253. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1004E/2021 EBAZPENA, urriaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Carcarko udal planean, Carcarko Udalak sustaturik, egin beharreko aldaketa egituratzaile honi buruz: “Lurzoru urbanizaezinen babes araubidearen aldaketa, gorde beharreko lurren kategorian eta ustiatze naturalerako balioaren azpikategorian”.

Aldaketa horri Carcarko Udalak hasierako onespena eman zion 2021eko ekainaren 17an (2021eko 152. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 1ekoa), eta behin-behinekoa 2021eko irailaren 16an.

Aldaketaren helburua da eguzki eta haize energia sortzeko jarduerak sartzea gorde beharreko lurzoru urbanizaezinen erabilera-araubidean, ustiatze naturalerako balioa dutenen artean. Horretarako, hirigintza-araudi partikularraren 2.4.1 artikulua aldatzea proposatzen da, berariaz erantsiz, jarduera baimengarri gisa, “eguzki eta haize energiako instalazio eta eraikinak”.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2021eko abuztuaren 27an egindako txostenean ohartarazi du estepako faunarentzat interes berezia duten eremuak daudela inguruan, oso balio handia dutenak: Baigorrana-Usón eremua eta Santa Cruz-Lampara eremua. Ildo horretan, udal planean, estepako sistemak babesteko erabilera-araubide bat dago, babestu beharreko balioen araberakoa. Kontuan hartuta babes bereziko eremu horiek zerealetarako lehorreko lurretan oinarritzen direla (gorde beharreko lurzoru urbanizaezina, ustiatze naturalerako balioa duena), proposatzen da araudian zehaztea ezen energia-instalazioak ezartzea baimengarria izanen dela baldin eta eremu horiexek ez badaude sartuak ingurumen balioagatik babestu beharreko lurzoruen beste kategoriaren batean.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak ingurumen ebaluazioaren prozeduraren berri eman du, eta Carcarko Udalak 2021eko irailaren 23an aurkeztutako dokumentazioaren aldeko txostena egin du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Carcarko udal planaren aldaketa egituratzaile honen gaineko ingurumen txosten estrategikoa egitea, ingurumenean ez baitu ondorio nabarmenik eragiten: “Lurzoru urbanizaezinen babes araubidearen aldaketa, gorde beharreko lurren kategorian eta ustiatze naturalerako balioaren azpikategorian”. Aldaketaren sustatzailea Carcarko Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Carcarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2115251