253. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

255E/2021 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Osasuneko kontseilariak emana, urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorra aplikatzea erabakitzen duena. Foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezarri ziren.

Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen dituen urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuak, bere hirugarren xedapen iragankorrean, epe batzuk ezarri zituen igerilekuen instalazioetan lan egiteko lanbide kualifikazioak lortzeko.

Xedapen iragankor horren bigarren eta hirugarren apartatuek hauxe diote:

“2. Hiru urteko aldi iragankorra finkatzen da, foru dekretu hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita, sorosleek foru dekretu honen 29.7 artikuluan jasotako eskakizunak bete ditzaten.

Denbora tarte horretan, baliozkotzat joko dira zentro edo erakunde publikoek edo pribatuek emandako igerilekuetako edo antzekoetako sorospeneko prestakuntza ziurtagiriak, foru dekretu hau indarrean jarri baino lehen eskuratutakoak, maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean.

Denbora tarte berean, sorosleek dagokion lanbide kualifikaziorik ez badute, sorosle gisa jardun ahal izateko, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, abuztuaren 31ko 176/2011 Foru Dekretuan finkatutako prestakuntza jaso izana egiaztatzen duena, desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak osasun esparrutik kanpo erabiltzeari dagokionez.

3. 1. eta 2. puntuetan xedatutakoaren kaltetan izan gabe, osasun arloko eskumenak dituen kontseilariak xedapen honetan aurreikusitako epe iragankorrak luzatzen ahalko ditu, foru agindu baten bidez, egiaztatzen bada lan merkatuan ez dagoela behar adina langile, sorosle gisa edo igerilekuetarako ekipamenduen eta instalazioen mantentze-lanetarako eta garbiketarako langile gisa jarduteko kualifikazio egokia duenik.”

2021eko irailaren 16an, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuko buruak egindako txostenean eskatu du hirugarren xedapen iragankor hori aplika dadila, eta, horrela, luza dezatela sorosleek foru dekretu horren 29.7 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeko daukaten epe iragankorra, eta, horrenbestez, foru dekretu horrek indarra hartu aurretik maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuaren babesean lorturiko sorosle ziurtagiriak baliozkoak izan daitezela 2024ko abenduaren 31ra arte.

Foru dekretu horretan aurreikusitako epe iragankorra 2021eko abenduaren 16an bukatuko da. Igerilekuetako instalazioen titular, elkarte eta finken administratzaile zenbaitek Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari jakinarazi diote sorosleak kontratatzeko zailtasunak daudela.

Kolektibo batetik eta bestetik jasotako informazioa ikusirik, erakunde autonomo honek uste du frogatua gelditu dela ez dagoela jende aski, foru dekretuan ezarritako kualifikazioa izanik, sorosle gisa lan egiteko moduan. Horregatik, eskatzen du hirugarren xedapen iragankorraren hirugarren apartatua aplikatu dadila, sorosle gisa jarduteko kualifikazioari dagokionez, eta, horrenbestez, epea 2024ko abenduaren 31ra arte luza dezatela Osasuneko kontseilariaren foru agindu baten bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2024ko abenduaren 31ra arte luzatzea urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrean ezarritako epe iragankorra, sorosle gisa jarduteko betebeharrei dagokienez, zeinak foru dekretu horren 29.7 artikuluan ezarrita baitaude (86/2018 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen dituena).

2. Foru agindu hau Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko urriaren 20an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2115117