26. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1E/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: Alesbesen hondakin uren ponpaketa estazioa eraikitzea Alesbesko Mina ingurunean. Sustatzailea Alesbesko Udala da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Goi presioko ur horniduraren eta saneamenduaren garraiobideak, beste eranskinetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean egiten badira). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena emateaz edo ukatzeaz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jarduerak ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen dituela. Hori horrela, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin zuen 2020ko abenduaren 29an, ebazpen honetan adierazitako baldintzekin.

Proiektuaren bidez, hondakin uren ponpaketa estazio berri bat eraikiko da Alesbesko Virgen del Portal, Nafarroa eta Iruña kaleetan. Gaur egun, kale horietako isuri beltzak kolektoreen sarera iristen dira, eta handik ponpaketa putzu batera eramaten dira. Hala ere, putzuak ez du ongi funtzionatzen (bereziki ekaitza dagoenean). Arazo horri irtenbidea emateko, proposatu da putzua Mina inguruneko 1. poligonoko 728. lurzatira eramatea. Bide baten ondoan egonen denez, errazagoa izanen da mantentze lanak egitea eta ustiatzea. Proiektuak honako jarduketa hauek egitea aurreikusten du:

–Oraingo kolektorea instalazio berriraino luzatzea, PVC-zko tarte bat eraikita (Ø315 mm eta 48 metro luze).

–Eraikin bat egitea (4,15 x 9,67 m eta 2,8 metroko altuera librea) ponpaketa instalazio berria eta kontrol koadroak jartzeko bertan.

–Burdinurtu harikorrezko bulkada hodi bat egitea (Ø160 mm).

–Hornidura elektrikoa jartzea, egungo kanalizazio elektrikoari jarraipena emateko, bai eta instalazio elektrikoa eta kontrol instalazioa ere (12.800 W).

–Mantentze lanetan ari diren ibilgailuak aparkatzeko eremu batean betelanak egitea.

–Orain dagoen ponpaketa putzua eraistea.

Espedientean jasota dago 2020ko uztaileko udal txosten teknikoa, aldekoa, zeinak adierazten baitu «egoera onean jarri beharko direla obrek eragindako bideak».

Klima Aldaketaren Atalak uholde arriskuari buruzko aldeko txostena eman zuen 2020ko abenduaren 16an.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du 2021eko urtarrilaren 4an, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: hondakin uren ponpaketa-estazioa eraikitzea Alesbesko Mina ingurunean. Sustatzailea Alesbesko Udala da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Hondakinak, bereziki eraikuntza eta eraispenekoak (EEH), indarreko araudian eta proiektuaren 7. eranskinean («Hondakinen kudeaketa») adierazten den bezala kudeatuko dira.

–Obran birziklatutako agregakinen portzentaje bat erabiliko da, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 19.3 artikulua aplikatuz.

–Ponpaketa-estazioaren alboan sortutako ezpondak (proiektuaren ondoko lursailarekin kontaktuan daude) tenkatuak izan beharko dira (3H:2V-ko gutxieneko malda), eta kalitatezko lurrak eta ereintzak eduki.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Baimen honek ponpaketa-estazioa eraikitzea eta lehendik dauden sareekin lotzea babesten du, baita egungo ponpaketa putzua eraistea ere, aurkeztutako dokumentazioaren eta baimen honek ezartzen dituen zehaztapenen arabera.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira. Zehazki, eta 2020ko uztaileko udal txosten teknikoan adierazitakoa kontuan hartuta, baldintza onetan jarri beharko dira obrek eragindako bideak.

–Alesbesko arau subsidiarioen 62. artikulua betez, ponpaketa etxola lurzatiaren mugatik 6 metrora baino gehiagora egonen da.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean kokatu nahi diren beste jarduera batzuk azpiegitura honekin lotzea.

–Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak automatikoki bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta bat etorriz LAHFLTBren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Alesbesko Udalera eta Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 14an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2100614