253. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MURCHANTE

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua aldi baterako kontratuarekin betetzeko izangaien zerrenda bat eratzeko

Alkatetzak 2021eko urriaren 19an emandako ebazpenaren bidez, iragartzen den deialdia eta haren oinarriak onetsi ziren, eta xedatu zen argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarki bat jarriz.

Murchanten, 2021eko urriaren 19an.–Alkatea, Luis Sancho Martínez.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi publiko honen xedea da Murchanteko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, D mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez eta aldi baterako kontratatzea.

1.2. Hautatzeko prozedura honek araudi honi jarraituko dio:

–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua.

–Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzea arautzen duena.

1.3. Gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen zerrenda bat osatuko da. Lan poltsaren indarraldia hiru urtekoa izanen da.

2. oinarria.–Betebeharrak.

Indarra duten arauetan xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko, ondoko beharkizunak bete behar dira, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta adjudikatutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

–Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontideenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

–16 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

–Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

–Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

–Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea bereizia administrazio publikoren baten zerbitzutik.

–B motako gidabaimena edukitzea.

3. oinarria.–Lanpostuaren ezaugarriak.

1.–Lanpostuaren ordainsariak hauek dira: uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan D mailarentzat oro har ezarritakoak, aplikatu beharreko gainerako xedapenetan kasu bakoitzerako ezartzen direnak, eta plantilla organikoan aitortutako osagarriak.

2.–Lanaldi mota zerbitzuaren beharretara egokituko da une oro; administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean.

4. oinarria.–Eginkizunak:

–Udal zerbitzuei laguntzeko lanak: Udalaren iragarkiak, bandoak eta publizitatea banatzea eta jartzea, agiriak prestatzea eta eramatea postetxera edo bankuetara, eta haietatik jasotzea, eta jakinarazpenak, agiriak eta zitazioak ematea eta/edo helaraztea.

–Asteroko azokaz arduratzea, ibilgailuen sarrera-irteerako pasabideen gaineko txostenak idaztea eta, orobat, bideen eta/edo eremu publikoen okupazioarekin zerikusia duen beste edozein aferaren gainean.

–Haren mailarako egokiak diren idazkiak eta egikaritze zereginak egitea eta, halaber, lanpostuarekin loturik egin beharreko txostenak idaztea.

–Materialen edo tresnen aurreikuspena egin eta haiek erostea, jakinarazten zaizkion beharren arabera.

–Laguntza ematea egin daitezen Murchanteko Udalak sustatzen dituen kultura, kirol edo festa jarduerak.

–Ibilgailuak gidatzea eta obretako makineria arina eta ertaina erabiltzea, zeinetarako beharrezkoa baita deialdi honetan eskatzen den gidabaimena.

–Komunikatzea Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan aurkitutako akats, matxura eta kalteak, zerbitzuak hobe daitezen bultzatzea eta laguntzea, eta, beraz, hobekuntzan laguntzeko behar adinako ekintzak eta aldaketak proposatzea.

–Mantentze-lanak eta konponketak egitea Udalaren azpiegitura eta lokaletan.

–Udal ordenantzen edo arau orokorren edo sektorialen aurkako arau-hausteak salatzea.

–Agintzen zaion beste edozein zeregin egitea, bere kategoria, maila eta gaitasun profesionalari dagokiona.

5. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta ezin izanen da luzatu.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezten ahal dira Erregistro telematikoaren bidez (https://murchante.sedelectronica.es/), edukiz gero NAN-e edo ziurtagiri digitala; posta elektronikoren bidez ayuntamiento@murchante.com helbidean, edo, bestela, 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako moduetako batean (lege horrek hizpide ditu Administrazio Publikoen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea).

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren babesean, eskabideak Murchanteko Udaleko Erregistro Orokorrean ez, beste batean aurkezten direnean, eskatzaileak ayuntamiento@murchante.com helbide elektronikora igorri beharko ditu eskabidearen kopia eta sartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak, zigilua eta erregistroko sarrera-data dituztela, aurkezteko epearen barrenean.

Eskabideak I. eranskinean den ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori dago Udalaren egoitza elektronikoan (https://murchante.sedelectronica.es/) eta web-orrian (https://www.murchante.es/).

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute deialdi honetan parte hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–NANaren fotokopia.

–B1 motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia.

–Eskola-graduatuaren tituluaren fotokopia.

Alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

6. oinarria.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Alkatetzak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, eta ohartaraziko du hurrengo hamar egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, Alkatetzak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, Alkatetzak onetsiko du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non eta noiz eginen den.

7. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Mahaiburua: Luis Sancho Martínez, Murchanteko Udaleko alkatea.

–1. mahaikidea: Ángel Ullate Magaña, Murchanteko Udaleko enplegatua.

–2. mahaikidea: Ángel González Fernández, Murchanteko Udaleko enplegatua.

–3. mahaikidea: Murchanteko Udaleko sindikatuen ordezkari bat.

–Idazkari mahaikidea: Víctor Manuel Mendívil Zubizarreta, Murchanteko Udaleko idazkaria, edo hark eskuordetzen duena.

Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen edo haien ordezkoen gehiengo osoa. Kide anitzeko organo horren osaerak balio dezan, bertan mahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren gorabeherak.

8. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

8.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da eta 90 puntu lortzen ahalko dira gehienez ere.

8.2. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Oposizioko proba kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Murchanteko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin.

8.3. Oposizioko proba oinarri honetan zehaztutakoa izanen da, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.4. Proba teoriko-praktikoek hiru zati izanen dituzte. 90 puntu, gehienez.

–Proba bakarra: Aukera anitzeko 60 galderako sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik, gai-zerrendako gaiei buruz. Erantzun zuzen bakoitzak 1’50 emanen du, eta oker bakoitzak 0’50 kenduko du. Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du. Puntuazioa, gehienez ere: 90. Proba hau gainditzeko 45 puntuko gutxieneko kalifikazioa lortu beharko da.

8.5. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, baina oposizioaldiko probak gainditu dituzten izangaiak baizik ez dira baloratuko, eta lanbidean duten esperientziagatik gehienez 10 puntu emanen zaizkie:

–Administrazio publiko batean zerbitzu anitzetako langile gisa edo deialdiaren xedeko lanpostuarekin zerikusia dutenetan (D maila) aritutako urte bakoitzeko, edo haren zati proportzionalari dagokiona, puntu 1; gehienez 10 puntu.

–Administrazio publiko batean zerbitzu anitzetako langile gisa edo deialdiaren xedeko lanpostuarekin zerikusia dutenetan (E maila) aritutako urte bakoitzeko, edo haren zati proportzionalari dagokiona, 0,5 puntu; gehienez 10 puntu.

Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

–Egindako zerbitzuen iraupena, lanaldi partzialean egindakoei dagokien zatia kenduta. Urtebete baino gutxiagoan emandako zerbitzuak modu proportzionalean baloratuko dira.

9. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta pertsona hautatuak agiriak aurkeztea.

9.1. Hautaprobak bukaturik, kalifikazio epaimahaiak argitaratuko du, Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, oposizioaldiko hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrenda, baremokoak baturik, puntuazioaren hurrenkeran. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan sartuko dira probetan ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %50 lortzen duten izangaiak.

Izangaien artean berdinketarik izanez gero, jendaurreko zozketa bidez ebatziko da.

9.2. Proposatutako izangaiak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu Murchanteko Udaleko Erregistro Orokorrean, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun naturaleko epean:

a) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik betetzea D mailako zerbitzu anitzetako ofizialaren lanpostuaren eginkizunak (exekuzio zereginak ditu lanpostu horrek).

b) Aitorpena, bere erantzukizunpean, adierazten duena ez dagoela desgaitua ez gabetua eginkizun publikoetarako eta ez dutela bereizi inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

c) Murchanteko Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

9.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu aurreko puntuan zehaztutako agiriak aurkezten, ezin izanen da izendatu deialdiaren xedeko D mailako funtzionario izateko, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, alde batera utzi gabe eskabidean informazio faltsua jartzeagatik egozten ahal zaion erantzukizuna.

Halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengo izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen da eta, horrela, hurrenez hurren; horiekin, oinarri honetan ezarritako moduan jokatuko da.

10. oinarria.–Adjudikazioa eta jabetza hartzea.

Alkatetzak ebazpen baten bidez adjudikatuko dio lanpostua proposatutako izangaiari.

Izangaiak adjudikazioaren ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean jabetu beharko du adjudikatutako lanpostuaz, eta deia egiten duen organoak jabetza hartzeko data zehatz bat ezar dezake ebazpen horretan.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta bitarte horretan Murchanteko Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, toki-erakundeari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredu ofiziala (PDFa).

II. ERANSKINA

Zerbitzu anitzetako enplegatu lanposturako gai-zerrenda

1. gaia.–Murchanteko udalerriari buruzko kultura orokorra.

2. gaia.–Murchanteko udalerria: kale, auzo, alderdi, errepide eta abarren izenak.

3. gaia.–Hizkuntza eta ortografia, eskatzen den titulazioaren mailakoa.

4. gaia.–Informatika, Word eta Excel erabiltzaile mailan.

5. gaia.–39/2015 Legea, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Epemugak eta epeak (1. titulua, 2. kapitulua).

Egintza administratiboen eraginkortasuna (3. titulua, 2. kapitulua). Egintza administratiboen betearazpena eta nahitaez betearazteko bitartekoak (4. titulua, 7. kapitulua).

6. gaia.–7/1985 Legea, Toki Araubideko Oinarriei buruzkoa. Udalaren antolaketa (2. titulua, 2. kapitulua).

7. gaia.–Udal ordenantza, erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa arautzen dituena jarduera sailkatuetarako, obretarako eta jarduerak abiarazteko (2020ko urtarrilaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

8. gaia.–Ordenantza, animaliak edukitzea eta babestea arautzen duena. (2018ko otsailaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

9. gaia.–Udalaren ekipamenduen udal zerbitzu publikoaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza (2011ko ekainaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

10. gaia.–Eraikinetako, bereziki eraikin publikoetako instalazio elektrikoetako mantentze-lanak.

11. gaia.–Iturgintzako instalazioen mantentze-lanak: komun-ontziak, txorrotak, zisternak, sifoiak etab.

12. gaia.–Zurgintzako instalazioen mantentze-lanak.

13. gaia.–Obra txiki edo ertainetako makineria maneiatzea.

14. gaia.–Lorezaintzari eta aplikatzen zaizkion makina eta erreminten erabilerari buruzko oinarrizko ezagutza.

15. gaia.–Pintura. Motak, produktuak, erremintak eta aplikazioa.

16. gaia.–Igeltserotzan, zurgintzan, margoketan, iturgintzan, lorezaintzan eta bestelako mantentze-lan arruntetan erabili beharreko materialen ezagutza eta erreminten erabilera.

17. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioko arauen oinarrizko ezagutza. Segurtasun neurriak. Nork bere burua babesteko elementuak. Lehen laguntzak edo sendaketak. Suteak detektatzeko eta itzaltzeko ekipamenduak.

Iragarkiaren kodea: L2115082