252. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1005E/2021 EBAZPENA, urriaren13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez funtsezko aldaketa baimentzen baita Servicios de Montejurra SA enpresak Carcarko udal-mugartean duen etxeko hondakinen tratamendurako plantaren eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegiaren instalazioan.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 29ko 2125/2004 Ebazpenaren bidez emana.

Halaber, instalazio hau jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskinaren, 5.5. epigrafean: “Mota guztietako hondakinen zabortegiak, egunean 10 tonatik gora jasotzen dituztenak edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera dutenak, hondakin geldoen zabortegiak izan ezik”, eta “Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria-emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) (bertsio bategina) azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskinaren 5.4 epigrafean: “Kontseiluaren 1999ko apirilaren 26ko 99/31/EE Zuzentarauaren 2. artikuluaren g) letran definitutako zabortegiak, egunean 10 tonatik gora jasotzen dituztenak edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera dutenak, hondakin geldoen zabortegiak izan ezik”.

2019ko urtarrilaren 3an titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, hondakinen zabortegia hondakinak botatzeko eremu berri bat ezarriz handitzeko (3. fasea, 1., 2. eta 3. azpigelak). 2019ko urtarrilaren 8an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrenbestez, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), funtsezko aldaketa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Handitzeko proiektua Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren 8 c) taldean sartuta dago; hori horrela, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2019ko urtarrilaren 8an, ebatzi zuen instalazioa handitzeko proiektuari ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zitzaiola.

Espedientea tramitatu da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritako prozedura erraztuaren bidez (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusten diren ingurumen ebaluazioko jarduketak.

Bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoarekin, proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri ziren hogeita hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei egindako arrapostuekin.

Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoarekin bat, jendaurreko informazioaren tramitearekin batera, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta interesdunekin, hogeita hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat jasotzen da, egindako kontsultek eta jasotako txostenek osatua.

Titularrak eskatu zuen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurari hasiera ematea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 2ko 151E/2021 Ebazpenaren bidez, proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen. Ebazpen honen eranskinean, ingurumen inpaktuaren adierazpenean jasotako informazioa ageri da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan xedatutakoarekin.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tartean diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta isuria, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da ez dela beharrezkoa egungo kokapenaz lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurarekin lotutako oinarrizko txosten bat egitea, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez baitago.

Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planaren 6.3.4.1.2 puntuan, Azpiegiturak izenekoan, hondakinak ezabatzeko azpiegiturei dagokienez, aurreikusten da, berriak egiten direnean lehendik dauden zabortegiak mantentzea, eta zabortegi honi dagokionez, adierazten du, bere balio-bizitzaren amaierara arte aprobetxatuko dela, 2020a baino lehen egin beharko den soberakin-ahalmenaren azterketa sakon batean oinarrituta, eta handitzeko aukera ere jasotzen du, Planaren indarraldiko lehen urteetan egin beharreko ingurumena babesteko lekuetarako bateragarritasun azterketa egin ondoren betiere. Ildo horretan, proiektuaren ingurumen inpaktuaren azterketak 20-25 urtean sortuko diren hondakinen aurreikuspena egiten du eta zabortegiaren kokapenerako aukera desberdinen balorazioa jasotzen du alternatiben azterketan, eta ondorioztatzen du horien artean onena proiektuan proposatutakoa dela.

Hondakindegi horrek, hondakinak kudeatzeko jarduera den aldetik, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako baldintzak bete behar ditu, eta, kasu honetan, aldaketa egiteko proiektuaren izaera kontuan hartuta, hondakinak hondakindegira eramanez ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua bete behar da.

Hondakinak hondakindegira eramanez ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuak nahitaezko txostena egin zuen, haren I. eranskinean aurreikusitako kokapen baldintzei buruz, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak nahitaezko txosten loteslea egin zuen, Errege Dekretu horren 11. artikuluko e) letran aurreikusitako alderdiei dagokienez.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Funtsezko aldaketa baimentzea Carcarko udal-mugartean etxeko hondakinen tratamendurako plantaren eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegiaren instalazioan, zabortegia handitzeko (3. Fasea: 1., 2. eta 3. azpigelak) proiektua gauzatzeko. Instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Servicios de Montejurra SA da.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan hartuta ebazpen honen II. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Hirugarrena.–Instalazioa herri-lurretan jarriko denez, obra lizentzia eman aurretik, Carcarko Udalak jarduera gauzatzeko behar den gutxieneko azaleraren desafektaziorako baimena eskuratu beharko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluarekin bat, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 142. artikuluari eta hurrengoei jarraikiz.

Laugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena mantentzea, horrela jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 23ko 17/2020 Foru Aginduaren 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Instalazioak hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile gisa aritzeko duen baimena mantentzea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G04066008322013 zenbakiarekin, hondakinen azken kudeaketari dagokionez, eta 15G05066008322016 zenbakiarekin, hondakinak biltzeko zentroaren jardueretarako. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Seigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean.

Zazpigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta teknika erabilgarri onenetan dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute isuriak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiari dagokionez dauden teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Zortzigarrena.–Proiektua gauzatzeko eta jarduera abian jartzeko, bost urteko epea dago, hala xedatua baitago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industriako emisioei buruzko Erregelamenduaren 12. artikuluan (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Ingurumen baimen integratua iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat hartuko da epe horretan abian jartzen ez diren proiektuko azpigelei dagokienez.

Bederatzigarrena.–Instalazioan handitutako zatia funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak azpigelaren bat osorik edo partzialki abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 12. artikuluan ezartzen denarekin bat (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Adierazpen horretan sartu behar da ebazpen honen II. eranskinaren 2.3.2.3 puntuan aurreikusita dagoen instalazioen exekuzioaren ziurtagiria.

Hamargarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zabortegiaren 3. faserako eta harekin lotutako instalazioetarako zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean; UNE-EN 150008 Arauaren arabera eginiko arriskuen ebaluazio azterlan batean oinarrituko da plana.

–Lixibiatuak ezaugarritzeko planaren eta izan dezaketen eraginaren proposamena, 2.3.2.9 puntuan adierazitakoa, baloratua izan dadin. Zabortegiaren balizko eraginaren ingurumen jarraipena, ezartze aldera hondakinak hondakindegira eramanez ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan (III. eranskineko 4. apartatuan) adierazten diren erreferentzia mailak.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusia. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

–Ingurumen baimen integratuaren II.eranskinean aurreikusitako fidantza kontsignatu izanaren frogagiria.

Hamaikagarrena.–Titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Servicios de Montejurra SAra, Carcarko Udalera, Sesmako Udalera, Ebroko Konfederazio Hidrografikora, Espainiako Geografia eta Meatzaritza Insitutura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2115048