251. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAKEDAO

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Bakedaoko Kontzejuak, 2021eko martxoaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2021eko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 20an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Bakedaon, 2021eko urriaren 18an.–Kontzejuko burua, Alicia Temprano Valerdi.

ORDENANTZA, BAKEDAOKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da ezartzea Bakedaoko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxa ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuko arauak, deusetan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

6. artikulua. Bakedaoko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

7. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Bakedaoko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa. Itzultzea eginen da hasierako prezioari aplikatuta diruaren balioak adjudikazioaren ondoko urteetan izan duen gehikuntza.

Prozedurari dagokionez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

8. artikulua. Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen die pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dieten bestelako ekintzei.

9. artikulua. Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Behar denean, akzio zibilak egikarituko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

10. artikulua. Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Kontzejuak.

11. artikulua. Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko eta berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

12. artikulua. Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

13. artikulua. Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta ebatziko ditu horiek betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

14. artikulua. Kontzejuak ez dituenean behar diren akzioak egikaritzen herri-ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarren ekimena, zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

15. artikulua. Debeku da herri-lurretan eraikuntza mota oro egitea, edo ordenantza hau indarrean jarri aurretik zeuden eraikuntzetan mantentze-lanak egitea, Bakedaoko Kontzejuaren nahitaezko baimena gabe, eta dagokion obra-lizentzia ordaindu gabe.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

16. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

17. artikulua. Kontzejua herri-lurrak hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

18. artikulua. Orokorrean, Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan Bakedaoko bizilagun gisa inskribatuta egotea.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Egunean izatea Kontzeju honekin eta Ameskoabarrengo Udalarekin dituen zerga betebeharrak.

19. artikulua. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

20. artikulua. Artikulu hau interpretatzean sortzen diren zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Kontzeju Batzarrak, idazkariak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

LEHEN ATALA

Ohar orokorrak

21. artikulua. Bakedaoko Kontzejuaren herri-larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute, eta unitate horren barnean udalerriaren titulartasuneko herri-lur guztiak sartzen dira.

22. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua ondoko modalitate eta lehentasunen arabera eginen da:

a) Bizilagunendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.

c) Kontzejuaren zuzeneko ustiapena.

23. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena. Hori dela eta, Bakedaoko Kontzejuak iritziko dio ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen, familia-unitateko bizilagun titularrek beren aziendari baja ematen diotenean Nafarroako Gobernuaren animalien abeltzaintza zentsuan.

24. artikulua. Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak egiaztatu beharko du betetzen dituela Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduak.

25. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da, edozein dela ere azienda mota. Epe hori bukatutakoan, beste adjudikazio bat eginen da, legearen eta ordenantza honen arabera.

26. artikulua. Bakedaoko Kontzejuak zehaztuko du herri-larre bakoitzak jasan dezakeen azienda-karga.

Horretarako, kontuan hartuko da azienda larriko unitateen baliokidetzen taula (AzLU), martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren, hain zuzen, abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak.

27. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, dagokion erakunde ofizialak Nafarroan onetsitako indizeen arabera.

Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa epe bakarrean eginen da.

28. artikulua. Bakedaoko Kontzejuak larre guztien bostena gorde dezake urtero adjudikatzeko, onuradun berriak agertuko balira ere. Kasu horretan, alderdia mugatuko da erreserba hori erabakitzen den unean.

BIGARREN ATALA

Bizilagunendako zuzeneko adjudikazio prozedura

29. artikulua. Toki korporazioaren erabaki baten bidez, eta iragarkia argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan, epe bat jarriko da nahi dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

Eskabideekin batera, aurkeztu beharko dira ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak.

30. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Kontzejuak larreak adjudikatuko ditu behin-behinean, honako inguruabar hauek kontuan harturik:

–Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

–Larreak adjudikatuko dira lurzati bakoitzak jasan dezakeen azienda-kargaren arabera.

–Larre bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, abelburuek, guztira, azienda-karga gainditzen ez badute. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

31. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, iragarkia jarriko da iragarki-taulan, eta epe bat emanen da alegazioak eta/edo erreklamazioak aurkezteko.

Epe hori iragandakoan, Kontzejuak, osoko bilkuran, aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

HIRUGARREN ATALA

Enkante publikoan adjudikatzeko prozedura

32. artikulua. Bizilagunendako zuzeneko aprobetxamenduak banatu ondotik, soberako eremurik gelditzen bada, enkante publikoa eginen da.

Horretarako, Kontzejuak, osoko bilkuran, enkantea arautuko duen baldintza-agiria onetsiko du, aplikagarria den araudiari jarraikiz.

Kontzejuak iragarki bat argitaratuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean, kontratazio atarian eta Udalaren iragarki-taulan.

33. artikulua. Enkantea eginen da aplikagarria den araudiari jarraikiz.

Enkantea egin ondoren, lurzatia behin-behinean adjudikatuko zaio eskaintza hoberenaren egileari, sesta emanez hobetzeko epearen zain.

Epe horretan inork ez badu sesta ematen, behin betikoa bilakatuko da.

34. artikulua. Enkante hori egin ondoren herri-lurrik gelditzen bada sobera, bigarren eta hirugarren enkanteak egin daitezke, eta tasazioaren hasierako prezioa %10 eta %20 merkatuko da, hurrenez hurren, herriko ohiturari jarraikiz.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

35. artikulua. Mendian aski izan, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoren, Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

Halaber, aurreko paragrafoko beharrak estali ondotik, mendian aski izanez gero, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoren, Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie Kontzejuko herrigunean jabetzan etxebizitza bat bederen, bizitzeko modukoa, duten familia-unitateei, nahiz eta ez bete ordenantza honen hemezortzigarren artikuluan ezarritako baldintzaren bat.

36. artikulua. Kontzejuak urtero ezarriko du familia unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

37. artikulua. Epaitzak kontzesioaren urtean eta zuzenean aprobetxatu beharko dituzte eskatzaileek, eta ezin izanen dira saldu.

38. artikulua. Egurra banatzerakoan, Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta maila ekonomiko apalena duten familia-unitateei emanen die lehentasuna.

39. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Kontzejuak irizpide objektiboak erabiliko ditu.

40. artikulua. Kontzejuak urtero ezarriko du etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.

41. artikulua. Eskabide guziei erantzuteko epaitza aski ez bada, zozketa eginen da. Adjudikaziodun ez direnek nahiz eta epaitza eskatu, lehentasuna izanen dute hurrengo ekitaldian.

42. artikulua. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, bai eta zehapenak ordaintzera ere, halakorik ezartzea bidezkoa izanez gero.

43. artikulua. Kontzejuak etxerako egurra biltegiratzeko ezartzen duen herri-lursailean soil-soilik, etxola bat eraikitzen ahalko da, gutxieneko baldintza hauek beterik:

–Kontzejuaren aldez aurreko baimena.

–Ordenantza honen hemezortzigarren artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

–Egurra biltegiratzeko erabilera esklusiboa.

–Udalerrian ezarririk dauden hirigintza arauak betetzea.

–Eskualdeko berezko eraikuntza gaiak erabiltzea: harria, zura edo teila, ez besterik.

–Gehienez 35 m²-ko azalera okupatzea.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

44. artikulua. Ehizaren aprobetxamendua, herri-lurrak sartuz eratzen diren barrutietan, eginen da dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

Era berean, onuradunek barrutiak seinalatu beharko dituzte eta haien erabilera eta aprobetxamenduagatik gerta daitezkeen kalteen erantzukizun osoa izanen dute.

45. artikulua. Herri-lurretan erlauntzak jartzeko baimena eman dakieke 18. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenei, baldin eta autokontsumorako ustiategitzat jotzen ahal den erlezaintzako ustiategi bat martxan jarri nahi badute. Ustiategia autokontsumorako ez bada, interesdunak berariaz eskatu beharko dio Kontzejuari, eta hark dagokion baimena emanen du, baldin eta bidezko jotzen badu.

Horretarako, aplikatuko da erlezaintzako ustiategiak arautzen dituen araudian xedatutakoa.

46. artikulua. Toki erakunde honek kasu bakoitzean prestatzen dituen baldintza-agiriek zuzenduko dute herri-lurretan boilurrak aprobetxatzea eta biltzea.

Horretarako, ordenantza honetan ezarritakoa aplikatuko da, boilurra baso-aprobetxamendutzat jotzen baita, Mendien Erregelamendua onesten duen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren 75. artikuluaren arabera (erregelamendu horrek garatzen du Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea).

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

47. artikulua. Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, xede hauetakoren bat duten lurretan:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei.

Proiektu horiek Kontzejuak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

Hona hemen halako kasuetan jarraiki beharreko prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

48. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei kalte-ordaina emanen zaie sorrarazitako kalte-galerengatik, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzengatik ere, zuzenbidez bidezkoa bada.

49. artikulua. Toki-erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Kontzejuak ebatzi egin beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

50. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

c) Bizilagunendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

f) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

51. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a) a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik kontzesioa azkenduko da, horrek deusetan galarazi gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunen zehapenak.

b) h) arau-haustearengatik, desgaikuntza ezarriko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko.

c) Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da. Balio hori zehaztu ezin bada, 60 eta 1.200 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

52. artikulua. Arestian xedatu dena gorabehera, kalteak ordaindu egin beharko dira eta erantzukizunei aurre egin beharko zaie, halakoak daudenean; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitartekoak edo tresnak bahituko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen edo ordenantza guztiak.

Azken Xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2115058