257. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

32/2021 FORU AGINDUA, urriaren 28koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez sari honetarako deialdia egiten baita: “Koloreetako Nafarroa 2021”.

Bat etorriz Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuarekin, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuari, besteak beste, honako eskumen hauek eskuordetu zitzaizkion: Nafarroako Gobernuak immigrazioaren arloan zehaztutako politika garatzea eta koordinatzea, etorkinen integrazioa, eta aniztasun etniko eta kulturalaren kudeaketa.

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren barruan, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren eginkizunen artean daude sentsibilizazio ekintzak diseinatu eta abian jartzea, kulturen arteko bizikidetza, gizarte aniztasuna eta migrazioen balioa balioesteko, eta baita kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka hobetzeko beste edozein ekintza ere.

Eskudantzia hori gauzatzeko, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak proposatu du, Caixabankekin elkarlanean, “Koloreetako Nafarroa 2021” sarirako deialdia egitea, gure Foru Komunitatean nabarmendu den jatorri migratzaileko pertsona baten figura jendaurrean aintzatesteko. Era berean, balioetsi nahi dira, udal-esparruan, hezkuntzan edo ikus-entzunezkoen, irratien edo hedabide grafikoen arloko lanean, bizikidetza eta kultur aniztasuna Nafarroaren garapen-faktore gisa nabarmentzen dituzten ekimenak eta jarduketak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Koloreetako Nafarroa 2021” sarirako deialdia egitea eta haren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen I. eranskin gisa gehitzen direnak.

2. Zortzi mila (8.000) euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuko “Koloreetako Nafarroa Saria” izeneko F10002 F1200 2268 231900 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 28an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

I. ERANSKINA

“Koloreetako Nafarroa 2021” sariaren oinarri arautzaileak

1.–“Koloreetako Nafarroa 2021” sariaren xedea.

“Koloreetako Nafarroa” sariaren xedea da jendaurrean aintzatestea jatorri migratzailea duen pertsona baten ibilbidea eta/edo jarduerak, pertsona horren figura erreferentzia positiboa izan baitaiteke Nafarroako Foru Komunitatean kulturen arteko bizikidetzari dagokionez eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan.

Era berean, balioetsi nahi dira, udal-esparruan, hezkuntzan edo ikus-entzunezkoen, irratien edo hedabide grafikoen arloko lanean, bizikidetza eta kultur aniztasuna Nafarroaren garapen-faktore gisa nabarmentzen dituzten ekimenak eta jarduketak.

2.–Kategoriak.

–“Koloreetako Nafarroa” saria, Nafarroan bizi den atzerriko pertsona migratzaile bati, 2021. urtean bizikidetzaren aldeko balioak ordezkatzen eta gure komunitateko populazio migratzailea balioesten nabarmendu izanagatik.

• Irabazlea eta akzesita bi finalistentzat.

–Aipamen berezia pertsona, gizarte erakunde edo elkarte bati, 2021. urtean zehar kulturen arteko bizikidetzaren alde eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurka izan duen parte-hartze aktiboagatik, lankidetzagatik eta egin duen ekarpenagatik nabarmendu izanagatik.

–Aintzatespenak:

• “Koloreetako Udala” aintzatespena, Nafarroako Foru Komunitatean kulturen arteko bizikidetasunaren eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako balioak bultzatu dituen toki entitateari.

• Kulturen arteko bizikidetzarako praktika egokien aintzatespena Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe bati.

• Aintzatespena pertsona batek edo hedabide batek kulturartekotasuna sustatzeko eta arrazismoari eta xenofobiari aurre egiteko eginiko ikus-entzunezko, irratiko edo hedabide grafikoko lanari.

3.–Sariaren zuzkidura.

Koloreetako Nafarroa sariak 8.000 euroko diru-zuzkidura du, eta 2021eko gastuen aurrekontuko “Koloreetako Nafarroa Saria” izeneko F10002 F1200 2268 231900 partidaren kargura ordainduko da. Partida hori honela banatuko da:

–Koloreetako Nafarroa saria, Nafarroan bizi den atzerriko pertsona migratzaile baten ibilbidea aintzatesten duena:

• Irabazlea: 3.000 euro eta oroigarria.

• Finalistentzako 2 akzesitak: 1.500 euro eta oroigarria.

Aipamen berezia 2021. urtean bere parte-hartze aktiboagatik, lankidetzagatik eta kulturen arteko bizikidetzari eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokari eginiko ekarpenagatik nabarmendu den pertsona, gizarte-erakunde edo elkarteari.

–"Koloreetako Udalak”, koloreetako ikastetxeak eta pertsona batek edo hedabide batek eginiko ikus-entzunezko, irratiko edo hedabide grafikoko lanaren aintzatespenak: plaka eta oroigarria.

4.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Hautagaitzak aurkezteko epea 7 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Hautagaitzak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez.

Posta ziurtatuaren bidez ere bidali ahal izanen dira, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentura (Orreaga etorbidea 4 - 31002 Iruña-Nafarroa), gutunazalean “Koloreetako Nafarroa 2021 Saria” idatzita. Bidalketa mezularitza zerbitzuaren bidez egiten bada, bidaltzen den egun berean jakinaraziko da posta elektronikoz, helbide honetara: premionavarradecolores@navarra.es.

4.3. Kanpoan geldituko dira autokandidaturak, edo eurek ordezkatzen dituzten erakundeen alde norbanakoek aurkeztutako hautagaitzak.

4.4. Sarirako hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

4.5. Onarpen epea amaituta, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Laguntza Zerbitzuaren eta Caixabanken artean sortutako batzordeak hautagai-zerrendak aurrehautatuko ditu, eta jasotako dokumentazioa eta deliberazioak epaimahaiari helaraziko zaizkio, gero saria erabaki dezan.

5.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa eta hautagaitzetako akatsen zuzenketa.

5.1. Aurkezten diren hautagaitzek honako dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Proposatutako entitatearen edo pertsonaren identifikazio datuak biltzen dituen agiria, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Azalpen memoria (gehienez ere DIN A4 neurriko 2 orrialde lerroartea bakuna bada, eta lerroartea bikoitza bada 4 orrialde) zeinetan bilduko baitira saria eskuratzeko egindako merezimenduak: ekintzak, programak, neurriak eta egokitzat jotzen den gainerako informazioa (memoria aurkezteko eredua III. eranskinean dago).

c) Alegatzen diren merezimenduak abalatu eta egiaztatzen dituen beste edozein dokumentazio osagarri, erakunde publikoek, entitate pribatuek edo entzute handiko pertsonek hautagaien alde emandako gutunak barne.

5.2. Eskabideak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, gehienez 3 egun balioduneko epean zuzentzeko eskatuko da. Horrela egin ezean eskaeran atzera egiten dela ulertuko da.

6.–Saria emateko irizpideak.

Erabakia hartzearren, epaimahaiak aurkezten diren hautagaien balorazioa eginen du, irizpide hauen arabera, hautagai bakoitzarekin ponderazio berbera erabiliz:

a) Proposatutako pertsonak edo erakundeak, nork bere jarduera eremuan izan duen ibilbidea.

b) Lana edo ibilbidea zein testuingurutan egin den, haren analisia.

c) Erabateko inklusiora eta bizikidetzara eta pertsona migratzaileen eskubide eta aukera berdintasunera bideratutako ekintzak, lanak eta proiektuak.

c) Jarduketak, ekintzek, lanek edo proiektuek edo proposatutako pertsonaren zein erakundearen ibilbideak gizartean duten oihartzuna eta eragina.

d) Hautagaiak Nafarroako Foru Komunitatearekin duen lotura.

7.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

7.1. Sariaren epaimahaia honako pertsona hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Bere lanbideagatik, gizarte-lanagatik, aktibismoagatik eta abarrengatik aintzatetsia izan den gizarte zibileko pertsona bat.

–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria.

–Migrazio Politiketako zuzendari nagusia.

–Idazkaria: Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren ordezkari bat.

–Caixabanken ordezkaria.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkaria.

–Pertsona Migratzaileen Foroaren ordezkaria.

–Haien lanbideagatik, gizarte-lanagatik, aktibismoagatik eta abarrengatik aintzatetsiak izan diren jatorri migratzaileko bi pertsona.

7.2. Epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzak aztertuko ditu, eta bakoitzaren merezimendu aipagarriak baloratuko, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Epaimahaiak gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak. Bilkuraren batera joaterik ez badute, epaimahaiko kideek botoa eskuordetu ahal izanen dute. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatziko du kalitateko botoa erabiliz. Idazkariak adosten diren jarduketa eta erabaki guztiei buruzko akta eginen du, eta bertan agertuko dira hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak, deialdi honetan saria emateko jasotzen diren irizpideen araberakoak.

7.3. Epaimahaiaren erabakia hartzen den egun berean emanen da aditzera.

7.4. Epaimahaiak erabakia hartu ondoren, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariren foru agindu bidez emanen da “Koloreetako Nafarroa 2021” saria. Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

7.5. Saria ematea 2021eko abenduaren 18an eginen da, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunaren karietara xede horretarako antolatuko den jendaurreko ekitaldian.

7.6. Saria emateko ekitaldiaren ondotik, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, saritutako pertsona eta entitateei oinarri hauetako 3. klausularen arabera dagokien zenbatekoa ordaintzeko aginduz.

8.–Saritu gabeko hautagaitzak:

Aurkeztu arren sarituak izan ez diren hautagaitzen kasuan, interesdunek agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, saria emateko Foru Aginduaren datatik 2022ko apirilaren 30era bitarte, baldin eta, sarietara aurkezteko eskaera-orrian ez badute hurrengo edizioetan aintzat hartzeko baimena eman.

9.–Administrazio-errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen aplikazioaren ondoriozko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Deskargatu II. eta III. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2115550