26. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

199E/2020 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio Etxarri Aranazko (Nafarroa) kable bidezko telekomunikazio sarearen proiektuari. Sustatzailea Vodafone Ono SAU da.

2020ko uztailaren 20an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren xedea da Sakanako A-10 autobiarekin paralelo, ezkerraldeko bermetik, doan zuntz optikoaren kanalizazioan sartzea eta hura konektatzea Red Eléctrica Españolak Abarakuko Bidean duen kutxatila batekin, autobiatik hegoaldera. Horretarako, kutxatila berri bat eraikiko da 19+315 kp-ko bermean orain dagoenetik 20 metrora, eta biak lotzeko kanalizazio berri bat eginen da, bi hodikoa, Abarakuko Bidearen bazterrean barna, kutxatila berriraino, REEren goi tentsioko dorrearen ondoan.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Etxarri Aranazko (Nafarroa) kable bidezko telekomunikazio sarearen proiektuari, Etxarri Aranatzen. Sustatzailea Vodafone Ono SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Hirigintza arlokoak:

• Baimen honek babesten du soilik goi tentsioko dorre batean dagoen antena eta A-10 autobia ondoan doan zuntz optikoaren sarea elkar konektatzea, hori guztia Etxarri Aranazko 2. poligonoko 117. lurzatian.

• Ez dira baimen honetan sartzen lehendik dauden azpiegiturak (instalazio elektrikoa, antena, kutxatilak, etab.), legezkoak direlakoan. Baimena izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.

• Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

• Bete beharko dira Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko 2020ko irailaren 24an egindako txostenean ezarritako zehaztapenak:

a. Errepide Sareko zirkulazio bideetako babes guneak, eraikuntza-lerroa eta publizitatearen debeku-gunea Nafarroako Errepideei buruzko Foru Legeak ezartzen dituen bide azpiegiturekin bat etorriz mugatuko dira, beren kategoriaren arabera.

b. Foru lege horren 36.1 artikuluaren arabera, eraikuntza guztien eraikuntza-lerroa, baita lurpeko eraikuntzena ere, galtzada mugatzen duen kanpoko lerrotik 50 metrora kokatu behar da, A-10 autobiaren kasuan (Sakanako autobia).

c. A-10 autobiaren itxitura, edo autobiaren edozein elementu lagungarri ukitzen bada, denak jarriko dira berriz obra egin baino lehen zeuden bezala.

d. Era guztietako kanalizazioak eta kutxatilak zortasun eremuan jarriko dira, ahal dela eremu horren kanpoaldean; eremu zelaituaren kanpoko lerroari dagokionez, 8 metrora dago muga, autobien kasuan. Bide-segurtasuneko arrazoiak tarteko, kutxatila guztiek galtzadatik eta bide bazterretik kanpo gelditu behar dute, ondoko lursailaren sestran.

e. Sustatzaileak, Foru Komunitateko errepideei eragiten dienez, baimen eskaerarekin batera, egin beharreko obrak behar bezala zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian, baimena eman diezaion.

• Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

• Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Etxarri Aranazko Udalera eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2016383