250. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANDOSILLA

Ordenantza, udal-mugartean eguzki-energia biltzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Andosillako Udalak, 2021eko uztailaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Andosillako udal-mugartean eguzki-energia biltzeko jarritako instalazioak arautzen dituen ordenantza.

Aurreko erabakia 2021eko 188. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 12koan, eta ondotik iraganda hogeita hamar egun balioduneko jendaurreko epea, eta ez denez erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, bat etorriz Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin, behin betiko onetsi da aipatutako ordenantza, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Andosillan, 2021eko urriaren 7an.–Alkate udalburua, Francisco Javier Sanz Itarte.

ORDENANTZA, ANDOSILLAKO UDAL-MUGARTEAN EGUZKI-ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA

HITZAURREA

Azken urteotan administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilpena bultzatzen aritu dira. Eta, berrikiago, bereziki sustatzen ari dira etxebizitzetan instalazioak ezartzea, norberaren kontsumorako energia sortzeko.

Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: lurraldean egoki ezartzen dela segurtatzea, batetik, eta natura eta hiri balio nagusiak zaintzen direla bermatzea, bestetik.

Andosillako hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko eraikinen estalkietan eguzki panelak instalatzeko aukera berariaz jasota dago Udalaren Planaren araudian.

Andosillako Udalak berrikusi nahi du udal-mugartean eguzki-energia biltzeko instalazioen inguruko araudia; horretarako, baldintzak ezarriko ditu autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak nahiz termikoak sustatzeko eta instalaziook ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak izateko.

Udal plangintzarekiko koherentzia gordetzeko moduan idatzi da ordenantza; era berean, gorde egin da lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko koherentzia.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Andosillako udal-mugartean eguzki-energia zelula fotovoltaikodun panelen bidez eta panel kolektore termikoen bidez biltzeko instalazioak ezartzeko.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Andosillako udal-mugarte osoa hartzen da aplikazio eremutzat.

Proiektua gauzatzeko, kontuan hartuta hiriguneko eraikinen egoera eta ezaugarriak, lau gune bereizten dira, eta bakoitzak irizpide espezifikoak ditu instalazio mota horiek arautzeko:

–Bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruak eta lurzoru urbanizagarriak: Udal Planean mugatuta dagoen bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruari dagokio. II. kapituluan jorratuko dira dagozkien baldintza espezifikoak.

–Industria- eta ekipamendu-erabilerako hiri-lurzoruak: hemen sartzen dira Udal Planeko UP-2 planoetan industria- eta ekipamendu-erabilera duten hiri-lurzoruen lurzatiak. III. kapituluan jorratuko dira dagozkien baldintza espezifikoak.

–Poligonoa eta Jarduera Ekonomikoen Arloa: San Adriángo errepidearen bi aldeetan dauden industrialdeak dira. Jarduera Ekonomikoen Arloaren aldaketa egituratzailean eta Udal Planaren 6. planoan mugatutako industrialdean daude sartuta. IV. kapituluan jorratuko dira dagozkien baldintza espezifikoak.

–Lurzoru urbanizaezinak: Udal Planean hala sailkatuta dauden lurzoru urbanizaezin guztiak. V. kapituluan jorratuko dira dagozkien baldintza espezifikoak.

3. artikulua. Definizioak.

Lagunartean eguzki plakak edo panelak esaten zaien gailuek eguzki erradiazioen energia biltzen dute, energia termikoa edo energia elektrikoa sortzeko:

–Eguzki instalazio termikoek eguzkitik jasotzen dugun energia erabiltzen dute zuzenean, fluido bat berotzeko. Instalazio horiek eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko erabiltzen dira batik bat.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoak edo termoelektrikoak zenbait material erdieroaleen ezaugarri fisikoez baliatzen dira elektrizitatea sortzeko, eguzki erradiazioa abiapuntu hartuta.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko zein termikoz osatutako eguzki instalazioak, haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena kontuan hartuta.

II. KAPITULUA

Bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko instalazioak.

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrak asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko –eguzki instalazio termikoak–, dela autokontsumorako elektrizitatea sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak araututakoaren arabera (errege dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta haien plano berdina mantenduta, «velux» erako leihoak bezalaxe. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–60 m²-ko edo tamaina txikiagoko isurialdeetan, gehienez 25 m² hartzen ahalko dituzte, eta gutxienez 1 m bereiziko dira fatxada planotik, mehelinetatik eta isurialdeen arteko topagune ertzetatik.

–60 m²-tik gorako isurialdeetan, ezin izanen dute hartu estalki inklinatuaren azaleraren % 50 baino gehiago, eta gutxienez 1 m bereiziko dira fatxada planotik, mehelinetatik eta isurialdeen arteko topagune ertzetatik.

–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian geratu eraikinen estalkian eta fatxadetan: biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar.

2. Estalki lauetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Eragin bisualak edo ingurumen eraginak egon daitezkeen kasuetan, Udalak eragin horiek minimizatzeko neurriak hartzeko eskatzen ahalko du.

3. Oro har, ezin izanen da instalaziorik fatxadetan ezarri.

4. «Herribilduaren eta Arrabalen gunean» –Udal Planean mugatutako B.04 eremuan sartuta dago–, eguzki panelen instalazioek behar bezala integratuta egon beharko dute multzoaren egituraketa arkitektonikoan. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udalak baimendu beharko ditu espresuki.

5. Udal Plan Orokorreko Katalogoan sartutako eraikinetan eguzki panelak jartzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru aske eta pribatuaren gaineko instalazioak.

Eguzki panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik dagoenean edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean.

–Panelak lurzoruaren gainean bermatuko dira. Instalazioak, euskarriak eta beste elementu batzuk barne, ezin izanen dira 1,50 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta, eta ezin izanen dira bide publikotik ikusi.

III. KAPITULUA

Industria- eta ekipamendu-erabilerako hiri-lurzoruen gaineko instalazioak

7. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrak asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko –eguzki instalazio termikoak–, dela autokontsumorako edo saltzeko elektrizitatea sortzeko, indarreko araudiaren arabera.

8. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta haien plano berdina mantenduta. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–Gutxienez 1 m bereiziko dira fatxada planotik, mehelinetatik eta isurialdeen arteko topagune ertzetatik.

–Eragin bisualak edo ingurumen eraginak egon daitezkeen kasuetan, Udalak eragin horiek minimizatzeko neurriak hartzeko eskatzen ahalko du, eta, hirigintza araudiak neurri horiek onetsiko ez balitu, baimena ukatu.

2. Estalki lauen gaineko instalazioak baimenduta daude, baina karelen atzean ezkutatuta gelditu beharko dute, horien gehienezko garaieraren azpitik.

3. Oro har, ezin izanen da instalaziorik fatxadetan ezarri.

9. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru aske eta pribatuaren gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, 6. artikuluan adierazitako baldintzak betez gero.

2. Instalazioak hartzen duen azalera lurzoru hauei aplikatu behar zaien Industria eta Biltegien Jarduketa Zuzeneko Gunearen Arau Partikularrean aurreikusitako gehieneko okupazioaren aplikazio ondorioetarako zenbatuko da.

IV. KAPITULUA

Poligonoko eta Jarduera Ekonomikoen Arloko instalazioak

10. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrak asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, baita autokontsumorako edo saltzeko elektrizitatea sortzeko direnean ere, betiere indarreko araudia betetzen badute.

11. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Baimenduta dago eguzki panelak instalatzea eraikinen estalkien gainean, bai isurialdean integratuta eta zuzenean bermatuta, bai bermatzeko egiturekin, eguzki-energia hobeki aprobetxatzeko.

2. Eragin bisualak edo ingurumen eraginak egon daitezkeen kasuetan, Udalak eragin horiek minimizatzeko neurriak hartzeko eskatzen ahalko du, eta, hirigintza araudiak neurri horiek onetsiko ez balitu, baimena ukatu.

V. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

12. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eguzki-energiarekin elektrizitatea sortzeko instalazioak lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean ezartzea (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: 64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emandakoa.

2. Eraikin berriei lotutako instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurraldearen Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimenik izapidetzea.

13. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta haien plano berdina mantenduta, «velux» erako leihoak bezalaxe.

–Hartutako eremua gutxienez 1 m bereiziko da isurialdearen perimetrotik.

2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean instalatzea, azaleran edo orientazioan mugarik jarri gabe.

3. Oro har, ezin izanen da instalaziorik fatxadetan ezarri.

4. Ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak jartzeko aukera, eta beharrezkoa izanen da horiek multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta gelditzea. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udalaren osoko bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

14. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da ingurumen eraginen ebaluazioaren espedientea izapidetzea (17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena). Aldeko txostena jaso arte ezin izanen da panel fotovoltaikoak jartzeko lizentzia eman.

VI. KAPITULUA

Tramitazioa

15. artikulua. Lizentzia eskatzea.

Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Andosillako Udalari obra lizentzia eskatu beharko zaio, edo, egoki denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.

Lanak direla eta hala egin behar izanez gero, teknikari eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek edo enpresa instalatzaile baimendu batek sinatua. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalerak, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

Udal lizentzia eman aurretik, beharrezkoak diren baimenak izapidetuko dira, Andosillako Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian aurreikusitako betebehar partikularren arabera.

Lizentziak kasu guztietan emanen dira, jabetza eskubidea izan ezik eta hirugarrenei kalterik eragin gabe. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kaltegalera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.

Iragarkiaren kodea: L2114806