255. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Ordenantza, Autokarabanak eta bizitegi-ibilgailuak horretarako prestatu den eremuan aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Aiegiko Udalak, 2021eko abuztuaren 26an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: Autokarabanak eta bizitegi-ibilgailuak horretarako prestatu den eremuan aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duen udal ordenantza.

Erabaki horren iragarkia 2021eko 210. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 7an, eta biharamunetik hasita jendaurrean egon zen, hogeita hamar egun baliodunean. Alegaziorik aurkeztu ez zenez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Aiegin, 2021eko urriaren 25ean.–Alkatea, Leonardo Camaces Murillo.

UDAL ORDENANTZA, AUTOKARABANAK ETA BIZITEGI-IBILGAILUAK AIEGIN, HORRETARAKO PRESTATU DEN EREMUAN, APARKATZEA ETA GAUA PASATZEA ARAUTZEN DUENA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, batetik, arauak ezartzea autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak ostatu gisa erabiltzeko, Aiegiko udalerriko Ardantze alderdian xede horretarako prestatu den aparkalekuan, helburua izanik bertako natur baliabide eta espazioak zaintzea, eta pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena bermatzea bide publikoen erabiltzaile guztien artean; eta bestetik, bermatzea betetzen dela araudi autonomikoan kanpaldi libreaz ezartzen den debekua.

2. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.

Aiegiko udalerrian autokarabanak aparkatzeko eremu erreserbatuan kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzeak zehapena ekarriko du. Hurrengo artikuluetan zehaztuko da zein den kanpaldi librearen eta autokarabanak aparkatzearen arteko diferentzia.

3. artikulua. Kanpaldi librea.

Kanpaldi libretzat hartuko da:

a) Aisiarako edozein tresna jartzea autokarabanaren espaziotik kanpo, eta erraz garraia daitezkeen eta zimentaziorik ez duten elementuak erabiltzea.

b) Ordenantza honetan ezartzen dena baino denbora gehiago egotea autokarabanen aparkalekuan.

c) Aiegiko Udaleko langileen edo Estatuko Segurtasun Kidegoen iritziz beste udal ordenantza batzuekin kontraesanean sartzen den edozein motatako jarduera.

4. artikulua. Aparkatzearen eta akanpatzearen arteko desberdintasuna.

Zilegi da autokarabanak eta gisako ibilgailuak gelditzea eta aparkatzea hiri barruko bideetan; gelditzea edo aparkatzea arriskutsua ez bada, legeari jarraikiz egiten bada, zirkulaziorako oztopoa edo arriskua ez bada eta ibilgailua behar den moduan eta horretarako baimendu den lekuan jartzen bada.

Aditzera emate aldera eta adierazgarri gisa, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1.–Gurpilekin edo segurtasun ziriekin baizik ez duenean zorua ukitzen (ez daude jaitsita hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu ere).

2.–Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez denean, hau da, ez dago leiho irekirik (leiho irekiak edo proiektagarriak, ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen ahal dutenak), aulkirik, mahairik, eguzki-oihal irekirik, eta abarrik.

3.–Inolako isurtzerik gertatzen ez denean, kutsagarria izan ala ez, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo gizalegearen eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez direnean, hala nola urak bide publikoan hustea. Asots gogaikarriak ateratzen ez direnean, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz atseden hartzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

5. artikulua. Aparkatzea.

Udal-mugarte osoan debeku da karabanak edo atoiak aparkatzea beren trakzio-ibilgailuetatik bereizita. Gainera, nahitaezkoa izanen da autokarabana eta etxebizitza-ibilgailu guztiek gaua pasatzea Aiegiko udalerrian horretarako prestatu den aparkalekuan, Ardantze alderdian.

6. artikulua. Aparkatze denbora.

Ibilgailu horiek astean 72 ordu egoten ahalko dira aparkatuta gehienez, autokarabanen aparkalekura sartzen diren unetik kontatzen hasita.

Udalak mugatzen edo debekatzen ahalko du, gainera, autokarabanak bide publikoko zonalde mugatuetan aparkatzea, baldin bide-segurtasunari eta zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioari eragiten badiete, arrazoi objektiboak eta etxebizitza-ibilgailuen tamaina edo baimendutako gehieneko masa direla-eta.

Epe horretan tasa bat ezarriko da urak aldatzeko zerbitzuagatik.

7. artikulua. Zerbitzuguneak.

Honako arau hauei jarraituz erabiliko da autokarabanendako zerbitzugunea izateko Ardantze alderdian kokatutako zonaldea, Udalaren kirol instalazioen ondoan:

1.–Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak, etab., baldin etxebizitza-ibilgailu gisa homologaturik ez badaude eta komuna eta ur erabilien biltontzia ez badituzte.

2.–Aparkatutako ibilgailuek beti errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak, lurzoruan markatuak, eta ez dituzte kanpoaldera aterako mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, olanak edo beste edozein tresna.

3.–Gehienez ere 72 orduz egoten ahalko dira, gelditzen direnetik plaza uzten duten arte. Ezinbestean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta soilik aldez aurretik Alkatetzak baimenduta.

4.–Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sorturiko ur gris eta beltzak botatzeko espazioa izanen dute, baita tratatu gabeko uraren hargune bat ere. Eremu horretan ezin da aparkatu; erabiltzaileen eskura egonen da eta horiek garbi mantendu beharko dute erabili ondotik. Espresuki debekatua dago, orobat, edozein motatako ibilgailuak garbitzea.

5.–Zerbitzugunetako eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak edo Estatuko Segurtasun Kidegoek ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko, eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzuguneetako eremuek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

6.–Debeku da kanpatzeko tresnak paratzea bide publikoan eta bereziki autokarabanak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, kadirak edo olanak, leku espresuki baimenduetan ez bada.

8. artikulua. Ikuskapena.

Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; izan ere, udalbatzari dagokio egin beharreko ikuskaritza eta zehapen lanak egitea.

Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuak eta Estatuko Segurtasun Kidegoak arduratuko dira ordenantza hau betetzen den begiratzeaz.

9. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1.–Aiegiko Udaleko alkatea edo hark eskuordetutakoa dira zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duten organoak.

2.–Zehapen prozedura egiteko bidea da abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarria (Zehapen Ahalmena Erabiltzeko Prozeduraren gaineko Erregelamendua onesten du).

3.–Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Arau-hauste arina izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 90 euroko isuna izanen da, arau-hausteak ekartzen ez badu bide publikoan traba egitea.

2.–Arau-hauste astuna izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hausteak ekartzen badu eremu publikoan traba egitea.

3.–Arau-hauste astuna izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 5. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da.

4.–Arau-hauste astuna izanen da kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzea, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da. Isuna 450 euroraino handitzen ahal da jarduketa horrekin kalte egiten badiete hiri altzariei eta kanpaldiko tokia nabarmenki zikintzen badute, egindako kalteak konpontzeko dagoen betebeharraz aparte. Handitze hori aplikatuko da jartzen badira barbakoak edo gisako elementuak, ingurunean kalte egiten edo arriskua ekartzen dutenak.

11. artikulua. Kautelazko neurriak.

Zirkulazioaren gainean indarra duen udal ordenantzan aurreikusten diren kasuetan bidezkoa izanen da arau-haustea egiteko erabili den ibilgailua bide publikoan ibilgetzea edo hortik kentzea.

Arau-hauste baten ondorioz arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko bizitokia espainiar lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak isunaren zenbatekoa behin-behinean finkatuko du eta haren zenbatekoa ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetuko du.

12. artikulua. Erantzukizuna.

Aiegiko autokarabanak aparkatzeko eremua ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Aiegiko Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko baldin eta gorabeherak, lapurretak edo gisakoak gertatzen badira aparkatuta dauden autokarabanetan.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, haren egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.

Dagokionean, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendu egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hauste astunaren egilea izateagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA

Tasak

–Autokarabanen aparkalekuan sartzeagatik: Aiegiko Udalaren Osoko Bilkurak onesten dituen tasa eta prezio publikoetan urtero ezarritako prezioa.

Iragarkiaren kodea: L2115259