251. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1006E/2021 EBAZPENA, urriaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen duena Murillo el Cuenden zerriak gizentzeko dagoen instalazio baterako (7.176 toki). Instalazioaren titularra Sasa de Caparroso NA-729 ENSa da.

Instalazioa Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren I. eranskineko 9.3.b) kategorian sartzen da (abenduaren 16ko1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina), eta, horrenbestez, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Instalazioa, orobat, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.6.b) epigrafean sartzen da (testu bategina).

Instalazioaren proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. multzoko a) kategorian sartuta dago, eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tartean diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta isuria, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da ez dela beharrezkoa egungo kokapenaz lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurarekin lotutako oinarrizko txosten bat egitea, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez baitago.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea tramitatu da honako arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, eta Ingurumen Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea.

Bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoarekin, proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri dira hogeita hamar egunez, eta epe horretan ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoarekin bat, jendaurreko informazioaren tramitearekin batera, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta interesdunekin, hogeita hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat jasotzen da, egindako kontsultek eta jasotako txostenek osatua.

Titularrak eskatu zuen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurari hasiera ematea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 24ko 634E/2021 Ebazpenaren bidez, proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egin da, aldekoa. Ebazpen honen eranskinean, ingurumen inpaktuaren adierazpenean jasotako informazioa ageri da da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan xedatutakoarekin.

Egiaztatu da aurkeztutako dokumentazioak betetzen duela Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian xedatutakoa, non ezartzen baitira dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiboari buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Murillo el Cuendeko udal mugartean zerriak gizentzeko dagoen ustiategi baterako (7.176 toki). Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Saso de Caparroso NA-729 ENSa da.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan hartuta ebazpen honen VII. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan 15P02178090242021 zenbakiarekin inskribatzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 1780020092/2/1 Plana onestea. Ebazpen honen X. eranskinean dago.

Bosgarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Aginduaren 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Seigarrena.–Ingurumen baimen integratuaren baldintzak zuzendaritza nagusi honek berrikusten ahalko ditu, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoarekin.

Zazpigarrena.–Proiektua gauzatzeko eta jarduera abian jartzeko, bost urteko epea dago, hala xedatua baitago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industriako emisioei buruzko Erregelamenduaren 12. artikuluan (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua).

Zortzigarrena.–Jarduera ezin da abian jarri titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu gabe, hala xedatua baitago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industriako emisioei buruzko Erregelamenduaren 12. artikuluan (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta neurri zuzentzaileak eta proiektuan gauzatutako zatiari dagozkion gainerako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, zati bat abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

Bederatzigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Ebazpen honen VII. eranskinean ezarritako hirigintza-baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Titularraren adierazpen bat, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

–Instalazioan ingurumena kudeatzeko ezarrita dagoen sistema.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusia. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Saso de Caparrroso NA-729 ENSra, Murillo el Cuendeko Udalera, Tafalla aldeko Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegora, Greenpeacera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, Ebroko Konfederazio Hidrografikora, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Ingurumena Zaintzeko Zerbitzura eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2115047