arreta zerbitzuen antzekoak ezarrita.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko araudia berritzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan. Eskumen hori Nafarroari dagokio, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Zardoya Otis SA enpresan 2021eko azaroaren 5eko 0:00etatik 24:00etara deitutako greba eginen da Nafarroan ondoren aipatzen diren gutxieneko zerbitzuak errespetatuz:

Jaiegun bati dagokion zerbitzua emanen da, larrialdiko egoerei aurre egiteko eta igogailuetan gerta litezkeen matxuren ondorioz bertan geratzen ahal den jendea erreskatatzeko.

2. Aurreko apartatuan jasotako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek eginen dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3. Foru agindu hau Zardoya Otis SA enpresako langileen ordezkaritzari eta enpresari jakinaraztea, eta adieraztea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.

Iruñean, 2021eko azaroaren 4an.–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Mikel Irujo Amezaga.

Iragarkiaren kodea: F2115770