253. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

NAFARROAKO PARLAMENTUA. Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren aldaketa.

Nafarroako Parlamentuko Erregelamendu Batzordeak, 2021eko urriaren 19an egindako bilkuran eta Legebiltzarreko Erregelamenduaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren aldaketa onetsi zuen. Horren testua erantsitako dokumentuan doa.

Haren azken xedapena betez eta Legebiltzarreko Erregelamenduaren 114. artikuluarekin bat, agintzen da aipatu aldaketa Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Iruñean, 2021eko urriaren 19an.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

NAFARROAKO PARLAMENTUKO LANGILEEN ESTATUTUAREN ALDAKETA

HITZAURREA

Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua da antolaketaren eta langileen alorrean autoaraugintza-printzipioa ezartzen eta bermatzen duen oinarrizko araua, Parlamentuaren autonomiaren printzipio orokorretik eratorrita. Lege-maila eta -indarra dauzka, eta hala adierazi dute Konstituzio Auzitegiak nahiz Auzitegi Gorenak.

Langileen Estatutuaren aldaketa hau zenbait arrazoiren ondoriozkoa da. Batetik, administrazio parlamentarioa birmoldatu eta modernizatzeko prozesuari jarraipena ematen dio. Prozesu hori antolaketa-erregelamenduaren aldaketarekin hasi zen, non besteak beste zerbitzuburuen ordainsarien homogeneizazioa jasotzen baita. Atalburutza berrien ordainsari-araubidea ere ezartzen da, haien ezarpenerako beharrezkoa baita. Bestalde, zenbait artikulu aldatzen dira, horiek oinarrizko araudira egokitzeko: administrazio-errekurtso arrunta ordezten da gora jotzeko errekurtsoarekin, eta aukerako berraztertze-errekurtsoa eskaintzen da; sartzeko hautaprobetan parte hartzeko baldintzak egokitzen dira halako moldez non aintzat hartzen baitira bai lizentziadunak bai gradudunak, bai eta Europar Batasuneko kide diren gainerako estatuetako herritarrek ere sarbidea izatea. Halaber jasotzen da lekualdatze-lehiaketarik ez dela izanen Kontuen Ganberako eta Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioekin, 26. artikuluari testu berria emanez; eta, horren eskutik, indargabetu egiten da Nafarroako Parlamentuko lanpostuak lekual-datze-lehiaketa bidez betetzeari buruzko Erregelamendua, Nafarroako Parlamentuak 2007ko otsailaren 26ko erabaki bidez onetsia. Azkenik, azpimarratu beharrekoa da artikulu berri bat sortu dela, telelana urruneko zerbitzu-ematearen modalitate gisa arautzen duena, lanpostuaren zereginak horrela bete daitezkeenean eta zerbitzuaren beharrizanek horretarako modua emanda, betiere. Artikulu horren osagarri dira berriki onetsiak diren arauak, Nafarroako Parlamentuko langileek beren lanaldia telelan-araubidean egiteari buruzkoak.

Langileen Estatutu indardunaren laugarren xedapen gehigarriak ezarritako prozedurari eta Parlamentuko Erregelamenduko hirugarren xedapen gehigarriari jarraikiz, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua aldatzen da, nondik norako hauekin:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua aldatzen da, nondik norako hauekin:

Lehena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 6. artikuluko 1. eta 2. apartatuak aldatzen dira. Honako testu hau izanen dute:

“1. Lehendakariak eta legelari nagusiak langile-arloan emandako ebazpenak direla-eta errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Parlamentuko Mahaiari, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz.

2. Mahaiak langile-alorrean harturiko erabakien aurka zilegi izanen da aukerako berraztertze-errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea, jurisdikzio hori arautzen duen araudiari jarraikiz. Arlo honetan errekurtsoak ebazten dituzten Mahaiaren erabakien aurka zilegi izanen da zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea”.

Bigarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 8. artikuluko 2. eta 4. apartatuak aldatzen dira. Honako testu hau izanen dute:

“2. Teknikariei dagokie lizentziadun, gradudun edo diplomadun unibertsitate-titulua izatea eskatzen duten eginkizun profesionalak edo zuzendaritzakoak egitea, Nafarroako Parlamentuko beste funtzionario batzuei esleituta ez daudenak. Teknikarien kidegoa bi eskalaz osatuta egonen da:

–Goi mailako teknikarien eskala.

–Teknikari diplomadunen eskala.”

“4. Transkribatzaileen kidegoari dagokio Nafarroako Parlamentuko organoen bilkurak transkribatu eta grabatzeko zereginak betetzea eta Parlamentuaren argitalpenak editatzea; exekuzioko, laguntzako eta izapidetzeko administrazio-zereginak betetzea; eta mekanografia-lanak, artxibo-lanak eta antzekoak”.

Hirugarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 9. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“2. Hautapen probetan onartua izateko, beharrezkoa izanen da:

a) Espainiar nazionalitatea edukitzea eta hamasei urte beteta izatea, eta, hala badagokio, nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

Europar Batasuneko zuzenbideari jarraikiz, Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako nazionalitatea dutenek ere sartzea izanen dute lanpostu publiko guztietan, espainiarrei eskatzen zaizkien baldintza beretan, salbu eta botere publikoaren egikaritzean zuzenean edo zeharka parte hartzea dakarten lanpostuetan eta Estatuaren edo administrazio publikoen interesak defendatzea helburu duten eginkizunetan.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, bai eta haien ondorengoei eta ezkontidearen ondorengoei ere, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin eta ondorengoek hogeita bat urte baino gutxiagoko adina badute edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira.

Orobat aplikatuko zaie Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko hitzarmenen aplikazio-esparruan dauden pertsonei, haietan aplikatzekoa denean langileen zirkulazio askea.

Nafarroako Parlamentuak, bere eskumenen esparruan, zehaztuko du zein diren Europar Batasuneko kide diren gainerako estatuetako nazionalitatea dutenek betetzerik ez duten lanpostuak.

b) Kasuko titulua edukitzea, edo eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean hura eskuratzeko moduan egotea.

c) Epai irmoz desgaitua ez egotea eginkizun publikoak betetzeko.

d) Kasuko eginkizunak betetzea eragozten duen gaixotasunik edo akats fisikorik ez edukitzea.

e) Deialdi bakoitzean ezartzen diren betekizunak betetzea.”

Laugarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 10. artikuluko a) eta b) letrak aldatzen dira. Honako testu hau izanen dute:

“a) Zuzenbidean lizentziadunaren edo gradudunaren titulua, legelarien kidegoan sartzeko.

b) Lizentziadunaren, gradudunaren, arkitektoaren, ingeniari teknikoaren, unibertsitateko diplomadunaren, arkitekto teknikoaren edo hirugarren graduko lanbide-heziketako titulua, teknikarien kidegoan sartzeko.”

Bosgarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 13. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“1. Nafarroako Parlamentuko funtzionarioaren izaera honako arrazoi hauetakoren batengatik galtzen da:

a) Uko egiteagatik. Uko horrek ez du desgaituko funtzio publikoan berriro ere sartzeko.

b) Espainiar nazionalitatea edo Europar Batasuneko kide den beste edozein estatutakoa galtzea, salbu eta aldi berean lortzen denean kide den beste estatu bateko nazionalitatea. Halaber, galdu egiten denean estatutu honetako 9. artikuluko 2. apartatuaren a) letran xedatutakoaren arabera lanpostu publiko bat espainiarren baldintza beretan eskuratzeko gaitzen duten baldintzetako edozein, salbu eta interesdunak 2. apartatuaren a) letra horretan adierazten diren baldintzetako beste edozein betetzen badu.

c) Zerbitzutik kentzearen diziplina-zehapenagatik.

d) Desgaikuntza absolutuko edo kargu publikorako desgaikuntza bereziko zigor nagusi edo erantsiagatik.

e) Zerbitzu aktibora ez itzultzeagatik eszedentzia berezia edo borondatezkoa amaitu ondoren, salbu eta destinoaren zain egotera pasatzearen kasuan.”

Seigarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 17. artikuluko 1. apartatuari l) letra berria gehitzen zaio, honako testua duena:

“l) Nafarroako Parlamentuko zerbitzuburutza batean jarduteko izendatuak direnean”.

Zazpigarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 26. artikulua aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“26. artikulua. 1. Lanpostu hutsak beteko dira, Mahaiak Langileen Batzordeari entzun ondoren erabakitakoari jarraikiz, merezimendu-lehiaketaren bidez edo izendapen askearen bidez.

2. Halaber, Mahaiak zilegi izanen du erabakitzea funtzionarioek behin-behinekoz jardun dezatela beren maila berekoa izanik haiek titular diren lanpostuarena edo altuagoa den kategoria bateko lanpostu batean, baldin horretarako beharrezkoa den titulazioa edo prestakuntza badaukate.

Behin-behinekotasun hori edozein unetan atzera bota ahalko du Mahaiak.”

Zortzigarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 27. artikuluko 1. apartatuko j) letra aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“j) Lizentzia eta baimen ordainduetarako nahiz ordaindu gabeetarako, erregelamenduz zehaztuko diren kasu eta baldintzetan”.

Bederatzigarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 29. artikuluko 1. apartatuko c) letra aldatzen da, eta 3. apartatuari b) letra berria eta 29. artikuluari 6. apartatu berria gehitzen zaizkie. Hona horien testuak:

“c) Artikulu honen 4., 5. eta 6. apartatuek aipagai hartzen dituzten ordainsariak”.

“b) Zuzendaritza postuko osagarria”.

“6. Zerbitzuburutzei dagozkien ordainsariak A mailako soldata oinarri hartuz zehaztuko dira, eta osagarriek ere A maila hartuko dute erreferentziatzat, zerbitzuburu diharduen pertsona zein maila/taldetakoa den ere. Horien zenbatekoa plantilla organikoan zehaztuko da”.

Hamargarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuari 30. bis artikulu berria gehitzen zaio. Hona testua:

“30. bis artikulua. Atalburutzako eta beheragoko unitateetako burutzen lanpostuen kasuan, zuzendaritza-postuko osagarria kalkulatuko da erreferentzia gisa hartuz A mailari/taldeari dagokion hasierako soldata, kontuan hartu gabe atalburuak duen lanpostu-maila/taldea. Horren zenbatekoa plantilla organikoan zehaztuko da.

Osagarri hori bateraezina izanen da aparteko orduengatiko diruzko ordainak jasotzearekin.”

Hamaikagarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 33. artikuluko 4. apartatuko a) letra eta 6. apartatua aldatzen dira. Hona hemen horien testu berriak:

“a) Hauteskundeetara aurkezten diren zerrendek gutxienez zazpi hautagairen eta ordezko hiruren izenak jaso beharko dituzte”.

“6. Langileen Batzordea lau urtean behin berrituko da, artikulu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz. Hala ere, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak hauteskunde berrietarako deia eginen du batzordekideen ehuneko 50 baino gehiagok postua utzi eta modurik ez dagoenean postu horiek artikulu honetako 4. apartatuko f) letrak aurreikusitako ordezpen automatikoaren bitartez betetzeko.

Orobat, sindikatuek zilegi izanen dute administrazio parlamentarioari eskatzea, lau urteko kargualdia amaitu aurreko lau hilabeteetan, Langileen Batzorderako hauteskundeak egin daitezen. Baita aurreko paragrafoan aurreikusitako egoera gertatzen denean ere, baldin bederatzi hilabete baino gehiago falta badira kargualdia amaitzeko.”

Hamabigarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuari 37. bis artikulu berria gehitzen zaio. Hona testua:

“37. bis artikulua. Telelana.

1. Telelana urruneko zerbitzu-ematearen modalitate bat da, zeinean, zerbitzuaren beharrizanek horretarako modua emanez gero, lanpostuaren zereginak Parlamentuaren instalazioetatik kanpo bete baitaitezke, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz.

2. Telelan bitartezko zerbitzu-ematea esanbidez baimendu beharko da, eta bateragarria izanen da modalitate presentzialarekin. Betiere borondatezkoa eta atzera egiteko modukoa izanen da, salbu eta ongi justifikaturiko ezohiko kasuetan. Telelana eginen da estatutu hau garatzeko emanen diren arauek adierazitako moduan. Arau horiek kasuko alorreko negoziazio kolektiboaren langai izanen dira, eta zerbitzu-ematearen modalitate hau erdiesteko irizpide objektiboak jasoko dituzte.

Telelanak lagungarri izan beharko du lana hobeki antolatzeko, helburuak identifikatuz eta horien lorpena ebaluatuz.

3. Telelanez diharduten langileen betebehar eta eskubide indibidual nahiz kolektiboak, estatutu honetan jasoak, modalitate presentzialean diharduten gainerako langileen berak izanen dira, barne harturik laneko arriskuen prebentziorako aplikatzekoa den araudia. Salbuespen dira zerbitzu-emate presentzialak berezko dituenak.

4. Modalitate honetan diharduten pertsonei, Parlamentuak beren jardunerako beharrezkoak diren bitarteko teknologikoak eskuratuko dizkie. Bitarteko horiek telelan-erabilera huts-hutserako izanen dira.”

Hamahirugarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko bigarren xedapen gehigarria aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“Bigarrena.–1. Estatutu honek aurreikusten ez duen orotan, aplikatzekoa izanen da 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutua onesten duena, bai eta hori aldatzen duten foru legeak ere, ezertan galarazi gabe 34.2 artikuluan ezarritako eskumenak. Halaber aplikatuko da, ordezko bezala, Foru Komunitateko administrazioko funtzionarioen araubideari buruzko araudi indarduna, jarduera parlamentarioarekin bateraezina ez den heinean”.

Hamalaugarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko zazpigarren xedapen gehigarria aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“Zazpigarrena. Nafarroako Parlamentuak egiten dituen funtzio publikoan sartzeko deialdietan, lanpostu hutsen ehuneko 5 baino txikiagoa izanen ez den lanpostu-kopuru bat gordeko da ehuneko 33 edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonek bete ditzaten, betiere hautaprobak gainditzen badituzte eta, dagokion unean, aipatutako desgaitasun-gradua eta hori kasuko zeregin eta funtzioak betetzearekin bateragarria dela frogatzen badute”.

Hamabosgarrena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko bederatzigarren xedapen gehigarria aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“Bederatzigarrena. Huts-hutsik graduari eta antzinatasunari dagozkien ordainsarietan eraginik, Parlamentuko funtzionarioei eta langile kontratatuei kontuan hartuko zaie, aitortutako zerbitzuez gain, soldaduska edo ordezko gizarte zerbitzua egiten emandako aldia, baldin eta ez bada haiekin batera suertatu denboran”.

Xedapen gehigarria.–Artikulu bakarreko bederatzigarrenean egindako aldaketak efektu ekonomikoak sortuko ditu izendapenak egiten direnetik. Beheragoko unitateetarako zuzendaritza-postuko osagarriaren kasuan, funtzionarioek postu horietako jarduna jarraitutasunez betetzen dutenean, horren efektu ekonomikoak hasiko dira Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileen plantilla organikoko aldaketa Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Xedapen indargabetzailea.–Indargabetu egiten dira estatutu honetan ezarritakoarekin kontraesanean dauden xedapen guztiak; eta, zehazki, Nafarroako Parlamentuko lanpostuak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeari buruzko Erregelamendua, Nafarroako Parlamentuaren 2007ko otsailaren 26ko erabakiaren bidez onetsia.

Azken xedapena.–Aldaketa honek Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko da.

Iragarkiaren kodea: F2115318