26. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2E/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: eguzki instalazio fotovoltaikoa jartzea Aosko araztegian, Longidako udal mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da.

2020ko maiatzaren 7an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena emateaz edo ukatzeaz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jarduerak ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen dituela.

HUA Longidako 16. poligonoko 129. lurzatian dago, «El Soto» ingurunean, Billabeta (iparraldean), Aos (hegoaldean) eta Ekai (ipar-ekialdean) udalerrien artean, NA-150 Iruña-Agoitz-Irunberri errepidearen eta Irati ibaiaren artean.

Proiektuko instalazio fotovoltaikoak 13 panel izanen ditu, lau lerrotan banatuta. Panel bakoitzak 16 modulu izanen ditu, eta, gutxi gorabehera, 500 m² karratu hartuko ditu esparruaren barruan. Asmoa da 66 kW-eko potentzia lortzea inbertsoreetan, soberakinik gabe. Instalazioa lurzoruan jarriko da, lurretik 2 metrora dauden egitura batzuen gainean, plakak uholde mailen gainetik gera daitezen eta 500 urteko errepikatze denborako uraldietarako arrisku txikia izan dezaten.

HUA dagoen eta eguzki plaka fotovoltaikoa instalatuko den lurzatia lehorreko laborez inguratuta dago, hegoaldean izan ezik. Eremu horretan, hain zuzen, Irati ibaiaren ertzeko landaredia dago, 200 metro zabalekoa (zabalera hori ez da ohikoa). «Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema» (ES2200025) kontserbazio bereziko eremuaren mugan kokatuta badago ere, lanak ibaiertzeko landareditik 50 metrora eginen dira, eta, gainera, HUAren barruan. Uste da lanek ez dietela eraginen KBE deklaratzeko arrazoi izan ziren natura balioei, ez habitatei ez flora eta fauna espezieei, baina, hori ekiditeko, prebentzio neurriak bete behar dira.

Eraiki behar den azpiegitura ez da tamaina handikoa, baina paisaiaren pertzepzioari eraginen dio. Izan ere, lurzatia Iratiko oihanaren barruan dago kokatuta (Gongolatzeko mendilerroko hegal maldatsuekin egiten du muga), eta NA-150 errepideko tarte batetik eta Iratiko bide berdeko 350 metroko tarte batetik ikusiko da. Hala ere, HUAko azpiegiturek dagoeneko eragiten diote paisaiari.

Faunari dagokionez, talde guztietatik, abifaunak izan dezake interakziorik handiena instalazio fotovoltaikoarekin, espezie ugari baitaude Irati ibaiaren ubidean eta ingurunean. Hori horrela, baliteke panelek itsualdia eragitea zenbait hegaztiri, eta baliteke, era berean, abifauna plaketan pausatzea edo habia egitea eta, horren eraginez, plaken errendimendua jaistea. Bestalde, HUAren barruan, idoiak daude, eta anfibioentzat habitat egokia direnez, obretatik babestu behar dira.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena eman zuen 2020ko azaroaren 2an, lurzoru urbanizaezinean gauzatzekoa den jarduerari buruz, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina). Txosten horrek barne hartzen ditu Longidako Udalak jardueraren hirigintza bateragarritasunari buruz emandako edukiak; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Atalarena, 2020ko urriaren 30koa, uholde arriskuari eta hondakinei buruzkoa, eta Herri Lurren Atalarena, 2020ko urriaren 28koa.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: eguzki instalazio fotovoltaikoa jartzea Aoseko araztegian, Longidako udal mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Materialak biltzeko eremua araztegiaren esparruaren barruan kokatuko da, eta behar diren prebentzio neurriak hartuko dira indusketa fasean eta gainerako obran ez dadin inolako solidorik edo likidorik isuri ez instalazioko idoietara ez Irati ibaiaren ibilgura.
  • Baimendutako kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.
  • Hegazti asko daudenez inguruan, sustatzaileari gomendatzen zaio jarraipena egin diezaion panelen eta abifaunaren arteko interakzioari, eta azter dezan ea neurri zuzentzailerik hartu beharra dagoen (hegaztiak uxatzeko elementuak, sareak eta abar).

– Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eta baimenak berak ezarritako zehaztapenak kontuan hartuta, 892/2009 Ebazpenaren arabera baimendutako araztegirako autokontsumoko instalazio fotovoltaikoa baino ez du babesten. Ebazpen hori azaroaren 11koa da, eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak eman zuen.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Kontuan hartu beharko da Herri Lurren Atalaren txostena, 2020ko urriaren 28koa, zeinak, besteak beste, zehaztapen hauek jasotzen baititu:
  • Aosko kontzejuak herri lurren lagapena arautu behar du, bat etorriz aipatutako foru legearen 140. artikuluan ezarritakoarekin.
  • Kontuan hartu beharko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Atalaren txosten erantsia, 2020ko urriaren 30ekoa, zeinak, besteak beste, zehaztapen hauek jasotzen baititu:
  • 6.– Aurrekoa oinarri hartuta, jarduketaren aldeko txostena ematen da, honako baldintza hauekin:
  • a) Instalazioa urpean gera daitekeenez plakaren euskarriaren aldean, sustatzaileak bermatu behar du egiturak uholde bat jasaten ahal duela.
  • b) Sustatzaileak, jarduera hasi baino hilabete lehenago gutxienez, Ebroko Konfederazio Hidrografikora bidali beharko du uholde arriskua duten eremuetako jarduketetarako erantzukizunpeko adierazpena, aplikatuz 9bis.3 eta 14bis.3 artikuluak. Helbide honetan dago aipatu aitorpena:

http://www.chebro.es/dph/documents/modelodeclaracionresponsableinundaciones.pdf

  • 7.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ez du bere gain hartzen etorkizunean lurzatiaren uholde arriskuagatik sor litezkeen kalteen erantzukizunik. Sustatzaileak jakin behar du zer uholde arrisku duen jarduerak, eta bere gain hartu behar du arrisku hori; halaber jakin behar du zer babes neurri diren aplikatzekoak. Nolanahi ere, haren babeserako egokitzat jotzen dituen neurri osagarriak ere hartzen ahal ditu.
  • 8.–Aurreko guztiak ez du baztertzen behar diren lizentziak edo baimenak eskuratu beharra, administrazio publikoetako beste organo batzuek eman behar dituztenak, edo Arroko Erakundeak txostenean dioena, ur jabari publikoaren defentsari eta korronteen erregimenaren zaintzari buruz dituen eskumenak betetzeko.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri nahi diren beste jarduera zehatz batzuk horniketa edo banatze sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • LAHFLTBren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta bat etorriz LAHFLTBren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, eremua lehengoratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Longidako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Agoizko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 14an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2100613