251. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAIBAR

Udal ordenantza, tasak arautzen dituena ur hornidura emateko
eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jarduerak egiteko. Behin betiko onespena

Baraibarko (Larraun) Kontzejuko Batzarrak, 2021eko martxoaren 14an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, tasak arautzen dituena ur hornidura emateko eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jarduerak egiteko”.

Onetsitako ordenantza jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, argitaraturik 2021eko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 11n; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

Jendaurreko epean ez zen alegaziorik egin, eta, beraz, ordenantza behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Baraibarren, 2021eko urriaren 13an.–Kontzejuko burua, Maite Huarte Martija.

UDAL ORDENANTZA, TASAK ARAUTZEN DITUENA UR HORNIDURA EMATEKO ETA URAREN ZIKLO INTEGRALAREKIN ZERIKUSIA DUTEN GAINERAKO ZERBITZU ETA JARDUERAK EGITEKO

I. TITULUA

Baraibarko Kontzejuaren tasak, uraren ziklo integralaren gainekoak

I. KAPITULUA

Artikuluaren oinarria

1. artikulua. Ordenantza fiskalaren titulu honetan ezartzen diren tasak bat datoz aplikatu beharreko araudi fiskalak Nafarroako toki-erakundeei ematen dizkien ahalmenekin, eta horien babespean daude.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Titulu honen xedeko tasen oinarria da edateko uraren hornidura zerbitzua ematea eta aurrekoarekin zerikusia duten gainerako jarduera eta zerbitzuak egitea.

Beraz, ezartzen diren ordainarazpenak, izaera fiskalaren ikuspegitik, tasak dira, dagozkionak hainbat zerbitzu eta jarduera emateari edo egiteari; zerbitzu eta jarduerak horiek jaso dira martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

III. KAPITULUA

Aplikazio-eremua

3. artikulua. Ordenantza hau Baraibarko udal-mugarte guztian aplikatuko da.

IV. KAPITULUA

Zerga-egitatea

4. artikulua. Zerga-egitatea da eskura izatea edo erabiltzea nahiz erabili ahal izatea ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak edo jarduerak. Horiek tasak sortzen dituzte, honako zerrenda honetan azaltzen direnak:

a) Edateko urez hornitzeko zerbitzuaren eskuragarritasuna eta mantentze lanak.

b) Behar diren zerbitzu teknikoak eta administratiboak egitea, edateko uraren hornidura behin betikoz kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketetarako (lotune kuota).

c) Behin-behineko horniduretarako izen emateak.

Lurzoru urbanizaezineko jarduera ekonomikoek eta familia bakarreko etxebizitzek ez dute eskubiderik sare orokorra beren lurzatiraino izateko; zerbitzu hori jabeek konpondu beharko dute autonomoki eta banaka, hala ezartzen baitu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 116.4 artikuluak. Aldez aurretik Kontzejuak baimena eman beharko du, eta jabeek haren jarraibideei segitu beharko diete, kontagailuak ezartzeari dagokionez.

Jada zerbitzu hau baduten etxebizitzerako, honako zehaztapen hauek aplikatuko dira:

a) Baldin sare orokorrera lotzeko obren jatorria pribatua bada, ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera, zerbitzuaren onuradun den etxebizitzaren jabearen kargura izanen da mantentzea ordenantzan “sare orokor” gisa definitutakotik kanpo gelditzen den hornidura sarearen zatia, eta Udalaren betebeharra izanen da egoera onean mantentzea sare orokorra, bakar-bakarrik, Kontzejuak etxebizitza horretarako ezarritako lotuneraino.

b) Etxebizitza horien kontsumoak ongi kontrolatzeko, Kontzejuak, behin ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera, kontagailuak lekuz alda ditzake, sare orokorrarekin lotzeko tokira, eta zerbitzuaren onuradunak ezin izanen dio kontra egin.

c) Baldin sare orokorrera lotzeko obren jatorria publikoa bada, ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera, sare hori pasatuko da sare orokorrekoa izatera, sare orokorraren ezaugarri berberekin.

5. artikulua. Kontzejuak behar diren tasak ezarriko ditu harguneak egiteko lanak finantzatzeko, bai edateko uraren banaketa sareetako, bai kontagailuak zigilatzeko, egiaztatzeko, ezartzeko eta berritzeko, lan horiek Kontzejuak berak egiten dituenean. Baldin Kontzejuak baimendutako kontagailuen kokapena aldatu behar bada, Kontzejuak ordaindu beharko du kostua.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboak

6. artikulua. Subjektu pasiboak.

6.1. Subjektu pasibotzat hartuko dira, ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera behartuak –zergadun diren aldetik–, jasotzen dutenak ordenantza honen xedeko zerbitzu eta jardueren onura, erreala edo ahalezkoa, edo jasotzen dutenak haien eragina, izan pertsona fisikoak edo juridikoak, izan entitateak, baldin nortasun juridikorik izan gabe ere eratzen badute entitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat zeinak zerga jasan dezakeen. Zehazki, honako hauek dira ordaintzera behartutako subjektu pasiboak:

a) Aurreko 4. artikuluaren a) eta b) apartatuetan ezarritako tasetarako, hornidura-kontratuaren titularra.

b) Aurreko 4. artikuluaren c) apartatuan zehaztutako tasarako, subjektu pasiboa izanen da behin-behineko zerbitzuaren eskatzailea.

6.2. Zerbitzua zer finka edo eraikinetan egiten den, haiexen jabeak izanen dira zergadunaren ordezko. Zerbitzuaren onuradunak beste batzuk badira, jabeek haiei kobratzen ahalko dizkiete kuotak.

6.3. Pertsona fisikoek edo juridikoek ustiategi bat baldin badute edo jarduera ekonomiko batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra eskatzen ahalko zaie titulartasunean edo jardueran ondorengo direnei, edozein kontzepturengatik izanik ere ondorengo. Ordaintzeko borondatezko epea bukatuta, eskuratzailea eta eskualdatzailea izanen dira zorraren erantzule solidarioak.

Ustiapenaren edota ekonomia jardueraren titulartasunaz jabetu nahi duenak, aldez aurretik titular denaren onespena izanik, eskubidea izanen du Kontzejuari eskatzeko jarduerak edo ustiapenak sorrarazitako tributu-zorren ziurtagiri zehaztua.

VI. KAPITULUA

Zerga-oinarria

7. artikulua. Aurreko 4. artikuluko zerrendan aipatutako zerga-egitateetan, hauek dira bakoitzaren karga-oinarriak:

a) Aurreko 4. artikuluaren a) eta b) apartatuetan ezarritako zerga-egitateetarako: ur kopuru kontsumitua, metro kubikotan, neurtua kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez.

b) Aurreko 4. artikuluaren c) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako, ezarri beharreko kontagailu kopurua.

VII. KAPITULUA

Tarifak

8. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, Baraibarko Kontzejuak ekitaldi bakoitzean finkatuko du zer tarifa aplikatu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuotak

9. artikulua. Tasa bakoitzaren tributu-kuota izanen da zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza.

10. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean, aplikatuko dira legeek une oro finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

11. artikulua. Soilik onartuko dira Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki aurreikusirik dauden salbuespenak, eta indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Gobernuak edo beste edozein entitate edo erakunde publikok hartutako erabaki edo egindako jarduketa orotik sortzen diren guztiak.

X. KAPITULUA

Sortzapena

12. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak sortuko dira uraren kontsumoa egiten den unean, edo zerbitzua behin betiko kontratatzen den unean, Baraibarko Kontzejuak onesten duen aldien arabera. Hilabetean, hiru hilean edo urtean behingo tasak izan daitezke 4. artikuluko a) eta c) letretako zerga-egitateetarako.

Artikuluko b) letrako zerga-egitatean, kontagailua jartzearekin batera sortuko da tasa.

XI. KAPITULUA

Ordainarazpena

13. artikulua. Sortzen diren unean ordainaraziko dira ordenantza honetan araututako tasak.

XII. KAPITULUA

Diru-bilketa

14. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak aplikatzeagatik sortzen diren tributu-zorrak “jakinarazpen gabekotzat” hartuko dira, jarraituz 2/95 Foru Legearen 82. artikuluari eta hurrengoei (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Aurreko 4. artikuluaren a) eta c) apartatuetako tasek sortutako tributu-zorrak, behin ordainarazirik daudela 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, modu orokorrean jakinaraziko dira, behar den iragarkia edo ediktua Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratuz, eta argitalpen horretatik aurrera hogeita hamar egun balioduneko epea ezarri beharko da borondatez ordaintzeko, errekargurik gabe.

Ordenantzaren 4. artikuluko b) apartatuan ezarritako tasak ordaindu beharko dira sortzen diren unean berean.

15. artikulua. Borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak luzapen aldian ordaintzen ahal dira, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 90. artikuluarekin. Epe hori iragan eta zorrak ordaindu ez badira, premiamendu-bideari ekinen zaio, salbu eta Kontzejuak baimena eman badu haiek atzeratzeko edo zatika ordaintzeko.

16. artikulua. Tributu-zorren ordainketa honela egiten ahal da:

a) Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboen kasuan, haiek adierazitako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.

b) Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboen kasuan, horretarako gaitutako banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.

17. artikulua. Kuota ordaintzen ez bada, baldin aurretik behar bezala eskatu bada ordaintzeko, Kontzejuko Batzarrak erabaki dezake hornidura moztea, salbu ez bada ordaindu gabezia ekonomikoengatik; halakoak erabiltzaileak azaldu eta frogatu beharko ditu, eta Baraibarko Kontzejuko Batzarrak espresuki onartu beharko ditu.

Halakoetan, egoera salbuespenekoa dela dioen ebazpenak araubide bat ezarriko du tasa ordaintzeko, erabiltzailearen ahalmenen araberakoa, baina inola ere ez da onartuko ordainketa barkatzea.

XIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17. artikulua. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, aplikatzekoa izanen da 2/95 Foru Legean aurreikusitakoa (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera, indarrik gabe geldituko dira, ez baliorik ez ondoriorik ez dutela, ordenantzari kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak izan nahiz beheragokoak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, aplikatzekoak izanen dira martxoaren 10eko 2/95 Foru Legea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea) eta, onesten bada, Ordenantza Fiskal Orokorra.

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena eta ordenantza bera Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2114958