259. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEITZA

Leitzako Udalaren herri lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Leitzako Udalak, 2021eko ekainaren 29ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Leitzako Udalaren herri lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Erabaki hori 2021eko uztailaren 26an argitaratu zen, 2021eko 173. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Epe hori iragandakoan inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, behin betikoz onetsirik gelditu da aipatu ordenantza; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman dion idazketaren ariora.

Leitzan, 2021eko urriaren 22an.–Alkatea, Mikel Zabaleta Aramendia.

LEITZAKO UDALAREN HERRI LURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da Leitzako udal-barruti honetako herri-ondasunen administrazioa eta xedapen-, defentsa-, berreskuratze- eta aprobetxamendu-egintzak arautzea.

2. artikulua.

Ondasun komunalak dira bizilagunen aprobetxamendurako eta gozamenerako direnak.

3. artikulua.

Ondasun komunalak besterenezinak, preskribaezinak eta bahiezinak dira, eta ez dute inolako zergarik izango.

Ez dute aldaketarik izango izaera eta tratamendu juridikoan, edozein delarik gozamen eta aprobetxamendu modua.

4. artikulua.

Herri-ondasunek honako lege hauek bete beharko dituzte: Nafarroako Toki Administrazioko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta horren xedapen osagarriak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Komunalen Ordenantza hau; eta, hala badagokio, Foru Zuzenbide pribatuko arauak, kalterik egin gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalak xedatutakoari.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua.

Herri-ondasunen gaineko xedapen-, administrazio-, aprobetxamendu- eta antolamendu-ahalmenak Leitzako Udalarenak izanen dira, Ordenantza honek jasotako baldintzetan.

Herri-ondasunei buruz Leitzako Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Nafarroako Toki Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak jasotako kasuetan.

6. artikulua.

Lursail txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioak Nafarroaren Gobernuaren erabilera publikoko eta sozialeko aitorpena beharko du, eta Leitzako Udalak aurrez egiaztatu beharko du lortu nahi den helburua ezin daitekeela beste bideetatik lortu, hala nola, erabilerarako emakida edo karga bidez, eta, edonola ere, lehentasuna izanen dute.

Ondasun komunalen erabilera emakida edo karga akordioak jareginda daudenean, berrikuspenerako klausula bat jasoko da; betiere, jatorriko helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez badira.

Lehengoratu eta gero, Leitzako Udalaren ondasun izanen dira berriro ere, herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluak jasotzen duen prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunen defentsa eta horiek berreskuratzea

7. artikulua.

Leitzako Udalak herri-ondasunak kontserbatzeaz, defendatzeaz, berreskuratzeaz eta hobetzeaz arduratuko da, eta horien aurkako edozein pribatizazio- edo jarduera-saiakeraren aurka eginen du.

8. artikulua.

Leitzako udalak berez eta noiznahi berreskuratu ahal izanen ditu herri-ondasunen jabetza, abokatuaren txostena jaso eta interesdunari entzunaldia eman eta gero; halaber, jarduera zibilak sustatu beharko ditu, herri-ondasun horiek berreskuratzeko eta defendatzeko beharrezkoak direnean.

9. artikulua.

Leitzako Udalak Jabetza erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren lursailen immatrikulazioa edo gehiegizko hedadura direla-eta. Jakinarazpen horiei dagokienez, Udalbatzaren akordioa beharko da.

10. artikulua.

Herri-ondarerako ondasunak berreskuratzeari dagokionez, Leitzako Udalak aurrera eraman nahi dituen transakzioek Nafarroako Gobernuaren berariazko onarpena beharko dute aurrena.

11. artikulua.

Leitzako Udalak baliogabetuko ditu herri-ondasunen gainean osatutako eskubideak, baimenaren, emakidaren edo beste edozein tituluren eta eman daitezkeen okupazioen arabera. Horretarako, Udalak bide administratiboa erabiliko du kasu guztietan eta eskumen hertsatzaileez baliatuko da, aurretiaz kalte-ordainak emanda edo eman gabe, zuzenbideak ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.

Leitzako Udalak berari dagozkion komunalei buruzko kontratuak interpretatuko ditu eta kontratuak betetzerakoan sortutako zalantzak argituko ditu.

Hartutako interpretazio-akordioak berehala betearaziko dira, kontratistek jurisdikzio bidetik dagokion adierazpena jasotzeko duten eskubideari kalterik egin gabe.

13. artikulua.

Leitzako udalak herri-ondasunak babesteko dagozkion jarduerak betetzen ez baditu, bizilagunek esku hartu ahal izanen dute, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak jasotako moduan. Esku-hartze horrek aurrera eginez gero, Udalak bizilagunei emandako gastuen zenbatekoa itzuli beharko die.

14. artikulua.

Debekatuta dago herri-lurrean edozein eraikuntza egitea. Ordenantza hau indarrean sartu aurretik lehendik zeuden eraikuntza baimenduetan, mantentze-obrak egin ahal izanen dira, Leitzako Udalaren baimena jaso eta gero.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

15. artikulua.

Ordenantza honetan aipatzen diren aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreak aprobetxatzea, abeltzain bakar batek horretarako soilik erabil ditzan.

c) Herri-larre irekiak eta itxiak aprobetxatzea, aldi berean hainbat abeltzainek erabil ditzaten.

d) Etxebizitzetarako egur-aprobetxamenduak.

e) Beste aprobetxamendu komunal batzuk.

16. artikulua.

Lekunberriko Udalak zuzenean esleitutako lursail guztien erregistroa gordeko du, honako datu hauekin: onuradunen izenak, datu pertsonalak, lursailaren hedadura eta kokapena eta izandako aldaketak.

17. artikulua.

1.–Oro har, Leitzako herri-lurren aprobetxamenduaren onuradunak familiak izanen dira, baldin eta titularrak baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusi edo adingabeko emantzipatua izatea edo gaitasun judiziala edukitzea.

b) Udalerriko biztanleen erroldan inskribatuta egotea, 2 urteko antzinatasunarekin, gutxienez.

c) Leitzan bizitzea, urtean, egiazki eta jarraian, bederatzi hilabetean gutxienez.

d) Udalerriarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea.

2.–Etxean bizi diren guztiak familia-unitateko kide gisa zenbatuko dira. Edonola ere, familia unitate independente gisa hartuko dira erretiratutako gurasoak, nahiz eta horiek familiako kideekin bizi, haien diru-sarrerak gutxieneko lanbide arteko soldataren azpitik baldin badaude, betiere.

3.–Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak Leitzako Udalak ebatziko ditu.

18. artikulua.

Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurak erabili esleitu zireneko aprobetxamenduez bestelako erabilera batzuetarako, aurrez Udalaren baimena lortu gabe.

II. KAPITULUA

Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua

19. artikulua.

Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua zuzenean esleituko zaie Ordenantza honetako 17. artikuluak jasotako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko bizilagun titularrei.

III. KAPITULUA

Herri-larreak aprobetxatzea,
abeltzain bakar batek horretarako soilik erabil ditzan

20. artikulua.

Herri-larreen aprobetxamendua ondoren aipatzen diren modalitate horien arabera eginen da, eta lehentasun honetan:

a) Herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Enkante publiko bidez esleituz.

21. artikulua.

Ordenantza honetako 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta gutxienez 2 azienda larriko unitate (AzLU) dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira auzotarren arteko zuzeneko esleipenaren onuradunak, baldin eta azienda horiek alta emanda badaude Nafarroako Gobernuko dagokion departamentuko Abeltzaintza Erroldaren Erregistroan (erregistroa Leitzan dago), erregistro hori ustiapen-liburuan jasota badago, eta azienda horri dagokion jarduera gauzatzeko udalaren baimena badute.

22. artikulua.

1.–Leitzako Udalak urteko kanona ezarriko du aprobetxamendu-mota honetarako azalera unitate bakoitzeko, eta urtero zehaztuko du kanon hori. Kopururik finkatu ezean, aurreko urtean indarrean zegoen kanona aplikatuko da.

2.–Urte bakoitzari dagokion kanonaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da.

23. artikulua.

1.–Herri-lurren aprobetxamendua baliatzeko epea 15 urtekoa izanen da. Udalak eman dituen aprobetxamenduak berrikusi ahal izanen ditu, eta baliogabetu ahal izanen ditu baldin eta lursaila esleitu zeneko erabilerak bertan behera utzi edo bete ez badira.

2.–Partikularrek ez dute herri-lurretan egindako gastuengatik kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik izanen aprobetxamendu-epea amaitzean edo baimena emateko baldintzak ez betetzeagatik baliogabetu bada.

24. artikulua.

1.–Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta modu pertsonalean eginen da; ez da azpierrentamendurako edo lagapenerako aukerarik izanen.

2.–Emanen den lursaila Udalak markatuko du, eta gastuak esleipendunak ordaindu beharko ditu.

25. artikulua.

1.–Leitzako Udalak, edozein denbora eta unetan, egoki eta komenigarri deritzon egiaztapenak egin ahal izanen ditu, herri-lurren zuzeneko aprobetxamendu pertsonala egiaztatze aldera.

2.–Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta modu pertsonalean eginen da; ez da azpierrentamendurako edo lagapenerako aukerarik izanen. Ondorio horietarako, Leitzako Udalak ulertuko du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen, familia-unitateko bizilagun titularrek aziendari Nafarroako Gobernuko abereen erroldan baja ematen badiote.

26. artikulua.

1.–Esleitutako herri-lurretan egiten diren itxiturak hirigintza-araudia betez hesitu ahal izanen dira, eta lursailaren herri-izaera adieraziko duen txapa batez identifikatuko dira. Txapa hori Leitzako Udalak emanen du.

2.–Igarobideak eta bideak errespetatu beharko dira. Atakak jartzea baimendu daiteke, interesdunak eskaera egin eta beharrezkoak direla justifikatu ondoren. Ataka horietan txapak ere jarri beharko dira, bide horiek publikoak direla adierazteko, eta Leitzako Udalak emanen ditu.

27. artikulua.

Herri-lurrak jabego pribatukoekin batera hesitu daitezke, herri-lur izaera adierazten duten txapekin behar bezala seinaleztatzen badira.

28. artikulua.

Leitzako Udalak aprobetxamenduen esleipena baliogabetu dezake, zuhaitz-landaketak edo herri-lur horietan bestelako hobekuntza batzuk sustatzen baditu. Kasu horietan, onuradunei hiru hilabete aurretik abisua emanen die. Ohartarazten da aprobetxamendua uzte hutsak ez duela inola ere eskubiderik emanen onuradunari kalte-ordaina emateko.

IV. KAPITULUA

Herri-larre irekiak eta itxiak aprobetxatzea, aldi berean hainbat abeltzainek erabil ditzaten

29. artikulua.

Hainbat abeltzainek aldi berean erabiltzekoak diren Leitzako Udalaren herri-larreak baterako ustiapen-unitate bakarra dira; unitateak udalerriaren titulartasun komunaleko lursail ireki osoa hartzen du, baita Aritz, Urdola-Mendibil, Urkizu, Sakulu eta Aizan-Baztarrolako larre itxiak ere.

30. artikulua.

Herri-larreen aprobetxamendua ondoren aipatzen diren modalitate horien arabera eginen da, eta lehentasun honetan:

a) Herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Enkante publiko bidez esleituz.

31. artikulua.

1.–Auzotarren arteko zuzeneko esleipenaren onuradunak izanen dira ordenantza honetako 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta Nafarroako Gobernuko dagokion departamentuko Abeltzaintza Erroldaren Erregistroan (erregistroa Leitzan dago) alta emandako azienda duten familia-unitateen titular diren bizilagunak, azienda hori ustiapen-liburuan jasota badago, eta azienda horri dagokion jarduera gauzatzeko udalaren baimena badute.

2.–Udalak dagokion ebazpena emanen du ekitaldi jakin horretako bazka-baldintzei buruz, eta horrekin epe bat irekiko da herri-larre horien aprobetxamenduan interesa duten pertsonek Leitzako Udalari eska diezaioten beren aziendarentzako larre-eskubidea esleitzea. Eskubide hori udalaren bandoaren bidez iragarriko da; berau udaleko iragarki-taulan argitaratuko da, eta, hala badagokio, tokiko beste edozein hedabidetan.

32. artikulua.

Herri-larreak aprobetxatuko dituen aziendak herri-larreak aprobetxatuko dituen aziendaren osasun-babeseko abere-osasunari buruzko legeria bete beharko du, eta legean eta horren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu.

33. artikulua.

Aziendaren kokalekua kontrolatzea eta azienda kontatzea errazteko, koordinazio-batzordea Udalarekin lankidetzan arituko da, kontrol hori errazte aldera.

34. artikulua.

Debekatuta dago txerri-aziendak bazkatzea.

35. artikulua.

1.–Larre-aprobetxamenduen onuradunek abelburu bakoitzeko ordaindu beharreko kanona Leitzako Udalak finkatuko du urtero, azienda-espezie bakoitzarentzat.

Kopururik finkatu ezean, aurreko urtean indarrean zegoen kanona aplikatuko da.

2.–Urte bakoitzari dagokion kanonaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da.

36. artikulua.

Kanona ezarrita ateratzen den zenbatekotik, larreak ongarritzeko eta aztertzeko lanak eta sortutako gainerako gastuak ordainduko dira. Abeltzainek larreen, bideen, ur-horniduraren, itxituren eta abeltzainen batzordeek Udalarekin auzolanaren bidez adostuko dituzten gainerako lanen mantentze-lanak burutuko dituzte.

37. artikulua.

1.–Larre bakoitzaren batzordeari kontsulta eginda, Udalak behar den abere-multzoa zehaztuko du lurrak larrerako duen gaitasunaren arabera.

2.–Udalari dagokio, larre bakoitzaren batzordeari kontsulta eginda, abereak larretara sartu eta horietatik ateratzeko datak ezartzea.

38. artikulua.

Leitzako Udalak honako baliokidetasuna ezartzen du ganadu motetarako:

a) Zaldi/Behor-azienda, 6 hilabetetik gorakoa: 1 AzLU.

b) Behi-azienda, 2 urtetik gorakoa: 1 AzLU.

c) Behi-azienda, 6 hilabetetik 2 urtera bitartekoa (barne): 0,6 AzLU.

d) Behi-hazienda, 6 hilabetetik beherakoa: 0,4 AzLU.

e) Ardi-azienda (ugalketarako emeak, hazitarako abelburuak, ugalketarako ez diren 4 eta 12 hilabete bitartekoak, eta ugalketarako ez diren 4 hilabetetik beherakoak): 0,15 AzLU.

f) Ahuntz-azienda (ugalketarako emeak, hazitarako abelburuak, ugalketarako ez diren 4 eta 12 hilabete bitartekoak, eta ugalketarako ez diren 4 hilabetetik beherakoak): 0,15 AzLU.

39. artikulua.

1.–Larreak mantentzeko lanak auzolanean eginen dira, eta auzolan hori honako irizpide hauen arabera antolatuko da: Batetik, AzLU kopuruaren arabera eta, bestetik, Udalak abeltzain bakoitzari Nekazaritza Politika Erkiderako (NPE) esleitzen dion hektarea kopuruaren arabera. Proportzioa honako hau izanen da:

–1 eta 10 AzLU bitartean: egun bateko auzolana.

–11 AzLU eta 20 AzLU bitartean: bi eguneko auzolana.

–21 eta 30 AzLU bitartean: hiru eguneko auzolana.

–31 AzLU eta 40 AzLU bitartean: lau eguneko auzolana.

–Udalak NPErako esleitutako 1 eta 5 hektarea bitartean: egun bateko auzolana.

–Udalak NPErako esleitutako 6 eta 10 hektarea bitartean: bi eguneko auzolana.

–Udalak NPErako esleitutako 11 eta 15 hektarea bitartean: hiru eguneko auzolana.

2.–Auzolan-lanek baliokidetasun hauek izango dituzte auzolan-egunei dagokienez:

–5 eguneko auzolana: sastrakak kentzeko bakoitzak bere makinak erabiltzea.

–4 eguneko auzolana: bideak konpontzeko, ongarria zabaltzeko edo antzeko lanak egiteko bakoitzak bere makinak erabiltzea.

–2 eguneko auzolana: materiala garraiatzeko bakoitzak bere makina erabiltzea.

–2 eguneko auzolana: bakoitzak bere sasi-garbitzeko makina edo eskuzko makina erabiltzea.

–2 eguneko auzolana: sastrakak erretzea.

–Egun bateko auzolana, auzolana antolatzeagatik.

Lan horren barnean sartzen dira deialdia egitea eta auzolana eginen duten pertsonen zerrenda Udalari jakinaraztea aurreko egun balioduneko 12:00ak baino lehen, istripu-aseguruan alta emateko, baita asistentzia- eta ondorengo kontrol-orria ere.

–Gainerako lanak: egun bateko auzolana.

3.–Auzolana ezin izanen da bakarka egin, segurtasun-arrazoiak tarteko.

4.–Egindako auzolan-egun guztiak zenbatzeko, Udala batzorde bakoitzak emandako bertaratze- eta kontrol-orrietan oinarrituko da Udala.

5.–Abuztutik aurrera, batzordeek bertaratze- eta kontrol-orrien bidez informazio eguneratua Udalari emanda, Udalak abeltzain bakoitzak zenbat auzolan-egun egin dituen eta urtea amaitu aurretik zenbat egun egin beharko dituen jakinaraziko du.

Urte naturala amaitutakoan, Udalak abeltzain bakoitzak egindako auzolan-egunen berri emanen du.

40. artikulua.

Bost larre-batzorde osatuko dira. Batzordeak honako hauek izanen dira. Aritz, Urdola-Mendibil; Urkizu, Sakulu eta Aizan-Baztarrola.

1.–Larre-batzorde bakoitzak bi abeltzain izanen ditu ordeazkari.

2.–Larre-batzordeen eginkizunak honako hauek izanen dira:

–Ordezkatzen dituzten eremuetako auzolanak proposatu, antolatu eta kontrolatu, eta koordinazio-batzordeari jakinarazi.

–Azienda larreetan sartzeko eta irteteko datak proposatu, baita espeziearen araberako ordena ere.

–Auzolanen bertaratze- eta kontrol-orriak bete eta Udalari eman, gutxienez, hilero.

–Leitzako herri-basoan abeltzaintza-erabilerarako egin beharreko inbertsioak proposatu Udalari.

–Udalari larre-batzordeen osaeraren eta ondorengo aldaketen berri eman.

–Koordinazio-batzorde bateratuak parte hartu.

–Udalarekin edo abeltzainen beraien artean adostu daitezkeen beste eginkizun batzuk.

41. artikulua.

1.–Koordinaziorako baterako batzorde bat sortuko da; horrek larreetako larre-batzordeak bilduko ditu, auzolanean egin beharreko lanak koordinatzeko (udal-ikuspegiarekin) eta, oro har, unean uneko abeltzaintza-errealitatea koordinatzeko.

2.–Koordinazio-batzorde hori larre-batzorde bakoitzeko kide batek eta Udaleko mendi-zinegotziak osatuko dute.

3.–Koordinazio-batzordeak Udalari osaeraren eta ondorengo aldaketen berri eman beharko dio.

4.–Koordinazio-batzordearen eginkizunak izanen dira:

–Leitzako larreen urteko plana egin, udal-ikuspegiarekin honako hauek plangintza egiteko: erreketak, larreak berreskuratzeko lanak, ur-hornidura, Udalari larreetan eta azpiegituretan egin beharreko hobekuntzak proposatu eta abar.

–Auzolanak orekatu, eremu bakoitzeko beharren arabera. Abeltzainak larre batetik bestera bidera daitezke.

–Udalari aziendaren gutxieneko larre-aldiak eta abelburuen kopurua betetzen direla kontrolatzen lagundu.

42. artikulua.

Urdola, Urdolatxiki, Aritz eta Aritztxiki larre itxituradunetan, abeltzain bakoitzak guztira 30 AzLUren baliokideari dagokiona bazkatu ahal izanen du.

43. artikulua.

1.–Nekazaritza Politika Erkiderako (NPE) azalerak egiaztatzeko ziurtagiriak ordenantza honetan ezarritako baldintza betetzen dutenei esleituko zaizkie: alegia, Leitzako Udalaren herri-larreetan dagozkion aziendak larratzen dituztenei, gutxienez bi hilabetetan jarraian.

2.–Eskatzaile bakoitzari esleituko zaion azalera ez da izango esleitu beharreko larre-azalera garbiaren %10 baino handiagoa.

3.–Udal bandoaren bidez, hamabost egun naturaleko epea emanen zaie interesdunei eskabideak Leitzako udaletxean aurkez ditzaten.

4.–Interesdunek ondorengo informazioa adierazi beharko dute eskabideetan:

–Izen-abizenak, NAN, helbidea, telefono-zenbakia eta, ahal bada, posta elektronikoa.

–Ordenantza honen 17. artikuluan aipatzen diren agiriak.

–Larratzeko eskubidea izanen duten abelburuen zerrenda, abelburuen kopurua, espeziea eta adina zehaztuta.

–Osasun-araudiak aipatzen duen osasun-ziurtagiria.

5.–Hamabost eguneko gehieneko epea igarota, Leitzako Alkatetzaren ebazpen bidez esleipendunen behin-behineko zerrenda onartuko da. Zerrenda horretan, eskatzaileen zerrenda, aitortutako AzLUen kopurua eta esleitutako hektareak jasoko dira, hurrenez hurren. Betiere kontuan hartuta hektareako gehienez AzLU bateko erlazioa, eta eskatzaile bakoitzeko guztizko azalera garbiaren %10 gehienez.

6.–Azienda larratzeko eskabideen guztizko azalera erabilgarri dagoen azalera baino handiagoa bada, bazkatzeko eskubideak esleitzeko orduan hainbanaketa eginen da aprobetxamendu horretarako eskubidea duten eskatzaileen artean.

7.–Behin-behineko esleipena egin ondoren, egin beharreko iragarkiak udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira, eskatzaile bakoitzari postaz jakinaraziko zaio, eta hamabost egun naturaleko epea emanen zaio behin-behineko zerrendan esleitutakoa baino azalera handiago eskatzeko alegazioak, erreklamazioak, uko egiteak eta eskaerak aurkezteko.

8.–Esleipendunek hasieran esleitutako azaleraren zati bati uko egiten badiote, azalera hori gainerako eskatzaileei esleituko zaie, eta lehentasuna emanen zaie Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan jarduera nagusiko abeltzain gisa inskribatuta daudenei, betiere AzLU bakoitzeko hektarea bat osatu arte.

9.–Osasun-araudiaren arabera azienda larratzea ezinezkoa bada, aurreko urtean aitortutako AzLUak mantenduko dira.

10.–Horretarako ezarritako epea igaro eta arrazoibiderik edo erreklamaziorik aurkeztu ez bada, esleipendunen behin-behineko zerrenda behin betiko zerrenda izatera igaroko da.

11.–Alegaziorik edo erreklamaziorik egonez gero, Alkatetzak ebatziko ditu horiek, eta, halaber, esleipendunen behin betiko zerrenda onartuko du.

12.–Larratze-eskubidea esleitzeko prozesua amaiturik, larre horien guztizko azalera erabili ez bada, beste interesdun batzuek eskabideak aurkeztu ahal izanen dituzte urte naturala amaitu arte, eta eskabide horiek Alkatetzaren Ebazpenaren bidez ebatziko dira, azalera erabilgarri hori osorik agortu arte. Kasu horietan, tarifen zenbatekoa ez da aldatuko, nahiz eta aprobetxamendu-aldia urtebetekoa baino laburragoa izan.

13.–Leitzako Udalak tasa bat kobratuko du ziurtatutako hektarea bakoitzeko, NPEa betetzeko.

V. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

44. artikulua.

Mendiaren erabilgarritasunek hala ahalbidetzen dutenean, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin eta Mendi Zerbitzuak seinaleztatuta, Leitzako Udalak egur-lote bana emanen die Ordenantza honetako 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

45. artikulua.

Leitzako Udalak urtero ezarriko du familia-unitateei emanen dien etxerako egur-loteen bolumena, mendian erabilgarri dagoen egurraren arabera. Beharrezkoa izanez gero, udalak aprobetxamendu hori eten dezake, egoki deritzon denboraz.

46. artikulua.

Egur-loteak zuzenean erabili behar dira, eta ezin dira saldu.

47. artikulua.

Leitzako Udalak urtero esleituko ditu emandako loteetatik kanpo botatzeko dauden zuhaitzak.

48. artikulua.

1.–Etxerako egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona ezarriko da. Loteen esleipendunek ordaindutako kanona itzultzeko eskatu ahal izanen dute auzolanean egun bat egiten badute; egun hori lotea esleitu ondoko egun bat izanen da.

2.–Auzolan gisa hartuko da herriko suhiltzaile boluntarioek urtean zehar egiten duten lana.

49. artikulua.

Egur-loteak zozketa bidez esleituko dira. Behar adina lote ez badago, daudenak zozketatuko dira.

50. artikulua.

1.–Zozketaren ondoren zortzi hilabeteko epea dago loteak jasotzeko, Alkatetzak esplizituki baimena eman ezean.

2.–Onuradunek, egurra hartu ondoren, hondarrak batu eta metatu beharko dituzte nahitaez, eta ezin izanen dituzte hondar horiek bide, baso-bide edo igarotzea oztopa dezaketen lekuetan metatu, Udalak adierazitako argibideak jarraituz.

3.–Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendu hori urtebetez ukatuko zaie, eta kanonaren gaineko %100eko errekargua izanen dute edo egun gehigarri bat auzolanean.

4.–Esleipendunen batek esleitutako egur-lotea erabiliko ez balu, eta hurrengo urtean beste bat eskatuko balu, aurreko urtekoa esleituko litzaioke berriz ere, moztu gabeko lotea bada. Aprobetxatzen ez duen bitartean, esleipendunak ezin izanen du etxerako beste lote bat eskatu, eta moztu gabeko lote hori zozketatik kanpo geratuko da.

5.–Esleipendunak mendiaren aprobetxamenduagatik eragin ditzaketen kalte-galeren erantzuleak izanen dira, eta kalte horiek eta dagozkiekeen zehapenak ordaindu beharko dituzte.

VI. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak herri-lurretan

51. artikulua.

1.–Leitzalarrean dauden bordak (borda tradizionalen zerrendan daudenak) aprobetxamendu historikotzat hartuko dira. Ez dira aprobetxamendurik emanen borda berriak eraikitzeko.

2.–Ez da trukerik izapidetuko Leitzalarrean.

52. artikulua.

Erabilera pribatiboa duten gainerako eraikinak (etxebizitza gisa, aisialdirako edo industria jardueretarako erabiliko direnak), aldi baterako aprobetxamendutzat hartuko dira haien egoera arautzen den bitartean, dagokien kanonarekin.

53. artikulua.

Energia elektrikoa sortzeko instalazioak ere, energia-iturri natural alternatiboetan oinarrituak, aprobetxamendutzat hartuko dira, eta dagokien kanona ordaindu beharko dute.

54. artikulua.

Bordaren gozamenerako eskubidea beste bati uztea edo eskualdatzea, baita aita-amek seme-alabei eginda bada ere, Udalak onartu beharko du. Hala egiten ez badu, Leitzako herri-lurrak aprobetxatzeko eskubide oro galduko du.

55. artikulua.

1.–Ehiza-aprobetxamendua, herri-lurrak hartzen dituzten ehiza-barrutietako aprobetxamendua, gai hori arautzen duen foru-araudia betez eginen da.

2.–Era berean, aipatutako onuradunei dagokie nahitaez seinaleztatzea, eta erabat beren gain hartzea erabilera eta aprobetxamendu horretatik sor daitezkeen kalteak.

56. artikulua.

1.–Inork herri-mendian hildakoren bat gogora ekarri nahi duenean, Leitzako Udalak, interesdunak aurrez idatziz hala eskaturik, baimena eman diezaioke zehazturiko leku batean bertako zuhaitz bat landatzeko, betiere paisaian eragin kaltegarririk sortu gabe.

Zuhaitza berez haziko da eta ez zaio inolako plakarik edo antzeko elementurik jarriko, ez itxiturarik ere.

Landaketa-lanak eskatzailearen kontura izanen dira.

2.–Alkatetzak izanen du baimen hori emateko eskumena eta, dagokion txosten teknikoaren ondoren, landatzeko tokia eta landatuko den zuhaitz-mota zehaztuko ditu.

3.–Ezin izanen dira gurutzeak, metalezko edo harrizko plakak edo gisa horretako elementuak erabili.

VII. TITULUA

Arau-hausteak eta isunak

57. artikulua.

Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Udalak egiaztatzen badu onuradunen batek ez duela betetzen azienda baimendu guztia udalerriko herri-mendian larratzera eramateko betebeharra, egoera hori arau-haustetzat joko da ordenantza honen ondorioetarako.

b) Herri-larreak erabiltzen dituen Aziendaren Osasun-Babesari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta horren Erregelamenduan ezarritakoa ez betetzea.

c) Auzo-aprobetxamenduko kanonak Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

d) Dagokion auzo-aprobetxamendua nabarmen gaizki edo modu osatugabean egitea.

e) Herri-lurra esleitu den helburuaz bestelako aprobetxamendu baterako erabiltzea.

f) Larratze-epeak eta -eremuak ez errespetatzea.

g) Azienda larratzea aitortu gabe.

h) Auzolana ez egitea, horretarako betebeharra egonik.

i) Indarrean dagoen araudian eta ordenantza honetan ezarritakoa urratzen duen beste edozein egitate edo egintza.

58. artikulua.

Arestian aipatutako arau-hausteak honela zehatuko dira:

–a) hizkian adierazitako arau-hausteen kasuan, ez-betetze horrek onuradun arau-hausleak larratzeko eskubidea duen azienda osoaren %30i edo ehuneko handiagoari eragiten badio, zehapen hori hurrengo urteko Nekazaritza Politika Erkiderako azalera-eskubidea galtzea izanen da.

–b), c), d) eta e) hizkietan adierazitako arau-hausteetan, emakida iraungiko da, Nafarroako Gobernuko organo eskudunek ezar ditzaketen zigorrez gain. Gainera, egindako kaltearen balioa baino bost edo hamar aldiz gehiago ordaindu beharko du. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eta 1.200 euro arteko zehapena ezarriko da.

–f) eta g) hizkietan adierazitako arau-hausteak 60 euroko isunarekin zehatuko dira AzLU edo zatiki bakoitzeko, azienda Udalaren herri-lurretan bazkatzen den bakoitzean, horretarako eskubiderik izan gabe. Zenbateko horiei ganadua kentzeak dakartzan gastuak gehituko zaizkie; gastu horiek oso-osorik titular arau-hauslearen kontura izanen dira, baita eragindako kalte-galeren ordaina ere.

–h) hizkian adierazitako arau-hausteak 90 euroko isunarekin zehatuko dira, eta hektarea bat kenduko da hurrengo ekitaldiko NPErako ziurtagirian, auzolana egin ez den egun bakoitzeko.

Aurretik xedatutakoak ez dio kalterik eginen sortutako kalteen ordainari eta sor daitezkeen erantzukizunei, ezta, hala badagokio, legez kontra lortutako produktuak eta arau-haustean erabilitako bitartekoak edo tresnak konfiskatzeari ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira Leitzako Udalaren herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituzten ordenantzen testu bategina eta testu honen aurka egin dezaketen xedapen eta ordenantza guztiak.

Indargabetuta geratzen da auzolana arautzen duen udal-ordenantza, 2011ko abuztuaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (167. zk.) argitaratua.

AZKEN XEDAPENA

Indarraldian sartzea.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denetik aurrera jarriko da indarrean, eta ondorio juridiko osoak izanen ditu ordutik aurrera, eta indarrean jarraituko du, harik eta aldatu edo berariaz indargabetu arte.

Hala ere, II. eranskinak 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak.

I. ERANSKINA

Leitzalarrearen mugaketa

Eranskin hau honekin batera doan planoak osatzen du. Plano horretan, Leitzalarreako lurrak mugatzen dira.

L2115553_0.pdf

II. ERANSKINA

Tarifak

a) Labore-lurrak (baratzeak, alorrak): 0,06 euro/m².

Horien titularrak Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa alta emandako pertsonak direnean: 0,03 euro/m².

b) Abeltzain bakar batek soilik erabiltzeko itxitako larreak: 67 euro/ha.

Lur horien titularrak Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa alta emandako pertsonak direnean: 33,50 euro/ha.

Larre-aprobetxamenduen batura 2 hektareatik gorakoa eta, aldi berean, 7 hektareatik beherakoa bada, tarifari igoera ezarriko zaio progresio geometrikoan; %10 hektarea gehigarri bakoitzeko.

7 hektareatik gorakoa aprobetxamenduetarako aurreko azken tarifari igoera ezarriko zaio progresio geometrikoan; %30 hektarea gehigarri bakoitzeko.

c) Artegia herri-lurretan:

Eraikina azalera osoan aziendarentzako ukuilurako bakarrik denean, 0,1 euro/m²-ko kanona ordainduko da.

Horien titularrak Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa alta emandako pertsonak direnean: 0,05 euro/m².

Eraikinaren azaleraren zati bat bakarrik aziendarentzako ukuilurako denean, 0,5 euro/m²-ko kanona ordainduko da.

Etxebizitzarako, aisialdirako edo industria-erabilerarako lehendik dauden erabilera pribatiboko eraikinengatik: 5 euro/m².

d) Zuhaiztiak:

Zuhaiztiak: 50 euro/ha.

e) Erlauntzak: 1,15 euro/unitateko.

Horien titularrak Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa alta emandako pertsonak direnean: 0,58 euro/unitateko.

f) Iturri natural alternatiboetan oinarritutako energia elektrikoa ekoizteko instalazioengatik: 0,20 euro/m².

g) Belarrak eta ura.

AzLU bakoitzagatik: 12 euro.

Horien titularrak Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa alta emandako pertsonak direnean: 3,60 euro.

h) NPErako egiaztatutako hektarea bakoitzagatik: 6 euro/ha.

Horien onuradunak Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa alta emandako pertsonak direnean: 2 euro.

i) Egur-lotea: 50 euro lote bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2115553