257. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEGASA

Hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Legasako Kontzeju Batzarrak, 2012ko ekainaren 12an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, udal hilerria arautzen duena (argitaratu zen 2021eko 175. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 28an).

Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Legasan, 2021eko urriaren 20an.–Kontzejuko burua, Jesus Etxart Ansalas.

LEGASAKO UDAL HILERRIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak eta aldez aurreko deklarazioa

Legasako Kontzejuak deklaratzen du Kontzejuaren hilerria laikoa dela, eta erlijio-ikurrak kenduko ditu, baina onartzen dira, banaka, hilerriaren erabiltzaileen sinesmen erlijiozko, kultural eta ideologikoekin bat datozenak.

1. artikulua. Legasako Kontzejuari dagokio hilerriaren zerbitzuen zuzeneko kudeaketa, horren jabea baita, ordenantza honen xedapenen arabera eta galarazi gabe beste administrazio publiko batzuen berezko eskumenak.

2. artikulua. Legasako Kontzejuak honako eginkizun hauek beteko ditu, Kontzejuaren hilerriarekin zerikusia dutenak:

a) Esparrua administratzea eta mantentzea, garbi eta egoki, eta zerbitzuaren ordena zuzena bermatzea.

b) Lurzatiak eta hilobiak banatzea eta ematea.

c) Era guztietako ehorzketa eskubideak onartzea, aldatzea, eta haien iraungipena deklaratzea.

d) Hilotzak eta gorpu-hondakinak ehorztea eta hobitik ateratzea, osasun arloko arauei jarraikiz.

e) Ordenantza honetan ezarritako tasak eta eskubideak jasotzea.

f) Hilerriko zerbitzuekin zerikusia izan dezaketen Kontzejuaren bestelako administrazio ahalmenak.

3. artikulua. Hilerriaren barnean ez da inolako espazio berezirik gordeko legeek debekatutako bereizkeria ekar dezaketen ehorzketak egiteko.

4. artikulua. Hilerriak izanen ditu indarreko legeriak eskatzen dituen instalazioak eta zerbitzuak.

5. artikulua. Kontzejuak behar den espazio publikoa utziko du agur-ekitaldiak egin daitezen.

6. artikulua. Hilerriaren esparrua zabalik egonen da une oro ezartzen den ordutegian.

7. artikulua. Hilerriko bisitariek hildakoak errespetatuko dituzte, eta, horretarako, ez da onartuko inolako ekintzarik zuzenean edo zeharka kaltetzen duenik esparruaren seriotasuna, edo berekin dakarrenik hilobiak profanatzea, suntsitzea edo bortxatzea.

8. artikulua. Kontzejuak ez du bere gain hartuko erantzukizunik baldin zerbitzuarekin zerikusirik ez dutenek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebasten edo narriatzen badituzte.

9. artikulua. Erregistro bat izanen da, lurzatien, hilobien eta panteoien kontzesioena.

II. TITULUA

Ehorzketa eskubidea

I. KAPITULUA

Hilobien kontzesioa

10. artikulua. Kontzesio egintzarekin batera sortuko da lurreko hilobien eta panteoien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea.

11. artikulua. Lurreko hilobietarako nahiz panteoietarako lurzatien erabilera betiko emanen da. Lurperatzean edo aurretik eginen da kontzesioa. Lurperatzerakoan gertatzen diren partzelen kontzesioak eginen dira aldez aurretik esleitu gabeko partzelen gainean.

Ordenantza honek indarra hartu baino lehen egindako esleipenak mantendu eginen dira.

Baimenduko da titulartasuna aldatzea edo oinordetzan ematea, baina frogatu beharko da eskualdatzailearen eta titular berriaren arteko lotura.

12. artikulua. Ehorzketa eskubideak berekin dakar, bakarrik, lurzatiak erabiltzea hilotzak eta gorpu-hondakinak uzteko, eta ezin da beste deustarako erabili.

13. artikulua. Hilobi mota guztien gaineko ehorzketa eskubidea bermaturik geldituko da inskripzioa eginda hilerriko erregistroan, eta haren inguruabarrak izanen dira dagokion inskripzioak adierazten dituenak.

14. artikulua. Hilobi bakoitzaren inskripzioak honako datu hauek agertuko ditu:

a) Hilobiaren identifikazioa.

b) Kontzesioa eman den eguna.

c) Eskubidearen titularraren izen-deiturak.

d) “Inter vivos” egintzen bidezko eskualdaketak edo “mortis causa” eskualdaketak, adierazita ondoz ondoko titularren izen-deiturak eta helbidea.

15. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularrek frogatu beharko dute badutela lotura Legasako Kontzejuarekin, bai berek, bai arbasoek, haien hondakinak utzi nahi direnean lurzatian.

II. KAPITULUA

Ehorzketa eskubidea azkentzea

16. artikulua. Ehorzketa eskubidea iraungi eginen da honako kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren aurri egoeragatik. Iraungipena erabakiko da eskubidearen titularrak betetzen ez duenean beharrezko obrak egiteko errekerimendua.

b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak arreta ez jartzea, nabarmen, egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan, ez aditu eginik horretarako aurretik egindako errekerimenduari.

c) Panteoia nahiz lurreko hilobia nahita desobiratzeagatik edo husteagatik.

d) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

e) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion lagapenagatik.

f) Ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

g) Hilerria ixteagatik.

h) Interes publikoagatik eta/edo berritu beharragatik.

17. artikulua. Baldin eta iraungitzen bada kontzesio epea bukatzea ez den beste arrazoi batengatik, hala deklaratu beharko da berariazko ebazpen batean, eta eskubideen titularrei jakinarazi beharko zaie.

18. artikulua. Baldin eta iraungipena ekartzen badu aurri egoerak edo abandonatzeak, eta eskubidearen titularraren heriotza jasota baldin badago, interesdunei zitazioa eginen zaie, titulartasun aldaketarako duten eskubidea alega dezaten. Interesdunak ezezagunak baldin badira, zitazioa eginen da iragarkia argitaraturik Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren ediktu tauletan.

19. artikulua. Iraungi ondotik, kontzesioaren xedeko hilobia Udalari itzuliko zaio, eta eskubidearen azkentzeak ez du sortuko konpentsaziorik nahiz kalte-ordainik. Aitzinetik gaztigatuta, gelditzen diren gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, edo, dagokionean, erre eginen dira, salbu eta hilaren familiakoek edo haien baimena duten beste batzuek eskatzen badute beste hilobi batera eramateko.

III. TITULUA

Hilobiak eraikitzea, mantentzea eta zaintzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

20. artikulua. Hilerrian, era guztietako obrak egiteko, parte hartzen duten guztiek erabat errespetatu beharko dituzte gainerako lurzatiak; berariaz, mugakide direnak.

21. artikulua. Obren ondoren, lekutu egin beharko dira hondarrak eta erabilitako tresnak, eta konpondu egin beharko dira hilerrian eta beste titular batzuen lurzatietan eragindako kalteak.

22. artikulua. Edozein hizkuntzatan jar daitezke hilarrietako epitafioak, oroigarriak, bereizgarriak eta ikurrak, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Titularrarena izanen da erantzukizuna baldin idazkunek hirugarrenen eskubideen aurka jo badezakete.

23. artikulua. Eskubideen titularrek edo haien baimena duten beste batzuek zainduko eta garbituko dituzte hilobiak. Hilobia garbitu ondoren, lore hondarrak eta bestelako objektu erabilezinak utzi beharko dira herriko edukiontzietan.

24. artikulua. Kontzesioa bukatutakoan, ehorzketa eskubidearen titularrak kentzen ahal ditu hilobietan instalatzen diren hilarriak eta obra artistikoak, baldin objektu nagusiari kalterik egin gabe bereizten ahal badira.

II. KAPITULUA

Konpontzeko, zaintzeko eta apaintzeko obrak

25. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak xahu eta apain edukitzea.

26. artikulua. Hilobiaren egoera txarra bada, Kontzejuak interesdunei eskatuko die behar bezala eduki dezatela. Kontzejuak behar diren jarduketak egin ditzake, eta kostua eskubidearen titularrari jasanarazi. Ordaintzen ez bada, hilobia Kontzejuaren eskuetara itzuliko da.

IV. TITULUA

Hilotzak eta gorpuzkinak ehorztea, hobitik ateratzea eta tokiz aldatzea

I. KAPITULUA

Xedapen amankomunak

27. artikulua. Hilotzak eta gorpuzkinak ehorzteko, hobitik ateratzeko, tokiz aldatzeko eta berrehorzteko, jarraituko zaie hilotzen gaineko osasunaren arloan indarrean dauden xedapenei.

28. artikulua. Ez da aintzat hartuko ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko inolako eskaerarik baldin hildakoaren hurbileko familiakoek berariaz adierazten badute horren kontra daudela, salbu agintari judizial eskudunak baimentzen badu.

29. artikulua. Hilotzak ezin izanen dira ehortzi harik eta heriotzatik hogeita lau ordu igaro arte. Hala ere, salbuespen hauek izanen dira:

a) Haren heriotza egiaztatu eta gero, organoen emailea bada.

b) Baldin osasunaren arloko gorabeherengatik komeni bada, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak hala xedatzen duenean.

II. KAPITULUA

Ehorzketak

30. artikulua. Ehorzteko, eskabidea aurkeztu beharko da, salbu errautsak ehorzteko.

31. artikulua. Inola ere ez dira onartuko hilotzen bilgarriak baldin galarazten edo berandutzen badute gorpuen berezko deskonposizioa.

III. KAPITULUA

Hobitik ateratzea

32. artikulua. Epaileak agindu ezean, ezin izanen da hilotzik hobitik atera harik eta heriotzatik bost urte iragan arte, edozein izanik ere erabilitako hilkutxa.

33. artikulua. Titularrak aldez aurretik eskaera egin beharko du desobiratzeko eta gero berriz hobiratzeko, hilerri berean edo beste batean, edo erretzeko.

34. artikulua. Osasun baimena beharko da hilotzak edo gorpu-hondakinak beste hilerri batera eramateko, erregelamenduz aurreikusitako kasuetan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Kontzejuko Batzarrari dagokio kontzesioa ematea eta deklaratzea azkendu egin dela panteoiak eta hilobiak erabiltzeko ehorzketa eskubidea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.–“Betiko” edo denbora mugagaberako emandako kontzesioak (egiaz dira lauretan hogeita hemeretzi urteko gehieneko eperako emandako kontzesio administratiboak) errespetatuko dira dagokien baldintzetan.

2.–Ordea, epeari dagokionez, bai ordenantzaren aitzinetik bai ondotik eman direnak lauretan hogeita hemeretzi urterako izanen dira gehienez.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da legez aurreikusitako epea igarotakoan, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

ERANSKINA

2011ko tarifak

–Lurzatien kontzesioak: 20,00 euro.

–Ehorzketa gastuak: dohainik.

Iragarkiaren kodea: L2115235