250. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Ordenantza, joko eta apustu aretoak ezartzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Herritarren parte-hartze prozesu baten ondotik, Udalbatzak, 2021eko apirilaren 6an egindako ohiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eguesibarren joko eta apustuetarako aretoak ezartzea arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia argitara eman zen 2021eko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 6koan, eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko epean alegazio bat aurkeztu zitzaion ordenantzari, eta ezetsi egin zen. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsi da, honekin batera ematen den testuaren arabera.

Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legedian.

Sarrigurenen, 2021eko urriaren 8an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

ORDENANTZA, EGUESIBARREN JOKO ETA APUSTUETARAKO ARETOAK EZARTZEA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Azken urteetan erruz ugaritu dira zorizko jokoetarako eta apustuetarako aretoak. Horren ondorioz, eta gure gizartearen errealitate eta ohitura berriek eragin duten substantziarik gabeko adikzioen gorakada kezkagarria dela eta, jabetu gara egoeraren larriaz, eta hasi gara hartzen ludopatia osasun publikoko arazotzat. Jokoari buruzko Nafarroako 2018ko memoriaren arabera, nabarmen igo da 2010etik apustuetara doan gastua, 85,02 milioi gehiago data hartatik; 2018an, 86,44 milioi eurokoa izatera iritsi zen. Hori gertatu da, besteak beste, gero eta errazagoa delako joko mota horietan aritzea bai ingurune pribatuan, online jokoaren bidez, bai espazio publikoan, aisialdiko establezimenduetan makinak ugaritu, eta joko eta apustuetarako berariazko aretoak ireki baitira.

Autonomia erkidegoko legediak berariazko baimen sistema bat ezartzen du helburu horietarako lokalak ireki eta ustiatzeko. Horretarako, bada, Foru Komunitateko organo eskudunak emandako administrazio baimena eskuratu behar da, aldez aurretik eta nahitaez. Komunitateak, orobat, Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroa sortu du kontrolak jartzeko, aldez aurretikoak zein zehatzaileak, sektore arautua izan dadin. Alabaina, toki erakundeek ere badituzte eskumenak parametro mugatzaileak jartzeko haien udalerrietan aipatu establezimenduak ezartzearen inguruan.

Horren guztiaren arrazoia da jokoan ibiltzeko erraztasunak kezka handia sortzen duela, populazio bereziki zaurgarriari eragiten diolako; ildo horretan, honako hau dio Drogei eta Adikzioei buruzko III. Prebentzio Planak (2018-2023): «Haurrak eta nerabeak lehentasunezko populazioak dira osasunaren prebentziorako eta sustapenerako; horregatik, agintariek babes esparruak sortu behar dituzte». Beraz, ditugun eskumen guztiak erabili behar ditugu gazteei kalte egiten dieten jarduerak mugatzeko, noiz eta nortasuna garatzen eta finkatzen ari diren aldi horretan.

Hori esanda, ikusten dugu, batetik, udalerriek badutela eskumena hirigintzaren eta hiri ingurumenaren arloetan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen arabera, eta, bestetik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak ezartzen du joko aretoekin lotutako jarduerek jarduera sailkatuen udal lizentzia beharko dutela. Lizentzia hori ukatu dakieke hirigintzako planeamenduan edo udal ordenantzetan oinarritutako arrazoiengatik (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legearen 72. artikulua).

Horregatik uste dugu Eguesibarko Udala gaitua dagoela hirigintza arloko mugak jartzeko, haurrak, nerabeak eta gazteak babesteko irizpideetan oinarrituta, osasun publikoa eta interes orokorra zaintzeko. Muga horiek arautuko dute zorizko joko edo apustuetarako areto edo lokalak zein baldintzetan irekiko diren, populazio sentikorra (haurrak, nerabeak eta gazteak) maiz ibiltzen den tokien ingurumarian.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da baldintza batzuk ezartzea jokoarekin lotutako lokalak jartzeko. Baldintza horien helburua da gutxieneko distantzia batzuk ezartzea lokal horietatik ikastetxeetara eta kultura, gazte, osasun eta kirol zentroetara –bai publikoetara bai pribatuetara–, eta nagusiki gazte eta haurrek erabiltzen dituzten espazio libreetara; horrez gain, hainbat alderdi arautzen dira, udal eskumenen esparruan, arlo honetako publizitatearen, prebentzioaren edo prestakuntzaren inguruan.

2. artikulua. Ukitutako establezimenduak.

1.–Joko aretoak daude ordenantza honen eraginpean; zehazki, makinetan dirua jokatuz, trukean sari bat zuzenean edo zeharka lortzea ahalbidetzen dutenak.

2.–Parametro horiek aplikatuko zaizkie jarduera lizentzien eskabideei, baldin eta joko areto, kasino, bingo eta apustuetarako aretoak ezartzeko badira, eta, oro har, Nafarroako Gobernuko organo eskudunaren baimena behar duten establezimenduak ezartzeko, gaiari buruz indarrean den legediaren arabera.

3. artikulua.–Gutxieneko distantziak.

1.–Herritar ahulak babesteko, jokorik gabeko eremu deklaratzen dira 400 metroko erradioan dauden kale guztiak, ikastetxeen eta kultura, gazte, osasun eta kirol zentroen –bai publikoen bai pribatuen– sarrerako fatxadatik zenbatuta, bai eta gazteek, nerabeek eta adingabeek erabili ohi dituzten inguruko espazio libreetatik ere.

2.–Mota horretako establezimenduen arteko gutxieneko distantzia 400 metrokoa izanen da.

4. artikulua. Distantziak neurtzea.

Honako hau izanen da distantzia: bi lokalen fatxaden bi punturik hurbilenak eremu publikoaren bitartez lotzean sortzen den lerro hautsi txikienak egiten duena.

L2114869_0.pdf

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako distantziak betetzen direla justifikatzea.

Aurreko artikuluetan ezarritako gutxieneko distantziak betetzen direla egiaztatzeko, lizentzia eskaeraren espedientean adieraziko da non ezarri edo handitu nahi den jarduera, bai eta inguruan dauden ikastetxeak eta kultura, gazte, osasun eta kirol zentroak –bai publikoak bai pribatuak– eta gazteek eta adingabeek erabili ohi dituzten espazio libreak ere.

6. artikulua. Mugaketa, biziguneei dagokienez.

1.–Ez dago baimenduta 1.000 biztanletik beherako biziguneetan jartzea, ezta poligonoetan ere.

2.–Debekatuta dago jokoetara bideratutako establezimenduak jartzea eskola bide seguruetan.

7. artikulua. Publizitatea egiteko debekua.

Debekatuta dago establezimendu mota horiei buruzko kartelak jartzea hiri altzarietan eta espazio publikoan. Establezimenduaren publizitatea lokalean bertan dauden kartelen bidez eginen da, eta izena bakarrik izanen du, inolako publizitaterik gabe.

8. artikulua. Diruz lagungarriak ez diren jarduerak.

1. Ekitaldiek ez dute jasotzen ahalko Eguesibarko Udalaren dirulaguntzarik, baldin eta babesle guztiak edo horietako batzuk mota horretako apustu etxeak badira, lokal fisikoak izan zein online jokoak izan.

2. Era berean, establezimendu horiek ezin izanen dute jaso Eguesibarko Udalaren laguntzarik ez dirulaguntzarik.

3. Ezin izanen dute Eguesibarko Udalak kudeatutako dirulaguntzarik jaso, ezta ere, euren establezimenduetan joko makinak dituzten negozioek.

9. artikulua. Adikzioen prebentzioa.

Sarreran zein barnean, ongi ikusteko moduko tokian, lokal horiek informazio kartel bat eduki beharko dute adikzioen arriskuari buruz, eta, adikzioa izanez gero, hura tratatzeko lekuei buruz.

Era berean, lokaletan ustiatzen diren joko eta apustu makinak identifikatu beharko dira.

10. artikulua. Prestakuntza.

1.–Ikastetxeetako informazio jarduerak areagotuko dira, ikasleek apustuen eta onlineko jokoen erabileran eta erabilera horrek sor ditzakeen arazoetan sakontzeko.

2.–Aldi berean, udaltzainen prestakuntza areagotuko da, treba daitezen apustu eta jokoaren inguruko arau-hauste ohikoenetan, nagusiki adingabeak, legez ezgaitutakoak eta jokorako sarbidea legez mugatuta daukatenak sartzeari dagokionez.

11. artikulua. Ordenantza fiskala.

Ordenantza honek indarra hartuz geroztik, ordenantza fiskal bat sortuko da, luxuzko gastuen gaineko zerga arautuko duena, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 179.a) artikulua eta hurrengoak aintzat hartuta. Aplikatuko den zerga tasa % 15ekoa izanen da.

Xedapen iragankor bakarra.–8.3 artikulua ez da indarrean jarriko 2022ko urtarrilaren 1era arte.

Iragarkiaren kodea: L2114869