253. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

455/2021 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, zeinaren bidez CNTA-Elikagaien arloko Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionala izendatzen baita laborategi ofiziala ekoizpen ekologikoaren Nafarroako kontrol agintaritzak egiten dituen kontrol ofizialetan hartzen diren laginen analisia egiteko, Ekoizpen ekologikoaren kontrol ofizialaren programaren eremuan.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko 2017/625 EB Erregelamenduak, elikagaien eta pentsuen gaineko legedia eta animalien osasunari eta ongizateari, landare osasunari eta produktu fitosanitarioei buruzko arauak aplikatzen direla bermatzeko kontrol eta jarduera ofizialei buruzkoak, bere 37.1 artikuluan adierazten du agintaritza eskudunek laborategi ofizialak izendatuko dituztela agintaritza eskudun horiek jarduten duten Europar Batasuneko estatuan (edo Europar Batasuneko beste estatu batean, edo hirugarren herrialde batean, baldin eta Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioaren parte baldin bada) egiten diren kontrol eta jarduera ofizialetan hartzen diren laginen analisiak, entseguak eta laborategiko diagnostikoak egiteko.

2021eko apirilaren 20an, CNTA-Elikagaien arloko Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionalak (IFK: G31096928), 2021/411134 zenbakia duen erregistro elektronikoaren bidez, eskatu du laborategi ofizial gisa izenda dezatela, parte hartu ahal izateko Elikakatearen Kontrol Ofizialerako Plan Nazionalaren kontrol eta jarduera ofizialetan jasotzen diren laginen analisi eta entseguetan, Ekoizpen Ekologikoaren Kontrol Ofizialaren Programaren barruan.

Ebazpen honen egunean, CNTA-Elikagaien arloko Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionalak (instalazioen helbidea: NA-134 errepidea, 53. km, 31570 San Adrián, Nafarroa) ENAC-Akreditaziorako Entitate Nazionalaren akreditazioa du, UNE-EN ISO/IEC 17025 Arauan bildutako irizpideei jarraikiz, jarduketa hauetarako: “Ekoizpen ekologikoa kontrolatzeko entseguak” akreditazio programa (NT-70.09), metalen hondarren entseguak (kobrea, beruna, kadmioa) ekoizpen ekologikoa kontrolatzeko, 2021eko otsailaren 8ko akreditazio eranskin teknikoa (108/LE283 zenbakia, Rev. 42).

Bestalde, CNTA-Elikagaien arloko Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionalak konpromiso hauek hartzen ditu:

–Ebazpen honen 1. eranskinean adierazitako teknikak mantentzea, baita matrizeak eta analitoak ere, bere akreditazioaren eranskin teknikoaren barruan (108/LE283 Rev. 42, 2021eko otsailaren 8koa), eta agintaritza eskudunari jakinaraztea eranskin tekniko horretan gertatzen den edozein aldaketa, betiere “Ekoizpen ekologikoa kontrolatzeko entseguak” akreditazio programari dagokionez (NT-70.09).

–Behar diren mekanismoak izatea laborategiaren eta agintaritza eskudunaren arteko koordinazioa eta lankidetza eraginkorra eta efizientea izanen dela bermatzeko.

–Behar diren mekanismoak izatea laborategiaren eta Erreferentziako Laborategi Nazionalaren arteko koordinazioa eta lankidetza eraginkorra eta efizientea izanen dela bermatzeko.

–Parte hartzea Erreferentziako Laborategi Nazionalak edo, hori ezean, Europar Batasuneko Erreferentziako Laborategiak goian adierazitako analisi teknikei buruz edo teknika multzoei buruz egiten dituen erkaketa-entseguetan (gaitasun entseguak) eta aldeko emaitzak lortzea.

–Laborategi ofizial gisa dagozkion eginkizunak betetzean, inpartzialtasunez eta interes-gatazkarik batere gabe arituko dela bermatzea.

Horregatik guztiagatik, proposatzen da CNTA-Elikagaien arloko Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionala izendatzea ekoizpen ekologikoaren Nafarroako kontrol agintaritzak egiten dituen kontrol ofizialetan hartzen diren laginen analisia egiteko laborategi ofiziala izan dadin, Ekoizpen ekologikoaren kontrol ofizialaren programaren eremuan.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. CNTA-Elikagaien arloko Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionala (IFK: G31096928) izendatzea egin ditzan pestiziden hondarren eta metalen hondarren entseguak ekoizpen ekologikoaren Nafarroako kontrol agintaritzak egiten dituen kontrol-jarduera ofizialetan hartzen diren laginetan, ebazpen honen 1. eranskinean azaltzen denarekin bat, betiere Ekoizpen ekologikoaren kontrol ofizialaren programaren eremuan. Entsegu horiek San Adrianen dituen instalazioetan eginen ditu: NA-134 errepidea, 53. km, 31570 San Adrián (Nafarroa).

2. Izendapen honek indarra izanen du goian adierazitako baldintzak betetzen diren bitartean. Baldintzak betetzen ez badira, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak, 2017/625 EB Erregelamenduaren 39.2 artikuluan xedatutakoa oinarri harturik, zilegi izanen du izendapena errebokatzea, bai osorik, bai eginkizun batzuetarako. Laborategiak galduz gero “Ekoizpen ekologikoa kontrolatzeko entseguak” programarako akreditazioa (NT-70.09), izendapena errebokatzeko prozedura hasiko da automatikoki.

3. Ebazpen hau jakinaraztea interesdunari, Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Elikagaien Kalitatearen Kontrolerako eta Nekazaritzako Elikagaien Laborategien Zuzendariordetza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 6an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

1. ERANSKINA

“Ekoizpen ekologikoa kontrolatzeko entseguak” akreditazio programaren barruan (NT-70.09) akreditatutako entseguetarako baimena, honako hauetarako:

–Entseguak metalen hondarretan, ekoizpen ekologikoa kontrolatzeko:

  • Metalak (kobrea, beruna, kadmioa).

–“Entsegu eta kalibrazio laborategien gaikuntzarako betebehar orokorrak” izeneko UNE-EN ISO/IEC 17.025 Arauaren arabera.

  • Pestiziden askotariko hondarrak CG-MS/MS eta LC-MS/MS bidez.
  • Fosetil-Al.
  • Kloratoa eta perkloratua.

Iragarkiaren kodea: F2115069