255. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

251E/2021 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: Cintruenigoko Portalada eta Moluengo alderdietako ureztatzea (6,9 ha) modernizatzeko proiektua. Excavaciones Técnicas SL da sustatzailea.

2021eko ekainaren 10ean Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedientearen ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera. Espediente hori sartuta dago Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko K epigrafean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Egin asmo den jarduketak ureztatzea modernizatu nahi du 6,9 hektarea inguruko azalera batean, Cintruenigoko 3. poligonoko 874., 875., 876., 877., 879., 924., 928. eta 1078. lurzatietan, La Portalada alderdian, noizean behingo erretenen bidezko ureztatzetik presio bidezko ureztatzera edo ureztatze mugatura pasatzeko, mahastian erabiltzeko. Sustatzaileak kalkulatu du mahasti hektarea horien beharrizan hidrikoa urtean 10.990 metro kubokoa izanen dela. Proiektuan ez da jasotzen modernizatuko diren lurzatietan erretenak eta barneko zerrendak ezabatzeko asmorik baden; nolanahi ere, garrantzi gutxikoak dira. Jarduketaren alboetan ezpondak eta zerrendak daude, baina ez dira proiektuan sartzen. Elementu hauetan larre tipikoak eta albitz-belardiak daude, Limonium sp. dutenak, eta horiek kontserbatu egin beharko dira.

Adierazitako lurzatietako ureztatze sistema aldatzeko, lurrean zulatutako putzu bat egitea proposatzen da, inongo dike edo lur-ildorik gabea, Cintruenigoko 3. poligonoko 931. lurzatian. 3.000 m² inguruko azalera izanen du eta 11.380 m³ biltegiratzeko edukiera. Putzua modernizatu nahi diren lurzatietatik hurbil eginen da, Alta de La Nava erretenaren alboan, handik hartuko baitu betetzeko ura. Sorgailu bidez elikatuko den presioko ekipamendu bat beharko da horretarako. Putzu berria mendi magalean eginen denez, putzua hondeatzeko lurra erauztean ezpondak egin beharko dira perimetroan; 28.468 m³ lur erauziko dira. Soberako lur horiek baimendutako kudeatzaileren bati emanen zaizkio.

Putzua lurzatiaren perimetroko mugatik 5 metroko tartea utziz eginen da, lurzatiaren ipar-ekialdean dagoen larre onduen eta almendrondoen zerrenda ukitu gabe. Perimetroko ezpondek zenbait metroko altuerako gehieneko desnibela izanen dute, eta 15° eta 18° arteko malda. Proiektuan ereiteko proposamen bat ere badago, putzuaren perimetroko ezpondarako.

Beharrezkoa bada soilik aurreikusten da putzua iragazgaiztea, 1 mm-eko lodierako PVCzko xafla erabiliz. Itxitura 2 metroko altuerako bihurdura bakuneko hesiz eginen da. Putzutik lurzati ureztatuetara 82 metroko luzerako hodia sartuko da.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak adierazi du jarduketa jarduera baimendua dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2.f) artikuluaren arabera; hortaz, ez du lurzoru urbanizaezinerako baimentzen ahal diren jarduerarako baimenik behar.

Ingurumen Eraginaren Atalaren txostenaren arabera, jarduketa bideragarria da ingurumen ikuspegitik eta inguruko landaredia babestera bideratutako neurriak sendotzea proposatzen du, eta horiekin batera baita landareztatzeko, fauna babesteko eta presioz ureztatu nahi diren lurzatien ingurumen alderdiak hobetzeko neurriak ere.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Cintruenigoko Portalada eta Moluengo alderdietan ureztatzea (6,9 ha) modernizatzeko proiektuari. Excavaciones Técnicas SL da sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Proposamena sustatzaileak Ondare Historikoaren Zerbitzuari eskatutako ondare arkeologikoaren babesaren inguruko txostenaren mende dago.

–Putzuaren azken zehaztapenek, eta hura egiteko lanek, ahalik eta gehien murriztu beharko dute azaleren okupazioa eta soberako lurren sorrera. Horretarako, aztertuko da putzuaren hego-ekialdeko ezponda (betetze kotaren azpitik) 3H:2V-koa izatea (hau da, 34°koa), eta abiapuntutik 150 metro baino gehiago ez zulatzea (7.2 planoko luzetarako profilaren arabera).

–Soberako lurrak hondakinei buruzko araudi indardunaren arabera kudeatuko dira.

–Landare lurra putzuaren perimetroko ezpondak leheneratzeko gordeko da.

–Putzua PVCzko xafla jarriz iragazgaizten bada azkenean, xafla ezponden barne aldeko goiko ertzeraino ez hedatzea gomendatzen da, eta uraren gehieneko kotatik gorako azalerak ereinez landareztatzea. Kasu horretan, gainera, putzuaren hainbat puntutan, PVCzko xafla gainean sare edo xafla zimurtsu bat jarriko da, itxirik egon arren, hesia gainditu eta ezustean bertara eror litezkeen animalien ihesa ahalbidetzeko.

–Putzutik ureztatu beharreko lurzatietara doan hodiaren trazadura landabideetatik edo nekazaritzako lurretan barrena eginen da, putzuaren eta ureztalur berrien arteko ezpondetako berezko landarediari kalterik ez eragiteko.

–Biodibertsitatea eta paisaia hobetzeko xedez, putzuaren bidez ureztatuko diren lurzatietan, perimetroan eta bide ertzetan, gutxienez 3 metroko zabalerako lur zerrendak utziko dira, bilakaera naturala izan dezaten.

–Putzuaren goiko ertzaren eta itxituraren artean gutxienez 3 metroko zabalerako zerrenda utziko da perimetro osoan, edatera jaisten diren hegazti eta saguzarrek hegaldia altxa ahal izan dezaten. Horrez gain, itxituraren goialdeko haria leuna izanen da, elementu zorrotzik gabea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Cintruenigoko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako 11. Koordinazio Unitatera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 25ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2115278