2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ETXARRI
Udal ordenantza, arautzen duena mendiko pista eta bideen erabilera. Behin betiko onespena
Etxarri Larraungo Kontzejuko Batzarrak, 2021eko apirilaren 23an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, arautzen duena Etxarriko Kontzejuko mendiko pista eta bideen erabilera.
Onetsitako ordenantza jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, argitaraturik 2021eko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 6an; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).
Jendaurreko epean ez zen alegaziorik egin, eta, beraz, ordenantza behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.
Etxarrin (Larraun), 2021eko urriaren 13an.–Kontzejuko burua, Imanol Jaka Navarro.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA ETXARRIKO KONTZEJUKO MENDIKO PISTEN ETA BIDEEN ERABILERA
Etxarri Larraungo landabide publikoen sarea Larraungo bizilagun guztien ondarearen parte da, eta funtsezko elementua da udal-mugarteko mendi eta landen aberastasuna zaintzeko eta haietarako sarbidea izateko.
Aipatutako sarea, gainera, funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta harat-honatak errazteko bisitariei nahiz pasadizokoei.
Hitz batez, ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.
Gero eta gehiago erabiltzen baitira Etxarri Larraungo herri-basoko pista eta bide publikoak, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak lau dira: Etxarri Larraungo natura ondarea zaintzea; erabiltzaile guztiek eta bereziki bizilagunek orekatuki erabiltzea; erabiltzeko egoera onean mantentzea; eta paseatzaileen eta, oro har, erabiltzaileen segurtasuna bermatzea.
Helburua horixe dela, Etxarri Larraungo Kontzejuak ordenantza hau onetsi du:
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, arautuko du landabide publikoen sarearen erabilera Etxarri Larraungo mugartean.
2. artikulua. Landabideen kategoriak.
Erabilera nagusia zein duten, Etxarri Larraungo landabide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:
1. Bi metro zabal edo zabalagoak diren bideak.
a) Auzoetako bideak: gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxeetara joateko edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategietara joateko.
b) Baserrietako bideak, gehienetan aurreko horien adar izaten direnak, herritar batek edo gutxi batzuek erabiltzen dituztenak, sartzeko baserrietan eta haien inguruko ustiategietan.
c) Pista nagusiak, batez ere daudenak herri-basoko mugarrien lerrotik kanpora, erabiltzen direnak mendiko zona handietara ailegatzeko nahiz inguruko herriekin komunikatzeko. Era askotako erabilerak izaten dituzte: nekazaritza, abeltzaintza, turismoa, ehiza, etab.
d) Bigarren mailako pistak: herri-basoetan egoten dira, sare nagusiaren osagarri dira, eta aukera ematen dute ailegatzeko mendietara, baso berrietara, belardietara eta beste zenbait tokitara.
e) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute: oro har, baso-erabilera edo norbanakoen lurzatietan sartzea.
2. Bi metro zabal baino meharragoak diren bideak: orgabide zaharrak eta bidexkak, era askotako erabilerak dituztenak, barnean direla lasterbideak eta turismorako bidexkak.
3. artikulua. Kontserbazioa.
Etxarri Larraungo Kontzejuak zainduko du beti egon daitezen erabiltzeko maneran 2.1.a), b), c) eta d) ataletan zehazten diren landabide publikoak. Orobat, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren interes publikoko bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).
4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.
Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduera batzuekin.
Debeku da, baita ere, ibilgailua aparkatzea pistetatik kanpo eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpo.
5. artikulua. Baimen orokorra, zirkulatzeko auzoetako bideetan eta baserrietarako sarbideetan edo nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazioetarako sarbideetan.
Aipatutako lehenbiziko bi pista motetan (2.1 artikuluko a) eta b) letrak), baimentzen da libre ibiltzea motozikletak eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunak.
Kontzejuaren baimenarekin ibil daitezke 3,5 tonatik gorako ibilgailuak, salbu espresuki debekatuta badago, behar den seinalearekin, ezaugarri bereziengatik (zubiak, bide-estutzeak, etab.).
6. artikulua. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.
Etxarri Larraungo gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduera batzuekin.
7. artikulua. Baimena, motozikletentzat eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunentzat, pista jakin batzuetan barna ibiltzeko.
Aurreko 2.1 kapituluko c), d) eta e) letretan aipatutako bideei dagokienez, Kontzejuak onets dezake zerrenda bat, jasoko duena zer pista nagusitan ibil daitezkeen libre motozikletak eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunak.
Kontzejuak berak aldatzen ahal du zerrenda hori, kontuan hartuz momentu bakoitzeko gorabeherak, pisten egoera edo berak ikusten duen beste arrazoiren bat, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izanen ordenantza hau aldatzea.
8. artikulua. Nork duen eskumena baimentzeko ibilgailu motordunak salbuespenez pistetan ibiltzea.
Kontzejuburuak emanen du baimena aurreikusitakoez besteko Larraungo pistetan, aurreikusitako kasuetan.
Baimena eskatzen ahal dute Etxarri Larraungo bizilagunek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta beste batzuek ere, baldin eta arrazoitzen badute beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra.
Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako, edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetatarako.
9. artikulua. 3,5 tonatik goragoko ibilgailuetarako baimena.
3,5 tonatik goragoko ibilgailu guztiek beharko dute baimena Etxarri Larraungo mendiko edozein landabide publikotan barna zirkulatzeko.
Kontzejuburuak emanen du baimen hori.
Baimen puntualak edo koiunturalak eskatzen direnean (esaterako, basoko jardueretarako, obrak egiteko lurzoru urbanizaezinean, etab.), eta ikusirik aurreikusitako erabileraren intentsitatea eta iraupena, Kontzejuak erabiltzaileari eskatzen ahal dio abal bat aurkez dezala, bermatuko duena erabili ondoren pista ongi geldituko dela.
10. artikulua. Egur-aprobetxamendu pribatuen garraioa.
Galarazi gabe aurreko klausulan xedatutakoa, mendi pribatuetako egur-aprobetxamenduen kasuan, Kontzejuak ezar dezake kanon bat ateratzen den egur tona bakoitzeko, pistak egoera onean mantentzeko. Kanon hori ordaintzearekin ez dira kitatuko egurra ateratzean eragiten diren neurriz kanpoko kalteak. Kalte horiek espediente independente batean exijitu daitezke, indarreko legeen arabera.
11. artikulua. Zerbitzu publikoak.
Erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunetan ari direnean.
12. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.
Gehieneko abiadura 15 kilometro orduko izanen da Etxarri Larraungo mendiko pista guztietan.
13. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.
Istripu arriskuak apaltzeko, eta trabarik ez egiteko oinezkoei, txirrindulariei eta animaliei, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, behar adina mantsotuz maldetan eta toki arriskutsuetan, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.
14. artikulua. Jarduera debekatuak.
Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta gidatzeko manera muturreko guztiak ere, arriskugarri gerta daitezkeenak paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat. Salbuespen gisara, Kontzejuak baimena ematen ahal du egin daitezen ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak.
15. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.
Erabiltzaileek beren gain izanen dute pistetan egiten dituzten gehiegizko kalteen erantzukizuna, ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik.
16. artikulua. Pisten inbentarioa.
Kontzejuak pista guztien eta dagozkien kategorien inbentarioa eta planoa eginen ditu; nolanahi ere, oraindik ere egin gabe badago, arau-hausleak ezin izanen du hori arrazoi gisa erabili ordenantza honetatik salbuesteko.
17. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-haustetzat joko da ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar edo debeku ez betetzea.
18. artikulua. Zehapenak.
Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen; 100 eta 300 euro bitartekoa, jarraituz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluari.
Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onetsi, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.
Iragarkiaren kodea: L2115072