255. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

252E/2021 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen-ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoa, Carcarko BTA eta Andosillako SI1 sektorearen artekoa, Andosilla eta Carcarko udal-mugarteetan. Sustatzailea NASUVINSA da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimena lortzeko eskaera Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Aurrez, ingurumen-ukipenetarako baimena eman zitzaion proiektuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak martxoaren 22an emandako 109E/2017 Ebazpenaren bidez. Alabaina, baimen hori eman zenetik bi urte igarota, ingurumen-ukipenetarako baimen hori iraungi egin da, bat etorriz abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 37 artikuluarekin; dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Proiektuan jasotako jarduketaren xedea da Andosillako hirigunearen hegoaldean dagoen industrialdea handitzearen ondorioz sortutako hornidura elektrikoaren beharrei erantzutea. Horretarako, linea elektriko berria eginen da Carcarko BTAren eta Andosillako egungo poligonoan kokatutako 27. euskarriaren artean, bertan bihurtzen baita aireko linea lur azpikoa. Linearen trazadura 4,73 km luze da (2,24 km-koa Andosillan eta 2,49 km-koa Carcarren) eta Ega ibaia gurutzatu ondoren, Carcarko zentral hidroelektrikoaren ubidea zeharkatzen du. Era berean, NA-134 errepidetik pasatzen da eta Andosillako saihesbidearekiko paralelo doa, gurutzatu gabe, gaur egungo industrialdean bukatu arte.

Espedientean honako hauek jaso dira: Andosillako Udalaren eta Carcarko Udalaren txostenak, bai eta Ingurune Naturalaren Planifikazio Estrategikorako Atalaren 2016ko abuztuaren 4ko txostena ere, non adierazten baita proiektuaren jarduketa-eremuan abelbideak igarotzen direla (Ebroko Iraganbide Nagusia izeneko errege altxonbidea, 16. iraganbidea eta altxonbidearen adarra), baina euskarrietarako aurreikusitako kokapenak ez duela ukipenik sortzen altxonbideetan, guztiak ere bidearen kanpoaldeko mugatik 3 metrora daudelako gutxienez, zortasun-eremua errespetatuz.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du proiektuaren ezaugarrietan ez dela aldaketa nabarmenik egin, eta ingurumen-ukipenetan ere ez dela funtsezko aldaketarik gertatu aurreko ingurumen-ukipenetarako baimena eman zenetik hona.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoa, Carcarko BTA eta Andosillako SI1 sektorearen artekoa, Andosilla eta Carcarko udal-mugarteetan. Sustatzailea NASUVINSA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Hegaztiak babesteko balizak ezarri beharko dira 1. euskarritik 19. euskarrira arteko tartean.

–Eroale nagusiko zubi lasaiak, triangelu erako gurutzeta duten euskarrienak, guztiz isolatu beharko dira goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko aproposa den material isolatzailea erabiliz, oso hurbil baitaude beheko gurutzetatik.

–Linearen bukaerako euskarrian elektrokuzio arriskua murrizte aldera, lineako eroaleak eta XS ebakigailuak lotzeko zubi lasaiak eta horiek eta tximistorratz autobalbulak eta terminalak lotzeko zubi lasaiak isolatu beharko dira, guztiz, goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko material isolatzaile egokiaren bidez. Tximistorratz autobalbulak eta terminalak esekita jarriko dira edo, bestela, aurremoldekatutako BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Amarradurak, konexiorako zubiak edo deribazioak isolatzeko erabilitako isolatzaileak metro bat baino gehiagoko isolatze-luzera izanen du linea osoan.

–Ingumen-ukipenen azterlanean zehazten da zer zuhaitz kenduko diren linea elektrikoaren azpiko 14-16 metroko zerrendaren bi bazterretatik. Honako hauek botako dira: ailanto guztiak, 3 lizar eta makal bat Bazterretako landaredia oso urria denez, zeharkatzeko gunea berraztertu eginen da, ahal dela landaredia autoktonoan ukipenik egon ez dadin.

–Obrak abiarazi baino 48 ordu lehenago gaztigatu beharko zaio Lizarrako hegoaldeko barrutiko Basozaintzari (848 420 150 edo 608 062 639, estellasur@navarra.es), obrak ikuska ditzan eta, kendu beharreko zuhaitzak marka ditzan.

–Obra hondakin guztiak hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri beharko dira, araudian bertan ezarritako moduan.

–Proiektua lizitatu eta gauzatu arteko garapenean, kontuan hartuko da linea berriaren euskarriak 3 metro baino gehiagora jarri behar direla eteten dituen altxonbideen mugetatik.

–Hirigintza eta lurralde arlokoak:

  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.
  • Herrilurren Atalaren 2016ko irailaren 9ko txostenean xedatutakoa beteko da, non adierazten baita nahitaezko desjabetzeaz baliatzekotan, ez dela beharrezkoa izanen Andosillako eta Carcarko udalek atal honi inolako baimenik eskatzea. Horrela ez balitz, obrek ukitutako lursailen okupazioa baimendu beharko litzateke, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluarekin bat.

Bigarren kasu horretarako, txostenean adierazten da NASUVINSA enpresak gauzatu asmo duen jarduketak herrilurrak ukituko dituenez, Andosillako Udalak (eta, kasua bada, Carcarkoak), obra-lizentzia eman baino lehen, lursail horiek okupatzeko baimena eskuratu beharko duela Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezarritakoarekin bat”.

–Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2016ko irailaren 9an emandako txostenean adierazitakoa bete beharko da:

a) Aireko lineari eusteko dorreak ukitutako errepideen galtzadak zedarritzeko kanpoko lerrotik bereiz egonen dira. Tarte hori, gutxienez, dorreen garaieraren parekoa izanen da. Ezin da inola ere 25 metrotik beherako tarterik utzi Foru Komunitatearen intereseko errepideetan (NA-122 eta NA-134) eta 18 metrotik beherakoa tokiko errepideetan (NA-6240), hartara, eroriz gero galtzada uki ez dezaten.

b) Errepideen plataformaren eta kablerik baxuenaren artean geratu beharreko gutxieneko garaiera librea Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak eskatutakoa izanen da, eta ez da inola ere 7 metro baino gutxiagokoa izanen ukitutako errepideetan.

c) Sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako behar de eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri-lanen Zuzendaritza Nagusian, Nafarroako errepide sarean ukitzen dutena azalduz, eta goian ezarritako determinazioak beteko dituzte baimena lortzeko, hori bidezko bada.

d) Sustatzailearen kargura izanen dira dokumentazio teknikoa prestatzeari, lanak egiteari eta behar bezala funtzionatzeko behar diren kontsumoei dagozkien gastuak.

–Halaber, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren 2021eko martxoaren 29ko txostenean xedatutakoa beteko da, non adierazten baita goi tentsioko linea elektrikoa instalatzeko obrei hasiera ematean, interesdunak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren berariazko baimena eskuratu beharko duela, baldin eta lurzatiak azkenean Nafarroako Ubidearen lehen fasea handitzeko obren ondorioz ukituta geratzen badira eta obrak ukitutako lurzatien ureztapena abian dela dioen adierazpena egin aurretik hasten badira.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko du.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Andosillako Udalera, Carcarko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Taldera (“Lizarra Hegoaldea” 9. koordinazio unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 25ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2115282